"Gure hizkuntzak ez zuela ezertarako balio sartu nahi izan digute buruan"

  • Milouda El Hankari ekintzaileak amazigeraren tarifit aldaera du ama hizkuntza. 1968an jaio zen Al-Hoceiman (Rif eskualdean, amazigeraz Arrif). Garabide erakundeak eratua duen hizkuntza gidaritzari buruzko ikastaroan izan zen iragan urrian Aretxabaletan (Gipuzkoa).

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Txantxa egin diguzu zure deituraren lepotik.

Bai, nire deitura El Hankari-k, kasik “lehendakari” hitzaren hots bera baitu.Kar, kar…

Ez zara Arrifeko lehendakari, bistan da...

Ez, Arrifen jaiotako ekintzailea naiz. Soziologia ikasi nuen, Cádizen (Espainia) bizi naiz gaur egun, gure identitatearen eta gure kulturaren alde borrokan, gure herriarentzat era guztietako hobekuntzak nahi baititut, denok sartzeko moduko herri bat, Marokoko dibertsitate guztia aintzat hartuko duen herrialdea. Askok ez du usteko, baina Maroko asko dira Marokoren barnean, hamaika identitate eta kultura ditu. Nik herrialde demokratiko bat nahiko nuke, denok sartzeko moduko bat.

Denok, eta hizkuntza guztiak.

Ez zait gustatzen hizkuntza nagusi bat izatea, batetik, eta mendeko mordoxka, bestetik. Denok –eta hizkuntza guztiok–, dugu berdintasunez bizitzeko eskubidea. Egoera ez da erosoa, zentralismo handia baitago Marokon, eta periferiak bazterturik baitaude. Arrifekoa, hala ere, kasu berezia da, inoiz ez baitu izan sumisio harremanik Marokoko Gobernuarekiko. Bere historia eta bide propioak egina da Arrif. Hor ditugu 1921eko Abdelkrim Jatabik aldarrikatutako errepublika –Afrikan inoiz eratutako lehena, 1921etik 26ra bitarte iraun zuena–, edo 1958-59an izaniko borrokak eta Hassan II.ak eragindako genozidioa, kasu. Eta orduan bezala orain, ez dugu nahi berdinetik berdinera jardutea besterik, gure kultura eta gure hizkuntzaren jabe eta gutxieneko ongizatea izatea: azpiegiturak, ospitaleak, unibertsitateak… 1958-59ko erreboltaz gero, zona militarizatua izendatu zuten Arrif, eta izendapen horrexekin irauten du.

Mohamed Xukri idazleak zioen Arrifetik Tangerrera egin zuela, mendietan jatekorik ere ez zuelako.

Ezer ez. Bada laborantzarik, baina bizirauteko lain besterik ez du ematen. Ez dago terreno handirik, eta itsasoa bertatik bertara izanagatik ere, arrantzaleek ez dute aski itsasontzirik arrantzari behar bezala ekiteko. Gaurko egunean, emigranteek bidalitako dirua eta cannabis-a dira ondasun iturri bakarrak.

Hainbat hizkuntza hitz egiten dira Marokon.

Arabiera klasikoa dugu batetik, hizkuntza estandarra, hitz egiten ez dena, baina eskolan irakasten dena. Albistegietan, testu idatzietan, literaturan eta gainerakoetan erabiltzen den hizkuntza kultua duzu. Bestalde, kalean, marokoar jatorrikoek berbereraren eta arabieraren tarteko dahira hitz egiten dute, eta bestalde, amazigeraren hiru aldaera ere hitz egiten dira: tarifit Arrifen, tamazig han eta hemen, eta taxelhiyt Atlasean.

Zertan da amazigeraren egoera gaur egun?

2011z gero, amazigera ofiziala da Marokon, arabierarekin batera. Ofizialtasun hori, dena den, paper errea da, ez baitago, adibidez, epaitegietara joan eta amazigeraz mintzatzerik. Ofizialtasun hala-moduzko horrekin batera, amazigera kulturaren eta hizkuntzaren Ircam institutua eratu zuten, eta horrek hizkuntza bisualizatzeko balio izan du. Aitortua ez izatetik eta, are, pertsegitua izatetik, aitortua eta ofiziala izatera igaro da amazigera.

Ircam institutua eratu zuten, baina institutuak hizkuntzaren estandarizazioa lagundu beharrean, oztopoak jartzen dizkigu, alfabeto operatibo, erraz eta teknologia berrietan erabilgarri den bat aukeratu beharrean, tefeina alfabetoa onetsi baitzuen, Kristo aurreko 3.000. urtekoa, gaur egun balio ez diguna, edo teknologia berrietara egokitzeko dirutza beharko genukeena.

