"Banderarik altxatu ez, eta hala ere, arraunean jarraitzen dutenak miresten ditut"

  • Diotenez, Pasai Donibanen, igerian baino lehen ikasten omen du pertsonak arraunean. Hain zuzen, Batelerak taldeak erakustaldia egin zuen iazko irailean: Kontxako bandera eskuratu zuen, bosgarren aldiz segidan. Dena irabazi ondoren, baina, hutsik geratu zen trainerua: udazkenean, partaideek jakinarazi zuten ezin zutela gehiago, eta kluba uztea beste aukerarik ez zutela. Donibandarra dugu Ane Arbillaga, eta historia egin duen arraun-taldeko kide izan da azken hiru denboraldietan. Donostiako portuan egin dugu hitzordua berarekin: bada bizitzarik ranplatik harago. 

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Ane Arbillaga Etxarri (1986, Pasai Donibane)

Arnas fisioterapian aditua eta Biomedikuntzan doktorea. Irakaslea da Deustuko Unibertsitatean 2015etik. Eskolak emateaz gain, ikerketa lanak egiten ditu jarduera eta ariketa fisikoaren, biriketako gaitzen eta entrenamenduaren inguruan. Arraunean aritu da Batelerak ontzian azken hiru urteetan.

Noiz hasi zinen arraunean?

Patroi hasi nintzen, 12 urterekin, 14 urtera arte. Gero utzi egin nuen, neska bakarra nintzelako, eta16 urterekin itzuli nintzen kuadrillako lagun batekin. Baina Bartzelonara joan nintzen ikastera, eta hamaika urte pasa nituen han. Arraun egin nuen, banku mugikorreko modalitatean, hiru urtez, baina lesio handi bat izan nuen belaunean, eta gorenean nengoenean utzi behar izan nuen. Hona itzuli nintzenean, tesia bukatzear nengoela, arraun klubera joan nintzen etxera baino lehenago.

Zer dauka bada arraunak?

Egia esan, zaila da esplikatzen. Oso kirol gogorra da: uda guztiak galtzen dituzu, opor guztiak galtzen dituzu, ez daukazu bizitza sozialerako tarterik… Baina hori guztia egiteko prest dauden pertsonekin topatzen zarenean, badago zerbait, atxikimendu estu bat, lotzen zaituena bai konpromisora, bai taldekide sentimendura eta denak helburu berarekin lanean aritzeko grina horretara. Hori dauka.

Pertenentzia?

Talde kirol bat da, baina erantzukizun indibidual handikoa. Zure erantzukizunak eragina eta pisua dauka besteengan: zuk ez baduzu behar adina entrenatu, ezin diozu taldeari lagundu. Futbola, adibidez, taldean jokatzen da, baina bata bestearen kontra; arraunean, berriz, hamalau pertsona dira, helburu berdinarekin, keinu berdina egiten momentu oro, eta esfortzu maila berdinarekin. Hori du berezitasuna.

2009an egin zenuen lehen Kontxa, baina 2016an irabazi zenuen lehen bandera, San Juanekin. Nola oroitzen duzu?

Ez dut gogoratzen [barreak]. Leherketa hain izan zen handia, ez nuen ondo kudeatu. Ez daukat irudirik, ahaztuta dauzkat. Hor nonbait egongo dira… Bigarren bandera izugarria izan zen, eta hirugarrena askoz ere politagoa, esperientziak emozioen kudeaketa hobeagoa ematen dizulako.

Argazkia: Dani Blanco.

Hitz egin dezagun bigarrenaz, orduan. Itsaso txar-txarra izan zenuten.

Garaipena baino gehiago izan zen halako estasi bat. Ez zen arrauna, hori zen beste gauza bat: beldurretik poztasunera… Bizirik atera izana askok ospatu genuen, irabaztea baino lehenago.

Beldurra pasa zenuten?

Bai, baina gozatu, ere bai. Gu aurreko egunean etorri ginen, larunbatean, eta itsasora atera ginen. Larunbatean ere oso itsaso txarra zegoen; eta barneratu genituen soinuak, olatuen frekuentzia, altuera, indarra… horrelakorik nik ez nuen inoiz bizi. Iganderako bagenekien gutxi gorabehera zer egongo zen, eta ez genuen halako shockik izan; beste taldeek bai, ordea, guk larunbata osoa pasa baikenuen goizeko entrenamenduko shock sentsazioa asimilatu eta kudeatzeko baliabideak bilatzen.Uste dut determinantea izan zela irabazteko.

