Lehen urratsak EAEko aurrezki kutxa publikoen pribatizazioan

  • BBK-k eta Vital Kutxak pribatizaziorako pausoa eman dute. Mende eta erdiko historiaren ostean aurrezki kutxak desagerrarazi, banku-fundazio bihurtu, eta hemendik aurrera aginduko duten patronoak izendatu dituzte. 


2014ko uztailaren 13an
BBKren batzar orokorreko hainbat kide Xabier Sagredo lehendakariarekin (bigarrena ezkerretik). Aurrezki kutxak 
banku-fundazio bihurtuta, EAEko finantza baliabideen erdia kontrol publikotik blindatuta geratu da.
BBKren batzar orokorreko hainbat kide Xabier Sagredo lehendakariarekin (bigarrena ezkerretik). Aurrezki kutxak banku-fundazio bihurtuta, EAEko finantza baliabideen erdia kontrol publikotik blindatuta geratu da.

Ekainaren 30ean Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki kutxen fusiotik sortutako Kutxabank banku publikoa pribatu bilakatzeko urrats erabakigarria eman dute Gasteiz eta Bilbon burututako batzarretan: orain arte Arabako Vital Kutxaren eta Bizkaiko BBKren aginte gune nagusiak izan diren batzarrek baiezkoa eman diete fundazio bihurtzeko proposamenari.

Kutxabanken hirugarren zangoa den Gipuzkoako Kutxak udazkenera arteko tartea hartu du erabaki hori bera mamitzeko. Pribatizazioarekin etengo da Hego Euskal Herrian –Nafarroako kutxaren hondoratze traumatikoa lehenago gauzatu zen– 1850ean Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipala sortuz geroztik mamitu den bankugintza publikoaren ildoa.

Eztabaida sutsua piztu du aurrezki kutxak banku pribatu bilakatzeak. Lasaiago pasatu ziren aurreko kontzentrazio prozesuak, lurralde bakoitzak zeuzkan biak bateratzea lehenik eta EAEkoak bakarrean integratzea gero. 2011n gertatu zen hau. Baina bankako negozioa hobeto antolatzearen beharrez gain, 2008ko finantza krisi handiak baldintzatu ditu azken urteotako urratsak. AEBetako eta Europako kredituen negozioak eztanda egiteaz gain, Espainiako Estatuan agerian geratu ziren bankuek –eta hauetan aurrezki kutxa publikoek– elikatutako burbuilaren ondorioak. EAEko kutxen egoera ez izan arren Espainiako beste askorena bezain katastrofikoa, hemengoek egindako apustuen ordainak pagatu beharra iritsi zen; funtsean eraikuntzako espekulazioan egindako inbertsioek eta porrota jotako CajaSur kutxa andaluziarra erosi izanak desorekatuta dauzka gaur Kutxabank denaren zimentarriak. Egoera zail horretan iritsi zaizkie Europatik troikak zerbitzu publiko oro, bankugintza barne, pribatizatzeko aginduak.

Pribatizatzeko bideak jadanik ez du atzera bueltarik. Kutxen bezeroek, langileek eta erakunde sustatzaileek –lekuko administrazioen ordezkariek– osaturiko batzarretan gehiengo nabarmena zuten instituzioetan nagusi diren alderdi politikoek, EAJk, PSEk eta PPk, eta ez da ezustekorik izan. Eman berri duten urratsa defenditzeko argudiatzen dute EAEko herritarren aurrezkien erdia baino gehiago biltzen duen Kutxabank pribatizatu beharra Bruselak agindu duela eta Espainian kutxen alorra arautzen duen lege berriak ez duela beste aterabiderik uzten. Aldiz, horren kontra daudenek –funtsean EH Bildu koalizioak, ELA eta LAB sindikatu abertzaleek eta zenbait herri mugimenduk, finantza publikoen defentsan ari diren intelektualek lagundurik– uste dute lege berriak ematen dituela aukerak oraindik kutxen izaera publikoari eusteko eta salatzen dute pribatizazioa ezinbestekoa dela dioten alderdiak berak izan direla legea Madrilen negoziatu dutenak.

Kutxabankeko lehendakari den Mario Fernández Pelaz bankari ezagun eta politikari ohiak aurtengo otsailean aurreratu zuen bankaren kapitalaren %70 kapital pribatuari eskainiko zitzaiola. Geroztik ugaritzen joan dira salatzen dutenak operazio hau bi protagonistaren artean “egosi” dela: alde batetik establishment politikoa, EAEn EAJk eta Espainian PPk ordezkatzen dutena, PSEri deituta elkarlanera; bestetik Bizkaiko finantzetako oligarkia, “Neguriko jendea” ere deitua, Mario Fernández bera buru duela, Banco Bilbao Vizcayarekin –Argentariarekin fusionatu artean– edukitako agintea berreskuratu nahiko lukeena.

Bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kutxek ikusi dute sortzetik beren helburu nagusia zen ongintza eta lan soziala burutzeko ahalmena murrizten, mende bat baino gehiagoko historian administrazio lokalen eskuzabaltasunean babesturik metatutako ondare higiezina atzerriko funts espekulatiboei saltzen, herrietan hedatutako bulego eta langile sarea murrizten… Hiru kutxetan, banku-fundazio bihurturik, batzar nagusien ordez patronatu berriak antolatu dituzte eta azken aizkorakada eman zaio euskal banka publikoari: Espainiako gobernua izango du Kutxabankek aurrerantzean zaindari nagusi eta ez Eusko Legebiltzarra. Pribatizazioaren kritika gogorra egin duen Ekai Group taldeak esana du operazio hau “estatu kolpea” dela. 

Horrela bukatu da EAEko indar politiko nagusiek ezarritako kudeatzaileek –banku zaharberrituan agintzen jarraitu nahi dutenek– azken hamarkadetan Espainiara zabalduz eta hango espekulazio operazioetan murgilduz egindako abentura. EAEk galdu du bere finantza-tresna inportanteena… eta laster ikusiko da horrek zer eragin duen betidanik EAEk bere autonomiaren ezaugarritzat harro erakutsi duen kontzertu ekonomikoan.

Kutxen patronatua: zein da zein?

Fundazio bihurtu ondoren, BBK eta Vital 15 lagunek osaturiko patronatu banaren esku geratu dira. BBKn 9 patrono EAJk aukeratu ditu, 3 PSEk, eta bana PP, CCOO eta independienteek. Vitalen aldiz, 8 PPren eskutik datoz, EAJk 4 aukeratu ditu, 2 PSEk eta bakarra CCOOk.   

15 patronoetatik 12k euren ondorengoak aukeratu ahal izango dituzte  bost urtean behin, eta 3 baino ez dira izango herritarren botoen ordezkatzaile, erakunde fundatzaileek aukeratuak izango baitira. Patronoek ez dute soldatarik izango, baina “konpentsazio ekonomiko” bat kobratuko dute. Horietako asko Kutxabankeko edo kutxak partaide  diren enpresetako kontseilari ere badira, besteak beste, eta diru-saria jasotzen dute.

Patronatuaren helburu teoriko bat da kutxak despolitizatzea, patronoak “adituak” izatea. Bestela pentsatzeko arrazoiak badaude ordea, zeinek aukeratuak izan diren eta patronoen iragan politikoa ikusita. Horietako askok lotura estua dute alderdi politikoekin, higiezinen enpresekin eta patronalen elkarteekin. Hauek dira batzuk:

BBKren presidente Xabier Sagredo EAJren Bizkai Buru Batzarreko diruzain izan zen eta egun Iberdrola Generación-eko kontseilari da. Ana Urquijo Atheltic-eko presidente ohia ere patrono izango da; higiezinen enpresa bat dauka. Atheltic-ekin loturak dituen jende gehiago ere bada patronatuan, hala, Jon Berasategui klubaren kudeatzailea proposatu du EAJk BBKren patrono izateko; Berasategui San Mames Barria SLren apoderatua da –BBK-k proiektu urbanistikoaren finantzazioan parte hartu du–. PSEk berriz Mikel Cabieces aukeratu du patrono BBKn, Espainiako Gobernuaren EAEko delegatu izandakoa eta egun Bizkako banku-fundazioaren administrazio kontseiluko kide.

Vital Kutxako patronoen artean nabarmentzekoa da PPk aukeratutako Gustavo Antepararen curriculuma: Ajebask, euskal enpresari gazteen elkartekoa eta Espainiako CEOE patronaleko batzarreko kidea da; Gasteizko Udal Hirigintza Elkartean kontseilari kargua du. Fernando Raposok berriz, SEA Arabako patronalean ardurak ditu eta Maria Teresa San Saturnino Arabako Emakume Enpresarien idazkari nagusi da. EAJk Vital Kutxako patrono izateko aukeratu du Monica Arbaiza, EAJko Araba Buru Batzarreko kidea eta Vitaleko administrazio kontseilaria. Koldobika Egurenek ardogintza enpresekin du lotura baita Kanariar Uharteetan jarduten duen hirigintza enpresa batekin ere. PSEk patrono aukeratutako Pablo De Oraá Arabako Batzar Nagusietako kide izan da bi legegintzalditan.


ASTEKARIA
2014ko uztailaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutxabank
Kutxabankek komisioak kenduko dizkie erabiltzaileen %80ri

Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.


Kutxabankek akordioa sinatu du Madrilgo Alantra inbertsio bankuarekin, "hazteko" estrategia berriaren baitan

Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Antón Arriola (Kutxabankeko presidentea):
"Kutxabankek Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar du"

Kutxabankeko presidenteak finantza entitatearen hurrengo urtetarako asmoak azaldu ditu Cebek Bizkaiko patronalak egindako jardunaldi batean. Bere hitzartzean iradoki du Euskal Herritik kanpo hazteko proiektua duela Kutxabankek, eta horretarako banku pribatuetan eta inbertsio... [+]


Eusko Jaurlaritzak 123.000 euroko isuna jarri dio Kutxabanki "arau-hauste larriengatik"

Kutxa zerbitzua ez ematea, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzea eta "abusuzko praktikak" egitea egotzi dizkio Kontsumobidek erakundeari.


Eguneraketa berriak daude