Depilazioa. Bularretakoa. Aluaren usaina. Hilekoaren tabua. Klitoria. Horrelakoei buruz hitz egitea dut gustuko. Egunero emakume izateagatik gure gorputzarekin dugun harremana baldintzatzen duten gaiak plazaratzea ere badelako feminismoan aritzea. Askorentzat azaleko gaiak dira, txikikeria burgesak. El Salvadorren bizi banintz, kezka garrantzitsuagoak izango nituzkeela diote, ez El Salvadorreko feministek (eurak ere gorputzari lotutako zapalketen kontra ari baitira), gizon ezkertiar harroputzek baizik. Eurek dakite zeintzuk diren emakumeen egiazko arazoak: erailketak, ablazioa, gatazketan bortxaketak. Geure bizipenei buruz aritzen garenean txoriburu ahoberoak garela diote.
Baina ez dira eurak –feministok baizik– muturreko indarkeria matxisten kontra dihardutenak. Emakumeen eskubide guztiak defendatzea da feministon xedea, eta borroka horretan argi daukagu eskubide urraketa larri eta txiki guztiak (urraketa txikirik ba al dago?) lotuta daudela, iturri bera gizarte heteropatriarkal, kapitalista eta arrazista dela, eta hau ezin izango dugula suntsitu bere aurpegi eta ondorio guztiak agerian uzten ez baditugu.
Abortatzeko eskubidea etengabe kolokan dago, gizarte honetan ez dagoelako argi norbera bakarrik dela bere gorputzaren jabe. Depilazioak gai arina dirudi, baina orduan zergatik da hain arraroa emakume bat hanka iletsuekin kaletik ikustea? Erabaki pertsonal bat besterik ez bada, zergatik eragiten ditu erreakzio bortitzak –etxean presioak; lagun taldean txantxak; kalean erasoak–? Mezu politiko bat adierazten duelako, abortatzeko eskubidearen aldeko berbera: “Feminitatearen aginduak pikutara! Nire gorputza nirea da”.
Modan jarri da Luis Boninoren “mikromatxismo” kontzeptua, eguneroko tratu txarrak identifikatzeko baliogarria. Bikote esparruko genero indarkeria ez da bakarrik jipoia edo iraina, baizik eta mesprezu keinu iraunkorrak, kontrola (telefonoko mezuak begiratzea, esaterako), autoestimuaren kontrako sastadak: “Lodi zaude”. “Zuk zer jakingo duzu?”. “Ez duzu ezertarako balio”. Indarkeria matxista ez da eraso isolatuen sekuentzia, dominazio prozesu konplexua baizik.
Baina nork neurtzen du zer den mikro eta zer makro? Emakumeok jakin badakig geure borondatea bortxatzeko era asko daudela, eta gizon batek “leunki” makurrarazten gaituenean askotan zaplazteko batek baino min handiagoa egiten duela. Eta egunero etsipenez bizi ditugun eraso “txikiak” (metroan ipurdia ukitzen digutenean, kalean lizunkeriak esaten dizkigutenean, lanean diskriminatzen gaituztenean...) geure baitan pilatzen direla, batere “mikro” ez den arrastoa utziz.
Mikromatxismoez ari bagara, mikroiraultzekin erantzutea izan daiteke bide posible bat. Gehiegizko ardura da milurteko sistema patriarkala suntsitzea, baina nire esku dago ni, emakume, ahal dudan libreen bizitzea; gizarte sexistaren arauak pixkanaka apurtzea (nire kontraesanak onartuz) eta jabetze prozesu hori beste emakumeekin partekatzea. Gizonen kasuan hori ere izan liteke konpromiso berdin zalearen isla zintzoa, “matxirulo” jarrerak alde batera uztea, txalorik espero gabe maskulinitatearen pribilegioei uko egitea.
Feminismoan nabaritzen dut gero eta gehiago garela militantzia zorrotzaren ordez zaintza (gurekiko eta gure kideekiko), umorea eta plazera erdigunean jartzen ditugunak. Matxismoaren aurka irtenbide eta mendekurik onena gizaki aske eta zoriontsuak izatea baita.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.