András Kornairen ikerlana

Heriotza zigorra interneten erabiltzen ez diren hizkuntzentzat

  • Munduko hizkuntzen %5 soilik erabiltzen da interneten, András Kornai hizkuntzalariak egindako ikerketa baten arabera, eta horrek gainerako %95 heriotzara kondenatuko du. Sarraski digitaletik bizirik aterako diren hizkuntza nagusien artean, ordea, bada salbuespenik; zenbait hizkuntza gutxituren bizi itxaropena hobetu egin baita jauzi digitala egiten asmatuta.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2014ko apirilaren 20a

Hizkuntzak izaki bizidunak bailiran aztertu izan dira Johann Gottfried von Herder (1744-1803) filosofo alemaniarrak metafora biologiko hori erabili zuenetik. Hainbat hizkuntzalari konparaketa horren aurkakoak izan arren, metafora biologikoak onarpen zabala lortu du zenbait esparrutan, hala nola hizkuntzak nola desagertzen diren aztertzeko edo hizkuntza politikak diseinatzeko. Hizkuntzek, izaki bizidunen espezieak bezala, eboluzionatu egiten dute, indartsuenak zabaldu egiten dira eta horrek desagertzera daramatza hizkuntza ahulenak. Egokitu ala hil.

Internetek ataka horretan jarri ditu munduko hizkuntzak: sarera egokitzen ez direnak hil egingo dira. Horixe da behintzat András Kornai (Budapest, 1957) hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak burutu duen ikerketaren abiapuntua. Lanaren emaitza Plos One aldizkari zientifikoan argitaratu du Digital Language Death (Hizkuntzen heriotza digitala) izenburupean.

Hizkuntzen agonia hiru fasetan banatu ohi dute hizkuntzalariek: lehenik, hiztunek hizkuntza eremu praktikoetan erabiltzeari uzten diote apurka, esaterako, merkataritzan; ondoren, hiztun gazteenek hizkuntza erabiltzeko interesa galtzen dute; azkenik, hurrengo belaunaldiak ez du hizkuntza erabiltzen, eta hil egiten da. Kornairen arabera, internetek bi lehen faseak bultzatzen eta bizkortzen ditu, eta horrek ezinbestean azken fasera daramatza hizkuntzak, heriotzara.

Ikerketaren oinarri, Kornaik galdera bat ipini zuen mahai gainean: zenbat hizkuntza erabiltzen dira interneten? Eta, beraz, zenbat ez? Edo beste modu batera esanda: zenbat hizkuntza salbatuko dira? Eta internetek zenbat kondenatuko ditu hiltzera? Ikerleak argitzen du ez dela gauza bera hizkuntza bat interneten egotea eta hizkuntza hori sarean erabiltzea. Datu base eskerga izanik, hizkuntza gehienak interneten egon badaude, sanskritozko edo latinezko testuak, adibidez, liburutegietan gordetzen diren moduan, baina egote hutsak ez die bizirautea bermatzen. Beraz, Kornaik interneten aktiboki zer hizkuntza erabiltzen diren jakin behar zuen ikerketa burutzeko. Horretarako, erabiltzaile gehien dituzten guneetan hizkuntza bakoitzeko hitz erabilienak arakatzen dituen programa bat diseinatu eta aplikatu du. Horrez gain, sistema eragileen hizkuntza aukerak, zuzentzaile automatikoak eta halako tresnak ere aztertu ditu. Azkenik, Wikipediari garrantzi berezia eman dio, haren ustez entziklopedia hizkuntzen osasun digitalaren erakusle garbiena delako: “Sarean gora egiten duten hizkuntza guztiek Wikipedia sortzeko beharra dute”.

Kornaik lortu dituen emaitzak hizkuntzen osasuna aztertzeaz arduratzen diren erakundeen aurreikuspenak baino ezkorragoak dira, askoz ezkorragoak. UNESCOren Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasaren arabera, hizkuntzen %17 hilzorian daude eta beste %20 mehatxatuta. Hizkuntza Aniztasunerako Itunak ere antzeko portzentajeak erabiltzen ditu: %40 arriskuan daude. “Horrek gainerako %60 sasoi onean daudela pentsatzera bultza gaitzake, baina gure ikerlanaren emaitzen ondorioak oso bestelakoak dira”, dio hizkuntzalari hungariarrak. Haren arabera, munduko 7.776 hizkuntzen %95 baino gehiago ez dira interneten aktiboki erabiltzen. Portzentajea positiboki biribildu du, gainera; bizirik iraungo duten hizkuntzen arriskuaren portzentajea ez da inolaz ere %5era iristen. Emaitzen arabera 170 hizkuntzak (%2) interneten trena hartu dute, eta itxaropena egon liteke “mugan” dauden beste 140 (%1,7) hizkuntzarentzat.

Jakina, interneteko konexioa urria den eremuetan, nagusiki Saharaz azpiko Afrikan eta Asiako nahiz Hego Amerikako hainbat lurraldetan, hizkuntzek ez dute bizi itxaropenik, ikerlanaren arabera. Baina konexio zabalak ere ez du biziraupena bermatzen; horren adibide garbiena Norvegian gertatzen ari dena da, aurreko orrialdeko koadroan azaldu dugunez.

Gainera, Kornaik nabarmentzen du trena pasa dela, hartu ez dutenek atzera egiterik ez dutela, ahaleginak alferrikakoak direla. “Heriotza masibo hau ez da politika bikainekin ekidin edo arindu daitekeen etorkizuneko kontua; kaltea egina dago”.

Wikipedia adierazle garbitzat jotzen duen arren, horrek ere ez du bizirauteko txartela automatikoki ematen. Alde positiboan Viquipedia aipatzen du, katalanezko Wikipedia; hamar milioi hiztun dituen hizkuntzak 15. Wikipedia handiena du eta 1.600 editore aktibo. Baina hainbat Wikipedia gutxi batzuen burugogorkeriaz sortzen eta mantentzen direla dio eta klingonezko Wikipediaren adibidea ematen du: Star Trek unibertsoan sortutako fikziozko hizkuntzak badu Wikipedia, baina ez du ia sarrerarik edo erabiltzailerik. Wikipediak inkubagailu moduko proiektua du abian. Gaur egun 287 hizkuntzatan dago kontsultagarri entziklopedia digitala, eta asmoa beste hainbestetan abian jartzea da. Kornairen ustez, ekimenak badu alde positiboa, erronka digitalari erantzuteko ahaleginean ari diren hizkuntza gutxituetan aktibismoa ezinbestekoa delako, baina, bestetik, ataka gainditzeko aukerak urriak dira; gehienez ere inkubagailuan dauden hogei Wikipediak egingo dute aurrera.

Zalantzarik ez dago hiztun kopurua eragile garrantzitsua dela, baina internetek datu horien eragina irauli dezake. Adibidez, Torino inguruan (Italia), 2-3 milioi pertsonek piamontera hitz egiten dute oraindik, baina interneten ez da ia erabiltzen. Feroerak, aldiz, 50.000 hiztun baino gutxiago ditu, baina kalitate handiko Wikipedia bizia. Kornairen arabera, feroerak bizirauteko aukera handiagoak dauzka (eta, hala ere, gutxi).

Hizkuntza gutxituek hainbat bitarteko izan eta hainbat baldintza bete behar dituzte apokalipsi digitala gainditzeko: hainbat dialekto edo aldaera dituzten hizkuntzetan, koine hizkuntza edo hizkuntza batua sortzea; estandar hori indartuko duen argitaratze egitura egonkorra izatea; hezkuntzan ahalegin berezia egitea hainbat tresna garatuko dituzten hizkuntzalariak eta informatikariak trebatzeko, esaterako, zuzentzaile eta itzultzaile automatikoak. “Horren adibiderik garbiena euskara da”, dio Kornaik, “baina halako arrakasta berriro gertatzea ia ezinezkoa da”. Batetik, gurean bitarteko eta baldintza horiek lortzeko ahaleginak aro digitalaren aurretik abiatu ziren. Bestetik, ahalegin ekonomiko handia eskatu zuten, eta ekonomia kaskarragoetan, denborarik gabe, etorkizuna iluna da.

Baikor izanda, Errusia ipar-mendebaldean hitz egiten den komi hizkuntzak euskararen bidea har dezakeela uste du Kornaik. Komierak bi dialekto ditu: Permyak (94.000 hiztun) eta Zyrian (293.000). Biek hainbat aldaera dituztela aintzat hartuta, hizkuntza batua sortu beharko litzateke; dagoeneko unibertsitate bat badute eta, petrolioari esker, baita egoera ekonomiko aproposa ere.

Hizkuntzalariek 100 urteko epea erabili ohi dute hizkuntza batek bizirik iraungo ote duen aurreikusteko. Aurreikuspenen arabera, munduko 7.000tik gora hizkuntzetatik 2.500ek gutxienez beste mende bateko bizitza izango dute, zentzu klasikoan. Baina internetek aurreikuspen eredu hori hautsi du, eta ikerlan honen arabera, hamar aldiz gutxiago, 250 inguru, atera daitezke bizirik XXI. mendetik. “Iraultza neolitikoaren azken fasearen lekuko gara. Egungo nekazari urbanoak plano digitalera aldatzen ari dira, ehiztari-biltzaileak eta artzain nomadak atzean utzita”.

Norvegiarrek Nynorsk aldaera hil dute digitalki

Norvegian interneteko konexioa ez da arazoa. 2012an interneteko erabiltzaileen portzentajean lehen postua lortu zuen %96,9ari esker (munduko batez bestekoa %34,3koa zen duela bi urte). Eta hala ere András Kornaik ikerketaren adibide garbiena, “laborategiko lagina ia”, herrialde horretan topatu du.

Norvegiar gobernuak norvegieraren bi aldaera onartzen ditu ofizialki: Bokmål eta Nynorsk. Hiztun kopuruan lehena aspaldi nagusitu zitzaion bigarrenari. Nynorsk aldaera biztanleen %10-15ek hitz egiten dute oraindik, 500.000-750.000 hiztunek. Eta hori nahiko da Hizkuntza Aniztasunerako Itunak arriskuan dauden hizkuntzen zerrendatik kanpo uzteko. Baina Kornairen azterketak agerian utzi du Nynorsk hiztunek oso gutxi erabiltzen dutela aldaera online. Kornairen hitzetan, “hizkuntza politika ofiziala Nynorsk bultzatzeko ahalegin orekatua egiten ari den arren, norvegiarrek, blogen eta txioen bidez, dagoeneko bozkatu dute aro digitalean soilik Bokmål aldaeraren eskutik sartu nahi dutela”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Internet

Internet kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude