Hamar urteko atzerapenez ari da ehuntzen sarea

  • Biodibertsitatea babesteko neurrien alde daude europar gehienak, inkesten arabera. Askok gutxiago dakite Europar Batasunak horretarako duen tresna, oraindik guztiz egituratu gabea, Natura 2000 Sarea dela. Erabat osatzen denean, babestutako eremuen munduko sare zabalena izango da. Euskal Herrian azken urte parean hasi dira ezartzen sareko eremuen babes planak –isun handien mehatxupean, dena esatera–, prozesuak 2004rako burututa behar zuen arren.

Aiako Harria da EAEn momentuz izendatu diren 27 Kontserbazio Bereziko Eremuetako bat.
Aiako Harria da EAEn momentuz izendatu diren 27 Kontserbazio Bereziko Eremuetako bat.Euskaldunaa-CC By SA

Europar Batasunak duela hogei urte baino gehiago ezarritako epeak bete izan balira, seguruenik erreportaje honen xedea Natura 2000 Sarearen emaitzak aztertzea litzateke. Horren ordez, aurreikusi zena baino askoz astiroago gauzatzen ari den prozesu baten berri emanen dizuegu hurrengo orrialdeetan. 90eko hamarkadaren hasieran abiatu arren EBko herritar gehienek ia batere ezagutzen ez duten prozesua, besteak beste bitarteko urritasunak moteldutakoa, eta aurkari faltan ez dagoena.

1992an Rio de Janeiron egindako Lurraren Gailurraren (ikus Argiaren 2.325. zenbakia) emaitzetako bat Nazio Batuen Erakundearen Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena izan zen. Hitzarmen horren helburuak betetzeko sortu zen, hain zuzen, Natura 2000 Sarea egitasmoa, EBk 1992an bertan onartutako Habitaten Zuzentarauan oinarritutakoa. Europan dauden eremu natural eta espezie esanguratsuak kontserbatzea da asmoa.

Europako Batzordearen hasierako nahien arabera, 2004an erabat osatuta behar zuen sareak. Hamar urte eta gero, ez da hala. Geroago aztertuko ditugu xeheago atzerapenaren zergatiak, baina aurretik komeni da Natura 2000 nola egituratzen den azaltzea, gaia behar bezala ulertzeko. 

Sarearen egitura

Bi motatako eremuek osatzen dute sarea. Batetik KBE izenekoek, hots, Kontserbazio Bereziko Eremuek; horiek dira, hain justu, Habitaten Zuzentarauak ezarritako figurak. Besteak, berriz, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) dira, sano aspaldikoagoa –1979koa– den eta gerora Natura 2000n txertatzea erabaki zen Hegaztien Zuzentarautik eratorritakoak.

HBBEak estatu bakoitzak izendatzen ditu, Europaren esku hartzerik gabe, eta zuzenean Natura 2000 Sarearen parte bihurtzen dira. Alta, Sarea KBEk osatzen dute batez ere. Agian zehatzagoa litzateke “osatuko dute” esatea, horien ezarpenean gertatzen ari baitira atzerapenak.

KBE bat sortzeko prozedura askoz konplexuagoa da. Lehenik eta behin, estatu bakoitzak kontserbazioa behar duten guneen zerrenda egin behar du, eta Europako Batzordeari proposatu. Gune horiei Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) esaten zaie. Batzordeak oniritzia emanez gero, sei urteko epea dago BGL bakoitza KBE bihurtzeko, alegia, kontserbazio helburuak bermatuko duten plangintza prestatu eta martxan jartzeko. Izan ere, BGLak proposamenak baizik ez dira. Benetako babesa KBEek ematen dute, haien plangintzetan baitaude adierazita gabeziak, helburuak, neurriak eta bitartekoak. Plan bakoitza behar bezala betetzen ari den ala ez sei urtero aztertu behar da.

“Isunak ikaragarriak dira”

EBren hasierako asmoa zen BGLen behin betiko zerrenda 1998rako burututa egotea. Eta hortaz, 2004an denak KBE izatea. Ez da hala izan. Euskal Herriari dagokionez, esan daiteke azken bi urteetan hasi dela KBEen izendapena behar bezalako erritmoan.                 EAEn, administrazioaren asmoa prozesua 2015ean burutzea da, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariaren esanetan, “EBk abiarazia baitu dagoeneko Espainiako Estatuaren aurka auzibide bat, eta isunak ikaragarriak dira, guretzat gehiegizkoak”.

EAEko 58 gune daude Natura 2000 Sarearen barruan; lurraldearen %20 inguru –%23raino igo liteke–. Horietako sei Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak dira. Gainerakoetatik, 27k badute KBE izendapena hau idazteko momentuan, baina beste 25ak BGLak dira oraindik.

Nafarroan okerragoak dira portzentajeak. Bertako Gobernuak ez die gure galderei erantzun; horren ordez, herritar guztien esku dagoen webgune batera bideratu gaitu. Hor ikus daiteke Nafarroak 42 BGL proposatu dituela Natura 2000n txertatzeko –herrialdeko gainazalaren %24–, baina oraingoz hamar baino ez direla bihurtu KBE. Horrez gain, hamazazpi HBBE daude.   

Atzerapenaren zergatiak

Atzerapenaren arrazoi batzuk aipatu dizkigu Amaia Barredok. Nagusia, apika, nahi beste tresna ez izatea eskueran. “Europako Batzordeak ulertu behar du arlo askori buruzko araudiak ezartzen ari dela eta tokian tokiko administraziook gero eta baliabide urriagoak ditugula eskura”. Kontuan izan behar da Natura 2000 Sarea ez dela orube huts batean ezarri beharreko araudi bat. Haren aurretik bazeuden, eta badaude, norberaren legeak ezarritako babes figurak –EAE eta Nafarroaren kasuan parke naturalak dira garrantzitsuenak–, eta Barredoren ustez ondorioa da araudi eta dokumentu mota lar egotea aldi berean. Gune asko, zer esanik ez, bi araudiren gerizpean geratzen dira Natura 2000ko figuren ezarpena egin ahala –EAEko gainazaleraren %14, esate baterako, babes figura bi edo gehiagoren menpe dago–, eta egoera hori behar bezala kudeatzeak baliabide asko eskatzen du.

EAEren kasuan, gainera, Jaurlaritzak dauka plangintzak egiteko ardura, baina ondoren aldundiei dagokie kudeaketa. Natura 2000ren ezarpena atzeratzearekin jarrera kritikoa duten zenbait taldek, elkarte naturalistek eta ekologistek batik bat, erakundeen arteko deskoordinazioa salatu dute. Eusko Jaurlaritzak onartu du hori arazoa dela.

“Sinplifikatu beharra”, azpimarratu du Amaia Barredok. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrak Natura Babesteko Legeari hainbat aldaketa ezartzea onartu zuen iaz. Horietako bat da toki berean babes figura bat baino gehiago dagoenean kudeaketarako dokumentu guztiak bakar batean uztartu behar direla. Neurriak norainoko mesedea egingo duen esateko goiz da oraindik, jakina.

Iparralde: Natura 2000ren aurkako jarrerak

Iparraldean egoera ez da hobea. “Frantziako Estatuak sekulako gibelapena ukan du eta du oraindik Natura 2000ri buruz”, adierazi digu Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) koordinatzaileak. Batetik, Elosegik salatu duenez, “Parisko agintariei bost axola zaie biodibertsitatearen babesa”. Egiten dutena, Bruselak behartuta egiten dute. Bestalde, kontuan hartu behar dira Frantziako Estatuan sortu diren Natura 2000 Sarearen kontrako zenbait jarrera. Hain zuzen, Akitanian nabarmendu dira halakoak. Aipatzekoa da Jean Lassalle biarnotar hautetsiaren jarrera, Iker Elosegiren ahotik ezagutu duguna. “Natura 2000k debekatu digu ehizatzea, arrantza egitea... Parisek ezin digu hori inposatu!”. Botoak eskuratzeko balio izan dute gisa horretako mezuek, EHLGko kidearen esanetan. Ehiza, Arrantza, Natura eta Tradizioak alderdia desagertu zen, baina hark defendatutako pentsamoldeak indarra du oraindik Iparraldean, barnealdean bereziki.

Kontratu bidezko kudeaketa

Astiro eta berandu bada ere, Natura 2000 gorpuztuz doa Ipar Euskal Herrian, nolanahi. EHLG ere jartzen ari da aletxoa horretan. “Natura 2000n egon behar duten guneen definiziorako irizpideak berdinak dira Europa osoan –azaldu du Elosegik–, baina gero estatu bakoitzak bere erara izendatzen eta kudeatzen ditu eremuak”. Estatuek sarearekiko duten jarrera sorta zabalean bi mutur daude, eta bietako batean Frantzia dago. “Europa iparraldeko herrialde batzuetan, estatuak bere gain hartzen du kudeaketa guztia eta herritarrak ez du ezer esateko. Frantzian, aldiz, Natura 2000n egon beharreko eremu bat izendatu eta gero, estatuak bertako eragileen esku utzi ohi du kudeaketa”. Hala, frantsesez COPIL siglak dituen batzorde batek aztertzen du gune bakoitzaren egoera, eta helburu-txosten bat (DOCOB) ezartzen. “DOCOB horrek ekintza konkretuak proposatzen ditu, eta ekintza horiek gauzatu daitezen bertakoengana joan eta hainbat urteko kontratu bat egiteko galdatzen zaie. Jabeak nahi badu, ongi. Ez duela nahi? Itzuliko naiz berriz”.

2005ean sortu zenetik, EHLGk hainbat COPILetan parte hartu du. “Azkar erabaki genuen gure lan ildoetan sartzea Natura 2000 Sarearen sustapena, laborariok ingurumenarekiko sekulako erantzukizuna dugula pentsatzen baitugu”, diosku Elosegik. Hala, hainbat gunetako laborariei kontratuak sinatzeko proposamena eraman diena EHLG bera izan da. Nekazariak onartzen badu COPILaren proposamena, diru-laguntza bat jasoko du trukean, NPBrako aurrekontuetatik aterako dena (ikus Argiaren 2.143. zenbakia).

Egitura administratibo propiorik ezak zailtzen du portzentajeak ematea, baina Iker Elosegik dio Ipar Euskal Herriko zati handi bat dagoela Natura 2000 Sarean. Esan nahi baita, sareko parte izateko gai dela. Besterik da babes eraginkorra ezarri izana. Aipatu dugun atzerapena dela-eta, momentuz lurraldearen portzentaje txiki batean –hori ere ezin zehaztu– besterik ez dira izenpetu kontratuak.  

Nekazariekin talka

Kontratu bidezko sistema eraginkorragoa al da biodibertsitatearen babeserako estatuaren esku hartze zorrotza baino?, galdetu diogu Elosegiri. Hona arrapostua: “Ez dut elementurik konparazioa egiteko. Dena den, iparraldeko herri horietan biztanle dentsitatea oso apala da, eta biodibertsitatea, ez beti baina maiz, ez da lotua jendeen eginkizunei. Aldiz, Europa hegoaldean, eta zehazki Euskal Herrian, biodibertsitatea gorde izana lurraldea baliatzeko manerari lotua dago, eta bereziki laborantzari. Beraz, laborariari esatea ‘hau egin dezakezu, hau ez...’ ez da egingarria, ezin da hori inposatu”.

Nolabait, jarrera horrekin bat datoz Hego Euskal Herriko lehen sektoreko hainbat sindikatu –EHNE Bizkaiarekin eta Arabako UAGArekin hitz egin dugu guk–; hala, Natura 2000 Sarea ezartzen ari den moduarekin jarrera kritikoa agertu digute. EHNE Bizkaiako Andoni Garciaren berbetan, “bitxia da Natura 2000n sartu beharreko gune asko bertan egon den nekazaritza eta abeltzaintza jarduerari esker mantendu direla egoera onean, eta aldiz, gune horietarako kontserbazio plangintzak diseinatzean, jarduera horri baldintzak eta mugak ezartzen zaizkiela”.

Eusko Jaurlaritzako Amaia Barredok badu erantzunik kritika horien aurrean: Natura 2000 Sareko gune batean egoteagatik euren jardunean nolabaiteko kaltea jasaten duten nekazari eta abeltzainei diruzko ordaina ematea aurreikusita dago. Kontua da, eta hori da sindikatuen beste kexa nagusietako bat, ordainketa horietarako sosak ez direla ingurumen sailetako patrikatik aterako, lehen sektorera bideratutako aurrekontuetatik baizik. Eta hain zuzen, Landa Garapenerako Programetatik; hau da, NPBtik. UAGAko presidente eta EHNE konfederazioko kide Jose Antonio Gorbearen ustez, bidegabekeria da hori: “NPBren aurrekontua aldatzen ari da, Ingurumen Sailak egin beharko lituzkeen ordainketak egiteko. Eta gainera, oso kopuru txikia bideratu da Natura 2000 Sareagatiko konpentsazio horiek egitera. Ez gaude Natura 2000 ezartzearen aurka, baina gure jarduerari mugak ipiniko badizkiete ordaindu diezagutela behar den bezala”.

Dirua nork jarri behar du?

Bidenabar, honako hausnarketa helarazi digu EHNE Bizkaiako Andoni Garciak: EAEko gainazalaren %20 Natura 2000 Sarean sartzea gehiegizkoa da. Uste berekoa da Jose Antonio Gorbea. Beste batzuen iritzian, berriz, handiagoa ere izan zitekeen. “Natura 2000k hartzen duen eremua ez da txikia, baina uste dugu BGL batzuen azalerak handiagoa izan behar zuela”, diosku Aitziber Sarobek, Zarauzko Arkamurka Natur Taldeko kide eta biologoak. Gipuzkoako kasuaz mintzo da Sarobe batik bat, horixe baita ondoen ezagutzen duena: “Legeak behartzen du BGLak KBE bihurtzeko prozesuan parte-hartze saioak egitera, eta guk horietan adierazi izan ditugu gure kexak, baina ez du ezertarako balio izan, saioak nahiko hutsalak suertatu direlako; administrazioaren ikuspegia bete da, batzuetan biodibertsitatearen defentsa lehenetsi gabe”. Hain zuzen, Sarobe kexu da parke naturalekin bat egiten duten BGLen eremua lehendik parkeak zuen bera izateaz –“administrazioarentzat erosoagoa delako”–, baita biodibertsitatearen babesaren ikuspuntutik eremua zabaltzea gomendagarria zen kasuetan ere. Kontuan izan behar da, Saroberen esanetan, Euskal Herrian –isurialde atlantikoan batez ere– dauden gune naturalak txiki samarrak direla, eta elkarrekiko loturarik gabekoak. “Espezie batzuek ez dute bizitzeko leku nahikoa”.     

Edozein kasutan, Natura 2000 Sarearen planteamendua lehendik ditugun legediena baino hobea dela uste du Aitziber Sarobek. Besteak beste, kontrol neurri zorrotzagoak ezartzen dituelako. Amaia Barredok bat egiten du, horretan, Saroberekin. “Izan ere, ikuspegia zeharo desberdina da”, azaldu digu Jaurlaritzakoak, “orain arte legeen joera izan da zegoena mantentzea, eta Natura 2000k, aldiz, kontserbazio aktiboa sustatzen du: ondo dagoena, gorde ez ezik, hobetzea. Eta askoz zehatzagoa da helburuak eta tresnak zehazteko orduan”. Horrek nolako etekina ematen duen jakiteko itxaron egin beharko dugu, ordea.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Kanpaiak nonahi

Taxonomia, espezieen ezaugarri txikienak kontuan hartuz bata bestearengandik bereiztea eta identifikatzea helburu duen zientziaren alorra da. Mila jatorri, mila izen arrunt, eta izen zientifiko bakarra baino ez. Lan zail bezain garrantzitsua da izenak adostea, espezie jakin... [+]


2024-03-12
Izokinak ugaltzeko bidea egiten ari dira Nafarroan

1775. urtea baino lehen Urdazuri ibaian eraikitako presa bat bota dute Lapurdin, eta horri esker bizirauteko aproposagoak diren lekuetara iristen ari dira izokinak.

 


Basoa berritzen duen langilea

Urtxintxa, burtxintxa, ürtxaintxa, kataburtxintxa, katakutxintxa, katagorria, kattagorria, katamixarra, katamixerra, mixerra... Zenbat izen karraskari arborikola polit honentzat. Izan ere, nork ez du ba ezagutzen katagorria? Bereziki basoetan bizi da, baina gure herri eta... [+]


Eguneraketa berriak daude