Igandean banaka atera ginen, salbamenduko ontzi bat jarraika genuela, badaezpada. Hori zen egoera. Nik uste ez zela oso egoera ona arraunean egiteko, baina hala egin genuen.

Nola erabaki zen baietz?

Estropada pribatua da, Donostiako Udalarena. Parte hartzeko kriterio espezifikorik ez dakit bazuten ala ez, baina egutegia hain estu edukita… Liga igandean amaitzen da, eta Galiziakoak Galiziara doaz, eta jendea oporretara doa… Orduan zer, atzeratu? Asteartera? Gure patroia ez zen egongo, beste talde bateko beste lau ere ez… Entrenatzaile batzuek baietz zioten, beste batzuek ezetz… Tirabira handiak egon ziren. Guk mutilek baino olatu okerragoak izan genituen, handiagoak eta bortitzagoak, beraien txandan jaitsi zen pixka bat, eta pixka bat errazagoa izan zen. Esan beharra dago gurea ez zela oso segurua izan. Donostia Arraun Lagunak taldea arroken kontra joan zen. Zorionez, berehala egin zuten maniobra, baina 45 kiloko patroiak ezin du 200 kiloko ontzia eta beste gizakien 750 kiloko pisua kontrolatu, 5-6 metroko olatuekin. Guk oso talde sendoa geneukan, esperientzia handikoa, eta asko eskertu genuen egun horretan.   

"Nik arraunari jada ez diot hainbesteko garrantzirik ematen, baina egia da San Juanen garrantzi handia ematen zaiola"

Iazkoa guztiz bestelakoa izan zen, ezta?

Azken bandera izan zen kristorena. Atera ginen gauzak oso argi egiteko asmoarekin eta bigarrenari sekulako aldea atera genion berehala: arraunean 25 segundo generamatzan, eta ordurako 2 segundoko aldea atera genion bigarrenari. Sekulakoa da. Errenta handiarekin iritsi ginen ziabogara, eta bueltako luzean geldiune moduko bat egin genuen… eta gozamena izan zen.

Unean bertan jabetu zineten zer ari zineten bizitzen: San Juanen bosgarren Kontxa, jarraian.

Bai, zer ari ginen egiten, non geunden, zeinekin.... Gutxik bizi izango dute. Kontxa beti izaten da lehia handia, baina horrela arraun egin eta horrelako tarteak lasai bukatzeko aukera eman zigun, eta bizipena betirako gogoratuko dugu.

Dena irabazi eta handik bi hilabete eskasera, kluba utziko zenutela iragarri zenuten Batelerak traineruko kideek, lehenik El Diario Vasco-ko elkarrizketa batean, eta komunikatu bidez, ondoren.

Guretzat oso gogorra izan zen, bai egoera, bai egoera salatu beharra, baina gogorragoa izan zen pasatu genuen guztia pasatzea. Ez genuen asmatu jendeari ondo helarazten edo ondo azaltzen. Jendeak ez gintuen ondo ulertu.

Zergatik?

Ikasi genuen norbaitek elkarrizketa egiten badizu, bai ala bai, argitaratu aurretik irakurri behar duzula, arazo asko ekidin daitezke horrela. Kazetaritzak hitzen transmisioan muga batzuk ditu, eta gaia ez zen erraza. Egiak esateko moduak daude, eta egiak izan daitezke erdiak edo osoak, eta gezurra diruditenak, azken finean, ez dira gezurrak ondo esaten badituzu. Ez genuen moduarekin asmatu. Sentsazio horrekin geratu ginen batzuk, zeren ez zen ondo islatu esan nahi genuena.

Zer esan nahi zenuten?

Salatu nahi genuen taldeak bizi behar ez lituzkeen egoerak bizi izan zituela, eta horrek halako mina egin zigula, ezen utzi egin genuen kluba. Dena irabazita ere. Ez genuen uste hori transmititzea hain zaila izango zenik. Salatu behar zen bai ala bai, zeren isilik geratzeak ez du inongo eraginik izaten: salatu behar genuen dena irabazi zuen taldeak zelako egoera sufritzen zuen, eta ez zela sentitzen jarraitzeko gai, barkamena eskatuta ere. Hori ere larria da, porrot egin zuten konpontzeko saiakerek. Beraz, minaren pisua handiegia izan zen, azken finean.

Eta orain zer?

Orain arraunik gabe. Ez da drama. Taldeko askok jaso ditugu beste talde batzuetan arraun egiteko eskaintzak, baina askok ezetz esan dugu psikologikoki oso erreta bukatu genuelako, eta batzuk ondorio apur bat larriagoekin. Azken batean, kirola praktikatzeari utzi diogu gure esku ez dauden arrazoiengatik. Irabazteko lehian jarraitzeari utzi diogu, eta ordainetan egurra jaso genuen salatzeagatik edo salatzeko moduagatik. Autokritika egiten dugu, eta badakigu ez genuela asmatu, herrian bereziki, gauzak adierazteko moduan, baina argi dago egin behar zela, zeren hemeretziok alde egin dugu, eta ez gara itzuli.

Danele Sarriugarte elkarrizketatzailea eta Ane Arbillaga arraunlari ohia Donostiako portuan. Argazkia: Dani Blanco.

Egoera hobetu da?

Nik arraunari jada ez diot hainbesteko garrantzirik ematen, baina egia da San Juanen garrantzi handia ematen zaiola, eta klubak aurrera jarraitzen du, jarraitu behar duelako. Kategoria txikiko neskak oso emaitza onak lortzen ari dira, zoriontzekoa da. San Juanen kristoren kasta dago, eta beraiek dira oraintxe bertan hori erakusten ari direnak, chapeau. Egia da, ordea, guk lortu genuen goi-mailara heltzeko urte asko beharko dituztela. Seniorrei eta jubenilei dagokie orain berriro klubari indar handiagoa ematea. Hoberena opa diet, eta pozten naiz irabazten dutenean, nola ez bada! Guk sufritu genuena haiek ez sufritzea nahi nuke.

Emakumeak arraunean. Gai zabala da, baina zer aipatuko zenuke?

Eztabaida handia dago. Balore asko nahasten dira. Goi-mailako emakume arraunlariak ditugu, haiek kirola eta errendimendua lehenesten dituzte. Hasiberriak ere badira, haiek esperientziak bilatzen dituzte, taldea. Tartean daudenak ere badira, errendimenduari begira serioago entrenatzen saiatzen dira.
Hasieran gaude. Hamabost urte dira emakumeen traineruak ofizialki ateratzen direla. Oso progresiboki joan da garatzen, lehenengo selekzioka, gero klubetan… Orain klub asko daude, bi liga daude. Hasieratik aritu diren arraunlariek oso argi daukate kirol gogorra dela, eta errendimenduarekin lotuta, seriotasuna behar dela. Irabazten ari diren arraunlariek oso argi daukate zer egin behar den irabazteko. Kontua da besteek, agian, arraunean denbora gehiago aritu izana edo irabazteko grina berezia falta dutela, normala den moduan.

Eta orduan?

Orduan, behar dira, hamabost talde beharrean 50, gizonetan bezala, eta behar haina liga. Azken finean, kontua talde kopurua da, eta honek emango dizun berezko kalitate mailaketa naturala. Ez dago besterik. Eta urteak, eta jendea arraunean, gogor entrenatzen, maila handiko populazioa, bestea hasi berria, ziklo naturalak betetzea, alegia.

Materialaren auzia ere hor dago.

Emakumeok, normalean, gizonen soberakinak hartzen ditugu: traineru onena ez. Ez dut uste inongo klubek erosi duenik traineru bat bereziki neskentzat. Normala da, hasi berria da, eta oso garestia da arrauna. Orduan, ontziak mutilentzat daude eginda. Traineruko mutilak 70 kilo izango ditu, eta neskak, berriz, 63 kilo. Gorpuzkera ere diferentea daukagu, gu baxuagoak gara, berez. Inoiz ez ditugu gizonen denborak lortuko, ez indar faltagatik soilik, baizik eta desabantaila dugulako, gure gorputza ez baita ontzira mutilen pare moldatzen. Gure gorputzei mugitzea dagokien pisua ez da hori. Mutilen azpitik ibiliko gara beti, argi dago. Baina eztabaida badago, traineruak emakumeen pisu eta baldintzetara egokitu ala ez. Oso erraza da: eskubaloian emakumeek baloi txikiagoak dituzte; arraunean zergatik ez?

Zer moduz kirolik gabeko bizitza?

Uste nuena baino askoz ere hobeto. Bartzelonatik pixka bat estresatuta iritsi nintzen, tesia amaitzear nuela eta, gainera, Bartzelona hamaika urte eta gero uztea ez da erraza. Beraz, arraunak lagundu zidan sozializatzen eta hemen erabilgarri sentitzen. Hiru urte hauetan hor sartuta ibili naiz, nire hemengo betiko lagunekin asko egon gabe, baina arrauna utzi eta gaizki ez, aizu…

Bada bizitzarik arraunetik kanpo ere.

