"Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubia eraikitzen UEUk badu zer egin"

  • “Arnasa hartu beharra dago, eta ireki ateak, arrainak urak eta euskarak bere unibertsitatea”. Xabier Amurizaren hitzak kantatu zituen Oskorrik 1979an. Handik hona, bidean da euskarazko unibertsitatea. Egin dituen urratsetan, hortxe Udako Euskal Unibertsitatea UEU, eta hortxe Mari Karmen Menika.

Dani Blanco

Zer dugu, gaur egun, Udako Euskal Unibertsitatea?

Juridikoki, irabazi asmorik gabeko kultur elkartea, onura publikoko aitormena duena. Halaxe esleitu zion Eusko Jaurlaritzak aitormen hori. Horrez gain, UEU erreferentziazko erakundea da euskara eta unibertsitate arloan. 1973an eratu zen, Euskal Unibertsitatea sortzea zuen helburu, unibertsitate esparruan eragiteko, eta horretan ari gara lanean. UEU sortu zen sasoian Euskal Herriak ez zuen unibertsitate barrutirik, Zaragozaren menpe ziren orduko unibertsitateak, eta UEUk zera aldarrikatu zuen, euskal gizarteak euskarazko unibertsitatea behar zuela. Gerora etorri ziren Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa, baina inork ez du euskara lehentasunezko hartu, eta UEUrentzat hori oinarrizko gauza da.

Euskara ez zuten lehentasunezko. Orain bai?

Aurrerapauso handiak eman dira, unibertsitate batzuetan besteetan baino handiagoak. Egun, posible da gradu batzuk bere osotasunean euskaraz egitea baina osotasunarekin alderatuz gero, oraindik  oso urria da euskarazko eskaintza eta zer esanik ez graduondokoetan. UEUk, berriz, horixe izan du oinarri-oinarrian: euskara, eta bide horretan egin du lan joan den berrogei urtean. Eta gaur egun ere horretan ari da lanean, lau ildo nagusitan. Batetik, euskal unibertsitatea lortze bidean ari da lanean, Euskal Unibertsitatea fundazioaren bidez. Bestetik, jarduera akademikoaren esparruan adituak euskaraz prestatzen, irakasleen prestakuntzan, dibulgaziozko hitzaldiak eginez, jardunaldi, graduondoko eta mintegiak… Bestetik, argitalpengintza dugu, liburu zein aldizkariak, unibertsitateak ezinbestekoa du-eta material idatzia. Azkenik, informazio eta komunikazio teknologiak gure jardueran txertatzen ari gara, gizarteari internet bidezko hainbat zerbitzu eskaintzeko. Horra inguma datu-basea, euskal komunitate zientifikoaren bilgunea, unibertsitatea.net (komunitate unibertsitario euskaldunaren ataria), buruxkak (UEUren liburu digitala), e-irakaskuntza gunea eta beste.

Zer ikustekorik du UEUk Euskal Herriko Unibertsitateak garatu duen euskarazko lerroan?

UEUren ikastaroak prestakuntza toki ezin hobeak izan dira EHUko zein beste unibertsitateetako irakasle askorentzat. Jende askok UEUn eman ditu bere lehen eskolak euskaraz. Bide horretan UEU ez da bakarrik aritu, Elhuyar, Uzei eta Leioa zein Donostiako unibertsitateko irakasle-taldeek zeresan handia izan dute. Elkar eragin zuten, dudarik gabe. Ahalegin handia egin zuten, beren lana euskaraz prestatzeko, materiala sortzeko eta apurka-apurka euskarazko prestakuntza unibertsitatean txertatzeko. Hori egin zuten pertsonak UEUkideak izan ziren, baina EHUko irakasleak ere baziren.

Zer antzekotasun dituzte gaur egungo UEUk eta 1973an ibilian hasi zuen hark?

Euskal unibertsitatearen aldeko hazia ordukoa da. Gu haren oinordeko gara. Ordukoa bilgune txiki bat zen, Iparraldean eginiko kultur aste batzuetatik zetorren. Euskaldunak bildu ziren, euskal kultura eta gizartea eta erlijio gaiak lantzeko. Kontuan hartu behar da orduko egoera politikoa ere. Euskaraz ikastea debekatua zegoen! 1975ean, Franco hil ondoren, Hegoaldean ere zenbait aukera zabaldu ziren, euskaraz aritzeko, bai unibertsitatean, bai gizarteko maila askotan ere. UEUk euskarazko unibertsitatearen aldeko apustua egin zuen, hazia jarri zuen Baionan, eta ordutik hona UEU hedatu egin da, asko. Berrogei urte joan dira, eta ez dira alferrik joan. Sasoi hartan, borondatezko zenbait lagun elkartu ziren proiektua abian jartzeko, eta gaur egun, UEUk bestelako egitura bat dauka.

Besteak beste, Markeskoa Jauregi honetan du egoitza.

Egoitza soziala du Bilbon, eta hemen, Eibarren, Ikastetxe Nagusia. Gainera, urte osoko jarduerak burutzen ditugu, udan ez ezik. Garai hartan, aste bat, bi, ziren, udan egiten zirenak. Gaur egun, nahiz eta izena Udako Euskal Unibertsitatea dugun, urte osoan ari gara lanean lehen aipatutako lau lan-ildoetan.

Zer ekarri zioten UEUri Iruñeko Larraona ikastetxean hainbat urtez egin ziren ikastaroek? Aro berezia izan zen, urrezko aroa, beharbada?

Aro berezia, bai. Urrezko aroa… heltzear dagoela esaten dugu guk beti. Hobea espero dugu. Larraonako ikastaroen garaia jendetsua izan zen, espezialitateak indartu ziren eta argitalpenak ugaritu. UEUren lehenengo lau edizioak Ipar Euskal Herrian egin ziren, berrehun bat lagun biltzen ziren haietan. Jende gehiago bildu nahian, Hego Euskal Herrira ekarri zuten. Lehenengo asmoa, dena den, ikastaroak lurralde ezberdinetan egitea zen, baina baimenak lortzea nahiko gauza konplikatua zen, Espainiako ministerioaren baimena behar baitzen, eta horrela, Iruñean finkatu ziren UEUren udako ikastaroak, helburua hori izan gabe ere. Egoerak behartu zuen horretara.

UEUren historiaz eta funtzionamenduaz idatzia zarenez, zein ditugu bide honetan mugarri?

Momentu historikoa izan zen, adibidez, 1984an Aralarko San Migelen egin zen mintegia, UEUren bideari buruzko gogoeta. Hasi berriak ziren EHUren uda ikastaroak, eta biak nola txertatu pentsatzen hasi ginen. Aralarreko saioa oso inportantea izan zen, bidea markatu zelako, zuzendariek hortik jo zutelako gero. Horrela, 1986an, UEUk legezko kultur elkarte izaera hartu zuen. Beste mugarri bat, 1995eko kongresua, UEUren lehena. Bazkidetza figura sortu zen han, eta UEU bazkidez osatutako elkarte modura egituratu zen. Bazkideak gero eta gehiago, gaur egun 1.200 bazkidetik gora gara. 2002-03an, bigarren kongresua egin zuen UEUk, eta gizartea aldatu den heinean, bere eginkizuna eta bidea egokitu eta moldatu ditu.

Garaian garaiko egoerari erantzuteko gai izan da UEU.

Bai, UEU erakunde dinamikoa da eta gizartearen premia eta beharrei egokitzeko gaitasuna izan du. 2010ean, beste aldaketa bat: irudi korporatiboa, gure eginkizuna birformulatu, gure ildo nagusiak zehaztu, zer garen, lan egiteko moduak, konpromisoak…

Nola asmatu du UEUk aldiro-aldiro bere burua birformulatzen? Asko ez da gai…

UEU beti izan da hausnarketa prozesu etengabekoan. Idazkari nagusi izan naizen urte guztietan ikusi dut hori: eguneroko lanari erantzun beharra izan da beti, baina horrekin batera, hausnarketa lerroa ere hor izan da. 2000. urtean ere aldaketa handia izan zuen UEUk. Ordu arte Bilbon genuen bulegoa, baina urte hartan, Xabier Isasiren garaian, jauzi kualitatiboa egin genuen. Bilbon egoitza soziala jarri genuen. Eibarren, ikastetxe nagusia, eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan –Baionan eta Iruñean–, ordezkaritzak ireki genituen. Horrek lan-taldea handitzea ekarri zuen, lauzpabost izatetik hamasei izatera iritsi ginen oso denbora gutxian. 2000. urtean, idazkari nagusia aldatu genuen. Ordu arte ni izan nintzen eta orduz geroztik Ane Sarasua dugu idazkari nagusia. Hausnarketaren beharra ere ikusi genuen, eta gestio-eredua lantzen aritu ginen, Elgoibarko Gestio-Eskolarekin elkarlanean. UEUren gestio-eredua idatzi genuen, eta barneratu genuen langileok eta zuzendaritzak. Horrela iritsi gara honaino.

Zein ditugu Ikastetxe Nagusiaren arduradunaren buruko min handienak oraintxe?

UEUren udaberriko eta udazkeneko ikastaro eskaintza, Eibarren eskaintzen direnak. Gainerakoan, Ikastetxe Nagusiaren kudeaketari dagozkionak. Markeskoa, izan ere, Eibarko Udalaren eraikina da, lagapen-itun bidez erabiltzen duguna. Eraikinak  hainbat espazio ditu, gizarteari eskaini nahi izan dizkiogu, eta hainbat erakundek erabiltzen dituzte gure ikasgelak euren ikastaroak emateko. Sasoi batean, HABEk hemen ematen zituen ikastaroak, IVAP-HAEEn laugarren hizkuntz eskakizuna, Tekniker-en sormen ikastaroak, Ikastolen Elkartearen zenbait prestakuntza-saio…

Ikastaroak antolatzea batetik, Ikastetxe Nagusiaren kudeaketa bestetik.

Etengabeko prestakuntzaren esparruan formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrak asetzea da gure helburua, eta bide horretan ikastaroekin nola asmatu da buruko min handienetakoa. Gaur egun, bizitza osorako prestakuntza da helburua, ezagupenak etengabe eguneratzen joan behar dugu. Garai batean, unibertsitateko ikasle eta irakasleak joaten ziren gehienbat udako ikastaroetara, baina gaur egun, 20 urtekoa zein 55ekoa datorkigu eta etengabeko prestakuntzan funtzio bat betetzen dugula ikusten dugu. Beraz, jende horren beharrei erantzuten saiatzen gara. Urte barruko ikastaroak laburrak izaten dira –hamabost edo hogei ordukoak–, eta, gero, jarraipena eskaintzen dugu, zenbait kasutan behintzat. Batean oinarrizko ikaskuntza, bestean ikastaro aurreratuak. Aldi berean, bide berriak jorratzen saiatzen gara. Horregatik esan dut “nola asmatu”, jendearen formazio nahiak eta beharrak asetzen asmatzea.

EHUrekin harremanetan zarete, elkarlana ere baduzue. Eta herri erakundeekin?

Udalarekin, Diputazioarekin, Eusko Jaurlaritzarekin… baditugu harremanak, bai. Jaurlaritzarekin, 1998tik izan dugu hitzarmena. Azken urteotan, partida nominala izan dugu aurrekontuetan, eta pasa den urtean eten egin zuten bide hori. Guretzat oso inportantea zen, biziraupena ziurtatzen zigun. Bestelako laguntzak hainbat proiektu zehatzi esleitutakoak dira, baina partida nominal hori berezia zen, eguneroko kudeaketan laguntza handia zen.

Krisia arrazoi ala argudio, kendu zizueten partida hori?

Argudio, uste dut. Aurreko urteetan ere murrizketak izan genituen erakunde guztien aldetik, “diru gutxi dago” esaten ziguten, eta guri ere diru gutxiago jasotzea zegokigun. Baina murrizketa baino, partida nominala kentzea oso mingarria izan zitzaigun, errekonozimendu modu bat ere bagenuelako hori. Horrek kolokan jarri zuen erakundea, hainbat neurri hartu behar izan genituen –hainbat lanpostu galdu ditugu–, baina gure asmoa da bide horretan aurrera egiten saiatzea. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin hitzarmena sinatua dugu. Nafarroa, berriz, lehenengo erakundea izan zen hitzarmena sinatzen (1990ean), baina gero, handik zortzi bat urtera, eten egin zuten hitzarmena. EHUrekin ere badugu hitzarmen marko bat, Eleaniztasunerako errektoreordetzarekin, hainbat esparru jorratzeko: materialgintza, formazioa, datu-baseak…

1973tik hona hainbat aldatu da UEU, bateko mintegi eta besteko biltzar, egokitzen jakin du. Norantz doa, zein da UEUren etorkizuna?

2003an egin genuen azken kongresua, eta han markatutako bidea jarraitzen ari gara, aldiko moldaketak eginda. UEUren egitekoa garrantzitsua dela adierazi nahi dugu. Oraintxe, kanpaina bat egiten ari gara, “Ni ere UEU”, erakundearen garrantzia eta beharrezkotasuna gizartearen aurrean adierazteko. Izan ere, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen jarraitu beharra ikusten dugu, eta horretan UEUk badu zer egin. Geroan zer izango den, bazkideek erabakiko dute, etengabeko prozesuan gaudenez. Gure ustez, UEUk funtzio bat betetzen du euskal gizartean, eta horretan lanean jarraituko du.

Gizartea jakitun da, badaki zer lan bikain egiten duzuen?

Saiatzen gara gizarteari jakinarazten, baina, egia esan, erakunde     txikia gara, badugu komunikazio arduraduna eta gure eskaintzaren berri ematen saiatzen gara, baina ez guk nahiko genukeen beste, baliabideak oso mugatuak baititugu.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitatea
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-03 | Sustatu
Matematikari eta Hizkuntzalari euskaldunen topaketetarako deialdiak

Tira, izenburuan batu ditugu, baina Matemarikari Euskaldunen Topaketak dira alde batetik, eta Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bestetik. Baina Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udan bere udako ikastaroen barruan antolatuko dituen biltzar hauetarako deialdiak orain... [+]


Eguneraketa berriak daude