"Arraunlarioi ez zaigu behar bezalako balioa ematen TKE Ligan"

  • Udako denboraldiarekin batera abiatu da San Miguel TKE Liga. Arrauna eta norgehiagoka ulertzeko klub bakoitzak duen moduaz, krisiak Ligan izango duen eraginaz, antolatzaileen hutsegiteez, dopin kontrolez edota emakumeen arraunaz galdetu diogu Joseba Fernandezi, eta busti egin da pasaitarra. 2011tik etxean dihardu San Juango arraunlari eta entrenatzaileak, Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkartean.

"Arrauna ezin izango da sekula profesionalizatu eta hortik hasita, hori lortuko duela pentsatzen duena beste mundu batean bizi da", diosku Fernandezek. "Ezin duzu imajinatu nola aldatzen den jendearen jarrera, diruagatik edo afizioagatik arrauna egiten duenean".Dani Blanco
Koxtape, Mecos, Pedreña, Castro, Astillero… Klub handi eta txikietan aritu zara. Zein ezberdintasun ikusi dituzu batzuen eta besteen artean?

Klub handia diozunean Castron aritu naizelako badiozu, niretzat Castro, Astillero edo Urdaibai baino askoz klub handiagoak dira San Juan, San Pedro, Orio edo Hondarribia. Kontua da dirua errazago doala klubetara herri batzuetan, baina diru-iturri horiek ez dituzten klubetan beste iturri mota batzuk daude eta horregatik San Juan, San Pedro, Orio eta Hondarribia lau handienak dira historian. Horrek pisu handiagoa du. Ezberdintasuna zein den? Batzuen filosofia dela aurrekontua erabiltzea talde indartsu eta konpetitiboa lehenbailehen osatzeko, eta besteena berriz, kluba eraiki eta sustatzea, ez bakarrik urte batean talde konpetitiboa izateko, luzera begira baizik. Alegia, helburua da nolabait talde edo belaunaldi batekin zikloa betetzea, Hondarribia egiten ari den gisan: lortu du bost bat urtez bloke oso zabal eta homogeneoa mantentzea eta tarteka norbait berria sartzen du, baina bloke horrek ematen dio benetan indarra klubari, bai kirol ikuspegitik, bai klubaren egituran. Eta horri esker palmaresa soilik ez, irudi handia ere lortu du, azpiko kategorietan jende gehiago, aurrekontu handiagoa… Eta filosofia horrekin ari garen gainerakookin antzera gertatu da, baina gu lauetan txikienak gara eta lurmuturra bukatzen den puntu honetara iristea gehiago kostatzen da, arlo guztietan: arraunlariak, sponsorrak eta abar.

Fitxaketetan oinarritzen diren klubak eta harrobia lantzen dutenak daudela esan dezakegu?

Hori da. Esaterako, 2009an Castron liga irabazi genuenean, etxeko 13 arraunlari genituen eta San Juanen daramagun bidea eraikitzen saiatu ginen, baina ez dute horretarako mentalitaterik, garaipenak lehenbailehen nahi zituzten eta hasieran garaipen horiek lortu arren, ondoren urte txar bat lasai igarotzeko eta aurrera jarraitzeko mentalitaterik ez dute. Presa horrek gauza onik ez duela ekarri ikusten ari gara egungo krisi egoeran, futbolean gertatu den bezala: dirua duten taldeek gaizki gastatu dute, gehiegi, eta momentuan emaitza onak lortu dituzte, bai, baina epe luzera desagertzera ere eraman ditzake. Arrauna ezin izango da sekula profesionalizatu eta hortik hasita, hori lortuko duela pentsatzen duena beste mundu batean bizi da.

Krisi garaian aurrekontu handiak desagertuta, bestelako liga bat espero dezakegu, berdinduagoa?

Bai, 80-90eko hamarkadara bidean goazela iruditzen zait eta guretzat eta gure filosofia mantentzen dutenentzat egoerarik onena izango litzateke. Fitxaketak murrizten joango dira, jendea gutxiago mugituko da. Guk gure arraunlariei sari ekonomikoak ematen dizkiegu, baina hutsaren hurrengoa dira, ez dute horregatik arrauna egiten, afizioagatik baizik, norbere taldearekin aritzeagatik eta ahal bada bandera lortzeagatik. Gure filosofia duten taldeak, diru gehiago izanda ere, ez dira joko ekonomikoetan sartzen, jendeak mentalitatea aldatzen duelako: jendea hasten da arrauna egiten baldin eta dirua baldin badago eta dirurik ez badago ez du arrauna egiten, eta hori oso arriskutsua da. Ezin duzu imajinatu nola aldatzen den jendearen jarrera, diruagatik edo afizioagatik arrauna egiten duenean.

Arraunlari gazteak ala beteranoak?

Gustura aritzen naiz jende berriarekin. Mentalitate aldetik irabazlea naiz, baina ez zait gustatzen edozein modutan irabaztea, Castroko talde hura ikaragarria zen, Kontxa eta Liga irabazi genituen, baina nolabait errazagoa zen dena, ez da benetako kirol erronka bat, lanaren zati handi bat egina daukazu. Aldiz, aurten dugun taldearekin arrakasta lortzea, nahiz eta banderarik ez ekarri, benetako erronka da eta Kontxan sartzea bandera lortzea bezala izango litzateke. Moralki ezin hobeto gaude gainera.

TKE Ligak hamar urte egin ditu dagoeneko. Polemikak zipriztindu du maiz.

San Miguel Liga beti defendatuko dut, arraunerako oso-oso ona izan delako eta beste dimentsio bat eman diolako banku finkoetan egindako arraunketari, batez ere traineruari. Baina iruditzen zait azken urteotan sarri “zirko” bihurtu dela, kirol arlotik kanpoko aferei garrantzi handia ematen zaiela. Kirol arloan dauden akatsak ez dira oso larriak, baina beharbada arraun munduan gauden jendearen izaeragatik, beroegiak garelako, larri bilakatzen dira, eta horiek zuzentzea oso erraza da; gehienetan detaile txikiak dira, baina zuzendu gabe geratzen dira, kirol arlokooi (arraunlariei, entrenatzaileei, laguntzaileei…) behar bezalako balioa ez zaigulako ematen. Adibide bat jartzearren, TKEk antolaturiko galan goraipatu egin zuten hamar urte hauetan kiroletik kanpo daudenek egindako lana, baina ez nuen hitzik entzun gure lanaz, nola indartu dugun lehia eta espektakulua, nola eraman dugun gora kirola gure esfortzuaren bidez. [Ligari hasiera emateko aurtengo] Bartzelonako estropada da beste adibide bat. Handik pozik itzuli gara, Bordelen [duela bi urte bertan behera utzi behar izan zuten estreinaldirako estropadan] aurkitutakoarekin konparatuta: guztiz kontrakoa izan da, estropada eremu gogorra, polita eta arazorik gabekoa. Baina iritsi ginen eta arraun munduan sekula ikusi gabeko muntaia aurkitu genuen San Miguel gunean (eszenarioa, karpa, postuak…) eta kirola egitera joan ginenontzat, 200 metro beherago, zabalgune bat genuen dutxarik eta komunik gabe eta uretara ateratzeko pontoi eskasarekin. Azken boladan hori da TKEren irudia: kanpokoa kristoren muntaia, kirol arlokoa beti hobetzekoa. Batzorde tekniko bat dago Ligan, baina ez dago arraunlari, entrenatzaile eta laguntzaileekin harremana duen eta haien ikuspegitik gauzak aldatzeko eta hobetzeko ahalmena izango duen pertsona bat, eta zuzendaritzan hori falta zaigun bitartean halakoak izango ditugu.

Arrauna promozionatzeko Bartzelonakoa bezalako ekitaldiak ongi ikusten dituzu?

Bai, arraunaren onerako da. Ia-ia profesionalak gara exijentzien arloan, entrenatzeko, zaintzeko edo jateko, eta ezin gara kexatu Euskal Herritik kanpo lehiatzera bidaiatu behar dugulako; beste kiroletan ere ibiltzen dira gora eta behera astebururo. Zergatik ez erakutsi gure kirola, gure produktua?

Larriak ez, baina Ligan akatsak daudela diozu. Zer hobetu beharko litzateke?

Estropada eremuena da argiena. Ez dut ulertzen adibidez nola onartzen den hain erraz Portugaleten hiru estropada jokatzea, jakinda kirol arlotik begiratuta arauditik at dagoela eta estropada eremurik gorabeheratsuena dela. Eta San Juani gure estropada eremua aldarazi digute, Ligan ongi geratzen ez dela argudiatuta. Edota Castron iaz gertaturikoa ezin da onartu, Ligak bi pertsona dituelako estropada eremuak zuzen daudela ziurtatzeko: leku batzuetan arauditik kanpo egiten badugu arrauna, ez da onargarria Castron jokatu eta ondoren lortutako puntuak bertan behera uztea batzuek euren emaitzak konpontzeko inpugnatu egin zutelako. Tartean egon daitezkeen presio eta eraginen kontra nago. Egutegia ere (nahiz eta badakidan zaila dela egutegia osatzea) bada arazo: klub batzuek erraztasun handiagoa dute eguna jartzeko eta erraztasun horiek ez dituztenekiko elkartasunik ez dago, adostasuna beharko litzateke, baina iruditzen zait klubek ez diotela elkarri gehiegi laguntzen eta oraindik ere Liga ez dutela eurena sentitzen; Liga guztiona da ordea, Ligaren zati gara klubak eta denon onerako da Liga ondo antolatzea eta egutegia ondo borobiltzea. Eta azkenik, logistika: aurrerapausoak eman dira, baina oraindik ere lekuak badira behar bezala egokitu gabeak, dutxei dagokienez-eta.

Nola ulertu behar ditugu hutsegiteok, kiroletik kanpo dauden irizpideetan oinarritutako erabakiak dira?

Hori da. Beraiek ikusten dute beren produktua saldu behar dutela eta adibidez ETBrentzat erosoa denez, Portugaleteko estropada eremua hobetsiko dute, berriz ere kirol arloa kontuan hartu gabe. Ligak lehenengo lupa beti kiroletik kanpo dauka. Gerenteak produktua saldu behar du eta ez daki zein palankarekin ibili garen, nola sentitzen zaren ur-zipriztina traineruan sartzen denean… Horiek ez ditu bizi eta behean gaudenon egoera hobexeagoa edo okerxeagoa izatea beretzat ez da erabakigarria.

Dopina ere polemika-iturri izan da arraunean. Gustura zaudete kontrolekin?

Dopin kontroletan askoz gardenagoak izan beharko ginatekeela uste dut eta mundu guztiak jakin behar du kirol guztietan egiten diren dopin kontrolak ez direla berdinak, aurrekontuaren arabera prestatzen direla. Beraz, gure aurrekontuaren arabera zer neurtzen den jakin beharko genuke. Bestetik, datuen babeserako araua errespetatu behar den arren, kontrolak gehiegi ezkutatzen direla uste dut. Galtzaileetako batzuek zalantzan jarri ohi dute irabazlearen garaipena; hainbeste zalantza baldin baditugu, kirol garbia nahi dugula esanez ahoa betetzen bazaigu, aurrerapausoa eman dezagun: arraunean hainbeste urte daramatzagunok ezagutzen ditugu estropada bezperan sortzen diren egoerak, suplementazioak, eta arautegiak jartzen duela non dagoen suplementu horien muga; bada, klub bakoitzeko ordezkari bana egon dadila beste talde batekin Kontxaren edo estropaden bezperan, taldea kontzentratuta dagoenean.

Dopin kontroletan aurrekontuaren arabera neurtzen dela diozunean, neurtu beharko litzatekeen guztia ez dela neurtzen esan nahi duzu?

Bai, eta esaten bada talde bat dopatua doala, baina ez du positiborik eman, horregatik da, neurtu behar dena ez delako neurtzen.

Telebista, teknologia berriak… sartu dira arraunean, baina lehen aipatu duzu arrauna ez dela sekula profesionala izango.

Ez, gehienbat aurrekontuek ez dutelako horretarako ematen. Babesleek, salbuespenak salbuespen, ez diote etekin ekonomiko-publizitariorik ateratzen arraunari. Eta ez daukagu sarrera kobratzen den estadiorik, frontoirik, egoitzarik.

Aitortza nahikoa dauka kirolak?

Bakoitzak baloratu behar du hori. Nik bi arraun ezagutu ditut, 90eko hamarkada hasierakoa eta oraingoa. Orduan kexatzen ginen ez geneukalako aitortzarik, baina orain badugu, Ligari esker. Sekula ez dut arrauna baloratuko kobratzen dudanagatik, diru aldetik bolada ona aprobetxatu nuen, baina inoiz izan dudan eskaintza ekonomiko handienari ezetz esan nion, arraunketa barruan daramadan zerbait delako niretzat, etxekoekin aritzea eta une onak eurekin bizitzea, Marea Arrosa ikustea…

Eta emakumeen arraunak, nahikoa aitortza dauka?

Emakumeen arraunaren defendatzaile sutsua naiz eta iruditzen zait trainerua (ontzia, ez lehia) beste era batekoa izan beharko litzatekeela emakumeentzat, ontzia mutilentzat dagoelako diseinatua eta mutilentzako egina dagoen bote batekin egin behar dute arraun, handia geratzen zaie eta Eusko Tren Ligan espektakulua handitzeko zuzendu egin beharko lukete hori. Horrez gain, iruditzen zait emakumeen txapelketa, Eusko Tren Liga, gehiago egiten dela konpromisoagatik eta ez duela benetako bultzadarik. Aldiz, Kontxan (eta oso kritikoa naiz ni Kontxarekin) ikusten dut baietz, benetako apustua egin dela emakumeen banderaren alde.

Bukatzeko, nola ikusten duzu aurtengo Liga eta zein helburu finkatu dituzue San Juanen?

Talde arina dugu, teknikoki oso ona, eta hori dugu alde; fisikoa hobetzen jarri dugu ahalegina. Mailari eustea jar dezakegu xede gisa eta zortzigarren postuarekin konforme egongo ginateke, baina gu San Juan gara, oso egoskorrak gara, eta aukera ematen badigute eta ilusioz beteta gaudenez, goragoko postuengatik borrokatuko dugu. Dena den, gure helburua aurrera begirakoa da: taldea berritzea eta urteak iraungo dituen benetako talde bat osatzea, urratsak ematea aurrerago talde honekin banderarengatik borrokatzeko, hemendik hiru bat urtera, baina oraindik ez zaigu tokatzen.

Herriak harrobia nahi du

“Aldaketa ikusi dut. Traineruan oso gazte hasi nintzen, San Juanen arraunean, eta orduan exijentzia bai zen irabaztea, goian ginelako, baina herritarrek orain asko baloratzen dute herriko jendea traineruan ikustea. Egia da egoerak egoera pixka bat gehiagorako desioa beti dagoela herrian, baina joan den urteko Kontxan, bosgarren geratu arren iritsi eta inoiz ez bezala dena arrosez ikustea, Marea Arrosa hura, ikaragarria izan zen, hamaika Kontxako bandera dituen herri batek bosgarren postu hori baloratzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrauna
2023-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen arrauna
Pisuaren presioak uzten duen ubera luzea

2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Emakume arraunlariek argaltzeko duten presioari buruzko ikerketa ezagutaraziko dute astearteko hitzaldian

Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]


"Txikitatik genuen ametsa lortu dugu"

Ane Sanchez anoetarrak, Maider Zumeta ibartarrak eta Xubane Uribarrena lizartzarrak Euskotren Liga irabazi berri dute Donostia Arraun Lagunak klubarekin.


Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.


2019-08-07 | ARGIA
Kontxako Banderan emakumeak ezin dira gizonezkoekin batera aritu

Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.


Eguneraketa berriak daude