Gernikako arbola Lumoko haretxa zenekoa

  • Gernika aldera bizitzera etorri nintzenez gero, hiru bider igoko nintzen Lumora. Gernikako arbolaren jatorrizko jabea izan zen Lumoko elizatea, harik eta 1882. urtean Gernikak bereganatu zuen arte. Lumoren gainean, ordea, ezer gutxi dakigu.

San Pedro eliza, Lumon.
San Pedro eliza, Lumon.

Hala aitortu zuen 1999an alkate zenak, Gernikazarra Historia Taldeak egindako liburuan:“100 urte ere igaro dira eta, dudarik ez, ‘hiritarrek’ [gaztelerazko bertsioan ‘villanos’] hartu dute euren esku gure udalerriaren ospea eta sinbolismoa. Beraz, sasoia dela uste dugu Elizateari dagokiona emateko, bere jatorriaz, ohiturez, izaeraz, biztanleez... ikertzeko eta ezagutzera emateko”.

Nire asmoa prosaikoagoa da: Gernika-Lumo aldera osteratxoa egitera datorrenari, Gernikako arbolaren jatorrizko lurretatik pasieratxoa egin dezala proposatzea. Hainbat bide daude aukeran; azkarrena, Andra Mari eliza osteko errepidetik autoz igotzea, baina horrek ez luke meriturik, ezta? Ostera zirkularra egitea da proposamena, eguerdirako Boliña zaharrean “kroks” edo “ferrerorrotxer” gozoak jateko –halaxe deitzen diete tabernariek etxeko kroketa goxoei–. Berbalagunen bitartez izan nuen ibilbidean gidari lanak egin dizkidanaren berri. “Berak biderik ez badaki, ez dago joaterik”, esan zidaten, eta harekin egin nuen Gernika-Lumo-Kosnoaga-Gernika ibilbidea, hamar kilometroko Gernika-Lumoren historia laburra.

Gernika eta Lumo, bost mende elkarri mokoka

Gernikako hiribildua 1366ko apirilaren 28an sortu zuen Bizkaiko konde On Tellok, Lumoko elizateari lurrak kenduta. Ordurako, Gernika legez ezagutzen ziren Oka ibai ondoko portuko lurrak bereganatuak zituen On Tellok. Harrezkero, eta 1882ko urtarrilaren 8ra bitartean, bi udalerrien artean auziak, iskanbilak, kereilak eta liskarrak ohikoak izan ziren, tartean, Lumoko tabernen ordutegia murrizteko Gernikako tenientearen desioak eta astelehenetako plazaren ingurukoek eragindakoak. Izan ere, sasoi hartan asteleheneko plaza Lumon egiten zen, eta Gernikako saltzaileak hara joaten ziren erosle gehiago egoten zelako; horrek, jakina, zergak Lumorentzat izatea eragiten zuen eta hortik Gernikako autoritateen haserrea. Orain bezala, orduan ere dirua lehentasunezkoa zen agintarientzat.

Tirabira haiek 1882an amaitu ziren, tartean Madrilgo Gorteetara gutun bana bidalita. Bata Gernikako hiribilduak, bategitearen aldeko 301 sinadurarekin; bestea Lumoko elizateak, 340 biztanleren izenean, bategitearen kontrakoa. Azkenik, 1882ko urtarrilaren 8an Madrilgo Gorteek elizatea eta hiribildua elkartzea adostu zuten. Harrezkero Gernika-Lumo da hiribilduaren izena eta alde zaharrean, gaur egun oinezkoena den kaleetako batek Ocho de enero izena dauka. Eta jakina, Lumokoa zen haritza, Gernikako arbola da.

Lumorantz

Sasoi batean Lumoko Udaletxea izan zen eraikinetik oso gertu dago arbola zaharra, Batzar Nagusien parean dagoen Klarisen komentu ondoan. Gune hori nahikoa ezaguna da. Guk beste abiapuntu bat aukeratuko dugu: herrigunetik Bilbora norabidean ateratzeko Juan Kaltzada kale osoa zeharkatuko dugu, herriaren hasierako Lurgorri auzora arte, eta han Santa Luzia auzo berrira sartuko gara. Santa Luzia ermita ostean hartuko dugu Lumora eramango gaituen bidexka, Zallo baserri auzoan barrena doana.

Mikiene errekastoaren albotik, Done Jakue bidea ezkerretara utzita, bideari jarraituko diogu. Domeketan jende asko ibiltzen da paraje horretatik, erraza baita oso, paseoa. Zallo auzoaren behealdeko baserri artetik gorantz egingo dugu “Errigoiti-Mungia” seinalera iritsi arte. Eskumako bidea hartuko dugu Bidaguren-Artze baserrietarantz. Hala, pixka bat gorago Arribaltza baserri parean, BI-3213 Errigoitiko errepidea zeharkatuko dugu pareko aldapa hartzeko, San Pedro auzorantz. Puntu horretan atzera begiratuz gero, Durangaldeko mendi guztiak guri begira daudela konturatuko gara. Merezi du Arribaltza baserritik dagoen paisaiari argazkia egitea.