“Askok ez du usteko, baina Maroko asko dira Marokoren barnean, hamaika identitate eta kultura ditu”

Zentzugabekeria ematen du…

Marokoren erabakia da, Ircam institutuaren bidez hartu duena. Arrazoia ere bistakoa da. Aljeriako herri kabilioak alfabeto latinoa erabaki zuenez, Maroko beldur zen amazigera hiztunak batuko ote ziren, indartuko ote ziren. Duela bost urte ezarri zuten gure eskoletan tefeina alfabetoaren irakaskuntza, eta umeek gorroto dute, hain baita gauza konplikatua.

Zein da, hortaz, zure borroka?

Gizarte mugimenduen baitan sortu nintzen, dela amazigeraren kultur elkarteetan, talde feministetan, giza eskubideen aldekoetan… Horien baitan jaio nintzen, eta horien baitan ari naiz lanean. Eta, bien bitartean, amazigera ikasten dut, ez baitakit zuzen irakurtzen eta idazten. Tarifit halako bat erabiltzen dugu whatsapp eta gainerakoetan, batere estandarizatu gabea.

Zein duzue lehentasuna?

Amazigera estandarizatzea, hura behar bezala idazten ikasteko. Ahoz ez dugu korapilo bihurririk. Elebakarrak ere baditugu, hainbat, Arrifen. Begira, kontatuko dizut. Oraintxe 55en bat atxilotu ditugu Casablancan, iazko Arrifeko borroken aitzakian preso hartuak. Joan zaio ama semeari polizia-etxera bisitan, eta hizketan hasi zaionean tarifitez, zaindariek ezetz ama horri, buila eta hoska, arabieraz hitz egiteko. Ama, orduan, ez baitaki tarifit besterik hitz egiten, semeari begira gelditu da, malkoa dariola, bisitak iraun duen artean. Hizkuntza ofiziala, omen, amazigera Marokon! Ba ote? Garabideko ikastaldian Jon Sarasuak kontatu zigun istorioa duzu: har ezazu apoa eta sartu ontzi bat ur irakinetan. Laster egingo du jauzi. Aldiz, har ezazu apoa, sartu ontzi bat uretan eta hasi poliki-poliki berotzen. Bertan egosiko da apoa. Horrelaxe gu.

Dena galdua da?

Ez, gure kasuan, transmisioak irauten du. Nador eta Al-Hoceiman, adibidez, tarifit baino ez da hitz egiten. Atlasen, beren dialektoan mintzatzen dira, eta berdin hegoaldean. Jende askok hitz egiten du amazigera, askok. Emigranteen kasuan, denetarik dago, batzuek hizkuntzaren kontzientzia dute, eta amazigera transmititzen dute. Beste batzuek, aldiz, ez. Gu bigarren mailako hiritartzat hartuak izan gara, gure hizkuntzak ez zuela ezertarako balio sartu nahi izan digute buruan, ez dugula batere balio… Deiturak ere halakoxeak ditugu. Erregistroa abiarazi zutenean, gureek ez zekiten arabieraz. Funtzionarioek, aldiz, ez zekiten amazigeraz. Hala ere, gureen deitura behar funtzionarioek, baina guk deiturarik ez. “Ezizenen bat bada ere!”. Eta horrela gara, bata “Herrena”, bestea “Burusoila”, hau “Betokerra”… eta horrela iraun dute hainbat deiturak. Jasan dugun arabiartzea izugarria izan da, herri eta hirien izenak desitxuratu dituzte. Gure Tetauen –hau da, “begiak”–, Tetuan egin dute arabiera hiztunek, esanahirik ez duen izena. Edo Xauen –“adarrak”, alegia–, Chedchaouen egin dute. Lehen esanahia zuenak, esanahirik ez du orain. 


ASTEKARIA
2017ko abenduaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amazigh herria
2024-02-26 | Garazi Zabaleta
Agharas elkartea
Kulturarteko ortua, Barakaldoko Gurutzeta auzoan

Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute martxan, aldi baterako erabiltzeko... [+]


Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Pinguinoak desertuan
Eskola 2.0ko eramangarriak TxikiLinuxekin amazig haurrentzat

Elkartenet eta Agharas elkarteetako kideek berreskuratu eta TxikiLinux instalatutako 22 ordenagailu eraman dituzte Afrika iparraldeko Errachidia (Imet?aren amazigeraz) eskualdera, bertako ikastetxeetako irakasleei aurkeztu eta formazioa emateko. Tokiko amazig erakundeekin... [+]


Hamabi ikasgela informatiko, Amazigh herriko haurrentzat

Euskal Herrian jasotako ordenagailuei bizitza berria emango diete: TxikiLinux sistema eragilea erabiliz, Amazigh herriko haurrek erabiliko dituzte, horretarako hamabi gela informatiko sortuz. Oinarrizko hezkuntzarako sarbiderik ez duten eskualdean egingo dute proiektua.


Eguneraketa berriak daude