Bada arraunik telebistako estropadetatik kanpo

  • Amaitzear da aurtengo arraun denboraldia. Ez soilik goi-mailako kirolarientzat, baita urte osoan arraunak astintzen jardun duten “beste” arraunlarientzat ere.  Estropadek sortzen duten ikuskizunetik aldenduta, uda sasoi honetan ere izan dira, beste helburu batzuekin bada ere, lehen mailako izarren itzalpean arraunean jardun dutenak. Horren lekuko dira arraunean aurten ikasi duten 30 emakumeak; tradizioa eta aisia uztartzen dituen batel zeharkaldia; eta bost bandera irabazi dituzten beteranoak.

Orion 35 urtetik gorako 30 emakume elkartu ziren arraunean ikasteko. Argazkia: Egiguren Argazkiak.
Orion 35 urtetik gorako 30 emakume elkartu ziren arraunean ikasteko. Argazkia: Egiguren Argazkiak.
Zergatik ez arraunean 40 urterekin?

35 urtetik gorako 30 emakume, traineru bat, eta erronka nagusi bat: Orio-Bilbo-Orio zeharkaldia egitea lau egunetan. Desafioa bukatu eta ia bi hilabetera argi dute Ainhoa Pozok, Eider Osinaldek eta Sorkunde Lizasok: “Ez diogu inori ezer frogatu nahi izan, geure buruari salbu”. 38, 43 eta 58 urte dituzte, hurrenez hurren, eta Zergatik ez? egitasmoko protagonistetako hiru dira.

Lehen etapan, Orio-Bermeo bidean, izan zuten ezusteko galanta. Halakorik aurreikusita ez zegoela, itsasoa harrotu eta Getariara heltzeko lanak izan zituzten. Eguerdian Bermeon behar zuten, baina itsasoa baretu zain egon eta gaueko bederatziak aldera iritsi ziren Bermeora. Egun gorabeheratsua izan eta gero, portuan zen jende andanak eginiko harrera beroak indarberritu zituen: “Zoragarria izan zen, kaia jendez beteta, txaloka, oihuka… Batez ere, emakumeen aldetik sentitu genuen konplizitatea izan da ederra, militantzia puntua zuen”, dio Lizasok. Bermeotarrak “Aupa Orio!” oihukatzen entzuteak eta goi-mailako ligetan dauden lehia kutsuko ezinikusiak albo batera uzteak herrien arteko elkartasuna adierazten dutela uste du Pozok. Osinaldek “ahizpatasun zintzo” horretaz ohartarazi du: “Lehiarik ez zegoelako animatu gaituzte. Gure buruarekin genuen erronka zelako”.

Hurrengo hiru etapak lasaiagoak izan ziren, nahiz eta beti kezka izan Oriora iritsiko ziren ala ez. Hiru arraunlarien ustez, erronkaren amaiera, alegia helburua lortu izana, “inondik inora espero ez zuten eztanda” izan zen herrian. Hala azaldu du Pozok: “Enrike patroiari [emakumezko patroiak lortzen saiatu arren ez zuten bakar bat ere lortu] aurpegia aldatu zitzaion Oriora sartzen hasi ginenean. Gu herriari bizkarra ematen gindoazen, baina berak dena ikusten zuen”. Herritarrek, lagunek eta senideek bi traineruei (30 arraunlariak bi trainerutan iritsi ziren Orian barrena) harrera beroa, arraunlariek espero baino beroagoa, egin zieten.

Baina zergatik hasi ziren 30 emakume heldu, ia denak arraunean inoiz ibili gabeak, halako egitasmo batean? Jakina da oriotarrek joera eta gertutasun berezia dutela arraun munduarekin: estropadan bandera irabaztean herriko plaza jaietan baino beteago egotea ohikoa da, eta ez da kasualitatea negu gorrian nahiz uda betean herri osoa horiz apainduta egotea. “Oriotarrak izateak eragingo zuen, dudarik gabe! Baina batez ere naturarekin eta kirolarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi genuen”. 40 urteak betetzera zihoazen oriotar batzuen ideia izan zen arraunean egitea, ez betiko bazkari bat, ezta boladan dauden maratoi jendetsu horietakoren batean korrika egitea ere. 40. urtemugaren ospakizunak berezia izan behar zuen, eta Oria ibaiaren ondoan egonik, zer hoberik arraunean egitea baino. Egitasmoan izena eman zuen gehiengoak ez zuen inoiz arraunean egiteko aukerarik izan, azken urteotako kontua baita emakumeak traineruan aritzea. Zergatik ez egitasmoa arraunean egiteko bizitzako abagune bakarra izan zitekeen. Orioko Arraun Elkarteari laguntza eskatu ziotenean bi baldintza jarri zizkieten: gutxienez hogei emakume elkartzea eta arraunean ikasteaz gain erronka bati heltzea. Whatsapp bidez iritsi zitzaien gonbidapena Lizasori eta Osinalderi, askorik pentsatu gabe eman zuten baiezkoa: “Nik jada 58 urte ditut, eta aukera hau opari bat izan da niretzat”, Sorkunde Lizasok amets bat bete duela sentitzen du.

