ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

"Txikitatik genuen ametsa lortu dugu"

  • Ane Sanchez anoetarrak, Maider Zumeta ibartarrak eta Xubane Uribarrena lizartzarrak Euskotren Liga irabazi berri dute Donostia Arraun Lagunak klubarekin.


2021eko abuztuaren 17an - 09:34
Azken eguneraketa: 11:36
Maider Zumeta, Xubane Uribarrena eta Ane Sanchez, Euskotren Ligako garaikurrarekin.

Uribarrenak horrelako garaipen batek duen garrantzia azaldu du: "Hiruak nahiko gazteak gara, hamar urte inguru gabiltza arraunean, bateletatik hasita. Talde txikitan egon gara eta horrelako garaipen bat lortzea, txikitatik borrokatu duguna, izan dugun amets hori lortzea izan da".  Sanchezek gaineratu duenez, "guretzako garaipen handia da. Azkenean guk ikasi dugun klubetatik alde egin behar izan dugu maila honetan egoteko. Egoistak izanik gure buruarentzat onuragarria izan dena bilatzera joan gara eta Donostia Arraun Lagunak aukeratu genuen. Eta beste klub txiki bat denez, garaipenak askoz balio handiagoa du".

Hernaniko arraun klubeko traineruan aritu ziren bi urtez Sanchez eta Zumeta, eta gero beste bi urte egin zituzten Tolosaldea traineruan. Aurtengoa beraien bigarren urtea da Donostia Arraun Klubean. Uribarrenak, jaiotzez Trintxerpekoa eta azken urteetan Lizartzan bizi dena, sei urte daramatza klubean eta aurretik Trintxerpeko Ilunben izan zen.

Denboraldiak aurrera egin ahala joan dira beraiengan sinisten arraunlariak. "Neguan hasi ginen entrenatzen eta entrenatzaileek esaten ziguten oso ondo ari ginela eta guregan sinisteko", azaldu du Zumetak. "Denboraldi-aurreko estropadetan ikusi genuen aurrean geundela, eta irabazi genituen bai Oriokoa eta baita San Pedrokoa ere, baina oraindik sinisteko genuen. Orain uda iritsi denean, banderak irabazi ahala sinistu dugu azkenean hor goran gaudela".

Liga amaiera estua

Oso berdindua izan da liga, eta emozio handiko amaiera izan zuen asteburuan, Zarauzko Banderarekin. Oriorekin puntutara berdindu dute Donostia Arraun Lagunakekoek, baina sei garapen lortu dituzte eta Oriok bost, eta horrek eragin du garaipena Donostiako klubarentzat izatea. Azken asteburua oso hilzorikoa izan dela esan du Sanchezek: "Talde gazte bat izanik, eta gure traineruan ez zegoen aurretik zer edo zer irabazitakorik, urduritasun askoz bizitu dugu. Urduritasun hori kanalizatzea oso zaila egin zitzaigun, eta larunbatean ez genuen batere asmatu arraunean, oso urduri geundelako. Igandean nahiz eta hobeto egin genuen, asko falta izan zitzaigun". Azken estropadetan ez dute bere maila eman azaldu dute, "urduritasun hori kontrolatzen ez dugulako oraindik ikasi".

Orio eta beraien arteko lehiaz gain, Donostiarra eta Hondarribia traineruek ere maila handia eman dutela gaineratu dute. Aurten Donostia Arraun Lagunaken zein Orion jende gaztea sartu dela nabarmendu du Uribarrenak: "Oinarrian zeuden pertsona askok utzi dute bai Orion eta baita gure taldean, baina horrek ez du esan nahi maila jaitsi dugula. Guztiz kontrakoa, maila altxatu egin da eta pauso bat aurrera eman dugu bi taldeek. Lehia hori mantentzea azken urteotako garailearekin polita da, eta gainera polita izan dela uda guztian zehar ikusleari eskaini diogun ikuskizuna. Azkenean, Euskotren Ligako lau traineruak helmugara ia batera iristearena ez da inoiz ikusi, eta nik uste dut erakutsi den maila eta borroka hori sekulakoa izan dela".

Euskotren Ligako garaikurra jaso ondoren, bazkaria izan zuten atzo eta klubera joan zitzaizkien senideak eta lagunak. Gero, arratsaldean, Donostiako kaleetatik ospatu zuten garaipena eta Portaletan zaleekin ospatzeko aukera izan zuten. Bihar izango dute udaletxean harrera ofiziala. Halere, klubak ez du harreman ona Donostiako Udalarekin, Uribarrenak gogora ekarri duenez: "Pasa beharko den tramite bat izango da. Badakigu zer jarrera duten gurekiko, ez baitigute inongo babesik ematen. Baina guretzat garrantzitsuena gure zaleei eta gure buruari emaitzak ematea da".

Hurrengo erronka nagusia Kontxako Bandera izango dute. Gogotsu daude erronka horren bila joateko, Sanchezek azaldu duenez: "Tentsio guztiak kendu ditugu. Liga hain estua izanik tentsio eta urduritasun asko izan ditugu. Kontxa guztiz ezberdina da, bi jardunaldi direlako, eta bietan gure onena ematera joango gara. Hiru aste ditugu hori prestatzeko. Badakigu ETE ligan dauden traineruak oso maila ona eman dezaketela, baina irabazteko aukerekin ikusten gara". Sekulako ikuskizuna izan daiteke, Euskotren Ligako traineruek maila parekoa dutelako. "Argi dago inor ez dagoela aurretik, denak pareko gaudela, eta edonork izan dezakeela egun txar bat eta horrek eragin ahal dizula. Denak joan beharko dugu dena ematera", esan du Zumetak.

Euskotren Liga lortu ondoren, Kontxako Bandera lortzea izugarria izango zen klubarentzat. "Dena lortzen ari gara emakumeen arraunarentzako Donostian, eta uste dut egiten ari garena historikoa dela, eta horri balorea eman behar diogula", zehaztu du Uribarrenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrauna
2023-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen arrauna
Pisuaren presioak uzten duen ubera luzea

2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Emakume arraunlariek argaltzeko duten presioari buruzko ikerketa ezagutaraziko dute astearteko hitzaldian

Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]


Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.


2019-08-07 | ARGIA
Kontxako Banderan emakumeak ezin dira gizonezkoekin batera aritu

Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.


Ane Arbillaga. Dena ez da ziaboga
"Banderarik altxatu ez, eta hala ere, arraunean jarraitzen dutenak miresten ditut"

Diotenez, Pasai Donibanen, igerian baino lehen ikasten omen du pertsonak arraunean. Hain zuzen, Batelerak taldeak erakustaldia egin zuen iazko irailean: Kontxako bandera eskuratu zuen, bosgarren aldiz segidan. Dena irabazi ondoren, baina, hutsik geratu zen trainerua: udazkenean,... [+]


Eguneraketa berriak daude