Euskaraz bizi den herrian, lasaitzeko arriskua

  • Azkoitian (Gipuzkoa) hamar herritarretik zortzi euskaldunak dira. Hizkuntza natural darabilte azkoitiarrek, hizkuntza eskubideak edo euskara galtzeko arriskuaren kezkarik izan gabe. Hala ere, “bertan goxo” geratzeko arriskua ikusita, Maxixatzen euskara elkarteko kideek ikerketa egin dute euskarak herrian duen egoeraren argazkia ikusteko.

Azkoitian bizi diren etorkin haurrak, eskolaz kanpo euskara klaseak hartzen.
Azkoitian bizi diren etorkin haurrak, eskolaz kanpo euskara klaseak hartzen.

Kezka batzuk eraginda abiatu dute ikerketa. Herriko rock talde batzuek ingelesezko kantuak sortzen dituzte, helduek liburutegian hartzen dituzten liburuen %80 gaztelaniazkoak dira, tabernetan ez da euskarazko musika askorik entzuten... Horrelako kontuak ikusita, azkoitiarrek euskara egunerokotasunean nola bizi duten jakiteko egin dute ikerketa.
Batxilergoko ikasleei zuzendutako galdetegia eta eztabaida taldeak izan dira ikerketa egiteko bideak. Eztabaida taldeetan 60 bat lagun elkartu ziren zortzi taldetan; etxeko hizkuntzaren arabera eta adinaren arabera banatuta. Jasotako emaitzak liburuan bildu dituzte, eta aurkezpena ere egin dute herrian. Ondoko hau da liburuaren izenburua, eta www.maxixatzen.com webgunean aurki daiteke: Euskararen hautematea Azkoitian XXI.mendean. Hiztuna, gizartea eta hizkuntza.

Pitzadurak jarreretan

“Inoiz ez gara egon gaur bezain ondo”, azaldu dute Maxixatzeneko kideek; Karmen eta Mailu Irizarrek eta Naroa Olaldek. Kaleko elkarrizketetatik %77 euskaraz dira Azkoitian. Herritarrek euskararekiko jarrera oso ona dutela agertu da eztabaida taldeetan, baina egunerokoan “traba txikiek” gaztelaniarako saltoa egitera daramatzate.
Lehen hitza euskaraz egiteko ohitura gazteek gehiago daukate adinekoek baino. Askok esan dute: “Ezin dugu inposatu, ezin dugu gaztelaniarekin egin diguten berbera egin”. Euskaraz ondo ez dakienari edo euskaldun berriari gaztelaniaz egitea, lagun-taldean erdaldun bat badago hizkuntza aldatzea... horrelako jarrerak ugariak dira. Askotan, ezezagunekiko aurreiritziak daude, herritik kanpora joaterakoan, edo bertan bizi diren kanpotarrekin, euskaraz ez dutela jakingo pentsatu ohi da.

Kultur erreferenteak

Hamar azkoitiarretik hiru hiztun osoak dira. Euskara erabiltzeko gai izateaz gain, formazioa euskaraz jaso duten herritarrak dira hiztun osoak. Multzo horretan gehienak eskolan euskaraz ikasi duten gazteak dira. Gertuko harremanetan euskara erabiltzen dute, baita etxean euskara jaso ez dutenek ere. Bizitzako esparru guztietan euskaraz jardun dute gazteok, baina, lan arloan edo kultura kontsumitzeko orduan ez dute euskaraz egiten.
Euskal kulturaren ezagutzak arduratzen ditu Maxixatzeneko kideak: “Euskarazko kultur produkzioa ez da herritarrengana heltzen, eta ezagutzen ez dena, ezin kontsumitu”. Adinekoen eztabaida taldeetan euskarazko produktuak “zailak” direla esan da, eta gazteen kasuan, mundu erreferentziala anglosaxoia eta gaztelaniazkoa da: “Etorkizunean trakzio lana egingo duten horiek hizkuntzarenganako zer diskurtso edukiko dute?”.
Komunikabideen arloan ere, antzera: Irratia ez beste komunikabideak, gehienbat gaztelaniaz kontsumitzen dira Azkoitian. Horrek ere kezka eragin du: “Mundua euskara ez den beste hizkuntza batetik interpretatzen da”.
Kulturgintzaren transmisioan, soziolinguistikako ezagutza transmititzearen beharra nabarmendu dute: “Euskaraz gain, euskaldunoi gertatzen zaigunaren formazioa jaso beharko lukete eskolan”. Azpimarratu dutenez, azkoitiarrek oro har hizkuntza ez dute eskubideekin lotzen, komunikazio beharrarekin baizik.

Azkoitiko hizkera

Azkoitiko hizkera “zaila, takarra” dela iruditzen zaie azkoitiar batzuei. Hala ere, herriko hitzei balio handia ematen diete, eta kezka dago, ea umeek eskolan esamoldeak galduko ote dituzten. Maileguak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta hitz berriak sortzeko gaitasuna galtzen ari dela sumatzen dute. Hitanoa ere gero eta gutxiago egiten da gazteen artean.
Euskalkiaren eta batuaren artean tarte handia dago, eta askok batuan hitz egiteko erraztasunik ez dutela aitortu dute. Euskaldun berriei, berriz, Azkoitiko hizkerara gerturatzea kostatu egiten zaie: “Gurera ekartzeko ahalegina egin beharko genuke, mimatu, herriko euskarara saltoa errazago egiteko”. Herrian hiztun mota asko dagoela eta eurei egokitutako tresnak egon behar direla esan dute, “orain arte guztiei menu bera eman zaie”.

Karmen eta Mailu Irizar, Naroa Olalde; Maxixatzen elkarteko kideak
«Gazteek ez dute euskararen gaian arduratzeko beharrik ikusi»

Azkoitia euskararen arnasgune izanda ere, pitzadurak daudela diozue. Zein da zuentzako garrantzitsuena?

Karmen Irizar: Oso herri euskalduna izanda ere, hizkuntzari etekin handiena aterako dion taldea, hiztun osoena, txikia da. Horrek esan nahi du ezkutuan geratu daitekeela beste komunitatearen aurrean, edo bere lanak nolabaiteko eragina izateko ikaragarrizko lana egin behar duela, eta hor erraza dela nekatzea edo bakarrik sentitzea. Talde hori trinkotu beharko genuke eta elkarrekin gauzak egiteko bideak hasi.

Eskolako euskalduntzearekin egoera hobetzen joan daiteke?

Naroa Olalde: Pentsatu dugu hori nahikoa izango dela, baina ez da. Nahiz eta ikasketa prozesu guztia euskaraz egin, lanean askok ez dute aukera izaten, eta konturatu orduko erdaraz dabiltza. Ikasketak euskaraz egiteak ez du esan nahi dena eginda dagoenik.
K. I.: Pentsatu dezakegu D ereduan ikasi duen pertsona batek Berria irakurriko lukeela, baina ez da horrela. Gainera, gaztelaniazko eta ingelesezko erreferenteak dira nagusi, nolabait beraien elikagai kultural nagusia ez dator euskaratik. Etorkizunean erdaratik eta ingelesetik edan duen jendeak zer planteamendu egin dezake hizkuntzaren bueltan?

Euskal Herrian irla bat da Azkoitia. Hala ere ezkor zaudete?

N. O.: Askotan esaten da, hemen euskaldun asko garela baina euskaltzale gutxi. Beste herri batzuetan euskaldun gutxiago egon arren euskaltzaletasuna badago. Hemen ez dugu ikusten kezka bezala.
K. I.: Pentsa daiteke: “Egia da hobetzeko gauzak daudela, baina beno, ez gaude Gasteizen bezala, ez gaude Balmasedan bezala”. Pixka bat lasaitu egin gara, eta erraza izaten da pitzadurak zabaltzen joatea. Horren aurrean hurrengo belaunaldia formatzeko aukera daukagu, eta eragin dezakegu eurengan, orain badakigu zer landu.

Alde handia ikusi duzue belaunaldien artean?

Mailu Irizar: Kontzientziaren kontua, esaterako, talde denetan aipatzen da, baina bereziki 60 urtetik gorakoen taldeetan. Seguru asko bizi izan zuten egoeragatik. Gazteei ez zaie hori transmititu. Natural bizi dute gaia.
K. I.: ETB dago, Euskadi Gaztea... Gainera, gai honen inguruan ez dute arduratzeko beharrik ikusi. Kultur sorkuntzaren arloan ere badago aldea. Nagusienek Laboa, Benito Lertxundi... aipatu dituzte, eta gazteek ez; euren garaira mugatu dira. Lanketa egin beharko litzateke, kultura ez delako momentuan momentuko sorkuntza bakarrik; hona heltzeko orain arte egon dena ezagutu behar da.

Ondorioak esku artean, zer pauso eman behar dira orain?

K. I.: Bi puntuk eduki beharko lukete lehentasuna: Hiztun osoen kopurua haztea eta hizkuntzaren inguruko diskurtsoa osatzea eta zabaltzea. Horretarako ikastetxeen, euskalgintzaren eta erakunde publikoen elkarlana behar da.
M. I.: Irakasleon artean formazioa zabaltzea beharrezkoa da. Herriko bi ikastetxeetako irakasleak ezagutzen ditut eta esango nuke ehuneko ehun beste diskurtso batekin ari direla. Erakutsi beharrekoa da soziolinguistika.
N. O.: Eztabaida taldeetan argi ikusi da euskararen aldeko jarrera oso ona dutela denek, baina portaeran hori aldatu egiten da. Zergatik? Nahiko diskurtso ez dagoelako horri erantzuteko. Euskaraz hitz egiten erosoago sentitzeko tresnak behar ditugu.

Badira lau urte aldizkaria eten zenutela. Baduzue komunikazio proiekturik esku artean?

K. I.: Paperezko aldizkaririk ez dago, eta ez da egongo, diru kontuengatik eten zen. Orain badago mugimendua Euskal Herrian; Hekimen, Tokikom... Hortik planteamendu interesgarriak etorri daitezke. Guk bakarrik sortzea zaila dago, baina iruditzen zait epe ertain baten Euskal Herri mailako komunikabideen sare indartsua egon litekeela.
N. O.: Maxixatzenek aldizkaria egiteari utzi zionetik beste era bateko prozesua bizi izan du. Ikerketan, ondorio bat izan da etxe denetara sartuko den euskarazko hedabide batek lekua eduki behar duela. Azterketaren bidez, euskara elkarteak zein eginkizun izan behar dituen eta herrian zein hutsune dauden ikusi nahi izan dugu.
K. I.: Lehen aldizkaria helburua zen, eta orain tresna izango litzateke. Orain argiago daukagu zertarako beharko genukeen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude