Kartzelak

Mendekuaren garaipena

  • Oso gogoan ditugu Trantsizioko amnistiaren aldeko mobilizazioak. Horiei esker lortu zen euskal preso politiko guztiak kaleratzea. Hurbilago ditugu presoak herriratzeko azken manifestazioak. Borroka hau amaitzeke dago, baina garai bateko amnistiaren xedeak zokoratuta dirudi, eta baita kartzelen aurkako lelo eta jarrerak ere. Instituzio zigortzaile hori osasuntsu dago. Presondegiko murruak behera! aldarrikapenaren ordez, kartzela berriak altxa dituzte eskuindar zein ezkertiarrek, gobernu zentralak zein erkidegoetakoek, kontuan izan gabe kartzelen porrota.

Josu Chueca
2013ko otsailaren 24a
IruƱeko kartzela zaharreko barrualdeko irudia. 1907an eraiki zen eta 150 preso inguru ixteko gaitasuna zuen.Jagoba Manterola/Argazki Press

XX. mendean osatu zen Espainiako egitura penala. Aurreko mendetik zetozen kartzelak bazeuden, baina XX. mende hasieran presondegi zentralak eta probintzialak egin zituzten. Lehendabizikoen artean El Duesokoa dugu eredu, Euskal Herritik gertuen zegoena. 1907an Santoñan eraikitako espetxe hori La Darsena deitutakoa ordezkatzera zetorren. “Kolonia” gisa hartu zuten, presoek tailerrak, baratzeak eta lantegiak zituztelako bertan.

Urte-kidea dugu Iruñeko espetxea, Pamplonako Presondegi Probintziala izendatua (PPP hizkiekin ezaguna). Europako kartzelen artean hedaturik zegoen egitura panoptikoa zuen, hau da, erdigune baten inguruan galeriak zituen eta norabide erradialean luzatzen ziren. Iruñekoak bi aldetan eta hiru pisutan zituen ziegak, eta 150 preso inguru ixteko gaitasuna zuen. Antzekoak ziren Donostiako Ondarretakoa eta Bilboko Larrinagakoa, biak XIX. mendean eraikiak eta 1947 eta 1960 arte iraun zutenak, hurrenez hurren. El Dueso bezalako kartzelak Estatuarenak ziren, aldiz Iruñekoa probintziala zenez –aldi berean auzitegi barrutiko presondegia ere bazen– Diputazioak ere parte hartzen zuen kudeaketan, batez ere diru-laguntzetan eta hainbat funtzionarioren izendapenean.

El Duesoz gain, mende hasieran, beste sei presondegi nagusi zeuden Espainiako Estatuan barreiaturik, jadanik epaiturik izan zirenak beraien zigorrak bertan bete zitzaten: Ocaña, Cartagena, San Miguel de los Reyes, Alacante, Burgos eta Puerto de Santa Maria. Baina lurralde guztietan auzitegi barrutiko kartzelak ere bazeuden, Iruñekoa, Bilbokoa eta Donostiakoa lez, presondegien sare zabal eta sendoa osatuz.

Ipar Euskal Herrian antzeko egitura penala zuten, baina askoz hedatuagoa. Aurreko mendean eraikitako La Petite Roquette (1836-1974) La Santé (1868) eta Fresnes (1898) presondegi zentralez gain, Maison d’arret edo tokian tokiko atxilotze etxeen sarea oso zabala zen. 1946an, esate baterako, horrelako 232 barrutiko espetxe zeuden. Horiez gain, legez eta indarrean izan zituzten 1938ra arte Bagnes zirelakoak –bortxazko lanentzako prestaturiko deserri leku bereziak– Kaledonia Berrian eta Guyanan. Orduko Fronte Popularrak bertan behera utzi zituen zigor leku horiek, baina 1953 arte ez ziren itzuli azken gatibu deserriratu eta bortxatuak.

Croftonen sistema: graduz gradu bergizarteratzea

Kontraesanak kontraesan, egitura penal horietan ezarri nahi zituzten Europako zigor kodeetan nolabaiteko arrakasta izan zuten ideiak eta helburuak. Mendekua eta min fisikoa saihestuz, teoria modernoenek zioten zigorrak gizarteratzeko balio behar zuela. Hala, edozein presok bere ibilbide penalean aurrera egin zezakeen sailkapen jakin baten bidez, ezarritako zigorraldia murriztuz. 1901ean indarrean jarri zuten Espainiako Estatuan Crofton deituriko sistema. Walter Croftonek Irlandan zabaldutako sistema penaletik zetorkion izena. 1889an egindako nazioarteko biltzarrean azaldu zuen bere sistemaren filosofia Croftonek, eta azkar hedatu zen Europako gainerako herrialdeetara.   

Espainiako Estatuan, aldaketak aldaketa, gaur arte iraun duen graduen egiturak ere filosofia horretan du oinarria. 1901az geroztik, lau gradutan edo alditan sailkatu zuten presoen ibilbide ideala. Lehenbizikoa: isolamenduarena, hasieran 8 egunekoa zen, geroxeago 3-4 egunekoa bilakatuz joan zen. Bigarrena: beste presoekin patioan egon ahal izateaz gain, presoak lanak eta ikasketak egin zitzakeen. Hirugarrena: lan arinak egiteko eta kartzelako lanpostuetan aritzeko balio zuen. Laugarrena: baldintzapeko askatasuna zekarren.

Sistema hori presoak bergizarteratzeko bideratuta dago eta erregimen politiko guztiek onartu dute, nahiz eta oso ezberdin aplikatu. Espainian 1930ean onartutako presondegien araudiak, esate baterako, graduen sistema jaso zuen, eta 1956an berritu zutenean, legislazioak hizkera desberdina erabiliagatik ere, lau graduko sailkapen progresiboari eutsi zitzaion.

Victoria Kent-en amets erreformatzaileak

Gradu bidezko oinarrizko egituran aldaketa nabarmenak izan dira erregimen politikoen arabera. 1931n II. Errepublikarekin batera egin zen politika penala leuntzeko saiorik esanguratsuena. Victoria Kent legelari eta politikari errepublikarra presondegien zuzendari orokor izendatu zuten, eta kartzelak gizatiartu asmoz hainbat lege onetsi zituzten errepublikarrek. Kent izan zen estatu bateko presondegien ardura hartu zuen lehen emakumea munduan.

Gogo beroz ekin zion programa eraldatzaileari. Hasteko, aitzinako garaietatik indarrean zeuden hainbat jokabide, girgiluak, kateak edo gisa bereko burdin loturak debekatu zituen. Bestalde, kartzeletan laizismoa ezarri zuen, ordura arte zeuden errito erlijiosoen betebeharra kenduz. Kaperauak eta lekaimeak kanporatu zituen kartzeletatik, neutraltasun erlijiosoa bermatzeko. 70 urte zituzten presoak aske gelditzea izan zen beste neurri esanguratsua. Prentsa zentsurarik gabe kartzeletan irakurtzea ahalbidetu zuen. Eta aurrekontuak igo zituen presoek dieta egokia izan zezaten. Bestalde,  Madrilgo Ventas-en emakumeentzako kartzela berri eta modernoa eraiki zezaten tematu zen.

Baina asmo berritzaile horiek gutxi iraun zuten. Victoria Kentek 14 hilabete geroago dimisioa aurkeztu zuen,  komunikabide eskuindarren eta kartzeletako funtzionarioen erasoei men eginez. Ondorengo urteetan gauzak nabarmen okertu ziren. Kenten lekuan zuzendari ugari txandakatu ziren eta gehienek bat egin zuten bere ordezko izan zen Vicente Solek esandakoarekin: “Espetxea ez da jendea bergizarteratzeko instituzioa, seguritatea eta gizaki lanjerosaren isolamendua sustengatzeko baizik”.

Joera errepresiboa areagotu egin zen 1934az geroztik. CEDAk (eskuindarren konfederazioa) eta PRRk (Alderi Errepublikar Erradikala) gidatzen zuten Gobernua. Heriotza zigorra berrezartzen saiatu ziren eta urte horretako Urriko Iraultzarekin aitzakia galanta izan zuten II. Errepublikaren aurreko urteetako egoerara itzultzeko. Testuinguru horretan, Iruñerriko San Cristobal gotorlekua eta antzeko beste gune asko kartzela bilakatu zituzten, itsasontzi ugari ere egun batetik bestera presondegi masibo eta anker izateko atondu zituzten.

Kartzela frankistak: ankerkeria eta pragmatismoa

Errepublikako azken urte horiek 1936ko Gerrak ireki zuen aro luze errepresiboaren aurrekari zuzenak izan ziren. Aparatu frankistak berehala indargabetu zuen legislazio errepublikarra, eta 1930eko araudia bete-betean ezarri zien gero eta ugariago ziren presoei. Eztabaida dezente izan da preso kopuruaren inguruan, baina egun ditugun ikerlanak kontuan hartuta eta Urtekari Estatistikoak emandako datuen arabera, 1940an kartzeletako gatibuen kopurua 270.000 lagun ingurukoa zela ontzat jo daiteke. Horrek masifikazio izugarria ekarri zuen espetxeetan. Lekukotasun guztiak bat datoz. El Duesok, 1934an 412 presorentzako lekua zuen, bada 1939an 3.342 preso pilatu zituzten bertan. Aurrerapen ugarirekin diseinaturiko Ventaseko emakumeentzako kartzelan, 450 pertsona egon beharrean, gerra amaitu ostean 10.000 emakume preso zeuden. Antzeko zerbait gertatu zen beste presondegi zentralekin: Puerto de Santa Marian 1933an 253 preso zeuden, 1942an 5.069. Burgosekoa, urte berean, 346 preso izatetik 4.399ra igaro zen.

Euskal Herrian ezagunak dira hiriburuetako kartzelak: Ondarreta, Nanclares, Larrinaga, Iruñea… Presoz gainezka zeuden eta presondegi berriak inprobisatu behar izan zituzten. Ezkabakoa 1936an gerra hasi bezain pronto zabaldu zuten gizonezkoentzat; Saturrarangoak eta Amorebietakoak berriz, 1937az geroztik izan ziren emakume gatibuentzako kartzela. Horiez gain, kontzentrazio zelaiek eta lan batailoiek osatu zuten frankismoaren hasierako urteetako unibertso errepresiboa. Azkeneko hauek urte batzuk igaro ostean desagertu ziren, eta espetxeak zigortzeko egitura nagusi bihurtu ziren berriz ere.

Frankistek bergizarteratzeko politika erabat baztertu zuten. Baina preso kopurua handiegia zen eta berehala arindu beharrean aurkitu ziren. Horretarako, makulu izan zuten hainbat faktore. Alde batetik, 1943 arte etengabe aritu ziren presoak erail eta fusilatzen. Epaiketa osteko hilketak –1975 arte luzatu zirenak– latzak izan ziren maiztasun eta kopuruari dagokionez. Bestetik, gerra ondorengo lehen urteetan, bereziki 1941-1942 inguruan, hilkortasun tasa ikaragarriak izan ziren kartzeletan. Preso kopurua jaisteko beste modu bat barkamenak ematea edo zigorrak murriztea izan zen.

1947an, gerraren ondorioz giltzaperatutako presoen multzoa arras apalagoa zen jadanik. Helburu hori lortzeko, graduen politika erabili zuten, kartzelak azkar arintzeko. “Lanaren truke zigorra libratzea” izan zen orduko leloa. Jose Agustin Perez del Pulgar jesulagunak, Jose Maria Sanchez de Muniainek eta Maximo Cuervok diseinaturiko ekimena izan zen hura, eta helburu bikoitza zuen: alde batetik, erregimen errepresiboa gizatasunez janzteko balio zuen, eta bestetik, baliabide ekonomikoak ematen zizkion presoari, eta batez ere Estatuari, presoen lansariaren gehiengoa Estatuaren kontuan gelditzen baitzen. Baina helburu nagusia zigorra apaltzea zuen, horretarako hainbat neurri erabiliz.

Bereziki preso politikoentzat antolatutako ekimena, atxilo guztiengana zabaldu zuten geroago, eta diktadura frankistaren azken urteetan, gehienbat preso sozialek erabili zuten beraien zigorraldiak gutxitzeko. Preso politikoek berriz, aukera baliatu zuten unibertsitatean matrikulatu eta ikasketak sakontzeko. 

Eta gaur egun?

1978ko Konstituzioak kartzelaren funtzio bergizarteratzailea nabarmentzen du  25. artikuluan: “Askatasuna kentzeko zigorrek eta seguritate neurriek berreziketa eta bergizarteratzea izango dute jomuga”. Ondorengo urteetan, onartu diren presondegietako araudiek –1979koak eta 1996koak– teorikoki eskubide horiek sustengatu dituzte, baina bergizarteratzeko eta berreziketarako jardunak lekutan geratu dira.

Parot doktrinak argi utzi du mendekuz kutsaturiko zigor hutsa dela kartzelen rol nagusia. Beste adibide bat ikus dezakegu heziketaren arloan: preso ugarik EHUren bitartekaritzarekin burutzen zituzten ikasketak, hura zen euskarri nagusia, bada 2008az geroztik bertan behera geratu da hori guztia, Espainiako Gobernuaren aginduz. Horrek argi uzten du kartzelen gaineko legislazioa eta benetako praktika ez datozela bat giza legeekin.

Beste indar erlazio batzuek eta mobilizazioek baino ez dute gizateriaren bidea irekiko. Victoria Kentek behin esan zuen: “Gorroto ezazu delitua, erruki zaitez egileaz”. Hitzok funtsezkoak dira giza eskubideak presoen artean errotu daitezen.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: 'Parot doktrina'  |  Politika

'Parot doktrina' kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude