Astean behin Xiberoan, etxeetako atarietan kutxa horiak bete-beterik ikusten dira goizean goizik, eta husturik berantago. Herri Elkargoaren kartoi, paper eta plastikoen bilketa zerbitzua da. Baina garestiegia omen da, eta 2015ean atez ateko bilketa bukatuko da.
Trukean, etxetik ateratzen diren hondakinak giltzapetua izanen den ontzi batera botako ditugu, pisatuak izanen dira, eta pisu batetik goiti zerga garestiago izanen da. Teorian, etxean bereizketa gutxi egiten duenak kario pagatu beharko du. Badakit sistema hori besteetan jadanik erabiltzen dela, eta zerbaitengatik ezarriko dutela gurean ere.
Baina badira urteak kutxa horiak baditugula, eta hilabete andana jadanik berina ezin dela birziklagarrietan sartu. Kontainer beltzetan, arruntetan, berinak hausten entzuten dira geroztik. Kontainer berdeetan, berinazkoentzat eginak diren horietan, beti bada lekua soberan.
Denborak erranen du aldaketa ongi joanen denez. Gauza bakarra da segurua: hemen zikinak ez dira leihoetatik zintzilikatuko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.