Haserretzeko eskubidea

Autodefentsaren aldeko Nikaraguako kanpainia feminista honi, emakumeak indarkeria erabiltzera gonbidatzea leporatu zaio.
Autodefentsaren aldeko Nikaraguako kanpainia feminista honi, emakumeak indarkeria erabiltzera gonbidatzea leporatu zaio.
Valerie Solanasek 1968an idatzitako Manifiesto SCUM idazkian gizonen desagerpena proposatu zuen, gizarteari egiten dioten kaltea argudiatuz. Solanas-en biografia irakurtzen baduzue, gizonekin haserre egoteko arrazoi ugari zituela ulertuko duzue (besteak beste, aitaren aldetik sexu indarkeria pairatu izana). Hala ere, berak azaldu zuenez, manifestuaren asmoa literarioa eta satirikoa zen, eztabaida pizteko helburua zeukan.
 
Testu hori idazteagatik baino, Andy Warhol erailtzen saiatzeagatik ospetsua bilakatu zen. Zinema gidoi bat lapurtu ziola leporatu zion Warholi. Eskizofrenia diagnostikatu zioten, eta ospitale psikiatrikoetan pasa zuen bizitza erdia. Nahiz eta askok estremista baten erokeria hutsa dela esan, literatur kritikari zein akademiko anitzek bere obraren orijinaltasuna, indarra, gizarte patriarkalari egiten dion kritika ziztatzailea eta punkaren aitzindaria izatea goraipatzen dituzte. Feminismo erradikalaren erreferentzia bihurtu da egun.
 
Aitortu behar dut: doinu bortitza daukan adierazpen feminista ororen aurrean nire lehenengo erreakzioa deserosotasuna izaten da. Feminismoaren bertuteak aipatzerakoan beti esaten da odol tantarik isuri gabe gizartean aldaketa gehien lortu duen mugimendu soziala dela. Ni bakezaletasun horrekin identifikatzen naiz, baina zenbait kezka eragiten dit.
 
Berdintasunaren ameskerian hazitako belaunaldiko emakumeok oraindik ere sexu jazarpena, tratu txarrak eta diskriminazio anitz bizi ditugu. Espainiako Estatuan 50 emakume baino gehiago dira erailak urtero eta gizartearen erantzuna oso epela da. Erasoak etsipenez normalizatzea eta isiltzea irakatsi digute.
 
Autodefentsa ikastaroetan ohikoa da erasotzaileari aurre egiteko estrategia  proposatzerakoan batek baino gehiagok erasotzailearekiko errukia adieraztea. “Ante la duda, tú la viuda/Zalantzarik badun, hobe alargun” bezalako lelo feministen aurrean jendea asaldatzen da. Haserrea eta autodefentsa ez datoz feminitatearen ereduarekin bat; gupida, ostera, bai.
 
Telebistan ala zineman indarkeria nonahi agertzen da. Emakumeak euren burua defendatzeko gai ez diren biktimen paperean agertu ohi dira, baina gutxik onartzen dute errepresentazio horiek duten eragina; fikzioa dela diote. Kill Bill edo Millenium bezalako obretan, emakumeek indarkeria erabiltzen dutenean –askotan indarkeria matxista pairatu eta gero mendeku egarria asetzeko– Stallonerekin baino deserosoago sentitzen gara. Bideo feminista batean ironiaz indarkeriaren erabilera agertzen baldin bada, ez da fikzioa bezala hautematen, baizik eta biolentziaren aldeko gonbite bezala.
 
Ez gara feministok –gizon matxistak baizik– pertsonak bortxatzen, jipoitzen eta erailtzen ditugunak. Baina gure haserretzeko gaitasuna itzalita mantendu beharra dago, kontrolpean egon gaitezen. Badirudi gizarte honentzat erasotzaile matxistak baino arriskutsuagoak garela, gure keinu oldarkorrak botere patriarkalaren kontrako mehatxuak baitira.
 
Feministok eraso sexistekin eta hauek gainditzearen kontrako erresistentziekin egunero topo egiten dugu. Baditugu, Solanasen moduan, haserre egoteko hamaika arrazoi. Eraso bat bizi dugunean ez da pedagogia egiteko unea, oihukatzekoa baizik. Ernegua erreprimitzea ez da bidezkoa, ezta osasungarria ere. Emozio hori nola bideratu eztabaida genezake,  baina argi daukat, gure buruari haserretzeko eta defendatzeko eskubidea benetan onartzen ez diogun arte, ez gara Erasorik ez erantzunik gabe leloa betetzeko gai izango. Hainbeste beldur eragiten duena, baina hain beharrezkoa den leloa.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude