Hizkuntza biziberritzeko nahi bat bera, Libiako amazigek nahiz Siriako kurduek

  • Hizkuntza tipologiaz ez baina amazigerak eta kurduerak bizi duten prozesu simetrikoaz jardun du Karlos Zurutuza kazetariak: “Prozesu polit eta bitxi baten lekuko izan naiz. Egun batetik bestera, eta literala da hori, bi komunitateok euren hizkuntzei eusteko hartu duten erabakiaren lekuko izan naiz. Hamarkada askotan galdutako denbora berreskuratu nahian ari direla ikusi ahal izan dut”.

Rojavako Unibertsitateko Aula Magna. 2016an eraiki zuten kurduek campusa eta turkiarrek Afringo eskualdea inbaditu zutenean desagerrarazi zuten. Argazkia: Karlos Zurutuza.
Rojavako Unibertsitateko Aula Magna. 2016an eraiki zuten kurduek campusa eta turkiarrek Afringo eskualdea inbaditu zutenean desagerrarazi zuten. Argazkia: Karlos Zurutuza.

Hitz adina mintzo-ren seigarren aldia ireki zuten urriaren 14an Gasteizen. Hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa 2015ean hasi zen oinez eta, egun, Oihaneder Euskararen Etxea eta UEU dira antolatzaile, Garabideren eta Unesco Katedraren laguntza dutela.

Aurtengo zikloaren lehen hitzaldia egiteko, berriz, EHUren babesa ere izan dute, eta unibertsitate publikoaren Gasteizko gradu aretoan, aforoa guztiz murrizturik eta maskak jantzirik entzule denak, egin zuen hitzaldia Karlos Zurutuza kazetariak: “Hitzaren jabea, amazigera eta kurduera biziberritzeko prozesuak” zuen lema.

Kurmanjiera deusetik unibertsitateraino

Ekialde Hurbilaren erdian dira kurduak, Iran, Irak, Siria eta Turkiako mugek banaturik bizi direla.  Kurduerari den bezainbatean, Siriako ipar-ekialdean du indar handiena. Haatik, Siriak kurduekiko zein politika ibili duen erakusteko, siriar zerbitzu sekretuetako burukide baten txostenaren muina  baliatu zuen Zurutuzak: «Kurduak tumore hutsa dira, ez dira arabiarrak, erauzi egin behar da [tumorea]». Inondik ere, txosten horrexek markatu zuen errepresioa: kurduak erroldatik ezabatzea, hiritartasuna ukatzea, ez pasaporterik ez nortasun agiririk ematea. «Kurduen existentzia ukatzea zen, finean», Zurutuzak esan zuenez. Kazetariak 2008an egin zuen lehen bidaia Siriako kurduen lurretara. Hitz batez adierazi zuen egoera: «Jendea beldurrez bizi zen. Kurmanjieraz idazten zuen poeta bat elkarrizketatu nahi izan nuen, klandestinoki, zeren bere hizkuntzan, kurmanjieraz idaztea, delitu zuen poeta hark».

2011n iraultza gertatu zen Sirian. Bere kazetaritza bizitzako unerik politena bizi izan zuen orduantxe Zurutuzak. Siriako kurduen alderdi politikoak klandestinitatetik argitara ateratzen ikusi zuen, emakumeentzako zentroak asmatzen, kurduerazko lehen eskolak irekitzen. «Boluntarioak ari ziren langile, eta, lehen aldiz, kurmanjieraz ikasten zen ikasgela bat ireki zuten. Momentu itzela izan zen. Iraultza garaia zen, gerra zen, baina kurduak ez ziren, bakarrik, arma bidez borrokatzen ari, atzeguardian gizarte zibila plazara atera zen eta horrela ireki zuten, adibidez, kurduerazko eskola».

Karlos Zurutuza Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean hitzaldia ematen. Argazkia: Zaldi Ero.

Egun, 40 milioitsu ei dira kurduak. Kurmanjiera, aldiz, erdiek hitz egiten dute: «Anatolian, Irakeko Kurdistango iparraldean, Iran-Kurdistango muga-alboko eskualde batean, eta Jorasan-en, Irango ipar-ekialdean, kurmanjieraz egiten dute.. Irakeko kurdistnago hegoaldean eta Irango Kurdistanen zati handi batean, soranieraz».

Kurdueraren aldaera nagusiei den bezainbatean, Turkian eta Sirian kurmanjiera da nagusi, eta alfabeto latinoz idazten da. Soraniera, berriz, arabiar alfabetoz idazten da, eta Iraken eta Iranen hitz egiten da, bateko eta besteko aldaerak gorabehera. «Siriako kurdu gehienek kurmanjieraz egiten zuten, baina ez zekiten idazten, ez baitzuten alfabetoa ezagutzen. Eskoletan, beraz, alfabeto hura ikasten jarduten zuten, kurmanjieraz idazten ikasteko».

Gizarte zibila aktibatu zela esan zuen Zurutuzak bere hitzaldian, eta eskola ez ezik, «Siriako inoizko lehen egunkari kurdua ere egin zuten. Elebiduna, arabieraz eta kurmanjieraz argitaratzen baita». Eta Zurutuzaren irudiko, «sen onez» da elebiduna egunkaria: «Bai, zeren, hainbat urtez, arabiera beste hizkuntza ofizialik izan ez dutenez, ez zuten akats bera egin nahi, beren hizkuntza inori inposatuz eta gainerakoak desagerraraziz. Kurmanjieraren aldeko dira eta, era berean, arabieraren aldeko, eta siriakoaren edo neo-arameoaren aldeko. Beren argitalpenak hirueledunak ohi dira, eta telebistan ere aipatu hiru eleetan aritzen dira». 2014an, bestalde, Siriako Rojavako parlamentuak herri kurduaren konstituzio gisakoa egin zuelarik, hiru hizkuntzak izendatu zituzten ofizial, hiru eskualdeetan ere.

2016an, kurduek unibertsitatea ere eraiki zutela esan zuen Zurutuzak, «nahiz hemengo hedabideetan horren berririk ez den jaso, baina esatekoa da: kurduek, gerra baten erdian, beren etxea defenditzeaz gain, egin dute eraiki». Unibertsitatean, esaterako, Kurduera Filologia, Arte Ederrak eta Ingeniaritza Agronomoa irakasten dira, kurdueraz erabat. «Turkiarrek Afringo eskualdea inbaditu eta campusa desagerrarazi zuten arte iraun zuen hark. Eta, egun, Turkiak ordaindutako islamisten eskuetan dago eremu hori». Beti gainean baitu herri kurduak Turkia, baina ez kurduek bakarrik. «Kaukason, Libian, Yemenen, Sirian... denetan ari da eskua sartzen Turkia, libre da horretarako, eta hori ere pairatu behar dute kurduek».

Amazigera, denbora berreskuratzeko garaia

2011n heldu zen lehen bider Zurutuza Libiara. Kazetari tropela zen han, Egiptotik Libiara sartu nahirik. «Ni, berriz, Tunisiatik sartu nintzen. Eta, nahigabe eta ezustean, berbereekin egin nuen topo, amazigekin!». Laster jabetu zen Zurutuza amazigek Gadafiren azpian bizi izan zuten egoeraz. Hasteko, arabiarra ez den herriak izateko eskubiderik ez zuen Gadafiren garaian. Amazigera ere, dialektutzat zeukan. «1973an abiarazitako Iraultza berdea medio, Gadafik amazig kultur-adierazpen oro deuseztatu behar zela erabaki zuen. Lege idatzia zen».

Libian bizi diren amazigek amazigeraz sortutako ikasmateriala. Argazkia: Karlos Zurutuza.

6 milioi biztanle dira Libian, eta horietarik %10 dira amazig. Itsasaldean, Zuara hirian, esaterako, amazig peto-petoak dira eta berberez egiten dute. Mendietan, Nafusa eskualdea dugu, non herri gehienak amazigak baitira. Badira tuaregak ere, amazig familia handiaren barruan tamaxek aldaeraz hitz egiten dutenak. Azkenik, tubuak, herri nilo-sahararra. Hizkuntza biziberritzen saiatzen ari dira denak.

2011n, Libian gerra hasi zelarik, laster jabetu ziren amazigak: alde batean, arabiar nazionalistak zituzten, eta, bestean, islamistak. Kinka horretan, Gadafiren kontrako altxamenduarekin bat egin zuten amazigek hasieran, baina laster etsi zuten, gerra bitartean eratu zen Trantsizio Gobernuaren joerari igarririk. «Betiko diskurtsoa dute: izan arabiar nazionalista, izan islamista, ez dute gure alde egiteko xederik», erabaki zuten, Zurutuzak esan zuenez.

Libiako gerra garaian, bonbardatzeek eragindako anabasa artean, amazigek amazigera eskolak eratu zituzten mendialdean, beren lemari jarraikiz: «“Hizkuntza, izakia eta lurraldea” diote amazigek. Hastapenean ez zuten ikas-materialik, fotokopia batzuk baizik, nahiz gaur egun ganorazko liburuak dituzten. Gerra garai hartan, amazigera idazten ikastearekin batera, neska-mutilak eskolan zeuzkaten, babesean! Gerran ziren, eta amazigera eskolak ematen! Kurduek bezala, amazigek ere galdutako denbora berreskuratu nahi zuten», zioen Zurutuzak. Eskola haiek eratzearekin batera, lehen amazigera irratsaio eta telebista saioak abiarazi zituzten. 2017an urrats bat handiagoa emanik, Tamazight Filologia ikasketak abiarazi zituzten Zwara eskualdean. Lehenik, Marokotik eta Aljeriatik ekarri zituzten irakasleak; alabaina, egun ikasle direnak bihar irakasle izan daitezen.

Amazigek beren izaera legeztatuko duen konstituzioa nahi dute. Aldarrikapen historikoa da, Zurutuzak adierazi zuenez. Sirian kurduek bezala, Libian amazigek ez dute carta magnarik. 2013an, horratik, zirriborro gisako bat egin zelarik, ez zen amazig, tuareg edota tubuen aitortzarik den mendrena ere. 

Zurutuzaren arabera, korapilo bihurria da Libia: bi gobernu dirateke, bata ekialdean, bestea mendebaldean, zein bere sostenguarekin ari dena. Gerrak, berriz, ez du etenik: noiz indar handiagoz, noiz txikiagoz, hor da beti. Zeharo ezegonkorra da egoera eta, hala ere: «Kontseilu Gorena eratu dute amazigek, beren administrazioa; hamar udalerri biltzen ditu. Kurduek bezala, bereari eustea erabaki zuten, Libiako egoerak konponbide eskasa du eta, bitartean, antolatzea erabaki dute: eskolak, kultur etxeak, indar armatuak eta gainerakoak osatu dituzte».

Tubu hizkuntzan lehen argitalpenak. Argazkia: Karlos Zurutuza.

Bestelako gutxiengorik ere bada Libian, ordea, eta haiek ere aipatu zituen Zurutuzak: Tubu herria, «Gadafiren pean, ikaragarri sufritu zuena».  Han eta hemen barreiaturik bizi dira tubuak, Niger, Txad eta Libiako mugen artean. Gadafi, esaterako, Txad iparraldea beretzen saiatu zen, tubuak gehiengo ziren alderdia.

Tubuek hizkuntza biziberritzeko lanari ekin zioten 2011an eta, horretan, amazigen laguntza jaso zuten, amazigak jabeturik baitira gutxiengoak batu beste biderik ez dela Libian. «Tubu kontseilu sendo bat eratzea, hortaz, amazigen onerako zitekeen. “Bakarrik gaude, batak besteari lagundu beharrean gara”, esan zioten elkarri. Amazigek, eskola abiarazten eta liburuak argitaratzen lagundu zieten eta, horrela, lehen aldiz tubu haurrek beren hizkuntzan ikas dezakete». Zurutuzak adierazi zuenez, amazigek, oroz gain, beren buruak antolatzen erakutsi zieten tubuei.

Saioa burutuz, Karlos Zurutuzak azpimarratu nahi izan zuenez, hala Libian nola Sirian, baitezpadakoa izan da jendearen kemena hizkuntza biziberritzeko prozesuari ekiteko garaian. «Niretzat, hango egoera, sasoi batean Euskal Herrian ikastolekin bizi izan genuena bizitzea izan da. Irakasleek egiten zuten ikas-material hura-eta! Prozesu nahiko simetrikoak ikusi ditut Libian, Sirian eta hemen. Francok 40 urtez agindu zuen Euskal Herrian, eta Gadafik 42 Libian! Bitartean, guztiz zapalduta egon dira hizkuntza horiek». Hori esanik, azken mezua zabaldu nahi izan zuen Zurutuzak: «Munduan diren hizkuntza gutxituak, aniztasunaren aldarri dira. Ekialde Hurbila anitza da, mapan ageri diren herrialdeen barruko herriak ezagutzen ez baditugu, nekez ulertuko dugu gertatzen ari dena.  Aniztasuna da gakoa».

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: amazigera
Eguneraketa berriak daude