Aldaparen amaieran Amillagako San Martin ermita paretik igaroko gara, eskumaldetik doan 173 BI-PRari segika. Pinudia zeharkatu beharko dugu beheranzko bide batetik, eta basotik irtendakoan lehenengoz ikusiko dugu aurrez aurre Lumo, baina oraindik tarte batez ibiltzen segitu beharko dugu hara iritsi baino lehenago. Ordorika baserriaren parean, ezkerraldera sartzen da honaino ekarri gaituen PRa. Tarte batean marka zuri-horiak segituko ditugu, baina tarte laburra izango da. Izan ere, Amillagako ermitatik Lumorako bidexka horrek kilometro bakarra dauka. Hortaz, berehala gara Lumon.

Kosnoagako begiratokia

Behin Lumora iritsita, tentazioa izango duzue herriko iturritik (1884koa) behera egiten duen errepidea (BI-4215) hartu eta zuzenean Gernikara jaisteko. Haatik, gure gidariak proposatu digun bideari jarraituko diogu, eta iturri ostetik gora egiten duen Errigoitiko Madalen auzorantz joko dugu, inguruetan dagoen begiratoki natural bakarrenetakora ailegatzeko: Kosnoaga, Aixerrota legez ere ezaguna inguruan. Hamar bat minutuko kontua da hara heltzea: behin Bastegieta baserrira iritsita, errepidean eskumatara dagoen bidexka hartuta Urdaibaiko paisaiaz gozatzeko Kosnoaga gaina segituan dago. Muino txikia da, telefonia antena jartzeko erabili dutena. Borda bat ere badago bertan, eta ate bi mendi gainera bidean. Zabalduz gero, bueltan itxi, ganaduak hanka egin ez dezan –guk ahuntzak baino ez ditugu ikusi–.

Han gainetik ikusiko dugu Oka ibaiak paduran egiten duen zeharkaldia, Laidan ito bitartean. Foruko harrobia ezagutuko duzue parez pare, Foruari gerizperik egiten ez dion arren. Ibaiaren beste aldean Kortezubi eta Gautegiz-Arteaga daude, Sanmigeleko Ereñozar atzean dutela. Mendiari buelta emanez, Santa Eufemi gaina ere ikusiko dugu Aulesti inguruan, Lea-Artibai eskualdean. Eta berehala gure azpian Gernikako hiribildua nola hazi den sumatuko dugu. Ibilbidea hasi dugun Santa Luzia eta Lurgorri ditugu azpian, urbanizazio ikaragarri handia eta herriko gazteek bizileku dutena, hantxe eraiki baitira Gernikako etxe bloke berri guztiak.

Errenteria auzoa

Aixerrotari buelta osoa eman ostean hasiko dugu beheranzko bidea. Lehen utzitako errepidera itzuli bezain laster, eskuma aldera eta beherantz hasiko gara, Foruko harrobia ikusten den leku parean. Bi bidexka daude, baina guk zabalena hartuko dugu. Horrek eramango gaitu Gernikatik Lumora igotzen den errepide nagusira (BI-4215). Aurretik, baina, Gernikaren bestaldea ikusteko aukera izango dugu: Errenteria auzoa, Oka ibai gaineko zubitik ezkerrera dagoena –1540. urtean eraiki zuten lehenengoz harrizko zubia–. Antza denez, haraino iritsi zen Nafarroako Erreinua, muga-etxe edo aduana zegoen lekuraino; horixe ziren errenteriak, aduana funtzioa betetzen zuten etxeak eta lonjak. Gaur egungo hirigunean egon zen lehenengoa, baina burdinolen eraginez ibaia nabigaezin bihurtzen joan zen heinean, eta ingurua padura bihurtzen, atzerago eraman behar izan zuten; hala, gaur egungo Errenteria auzo parean eraiki zen Gernikako hirugarren errenteria, sasoi batean Ajangiz herriarenak izan ziren lurretan, Portu kalearen bestaldean.

Frankismoko galdeketa haiek

Ajangiz Gernikari lotuta egon zen 1940tik 1991ra. Orduan atzera independente izatera igaro zen, baina Errenteria auzoa Gernikan geratu zen. Ez zen inolako galdeketarik egin horretarako. Bai, antza, Arratzu, Murueta, Forua, Kortezubi eta Nabarnizko udalerriak Gernikari lotzeko. Apuntes para la historia de Gernika-Lumo liburuak dioenez, 1966ko abenduaren 26ko BOEn argitaratu zen Gernikaren zabalkundearen dekretua. Erreferendumean herritarren %89k parte hartu ei zuen, eta ia guztiek (%95) alde bozkatu zuten. Ez egiezue oso kontuan hartu, Francoren denboretan izan zen eta.

Kontua da Errenteriak Gernika-Lumo izaten segitzen duela, ez ordea gainontzeko herriek. Eta guk jada egin dugula gure osteratxoa. Cuatro bancos izenaz ezagutzen den lekuan bat egingo dugu Lumotik behera datorren errepide nagusiarekin, eta handik behera, berehala, Santa Maria parrokia ikusiko dugu Europako parkea zeharkatuta eta Txillidaren eskulturak pasata. Handik behera zuzenean egingo dugu Gernikako erdigune bihurtu den Merkurio iturriraino, merezitako “ferrerorotxer” errazioa jateko. On egin!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Otxandio
2025-04-24 | ARGIA
Bere etxearen aurkako erasoa salatu du Aritz Otxandianok, eta berriztagarriekin duen jarrerarekin lotu du

Asteartetik asteazkenerako gauean familiaren etxearen aurka bi bengala bota dituztela jakinarazi du Fagor kooperatibako jasangarritasun arduradunak.


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


2021-07-13 | ARGIA
Santi Bengoa CCOO Euskadiko idazkari nagusi ohia hil da

Aramaion jaio eta Otxandion bizi izandakoa, 1988tik 2000. urtera bitartean izan zen CCOO Euskadi sindikatuko idazkari nagusi.


2021-06-30 | Idoia Garzes
Mañaria-Abadiño (Bizkaia)
Saibi, Urkiolako behatoki txikia

Parke Naturalaren erdian kokatuta, Urkiola gainaren mendebaldean dago Saibi mendia (946 m), Eskuagatxeko mendilerroaren muturrean. Mendi erraza, Saibik ez du bere kareharrizko senideen ospea, eta pilota-soroa dirudi bere borobiltasun berdean.
Baina haren gailurretik... [+]


'Lemoiz gelditu' murala
Herri mugimenduarentzat sortutakoa, herritarren esku

Euskal Herrian eraiki nahi zituzten lau zentral nuklearren aurkako borroka babesteko, Jose Luis Zumetak, Karlos Zabala Arrastalu-k eta Bixente Ameztoik Lemoiz gelditu horma-irudia sortu zuten 1980an. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoari eman diotela argitaratu zuen... [+]


2018-07-24 | Hala Bedi
Bonbardaketa eta errefuxiatuak Otxandioko mural berriko irudian

Otxandioko sarreran dagoen eraikin bateko horma oso bat hartzen du udalak egindako mural berri batek. ‘Ongi etorri’ goiburuaren azpian irudi bi ageri dira. Zuri beltzekoak gerra zibilaren eta bonbardaketaren ondorioz Otxandio ebakuatu zuten unea jasotzen du... [+]


2018-01-18 | Anboto
Ramon Aldasoro preso otxandiarra aske gelditu da

Ramon Aldasoro euskal preso otxandiarra aske gelditu da gaur goizean. Etxeratek jakitera eman duenez, 20 urteko espetxe zigorra bete ostean Aldasoro kalean da.


2017-12-28 | Anboto
Urigoitiaren kasua ireki daitekeen aztertuko du Iñigo Iruin abokatuak

Luzia Urigoitiaren kasua berriro ireki daitekeen jakin gura du Otxandioko Udalak. Urigoitia 1987an hil zuten, tiroz, Guardia Zibilak Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eginiko sarekada batean. Ildo horretatik, Iñigo Iruin abokatuagaz batu dira, eta honek proposamen bat... [+]


2017-10-05 | Anboto
Mural batzuen harira, Otxandioko Udala eta Estatuko delegazioa epaiketara doaz

Espainiako estatuak Euskadin duen delegazioak Ospital Kalen dauden pintada bi garbitzeko eskatu zion Otxandioko Udalari orain hile batzuk. Pintada batean tortura salatzen da eta, bestean, euskal preso eta iheslarien euskal herriratzea eskatzen da.


2017-07-11 | Anboto
Otxandioko emakumeen soka-dantza berreskuratu dute Sabina Oianguren dantzariari esker

Otxandioko Urduri dantza taldeak emakumeen soka-dantza berreskuratuko du aurten, jaietan plazaratzeko. Ainhoa Lasuen Urduri dantza taldeko kideak dioenez, “koreografia ez da inongo asmakizuna. Otxandioko andrek utzitako ondare historikoaren berreskurapena da. Altxor... [+]


20. Korrikak Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du ‘Batzuk’ leloarekin

2017ko Korrika aurkeztu zen azaroaren 9an Donostian. AEK-k antolaturiko ekintza martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean ospatuko dute, Otxandiotik Iruñera bidea eginez. Batzuk izango da 20. edizioko leloa. Kultura, hizkuntza eta mundu ezberdinek osatzen duten... [+]


2015-09-16 | Garazi Zabaleta
Otxandioko atxiloketek biktimen trataerari buruzko ika-mika sortu dute

Otxandion asteartean Guardia Zibilak egindako atxiloketek ika-mika ekarri dute biktimen esparrura.


2015-06-17 | Amaia Ugalde
Otxandio (Bizkaia)
Natura biziaren erdian

Gorbeia eta Anboto artean, naturaz inguraturik dago Otxandio. Ez da herri handia, baina bizitza sozial handia du. Historiaz betetakoa ere bada; antzinako ardo eta arrain saltzaileen geralekua izandakoak 1936ko gerran Iberiar penintsulako gizarte zibilaren kontrako lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude