ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Araba Euskaraz

Aresketa Ikastolan erabilera da helburu

  • Ekainaren 16arekin, Amurrion izango da Araba Euskaraz jaia, Aresketa Ikastolak antolaturik. Laugarren aldiz hartuko du Araialdeko herri honek euskararen eta ikastolen jai handia. 34 urte dira sortu zenetik, euskararen irakaskuntza beti helburu. Erabilera da oraingo xedea.

Miel Anjel Elustondo
2013ko ekainaren 09a
Aresketa Ikastolaren atarian, ezkerretik eskuinera, Aitor Garate zuzendaria, Onintze Gerra lehendakaria eta Anjel Olalde Araba Euskarazen koordinatzailea.
Aresketa Ikastolaren atarian, ezkerretik eskuinera, Aitor Garate zuzendaria, Onintze Gerra lehendakaria eta Anjel Olalde Araba Euskarazen koordinatzailea.Zaldi Ero

Euskarak herrian duen egoerari dagokionez, Aitor Garate zuzendariak azaldu digu: “Inguruan, denek ezagutzen dute euskara. Amurrioko gazteetan, ia denak dira ulertzeko eta hitz egiteko gai. Besterik da egiten duten edo ez. Horretaz badaki Onintzek, gure lehendakariak, ikastolako lehen promoziokoa baita –haren aita, Jesus Gerra, ikastolaren lehenbiziko lehendakaria izan zen–, euskaraz ondo daki, baina Amurrion ez da euskara erabiltzeko ohiturarik”. Justuki, hari horretatik tiraka dator jaiaren leloa ere: Mihian kili-kili, euskaraz ibili. “Erabileraren garaia da. Euskaraz badakigu, baina ez dugu erabiltzen. Euskara erabiltzeak gure barnean sortzen duen poza aldarrikatu nahi dugu lelo horren bidez. Ez da herriarekiko konpromisoa bakarrik, poza eta zirrara baizik, euskaldunak euskaldunarekin euskaraz hitz egiten duenean sentitzen duena. Marrazkia mezu horri laguntzera dator: pika-pika goxokiak ahora sartzean eragiten dituzten txinparten adierazgarri dira izar horiek. Ikastolan bertan sortu genuen ideia”, dio zuzendariak.

Erabileraren erabilera eza

Asteartea da, arratsaldeko 4:30ak –ikasleak irteten diren garaia–, Aresketa Ikastolara sartu garenean. Hitz bat ere ez dugu entzun euskaraz, Arrue ikerketaren ildoan. Nola zioen delako ikerketak: “Gelan baino eremu zabalagoa du gaztelaniak jolastokian. Adibiderako: LHko laugarren mailan, hamarretik seik batez ere euskaraz egiten dute ikasgelan; jolastokian, berriz, hamarretik seik egiten dute batik bat gaztelaniaz. DBHko bigarren mailan are handiagoa da portzentajea: lautik hiruk beti edo ia beti darabilte gaztelania”. EAEko ikastetxe da horretan Aresketa Ikastola. Aitor Garateren azalpena ondokoa da: “Gure ikasleek gaztelaniaz hitz egiten dute familian. Ikastolako atetik irten orduko gaztelaniaz jasotzen dute gurasoen agurra, eta ondorioz, aldatua dute hizkuntza”.

Erdia baino gehiago dira euskaraz ez dakiten gurasoak Aresketa Ikastolan. Adibide modura gela bat hartu dugu. Lehen Hezkuntzako 6. mailako gela bat. 17 dira ikasleak, etxean euskaraz mintzo direnen bila abiatu gara Aitor Garateren eskutik: “Xabin, Harritxu, Pello, Erlantz, Aitor… bospaseik hitz egingo du euskaraz etxean”. Ikastolaren lehendakari eta ikasle ohi Onintze Gerrak osatu du argazkia. 14 urte zituela, duela 25 urte “utzi” zuen –utzi gabe, utzi–, ikastola: “Nire adinekoek eta gazteagoek badakite euskaraz, baina ez dute erabiltzen. Ikastolan ikasi dute edo AEKn, baina hitz egiteko ohiturarik ez”. Zerutik jakina da hori eta tartean arrazoi asko diren arren, adina da gorabeheretarik bat Aitor Garateren iritziz: “Nerabeak agindutakoa ez betetzeko duen nahia, araua ez errespetatzeko joera, debekatuta dagoenaren erakargarritasuna”.  Euskararen erabileraren kaltetan.

Herrian, AEK-ko irakasle izana dute alkate. Euskalduna eta euskaltzalea, behingoz. “Bi urte daramatza karguan, berria da oraindik. Lehenengoz dugu alkate euskalduna Amurrion”, dio zuzendariak. Onintze Gerraren iritziz: “Nahiko paradoxa da. Amurrio abertzalea da, Araia osoa da abertzalea, euskaraz ikasten dugu, baina erabiltzeko garaian ez dugu aurrera egiten”.

Ikasle ohien konpromisoa

Eskolaz kanpoko ekintzen helburuetan da euskararen erabilera. Baina lanak dira hor ere. “Saiatzen gara euskarak bere lekua izan dezan. Ikasle ohiak ditugu eskolaz kanpoko ekintzen arduradun gehienak eta horrek, nahitaez, euskararekiko konpromisoa dakar. Baina hor ere, neska-mutilek gelatik kanpo ikusten dituzte beren buruak, aktibitate formaletik kanpo, eta beraz, gaztelaniaz aritzen dira”, dio zuzendariak.

Ikasle ohiak baino lehen, izan dira ikastolari atxikimendua eta sostengua erakutsi dioten pertsonak. Aurten omendu biak ditugu adibide, Erramun Martikorena eta Karlos –baina Karlitos–, Larrinaga, aurten hila. Onintze Gerrak esan duenez: “Hiru alaba zituen, ikastolan ikasi zuten, eta Karlos bera musika irakasle izan genuen sasoi batean. Musu truk etortzen zitzaigun. Denbora librea zuenean ikastolara etortzen zen gitarra hartuta, eta betiko kantuak erakusten zizkigun. Abesbatza zuzendaria ere izan zen herrian, oso gustuko zuen musika”. Bizian eskertzerik izan ez zutena, hil ondoan omenduko dute.

Bestelakoa da Erramun Martikorenaren kasua. Amurriorekin zuzen loturik ez bada ere, miresmen handia diote Araban, festaren koordinatzaile Anjel Olaldek dioenez: “Bai, garai batean, Araban euskararen inguruan biltzen zen jendeak Erramun zuen erreferentzia. Ipar Euskal Herritik zetorren kantaria, Arabaz kanpotik, baina hari begira egon zen zenbait jende”.

Mihian kili-kili… lema, logo, kanta eta omendu, badator Araba Euskaraz, ikastolaren oraina eta iragana lotzen dituelarik Onintze Gerra lehendakariak: “34 urte! Etxebizitza batean hasi ginen, Mendiko Lagunak elkarteak utzirik. Ondoren, udalak aurrefabrikatu batzuk utzi zizkigun, eta hantxe sartu ginen. Handik, beste aurrefabrikatu batzuetara –duela bederatzi urte elurrak hango sabaia eraitsi eta ikastola honetara ekarri behar izan genuen hango Haur Hezkuntza osoa–, eta handik orain institutua dagoen lekura, baina garai hartan tailer zahar batzuk ziren hor! Batetik bestera ibili gintuzten. Eta nik ikastola utzi behar nuen garaian Aresketa Ikastola hau egin zuten. Ez nuen hau ezagutu, gurea ‘Amurrioko ikastola’ zen”. Orduan bizi izan ez zuena bizi du orain Onintze Gerrak, bizi dute 500 ikaslek baino gehiagok, hainbat ikasle ohik, makina bat irakasle, irakasle ohi eta gurasok, eta aldez edo moldez, Amurrioko herriak. Onintze Gerra lehendakariaren azken hitzak ditugu: “Asko aldatu da ikastola, eraikinak eta beste, baina mamirik ez du aldatu. Bai, orain bi urteko haurrak hasten dira, ingelesa irakasten da, baina mamia bera da, ikastola da”. Ikastola mami, euskara mami.

 

Bi gela berri

2005ean, artean ez zen finantza krisiaren hotsik. Geroztikakoa da egoera latza. Urte hartan, Araba Euskaraz hartu zuelarik Amurrioko ikastolak, jolasleku estalia egiteko baliatu zuen, besteak beste, bildutako diruaren parte bat. Itunpeko ikastetxe den aldetik, diru-laguntza jasotzen du herri erakundeetatik, baina murrizketa sasoia heldu da horra ere. Gaur egun, eraikinean egokitzapen zenbait egitea dute helburu ikastolako arduradunek. Masifikazioa eta irisgarritasuna dituzte arazo, eta bi gela berri egokituko dituzte berehalakoan, batetik. Baina masifikazioa eta ikastolarainoko irisgarritasuna ez baitira besterik gabe konpontzen, herri erakundeekin ari dira lanean, soluzio bila. “Lehenengo, bi gela berri behar ditugu datorren irailerako”, esan digute.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskara  |  Euskara  |  Bertsolaritza  |  Hernani

Euskara kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko ekainaren 09a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude