"Izan garenari baino izan gaitezkeenari begiratu behar diogu"

  • Ondarroa, 1948. Zientzia Kimikoetan lizentziaduna eta giza baliabideen kudeaketan aditua. EAJko kidea eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua da. “Pribatua” eta “publikoa” dilema modura ekarri ditugu berbaldira, besteak beste.

"Euskadi zazpi lurralde dituen nazio politikoa da, egunen batean bateratua ikustea espero dudana".Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Pribatua eta publikoa dilema darabiltzazu. Nik ez dut dilemarik ikusten. Euskaldunok mendetan iraun badugu, gure gizarteak barrutik sortzen duen bizitasunari esker izan da. Bizitasun hori denok berpiztu behar dugu etengabe, eta horretan erakunde publikoek badute zereginik: gizarte ekintza ailegatzen ez den tokira ailegatu behar dugu guk. Gizarte ekimenak onarpena jaso izateko berdintasun-eskubidean jokatu behar da”. HorratxJosune Ariztondok zuzentzen duen Bizkaiko kultura sailaren funtsa.

Bizkaia pilotalekuan ikusi zaitugu bi-bitako irabazleei txapela janzten. Kirola kultura al da gaur egun?

Euskara, gazteria, kultura eta kirola dira nire arloak. Euskara ere bai. Hori kultura al da? Komunitate edota gizarte baten adierazpide ezberdinen multzoa da kultura. Euskal kultura esan ohi dugu eta horregatik bereizten ditugu nazioarteko eta euskal kultura. Kirola kultura da, baina gauza bat da kultura eta beste bat kultur politika. Kirol politika lantzen duzun arabera, gizartea garatu, indartu eta kohesionatu dezakezu, baita euskal sena eta identitatea sendotu ere. Kultur politika norberaren filosofia, ideologia eta ekintzen arabera egiten da.

Pribatuaren eta publikoaren dilema izaten da kultur politika lantzean. Athletic futbol taldea (San Mames berria tarteko) eta Bilbao Basket entzutetsuak dira horregatik. Non dago ekintza pribatuaren eta publikoaren arteko muga, eliteko kirolaren kasuan?

Eliteko kirolari bai edo ez? Dilema hori da, ezta? Egia da, ez betiere, eliteko kirol profesionalek diru asko irabazten dute, baina beste kultur elitekoek ere bai, eta ez denek. Ostera, inork gutxi jartzen du zalantzan kultur elitea lagundu behar denik erakunde publikoetatik. Kultura deitzen dugun elite literarioa edo musikala lagundu behar al da, bai ala ez? Gure ustez, tokian tokiko gizarte eta ekonomia egoerak ongi aztertu behar dira eta horren arabera lagundu.

Gure politikaren kirol jardun lerroak, eskola kirola eta kirol federatua dira. Horixe da Diputazioaren ardura nagusia. Bilbao Arena eta San Mames berria dela... San Mames berria egiteko sozietate bat sortu zen. Athleticek ez dauka diru laguntzarik, ezta Bilbao Basketek ere. Besterik da, berbarako, BEC eta Euskalduna azpiegituren kasuak. Herri ekimenek ere kirol eta kulturarako erabiltzen dituzte. Horiek esanda: kirol elitean dauden profesionalen irabaziak neurriz gaindiko dira, baina ez dira bakarrik kirolariak. Beraz, lagundu behar zaie behar duten neurrien. Zehazpen bat: nahiago dut elite baino abangoardia deitzea. Gizartearen erreferenteak diren neurrian abangoardiei begira bizi garelako kulturgintzan eta kirolean bereziki.

Nola ulertu behar da kultura politika?

Kulturak gizartearen bizitasuna adierazten du, eta neurri handian, erakundeetako arduradunok entzun behar diogu politika eta kultur ekinbideak koordinatzeko. Gure ereduan gizartea eta erakundeak eskutik doaz. Beste eredutan kulturgintza pribatua da oso, AEBetan esate baterako. Han ia-ia ez dago babes publikorik kultur arloetan lan egiten dutenentzat. Badaude onura fiskalak eta beste. Hemen hori guztia eztabaidarako gaia da. Hau da, hemen ere badaude pizgarri fiskalak, oso interesgarriak kultur mezenasentzat. Baina badira ere kultur arlo batzuk, gutxituak, epe laburrean distirarik ez dutenak, horietara mezenas pribatuak nekez ailegatzen dira. Beraz, horietarako sustapen politika badago, euskarazko kulturgintzan edo ondaregintzan, adibidez. Erakunde publiko-demokratikoen politika barik, kultur adierazpide horiek azpiegitura eta egokiera duina izatea gaitza litzateke.

Bilbo eta Bizkaia ulertu daitezke Guggenheim museoa gabe egun?

Euskal Herria ulertuko litzateke gaur egun dugun literaturaren loratzerik gabe? Ulertu liteke baina pobreagoa izango litzateke. Berdina esan daiteke Guggenheimi buruz. Guggenheim kultur azpiegitura garrantzizkoenetako bat da Euskal Herri osoan. “Eraikuntzak ekartzen du jendea” esaten zen hasieran. Eraikuntzak hamasei urte ditu, jendea badator, baina Guggenheimek, asko uste dutenaren kontra, trakzio oso inportantea dauka. Gura nuke gure editorialek halako trakzio ekonomiko izatea. Oxala!

Guggenheim-Urdaibai museoa hizpide. Garai batean Aldundiak egin nahi zuen, Patxi Lopezen Jaurlaritzak aldiz ez. Zertan da proiektua?

Gure erantzukizuna proiektuak ongi ezagutaraztea da. Eta, egia da, proiektu hori azaltzeko oztopoak izan ditugu. UNESCOk babestutako espazio horretan hainbat enpresa mota ezin dira jarri. Ados. Hala ere, aurreproiektua mundu mailako artistak beren obrak egiteko museoa zen. Hemengo museo guztiak, bere modernotasunean, klasikoak dira, guk ez ditugu artistak beren obrak egiten ikusten. Alegia, nola daiteke errepide azpiegiturek dakarten aldaketen –tunelak tarte– kontra ez egotea, eta aldi berean, museo edo arte espazio ireki baten kontra egotea? Erantzuna ez dut egundo aurkitu. Dena den, Patxi Lopezek ez zuen museoa egitea gelditu, bideragarritasunaren azterketa baizik. Proiektua geldirik dago, baina Guggenheimaren plan estrategikoan bizirik dago. Etorriko dira garai berriak eta proiektua aztertuko da. Galdeketak eta foro parte-hartzaileen iritziak kontuan hartuko ditugu, noski.

Euskal Herriak bizirik jarrai dezake, euskaraz alegia, turismoaren garapena neurrigabea bilakatuz gero?

Hizkuntzak ez dira isolatuta bizi. Euskaldunok ere ahalegintzen gara datozenei erakusten hemen badagoela tokiko kultura bat, hizkuntza bat, non Guggenheim kultura horren parte den. Guggenheim euskaraz bizi da, euskaraz dakitenek egitea dute, eskaintza ere hala ematen da. Ostera, Bilboko Euskararen Etxera [San Inazio auzoan] erbesteko jende pila dator gure euskalkiak edota euskararen bilakaera nolakoa den ezagutzera. Euskararen Interpretazio Zentroa da. Gu ez gara isolatuta bizi, ezta bizi nahi ere. Euskal Herri euskalduna mundura gehien zabaltzen dutenak turistak dira.

Jesus Egigurenen berbak dira hauek: “Euskadi, Bizkaia handi bat egiten ari gara”.

Hasteko, terminologian ez nator bat Egigurenekin. Bizkaia gure lurralde historikoa da. Euskadi Zazpiak Bat da, aldiz, EAE, erkidego politiko bat, zazpietako hirurekin egindakoa. Euskal Herria gure nazio kulturala da, zazpi lurraldeetakoa. Euskadi zazpi lurralde dituen nazio politikoa da, egunen batean bateratua ikustea espero dudana.

“Zenbat eta Euskadi gehiago Euskal Herri gutxiago” ere esan du.

Ez, alderantziz. Zenbat eta Euskal Herria gehiago izan Euskadi gehiago, zenbat eta kultur komunitatea sendoagoa eduki (hori da niretzat Euskal Herria) orduan eta komunitate politiko hurbilagoa. Badaude erakunde batzuk komunitate horren gintzan ari direnak. Euskaltzaindia edo Eusko Ikaskuntza, adibidez. Handiak aipatzearren (Argia ere tartean). Horien sorreran, lau diputazioen asmoa erkidego kultural horri bizirik eustea izan zen. Batzuen ametsa, ez denena, komunitate politikoa osatzea zen. Niretzat hori Euskadi deitzen da.

“Bizkaiko aberatsak diru zale” zioen Gabriel Arestik. Bizkaitar abertzaletasunak euskara kamuts samar, halaber.

Abertzaletasuna Bilbon jaio zen mugimendu politiko bezala. Sortzaileak [Sabino Arana] euskara ikasi zuen eta haren jarraitzaileek ere bai. Euretariko asko ez zen euskalduna. Jose Antonio Agirrek [Lehendakaria] berak ez zuen etxean jaso euskara. Gabriel Arestik zioena egia da. Bilbon eta inguruan bazegoen burgesia oso inportantea, kapitalismoaren inguruan, ez zena euskara zalea sekula izan, abertzaleen kontra jokatu zuena; Sota familiaren salbuespena alde batera. Baina Bilbo hori baino gehiago da: Zazpi kaleak da. Edota Bizkaitik sasoi batean etorri ginen olde euskaldunak, Bilbon erroak bota ditugunak. Bilbo, halaber, langile herria da, bere iluntasun eta argitasun guztiekin erreferentzia bizkaitarrentzat. Bizkaitarrok Bilbo maite dugu, nahiz eta hona etortzean (duela urte asko jada) burlak entzun behar izaten genituen gure doinua zela eta. Herri arrantzalekook beti izan gara zaratatsuak, baserritarrek berriz, beldurtiagoak, atzera egiten zuten. Bilbo gure erreferentzia izan da Sabino Aranaren etxea hemen zegoelako, Bizkaiko Foruak oso inportanteak izan direlako. Bilbo, Gernika eta abar Bizkaiko erresistentzia lekuak izan ziren. Horiek guztiek gure historia eta Bilbo egiten dute.

“Bilbon salbatuko gara edo ez gara salbatuko”, esan zuen iaz Ramon Saizarbitoriak.

Horrek bere sinbologia literarioa dauka. Gutaz barre egiten dute Bilbo handia esaten dugunean. Metroa hartzen baduzu, bere hedaduran Euskal Herrian bizi garenon erdia hementxe bizi gara. Salbatuko ote garen?

Bilbo euskalduntzen bada, esan nahi baita.

Aizu, ari gara. Bilbo da euskaldun gehien duen hiria. Dentsitatea da gure arazoa. Kazetari euskaltzale bat Bilbora etorri eta “futbol zaleen aurrean moda desfilea euskaraz ikusi dut!” esan zidan harrituta. Bilbok bilakaera izan du arlo askotan, euskararen presentzian hala nola prestigioan. Euskaldunok ez gara gutxi Bilbon, frogatu dugu nor izan gaitezkeela hirian, arlo askotan euskaraz biziz. Horrek jende asko animatu du bere burua euskalduntzera. Eta beren burua ezin izan dutenek beren seme-alabarena behintzat. Kulturara iristeko euskara funtsezkoa da, eta hori lortu dute euskara etxean jaso ez zutenek, euskaraz hitz egiten ez zutenek. Hori Bilbon izan da eta Euskal Herrian orobat. Ikastolei esker, besteak beste.

Beste dilema bat: Bilbo Euskal Herriaren hiriburua da? Iruñea ote?

Bizkaia eta Nafarroa... Euskal Herrian, nolabait definitzeko, askatasun handiena eduki dugunean ere, gure errealitatea konfederala izan da. Ez dugu sekula Euskal Herri osoa gobernatu duen erakunde bakarra izan. Hau da, gurean oso barneratuta dago konfederakuntzaren kultura, eta horrek ez du kentzen denok elkarretaratzea, ez elkarrekin aritzea, ezta aginte bakarra izatea. Baina ez dezagun egin, dena zero eta bakar bat. Naziogintzaz ari garenean, izan garenari baino izan gaitezkeenari begiratu beharko genioke. Ez diezaiogun nazio jakobinoen ereduari jarraitu, berbarako.

Zein dira oztopo handienak “euskal kultura” finkatu ahal izateko? Munduan euskaldun bizitzeko, beste kulturen artean nor izateko?

Edozein oztopo aukera bihur dezakezu. Guk txikiek dituzten arazoak eta aukerak ditugu. Handiak txikia zapaldu egiten du, baina txikia abila da oin azpitik eskapatzen. Txikia zulo guztietatik pasatzen da, handia ia inondik ez. Erronka hori da. Oztopoak aukerak bihurtzea dugu erronka. Ez da alferrik gu txikiak izanagatik ezagunak izatea. Gure bale harrapariengandik hasita, munduan zehar laga dugu geure arrastoa. Bide horri jarraitu behar diogu, munduari begiratuz geure etxekoari begira, nor garen ahaztu barik, mundutik datorkiguna geureganatuz. Horra futbola, kanpotik etorria. Bilbo horren lekuko eta adibidea da. Hor daukagu ere pilota, mundura atera duguna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2025-06-16 | Bertsozale.eus
Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa
Arantzan izan da saioa eta herrialde guztietako 13 bertsolari aritu dira kantuan. Bertsozale asko gerturatu dira eta giro ona gailendu da.

Amaiera ederra Otellorekin

VERDIREN OTELLO OPERA

  • OLBEk antolatutako emanaldia.
  • Musikariak: Kieveko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatza.
  • Bakarlariak: J. de León, E. Jaho, C. Sgura, M. Atxalandabaso, A. Tobella, V. Esteve, F. Latorre, J.M. Díaz.
  • Non: Bilboko... [+]

Libra zaitez beti azal zurien eraginetik

Txori Gorri. Andre siux baten  idazlanak
Zitkala- Sa
Testu zaharrak, 2022

-------------------------------------------------------------

Zitkala-Sa hegoaldeko Dakoten erreserban (AEB) jaio zen 1876an. Eskolan asimilazioan oinarritutako hezkuntza jaso zuen, eta horren... [+]


Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetan izandako Mixel Itzaina zendu da, 92 urte zituela

Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.


Hernaniko San Juan Preludioa
“Haziak erein nahi izan ditut, gerora emaitza artistikoak jasotzeko”

Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
“Memoria-ariketa da ‘Palinpsestoa’, ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena”

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


2025-06-11 | Paula Amilburu
V. Señora Sariketa
Itzulera bat: señorak eta señoritak

Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun. 


Zinegoak jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu

Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.


Patxi Apalategi itzultzailea hil da, 80 urterekin

Itzultzailea zen Apalategi. Gaztelaniatik eta nagusiki frantsesetik ekarri ditu lanak euskarara. 


Eguneraketa berriak daude