Orioko Arraun Elkartearen babesean aritu da taldea urritik uztailera. Horrek ez du esan nahi egitura antolatuak dena eskura jarri dienik. Instalazioetan eta hainbat gauzatan laguntza izan dute, baina behar ekonomikoa handia izan da denboraldi osoan. “Dirua behar genuen materiala erosteko, ontzien gasolina ordaintzeko, janarirako… Babesleak bilatzen hasi ginen”. Trainerua Eusko Jaurlaritzak utzi zien eta Orioko Arraun Elkarteak klubean bertan uzteko aukera eman zien. Lizasok hala adierazi du: “Trainerua ezin duzu garajean gorde”. Eta prestakuntza fisikoa, teknikoa, itsasoratzean ondoan izango den ontzi laguntzailea... konplexutasun handiko zereginak asko. Hala, egitasmoak zuzendaritza sendoa izan du eta kide horietako bat izan da Ainhoa Pozo: “Gure helburua arraunlariok traineruan eseri orduko behar genuen guztia prest izatea zen. Horixe izan da niretzat gogorrena, egun osoan telefono mugikorra dantzan izan dut. Erronka lortuta, merezi izan duela uste dut. Bide bat ireki dugu Euskal Herrian horrelako ekimen gehiago egiteko”.

Tradizioa herriak mantendu dezan, bateletan
Teink Trofeoan, aurtengo udan, batelarien hogei taldek hartu dute parte.

Batelek egiteko garrantzitsua izan dute euskal kostaldearen historian, eta zer esanik ez herri arrantzaleetan. Lanerako tresna ez ezik, garraiobide ere izan dira badia bereko bi herriren arteko zubi lanak egiteko, besteak beste. Denboraren poderioz, aurrerapen teknologikoen indarrez, baina, bigarren mailan geratu dira, eta kasik aisialdirako gailutzat har daitezke gaur egun.

1992an, batelak mantendu eta sustatzeko asmoz, lau donibandarrek euskal kostaldea zeharkatu zuten, historikoki izandako balioa ahanzturan erori ez zedin. Ontziari Teink izena jartzea proposatu zien batelaren artisauak, arrantzaleek atuna amuan dutenean erabiltzen duten hitza aprobetxatuz. Hala, esperientzia gustatu, taldea elkarte bilakatu eta Teink Trofeoa sortu zen.

Castro-Urdialesen hasi eta Donibane Lohizunen amaitu dute aurtengo zeharkaldia. Edonon hasita ere, amaiera beti Donibane Lohizunen dela dio Andoni Torres parte-hartzaileak. 2011n eman zuen izena lehen aldiz beste bi lagunekin batera, eta aurreko aldietan bezala, aurtengo esperientzia ere oso aberasgarria izan dela dio: “Arraunaz gozatzeko ez ezik, jendea ezagutzeko aukera bikaina da Teink Trofeoa”.

Uztailaren 30ean hasi ziren arraunei eragiten, eta hala jardun zuten astebetez, guztira sei etapa osatuz. Aurtengo edizioan hogei batelek hartu dute parte; hemeretzi gizonezkoenak eta bakarra emakumezkoena. Teink Trofeoak izenez lehiaketa itxura izan dezakeen arren, Torresek uste du oinarrian beste balore batzuk dituela erronkak, eta arraun herrikoiaren eredutik gertuago dagoela lehiakortasunetik baino. Egunero lau edo bost orduz aritzen dira arraunean. Lehen egunero eta orain ia egunero 45 minutu erlojuaren kontra izaten dira. Horrekin sailkapena osatzen dute antolatzaileek eta horren arabera izendatzen da irabazlea. “Hogei bateletatik bi edo hiru aterako dira irabaztera. Gainontzekoak beste filosofia batekin goaz. Arraun profesionalarekin alderatuta, beste kontu bat da hau”.

Antolatzaileak emakume gehiagok parte hartzeko eginahalak egiten ari dira, eta oro har edonork parte hartzeko moduko ekimena dela nabarmendu du: “Jendeak pentsa dezake arraunlari ohien zeharkaldia dela, eta inondik inora ez da horrela: gutxi batzuk gara arraunean ibili garenak. Bitxikeria moduan esan dezaket arraunlari ohiak baino, errugbilari ohi gehiago irteten direla”. Zeharkaldia uda erdialdean izanik, entrenamenduak Aste Santu ostean hastea da ohikoa. Antolatzaileek uzten dizkiete batelak, oro har ez baita ohikoa izaten norberak bere batela edukitzea. Torresen iritziz, antzeko egitasmo gehiagok egon beharko lukete, “arrauna ez baita soilik telebistan emititzen dutena”.

“Beste” goi-maila
Argazkian Zarauzko Arraun Elkarteko Badok 13 traineruko arraunlari beteranoak.

“Hedabideek ez digute inongo protagonismorik ematen. Orokorrean uste dute edozein kiroletako beteranoen liga ondo pasatzeko baino ez dela. Eta ez da horrela. Gu irabaztera irteten gara, eta azken segundoa ere lehiatu egiten dugu”. David Elustondoren hitzak dira. 55 urte ditu eta Zarauzko Arraun Elkarteko Badok 13 traineruko arraunlaria da. Bigarren urtea du Arraunlari Beteranoen Elkarteak antolatutako ABE Ligan parte hartzen, eta uste orokorrari muzin eginez, beteranoen arteko arraunak herrikoitik ezer gutxi duela uste du. “Ez goi-mailako arraunlarien maila berean, baina guk ere estropada guztiak irabazteko entrenatzen dugu”.

Uztailaren amaieran izan zen ABE Ligako azken estropada. Bi ontzirekin aritu da aurtengoan Badok 13ko tripulazioa: bata lehiatzen, eta bestea gonbidatu gisa. Lehen ontzian aritzen da Elustondo eta erreskadan bost bandera irabazi dituztela nabarmendu du, tartean Gipuzkoako Txapelketa. Emaitzok lortzeko, ordea, itsasoan ez ezik, handik kanpo ere lan handia egin behar dela dio, baliabide ekonomikoak biltzen batik bat. “Zarauzko Arraun Elkarteak instalakuntzak uzten dizkigu, eta horri esker bertan entrenatzen dugu. Baina, gainontzeko gastu guztiak beterano taldeak ordaindu behar ditu: trainerua guk erosi genuen, astebururo 30 lagunentzat autobusa kontratatu behar dugu, janaria, materiala… Babeslerik gabe ezingo genuke itsasora irten”.

ABE ligak baditu zenbait berezitasun, izena emateko 45 urtetik gora izatea, adibidez. Tripulazio osoan, baina, 38 urtetik 45era arteko hiru arraunlari egon daitezke. “Arraunlaria izandakoa naiz, duela 25 urte. Behin ezkonduta eta familia osatuta, duela bi urte berriro ere talde batean sartzeko aukera eskaini zidaten. Arraunak badu lotzen zaituen zerbait eta askorik pentsatu gabe, animatu egin nintzen”. Nostalgiak baino, lehiatzeko senak itzularazi zuen trainerura Zarauzko arraunlaria. Iazko denboraldian sailkapenaren erdialdean geratu ostean, aurten lau arraunlari batu zaizkie taldera. Fitxaketok arraunlari ohiak izatea garrantzitsua dela uste du Elustondok, “lehiakortasuna eta kalitatea” gehitu baitizkio ontziari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrauna
2023-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen arrauna
Pisuaren presioak uzten duen ubera luzea

2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Emakume arraunlariek argaltzeko duten presioari buruzko ikerketa ezagutaraziko dute astearteko hitzaldian

Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]


"Txikitatik genuen ametsa lortu dugu"

Ane Sanchez anoetarrak, Maider Zumeta ibartarrak eta Xubane Uribarrena lizartzarrak Euskotren Liga irabazi berri dute Donostia Arraun Lagunak klubarekin.


Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.


2019-08-07 | ARGIA
Kontxako Banderan emakumeak ezin dira gizonezkoekin batera aritu

Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.


Eguneraketa berriak daude