Atzoko aztarnak arakatzen, gaurko minaren sendagarri

  • Oroimen historikoaren berreskurapenean pauso garrantzitsuak eman dituzte Villabonan azken urteotan. Aritza Kultur Elkartearen ikerketen ondorioz frankismoak 1936ko gerra zibilean fusilatutakoen eta errepresaliatutakoen izenak ahanzturaren zulotik atera dituzte.

Berako hilerrian aurkitutako fusilatu baten gorpuzkina. Bost billabonatar lurperatu zituzten bertan, horietako batek Cipriano Cardenalek, gutuna idatzi zien senideei egun bat lehenago Ondarretako kartzelatik.
Berako hilerrian aurkitutako fusilatu baten gorpuzkina. Bost billabonatar lurperatu zituzten bertan, horietako batek Cipriano Cardenalek, gutuna idatzi zien senideei egun bat lehenago Ondarretako kartzelatik.Argazki Press / Gorka Rubio

Villabonako udal artxibora sartu zirenean, ikerlariak harri eta zur geratu ziren bertan aurkitu zutenarekin. Gezurra badirudi ere, frankistek ez zuten garbiketarik egin trantsizio aldiko urte nahaspilatsuetan, eta gerra zibileko zientoka dokumentu, karpeta eta txosten konprometigarri hautsa pilatuz egon dira bertako apaletan. “Baina sinestezina zera da, dozenaka urte hauetan inork ez arakatzea paper horiek”, dio Esti Amenabarrok.

Amenabarro pedagogoa da eta Villabonako Aritza Kultur elkarteko kidea, Karlos Almorza historialari eta Pello Aranburu argazkilariarekin batera. Euskal Memoria fundazioaren eskariz hasi ziren 1936ko gerran herrian gertaturikoa ikertzen.

Garai hartan 50 bat villabonatar hil zituzten, horietako asko frankistek fusilatuta. 1936ko azaroaren 15ean 24 lagun hil zituzten Beran, “heriotzaren karabana” batean. Haien artean Villabonako bost zeuden. Daniel Arrillaga, Cipriano Cardenal, Juan Echenique, Maximino Erostarbe eta Adrian Quintana abertzaleak ziren, politikoki aktiboak, EAJko alkate izandako Valeriano Saizarren taldekoak. Irailaren 29an atxilotu zituzten eta Tolosan hainbat egunez giltzapean egon ostean fidantza ordainduta irten ziren. Ez zien askorako balio izan.

Hilabeteren buruan berriz atzeman eta Tolosako beste presoekin Donostiako Ondarretara aldatu zituzten; hurrengo egunean aske geratu ziren.

Ondarretan, “aske” uztea, fusilatua izatearen eufemismoa zen. Oiartzun, Hernani, Bera… ia gauero abiatzen zen heriotzaren karabanaren bat hiri turistikotik barrualdeko herriotako zoko ilunetara. Cipriano Cardenalen ilobak beti jakin izan du bere osaba Berako hilerrian sartu zutela. Txikia zela amarekin joaten zen loreak uztera, eta behin, hango lurperatzaileak anaiaren kartera eta gerrikoa zituela ikusi omen zuen amak.

2012ko abenduan Aranzadi Zientzia elkarteak indusketak egin zituen Berako hilerrian. Horma baten ondoan zazpi lagunen hilotzak azaldu ziren, frankistek duela ia 80 urte utzi bezala, eskuak bizkarrean loturik. Lurrazaletik metro erdi eskasera zeuden, norbaitek ahanztura noiz zulatuko. Aritza Kultur Elkarteak bost villabonatarren izenak berreskuratu ahal izan ditu, baina beste askok ez dute aukera hori izan. Ehundik gora dira Beran lurperatutakoak, baina ezinekoa da guztien berri jakitea, urbanizazio planek eta hondeamakinek irentsi dituzte hezurrak. Bide Ertzeanek kantatu bezala, hil gabeko hilotzen loreak sortzen dira orain lur horretan.

Villabonako artxiboko altxor dokumentala Frankismoaren aztarnak arakatzen liburuan publikatu zuten Aritzakoek, baina analisi historikorik egin gabe, dokumentu bakoitzaren interpretazioa baino ez. “Ados, udaletxean zer dagoen badakigu –esan zuten Amenabarrok eta bere kideek– baina orain gai bakoitzaz gehiago jakin behar dugu”. Ikerketarekin aurrera jarraitu zuten eta Ferrolen, militarren artxiboan, hildako guztien eta beste askoren datuak aurkitu zituzten; ehundaka orrialdetako espediente mardulak. Segi zuten artxiboak arakatzen eta testigantzak jasotzen –40 elkarrizketa inguru egin dituzte–. Azkenerako, lan horrek fruitu ugari izan ditu.

Hala, 2013an Amasako hilerriko panteoi batetik lau pertsonen gorpuzkinak hobitik atera zituzten, 1936an Tolosan “armetatik pasata”, parrokia-liburuan jartzen duenez. Hilarriko plakan fusilatu bakarraren izena ageri zen, orain denak daude. Bestalde, Belharra produkzio etxeak dokumentala egin du Bertha Gaztelumendi zuzendari eta Xabier Urmeneta gidoilari direla; horretarako Villabonako ikerlarien lana izan dute oinarri. Dokumentala Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du eta beste herrietara estrapolatu litekeen ikus-entzunezko pilotua da. Bertan, ikasle gazteak ageri dira zaharrenei gerraren ondorioez galdezka herriko toki esanguratsuetan.

“Ez genuen nahi gai hau gu hiruron kontua soilik izatea, eta hasi ginen pentsatzen ea nola transmititu herritarrei sortutako jakintza guztia” dio Amenabarrok. Pasa den udaberrian erakusketa jarri zuten martxan udalak eta aldundiak lagunduta, esku artean zutena modu dibulgatiboan zabaltzeko, batez ere ikastetxeei begira. Hasieran 15 egunerako pentsatua bazegoen ere, beste hiru astez luzatu behar izan zuten. 700 pertsona igaro ziren erakusketatik, paneletako argazki eta dokumentuen peskizan: gerran gertatutakoaren jakinminez batzuk, hainbeste hildako eta itsukeria izan zelako harrituta bestetzuk. Eta gehienek galdera bera buruan: zergatik?

Itaun horri erantzutera dator urte amaierarako prest izango duten hurrengo liburua: Aztarnak arakatzen II. Egiaren minak. Zerrendak eguneratu eta memoriaren mapa egiteko asmoa dute, baina hori bakarrik ez. Fusilatuen biografiatxoak, atxilotuen kasuak, emakumeei zigorrak, gudariak, desjabetzak... Horiek guztiak testuinguruan kokatzeko saiakera da.

Villabonako Udala bere herritarrak salatzen

Ikerlanaren ondorio nagusietako bat hauxe da: Villabonako Udala erabat lerratu zela Francoren alde: “Falangeak udala bere esku hartu zuen eta baliabide guztiak gerra eta mendekuaren zerbitzura jarri zituzten”. Amenabarraroren hitzetan herrian familia boteretsu batzuek agintzen zuten, gainerakoak “pobreen zerrendan” zeuden. Ez dira gutxi herritarrak zigortzeko udalak egindako informeak, horietako asko Juan Barbé orduko alkate falangistak sinatuak: indeseable; de ideas extremistas; demostraba su izquierdismo; nacionalista-propagandista… Detaile osoz informatzen zieten salatariek Falangeari eta presondegiei. Askok larrutik ordaindu zuten.

Valeriano Saizar Arteagaren kasua esanguratsua da. Militante jeltzalea, udalean kargu politikoak izateaz gain enpresaria eta ekintzailea zen, eta katolikoa. 1936ko abuztuaren 16an frankistak Villabonan sartu eta laster hanka egin zuen. Alaba Carmen, Jose Inazio Lizasorekin zegoen ezkonduta, Agirre lehendakariak Londresen zuen kontsularekin, eta suhiak lagundu zion Bilbora ihes egiten. Baina bidean zela, beste askori momentu latz horietan etorritako pentsamendu bera etorri zitzaion burura antza: “Zergatik egin behar dut nik ihes, ez dut deus egin-eta”. Getaria parean gelditu eta Balentziaga abizeneko familiaren laguntzaz etxera itzultzen saiatu zen; bidean harrapatu zuten. Hilabetez eduki zuten preso Lasarteko kontzentrazio-eremu batean, harik eta urriaren 9an Orioko gainean gauez hil zuten arte. 72 urte zituen.

Amagoia Gurrutxaga Urangak Zarauzko postalak liburuan Orioko Beobate baserriko Maria Zulaikaren testigantza dakar. Bere aitak eta anaiak “alkateak ote ziren esaten zuten” fusilatuentzako hilobia egin zuten egun horietan Orioko gaineko akazia batzuen oinean, karlistek derrigortuta: “Baina ezin izan zituzten sartu, lurrik ez zeukatelako tapatzeko. Antza denez, gainera zerbait bota eta han laga zituzten”, dio. Senideek gorputzak isil ostuka eraman zituzten handik, baina Saizarren familiak sekula ez du jakin non dagoen lur emanda.

Benito Berasaluzek ez zuen akabera hori izan, baina eguraldi gorriak ikusi zituen. Villabonako ezkertiarren buruetako bat zen, intelektualki jantzia eta prestua, Eusko Gudarosteko Carlos Marx batailoiko kapitain izatera heldu zen frontean. Asturiasen atxilo hartu zutenean, Villabonako udaletik igorritako akusazioak probestu zituzten preso sartzeko. Bederatzi kartzelatan barrena ibili zuten oso baldintza kaskarretan eta heriotza zigorra kolkoan zuela. Zazpi urteren ondoren libre utzi zuten eta  kanpora alde egin zuen, gerraosteko giro zitala ezin agoantaturik; 50eko hamarkadanitzuli zen berriz herrira. Orduko argazki batean sagardotegiko lagunartean ageri da, aldamenean pertsona ezaguna duela: bera salatu zuen Juan Barbé alkate falangista ohia. “Bizitzan aurrera egin behar da’”, esan ohi du haren alabak argazkiari begira.

Jipoi bikoitza emakumeei

Frankismoak bere sharia espezifikoa ezarri zien emakumeei, rol eta funtzio sozial batzuetatik aldentzen zena zigortzen zuen, eta ez gerra garaian soilik. Adibide bat: 1952an Paula Iraola villabonatarrak hiru hilabeteko atxiloaldia jasan zuen abortatzeagatik. Hortik gutxira beste bi herritar prozesatu zituzten “infantizidio” delitua egotzita.

Emakume izateagatik egur bikoitza jaso zuten beraz, areago abertzalea edo ezkertiarra izanik. 1936an erreketeak Villabonan sartzear zirela Antonia Astiasaranen gizonak ospa egin zuen, komunista amorratua zen eta bazekien zer zetorkion. Astiasaranek ez ordea. Nola egingo zioten ezer haurdun egonda? Akain olioak abortua probokatu omen zion.

Evarista Sasiaimbarrenak ere bereak eta bost sufritu zituen. Emakume Abertzale Batzako idazkaria zen –elkarte horrek sekulako indarra zuen Villabonan errepublika garaian: 170 afiliatu 1.900 biztanleko herrian– eta udaletxe parean zuen etxea. Behin joan zitzaion alkatea esanez colgadurak –bandera espainola eta bestelako apaingarriak– jarri behar zituela balkoian: “Berak ezetz, ez zuela bandera jarriko –dio Amenabarrok–. Atxilotu eta lepotik ibili zuten, Kale Berriari hamar buelta emanarazi zizkioten, hasieratik bukaerara. Jendea txaloka, Tolosatik-eta ekarrita. Billabonatarron kondairetan bazegoen honen berri, guk dokumentatu eta mapan kokatu dugu, eta erantzuleei izenak jarri”.

Sasiaimbarrenari egindakoa idatziz aitortu zuen Barbé alkateak, “abertzale amorratuak” izateagatik emakume batzuen kontra hasitako gerra kontseiluan: “El declarante la hizo llevar una bandera española y haciendola gritar continuamente el ¡Viva España!”. Evarista Sansiaimbarrena Ondarretan sartu zuten denbora baterako. Halaxe pagatu zuen desobendientzia.

Aritza elkartekoak herritarrekin izan direnean halakoak eta gehiago kontatu dizkiete orratzetik hariraino. Beste batzuetan informazio kontrajarriak jaso dituzte, memoriaren ajeak. Biktimen familia gehienek ez zuten paper bakar bat ere gertatutakoaz, Amenabarroren hitzetan “asko ahazten eta gainditzen ahalegindu dira”. Espediente eta txosten ofizialak erakustean, askok gogoz eta bihotzez hau esan diete: “Nire zati bat ekarri didazu”.

Belkoaingo herri lubakia

Adunako lurretan dagoen Belkoain mendian gerra zibileko aztarnak aurkitu ditu Aranzadik, Aritza Kultur Elkarteak egindako ikerketetatik abiatuta eta Adunako Udalaren laguntzarekin. 2013ko auzolandegietan erresistentzia errepublikarraren harresiak agerian geratu ziren; uda honetan bala-zorroak eta bestelako gerra materiala berreskuratu dute. UEUrekin elkarlanean, bestalde, testuinguru historikoa azaltzeko jardunaldiak egin dituzte.

Belkoaingo defentsa sistema frankistek 1936ko abuztuan Tolosa hartu ondoren sortu zen eta Kandido Saseta kapitainaren agindupean aritu ziren milizianoak.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fusilatuen bila
1936ko Gipuzkoako krimenen arduradunak publikoki adierazi zuen "gupidarik gabe fusilatu" behar zela

1936ko udazkenean Hernanin eta Oiartzunen frankistek egindako zientoka hilketen arduradun nagusiena izan zen Ramiro Llamas komandante eta epailea. Hilabete gutxira jendaurrean publikoki adierazi zuen fusilatze horien inguruan pentsatzen zuena; diskurtso beldurgarri hori oso... [+]


1936an desagerrarazitako Felix Goyaren monolitoari eraso egin diote Eulaten

Oraindik ere 36ko Gerraren memoriak sarri jasotzen ditu haginkadak orduko borreroen oinordekoen aldetik. Azken horietako bat Eulateko Felix Goyaren monolitoak jasandakoa da. 1936an atxilotu eta hil zuten frankistek 51 urterekin, eta oraintsu hiltzaileen ondorengoek berriz egin... [+]


Kondor Legioak Munitibarren 1937an egindako bonbardaketari buruzko liburua argitaratu dute

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eman du argitara Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika liburua eta igandean aurkeztuko dute jendaurrean. 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren aterpetuta zeuden herritarrei eraso egin zien. Egun bereko arratsaldean, Gernikan... [+]


2023-02-09 | ARGIA
1937an Bilboren defentsan hildako sei gudariren eta milizianoren gorpuzkiak itzuliko dizkiete senideei

Genetikoki identifikatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 1937ko udaberrian hildako sei errepublikarren gorpuzkiak itzuliko dizkie beren senideei, Bilboko Gogora institutuaren egoitzan larunbatean egingo duten ekitaldian.


1936ko Hernaniko fusilatzeak
“Ez dadila entzun gehiago ‘askatuta’ hitz nazkagarria”

Larunbatean Hernaniko Udalak beharrezkoa den oroimen ekitaldia egingo du herriko hilerrian 1936an frankistek hildako 200 lagunak gogoratzeko. Baina zeintzuk izan ziren krimen horien arduradunak? Zeinek sustatu eta agindu zituen fusilatzeak? Komeni da izen horiek ere ez ahaztea.


Eguneraketa berriak daude