Bankuak beti irabazten du


2014ko otsailaren 13an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bankuak hasi dira 2013ko ekitaldiaren emaitza onak erakusten, krisiak enpresak eta familiak erasotzen segitu duen arren. Adibide gisa, Espainiako Estatuko bost banku nagusiek (Santander, BBVA, Caixabank, Popular eta Sabadell) 7.674 milioi euro irabazi zuten 2013an, 2012an baino lau aldiz gehiago. Santanderrek 4.270 milioi euro irabazi zuen, %90 gehiago; BBVAk 2.238 milioi, %32,9 gehiago, eta Caixabanken eta besteen irabaziak 503 milioi gehitu ziren, %119ko igoera hain zuzen. Euskal kutxek ez dute oraindik emaitzarik aurkeztu, baina norabide horretan joango dira.

Bankuek asko irabazten dute, familia eta enpresetan arriskatzen ez dutelako. Europako Banku Zentraletik dirua lortzen dute ia %0ko interesen truke, eta kredituak eman beharrean, zor publikoa erosten dute %3, %4 eta %5ean. Finantza erakunde espainiarrek zor publikoan duten saldoa 200.000 milioi eurokoa da. Horrela funtzionatzen du kapitalismoak eta halaxe uzten diete egiten bere kudeatzaile politikoek, ohiko gobernuek. Poltsikoak beteta dituztela, langileen eta herritarren kontrako neurriak inposatzen dituzte.

Bankuek erruz irabazten duten bitartean, herritarrei soldatak, pentsioak eta diru-laguntzak murrizten dizkiete; enpresak ixten dituzte; porrot egin eta ordainketak eteten dituzte behin eta berriz; pobreziak, langabeziak eta prekarietateak gora egiten du. Hain justu, kapitalismo basatienaren ispilu izaki, bankuak dira egoera horren arduradun. Politika antisozialak inposatzen dituztelako, herritarrei ondorio kaltegarriak eraginez, eta enpresak eta familiak itotzen dituztelako, kredituak ez dizkietelako ematen. Beren negoziorik handiena da zor publikoarekin jolastea. Bankuak beti irabazten du eta galtzen badu, gure diruz salbatzen dute. Giro horretan, pobreziaren eta prekarietatearen kontra euskal gehiengo sindikalak eta gizarteak Gune Plataformaren bidez hasitako mobilizazioa oso garrantzitsua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Finantza erakundeak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!