Bagara, herrigintzarako laborategia

  • Elkarlana eta gizartearen autoeraketa sustatzen dituzten proiektuak indartzeko sortu zen Bagara. Debagoienan kooperatibismoa ahultzen ari zela-eta, balio horiek berriz ere bultzatu nahian dabiltza. Esparru anitzetan aritzen dira, beti ere iraunkortasuna,
    euskalduntasuna eta auzolana landuz.

Martin Vicioso @martinvicioso
2014ko azaroaren 23a
Irudian, Tobera antzerki satirikoko lehen emanaldia.
Irudian, Tobera antzerki satirikoko lehen emanaldia.

Kooperatibismoak tradizio luzea du Debagoienan. Enpresak egituratzeko modua izateaz gain, gizartea, langileak eta ondasunen ekoizpen prozesuak lotzeko bidea dela ulertu dute urteetan. Hau da, komunitatea hartu-eman ekonomikoaren izaki aktiboa izateari garrantzia eman zaio aspaldidanik eskualdean. Azkenaldian, berriz, hainbat eragilek galerak sumatu dituzte arlo honetan, eta hortik sortu da Bagara ekimena.

Jatorria Mondragon Unibertsitateko Lanki Institutuan du. Lankidetzari, gizarteari eta autoeraketari buruz ikertu dute azken hamarkadan, batez ere Arrasateko esperientzian oinarrituz, baina kanpoko beste bizipen batzuk ere jasoz. Bagararen zeregina elkarlana eta gizartearen burujabetza ipar duten ekimenak bultzatzea da. Horretarako, jadanik martxan direnei laguntza eskaintzen diete eta iniziatiba berriak hasi nahi dituztenentzat aholkulari dira. Halaber, Debagoieneko egunerokotasuna gertutik jarraitzen dutenez, aukera berriak identifikatu eta interesa izan lezakeenari zabaltzen dizkiote.

Hiru lan esparru bereizi dituzte. Lehenik eta behin, “ekimen komunitario eraldatzaileak” bultzatzea. Autoeraketan eta gizartearen burujabetzan oinarrituta, arlo anitzeko ekintzetan hartzen dute parte. Besteak beste, kulturgintzan, iraunkortasunean, kontsumorako jarreretan eta etxebizitzan. Balio hauek gizartean errotzeko eta etorkizunean ildo berean jarraitu ahal izateko, horiek ezagutzea eta barneratzea ezinbestekoa dela uste dute Bagarako kideek. Horretarako, hezkuntza arloko eragileekin harremanak estutu nahi dituzte. Bestalde, eskualdeko ekonomia motor gisa eredu kooperatibista berreskuratu nahi dute, azken urteetan indarra galdu duela uste baitute.

Azokatik antzerkira

Bagarak, esan bezala, ekimen anitzak bultzatu ditu orain arte. Esaterako, Arrasateko azoka biziberritzeko lanean hasi ziren orain dela bi urte. Logika neoliberaletik at, bertako produktuetan eta kontsumo arduratsuan oinarritutako merkatua nahi dute. Herritarrekin, udal teknikariekin eta herriko eragileekin bildu ziren, guztira 600 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten prozesuan. Ildo beretik, Erein Da Jan izeneko kooperatiba abiarazi dute. Nekazaritza modu iraunkorrean jorratzeaz gain, ekoizleak, saltzaileak eta kontsumitzaileak proiektu berean elkartu nahi dituzte, denak baitira bazkide.

Eskualdeko izaera indartze bidean, Tobera antzerki satirikoa ere antolatu dute. 2011tik inuzente egunez egiten dute, urtero Debagoienako herri batean. Hala, bertako gaiak jorratzen dituzte, haien arteko harremana indartuz bai, baina baita lagunarteko lehia sanoa piztuz ere.

Gizarte gaiak ere jorratu dituzte zuzenean. Adibidez, etxebizitzetara sartzeko eredu alternatiboei buruz egin dute gogoeta eta gazteekin topaketak sustatu dituzte, herrigintzan eragile izan daitezen. Elkarlanaren filosofia ipar, ahalik eta esparru gehienetan sakontzea du helburu Bagarak. Orain arte proiektu interesgarrietan esku hartu dute, baina bidea dute aurretik. Jarrai dezatela.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolan esperientziak

Auzolan esperientziak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude