Libiako "beste" historia idazten

  • Lau hamarkada luzez debekatutako hizkuntza berpizten dihardute Libiako amazighek. Iragana, baina, pisua da, eta korapilatsua oso herrialdeko egoera. Ez da erraza.


2015eko otsailaren 08an
Gaddafiren debekuaren ondoren, hamarnaka irakasle ari dira amazigera irakasten belaunaldi berriei. Ikas materiala ahal duten moduan sortzen ari dira.
Gaddafiren debekuaren ondoren, hamarnaka irakasle ari dira amazigera irakasten belaunaldi berriei. Ikas materiala ahal duten moduan sortzen ari dira.Karlos Zurutuza

Hotz dago ikasgela barruan. Ume askok artilezko txanoak jantzita dituzte, eta munduan gutxik identifikatuko luketen alfabetoaz ari dira lanean. Nekez pentsa liteke Mediterraneo hegoaldeko eskualde batean gaudenik. Libiako mendiotan, alabaina, neguko ohiko irudia dugu.

“Amazigerazko hiru ordu eskaintzen ditugu astean, 1. eta 4. maila bitartean”, azaldu dio Argiari Mezzoko eskolako zuzendari Said Azabik. Jadu herriko auzoa dugu Mezzo, Nafusa mendikatean, Libia ipar-ekialdean.

Berbere izenez ezagunagoak diren arren, Afrika iparraldeko jatorrizko herria da amazigha. Marokoko kostaldetik Egiptorainoko esparruan zabaltzen dira, eta Sahara barruko tuaregek hitz egiten duten hizkuntza bera dute. Askok diote herri hau egundaino bizirik irautea miraria dela; arabiarrak lurralde hauetara VI. mendean iritsi zirenetik, asimilazio prozesu bortitzari aurre egin behar izan baitiote amazighek. Libian populazioaren %10 direla uste da.

“Amazigerazko lehen eskolak 2011n eskaini genituen, mendi hauetan, gerrak oraindik irauten zuela (Egunsentia gizon askeen mendietan, Argia, 2.290. znbk.)”, ekarri du gogora Azabik, umeak patiora atera berri direla. “Adfel, adfel!”, oihu egin dute umeek: “Elurra!”.

Zuzendariaren hitzetan, erabiltzen duten materiala eta irakasle taldea “boluntario andanari” esker lortu dira. Baina ez da erraza izan. 1973an, Muammar Gaddafiren “iraultza kulturala” zela eta, bere Liburu berdearekin bat ez zetozen gainontzeko guztiak debekatu eta, askotan, suntsitu egin ziren. Amazighak arabiar jatorrikoak zirela zioen Gaddafik, eta dialekto hutsa beren hizkuntza. Herri honen hizkuntza eta kultur adierazpen oro debekatu zituen agintariak.

 “Errautsetatik atera ginen eta galdutako denbora berreskuratzeko ahalegin bete-betean ari gara gaur egun”, dio Madghis Buzakharrek. Preso politikoa izan zen Buzakhar, eskola liburuen egileetako bat da egun. Tripolin bizi arren, Nafusako semea da 33 urteko gaztea, Jefren herrikoa, hain zuzen. Zalantzarik gabe, Libiako amazighen gune nagusia dugu mendikatea, baina ez bakarra. Zwara herria da bestea, Tunisiako mugan, kostaldean. Han, irratiko egoitzan egiten dira kultur ekintza gehienak. Gaur 15 irakasle bertaratu dira, 4. eta 5. mailetako material berria ezagutzeko asmoz.

“Gehienok ama hizkuntza amazigera izan arren, 2011 arte ez ginen hasi idazten. Tifinag-a, gure alfabetoa, debekatuta egon zen Gaddafiren agintean”, dio mintegiko parte-hartzaile Noha Alasik.

“Interneti esker ikasi nuen idazten sasoi hartan”, gaineratu du 24 urteko gazteak. “Hemen gauden guztiok halaxe lortu genuen”.

Bere alboan eserita dagoen Fatwa Halib bat dator. Irakasleen ebaluaketaren arduradun nagusiak erronkaren nondik norakoak azaldu dizkio Argiari: “60 irakasle ditugu Zwarako 26 eskoletarako, baina ez da inondik ere nahikoa”, kexu da 33 urteko boluntarioa. “Batetik, boluntarioen formazio ezak hutsunea dakar; bestetik, epe luzerako planik ez daukagu”.

Arte irakasle Najib Sasi, Hezkuntza Ministerioko amazigeraren irakaskuntzarako sailburua ere bada. Bere ustez, ez dira logistika kontuak oztopo bakarrak.

“Mendez mende arabismoan oinarritutako mentalitateari aurre egin behar diogu, eta ezin dezakegu ahaztu herrialdeko egoera korapilatsua”, baieztatu du Sasik Zwarako bere bulegotik.

Egoera benetan aldrebesa da Libiakoa. Bi gobernu daude: Tripolin bat, eta Egiptoko mugan dagoen Tobruk hirian bestea. Bakoitzak hamaika miliziak osaturiko armada du, eta elkarren kontra borrokatzen ari dira herrialde osoan. Funtsean, gerra zibilaz ari gara.

“Euskaldunen esperientzia”

“Nola demontre egin dezakegu aurrera egoera honetan?”, damu da Hafed Fatis. 48 urteko zwaratarra Euskal Herrian izan zen, 2013an, Garabide elkartearen gonbidapenari esker. Hiru hilabeteko ikastaroan, kultura gutxituetako beste hainbat kiderekin batera, euskararen normalizazioan emandako urratsak ezagutzeko parada izan zuen amazighak.  “Hamalau ginen taldean: kurduak, aimarak, ketxuak… Aukera ezin aberatsagoa izan zen guretzat euskaldunen esperientzia ezagutzea”, azpimarratu du ekintzaileak. Euskal Herrian ikasitakoa Libiako bere eskualdean ezartzeko ahaleginetan dihardu Fatisek. “Nekeza” dela dio: “Hemengo askok berehalako emaitzak nahi dituzte, baina zera ikasi nuen euskaldunengandik; hizkuntza gutxitu baten erabateko normalkuntza epe luzeko egitasmoa dela”.

Mezzoko 3. mailako ikasleak gazteegiak dira debekuen hamarkada lazgarriak gogoratu ahal izateko. Areago, haietako batzuk ez ziren Libian bizi 2011 aurretik. Bederatzi urte dituen Talia, esaterako, Sudandik iritsi zen gerra bukatu ondoren. Egun, ordea, bere gelakideek bezain ongi hitz egiten du amazigeraz. Arrazoia agerikoa da. “Nire etxea hemen dago, Jadun. Ni ere libiarra naiz”, dio neskatoak, asteko azken amazigera eskola bukatu aurretik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amazigh herria
2024-02-26 | Garazi Zabaleta
Agharas elkartea
Kulturarteko ortua, Barakaldoko Gurutzeta auzoan

Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute martxan, aldi baterako erabiltzeko... [+]


Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Pinguinoak desertuan
Eskola 2.0ko eramangarriak TxikiLinuxekin amazig haurrentzat

Elkartenet eta Agharas elkarteetako kideek berreskuratu eta TxikiLinux instalatutako 22 ordenagailu eraman dituzte Afrika iparraldeko Errachidia (Imet?aren amazigeraz) eskualdera, bertako ikastetxeetako irakasleei aurkeztu eta formazioa emateko. Tokiko amazig erakundeekin... [+]


Hamabi ikasgela informatiko, Amazigh herriko haurrentzat

Euskal Herrian jasotako ordenagailuei bizitza berria emango diete: TxikiLinux sistema eragilea erabiliz, Amazigh herriko haurrek erabiliko dituzte, horretarako hamabi gela informatiko sortuz. Oinarrizko hezkuntzarako sarbiderik ez duten eskualdean egingo dute proiektua.


Eguneraketa berriak daude