Bai, eta zoragarria da. Beste ikuspuntu bat daukat orain.

Denboraldia hastear da… itzultzeko beharra sentitzen duzu?

Ez.

Asko eskatzen du, ezta?

Bai, asko kentzen du. Asko eman behar zaio. Nik, egia esan, zorte handia eduki dut. Pila bat baloratzen dut arraunean hain denbora gutxian arituta, talde onenean jarduteko aukera eduki izana. Ez da batere ohikoa, pribilegiatu sentitzen naiz, sekulako taldea topatu nuelako eta talde horrek eraman ninduelako hori guztia bizitzera. Neure ahalegina ere bazen hor, noski. Nire benetako mirespena besteentzako da, urtetan banderarik altxatu ez eta hala ere hor jarraitzen dutenentzat. Txapela kentzeko modukoa iruditzen zait. Horiek dira ondo zaindu behar direnak, mantendu behar direnak. Zeren goraka horiek joango dira, eta beste belaunaldi batzuk ekarriko dituzte.

Gaiz beste eginda… tesia bukatu al zenuen?

Bai, bai. 2016ko abenduaren 20an. Kito. Prozesua nahiko luzea izan zen. Ikerkuntza zentro nahiko potente batean egon nintzen, maila handiko zuzendari batekin, krisia hasi berritan: dirurik ez, jende gutxiago lan bera egiteko… prozesua oso gogorra izan zen. Baina emaitza oso-oso onak jaso ditugu.

Zeri buruzkoa zen?

Jarduera fisikoa eta entrenamendua biriketako gaitzak dituzten pazienteetan.

Zer ondorioztatu zenuten?

Gaixo dauden pertsonei nolako ariketa fisikoa eskaintzen zaie? Bada ospitaletako programa bereziak izaten dituzte, adibidez fisioterapeutekin, esfortzu probak egiten dituzte, entrenamenduak prestatu eta gainbegiratzen dizkiete… Guk kalean beren kabuz egiteko entrenamendu metodologia eskaini diegu, oso sinplea. Beren jarduera fisikoa hobetzeko parkeak eta oinezkoentzako guneak erabiliko lituzkete. Oso esku-hartze txikia, baina oso zehatza egin dugu, eta lehenengoak izan gara urtebeteko eraginkortasuna mantentzea lortzen.

Eta horretan zelan hasi zinen?

Fisioterapia kirol-lesioekin, traumatologiarekin eta auto istripuen ondoriozko neurologia arazoekin lotzen dugu batik bat. Alor ezezagunagoa da arnas fisioterapia. Biriketako eta bihotzeko gaitzak dituzten pazienteekin egiten dugu lan.

Orain eskolak ematen dituzu Deustuko Unibertsitatean.

Bai, Bartzelonan ere aritu nintzen eskolak ematen. Oso goiz hasi nintzen, egia esan. Egun batetik bestera hasi nintzen han eskolak ematen, 23 urterekin, eta harrezkeroztik ibili naiz. Ikerkuntzan ere ari naiz. Gustura nago, egia esan.  

Baduzu pazienterik hemen?

Hona etorri naizenetik pazienteekin ez naiz egon. Noizbehinka, halako gauza bereziren bat egokituz gero, egin izan dut, baina bestela ez. Nahiko nuke, pazienteekin oso ondo pasatzen dut. Oso mundu polita da. Baina hemen arnas fisioterapeuta bezala zeozer garatzeko zaila daukazu, Osakidetzan ez dago departamenturik…

Gustatuko litzaizuke?

Arraunean ari nintzenean ezinezkoa zen, eta orain, arraunik gabe, nahiago dut tarte pixka bat hartu. Etorkizunean litekeena da, baina auskalo, hainbeste gauza dauzkat egiteke.

Argazkia: Dani Blanco.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrauna
2023-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen arrauna
Pisuaren presioak uzten duen ubera luzea

2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Emakume arraunlariek argaltzeko duten presioari buruzko ikerketa ezagutaraziko dute astearteko hitzaldian

Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]


"Txikitatik genuen ametsa lortu dugu"

Ane Sanchez anoetarrak, Maider Zumeta ibartarrak eta Xubane Uribarrena lizartzarrak Euskotren Liga irabazi berri dute Donostia Arraun Lagunak klubarekin.


Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.


2019-08-07 | ARGIA
Kontxako Banderan emakumeak ezin dira gizonezkoekin batera aritu

Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.


Eguneraketa berriak daude