"Egunerokoaren argazki ere badira ipuinok, baina horixe dira, ipuin"

  • Ez naiz ni ipuin liburua argitaratu zuen udazkenean. Bizitzaren erdigunera iritsitako pertsonaiak dira gidari, haien ezinak ipuinetako gai nagusi. Zahar ez badira ere, adin batera heldu dira denak, baina ez, zuzen, heldu nahi zuten lekura….

Zaldi Ero
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamabi ipuin bildu ditu Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) liburu berrian. Hamabost zauri idatzi zuen 2004an, eta bidea egin du harrezkero, Amaren eskuak, Zu bezain ahul, Musika airean eta oraingo Ez naiz ni (Elkar, 2012) argitaraturik. Lan berrian, lehen ere arrotz ez zaizkion gaiak erabili ditu: gizon-emakumeen arteko harremanak, komunikazio ezinak, maitasun eta maitasun eza… Eguneroko bizimodu zitalaren kronika izan zitezkeen testuok, baina egileak ez du zalantzarik egin: ipuin dira, adin jakin batera heldu eta egunero bizi direnak.

Zer gertatzen da bizitzaren erdigunera iristean?

Liburu honetako pertsonaiek, behintzat, euren burua errekonozitzeko zailtasuna dute. Bidearen zati bat egin dute, heldu dira norabait, eta, bat-batean, zalantza: “Hona heldu nahi nuen? Lehen nintzen hura naiz oraingo hau?”. Zalantza da nagusi pertsonaia hauetan, hutsunea, eta antsietatea. “Denbora aurrera doa”, diote. Konturatu dira… Gazte zarenean ere konturatzen zara denbora badoala, baina halako adin batera heldu eta konturatzen zara benetan egiten duela aurrera denborak. Eta, orduan, urgentziak datoz: gauzak egiteko.

Ordu arte egin ez dituztenak egiteko…

Batzuek, ordu arte egin ez dituztenak egiteko. Beste batzuek, iragana errekuperatzeko, hura idealizatzeko. Baina iragana ez dago errekuperatzerik. Joana joan da, atzerantz egiteak ez du balio. Iragana gure bizitzaren parte da, baina desagertu da, oroimenean besterik ez dago. Zer da, azken finean, bizitza? Bide batzuk hartzea, eta beste batzuk baztertzea. Pertsonaiok heldu dira halako adin batera, eta gogoan hartu dituzte bazterrera utzitako bideak. “Bide hura hartu izan banu? Halakorekin joan izan banintz?”.

Noiz da “bizitzaren erdigunea”?

Ez da adin kontua, norberaren esperientzien araberakoa baizik. Batzuek berrogei urte pentsatuko dute, baina izan litezke berrogeita hamar, edo hogeita zazpi! Bizitzan izandako esperientziak agintzen du, ez adinak. Zenbait gauza eginda izateak markatzen du hori. Batzuek goiz izaten dituzte umeak, adibidez. Eta umeak hazten ari direla konturatzen direnean, bizitza bera ere aurrera doala konturatzen dira. Hutsunea dator orduan, edo etor liteke. Ipuinen batean horixe ikusten da. Seme-alabak hazten, familia “apurtzen” ari dela ikusten dutenean azaltzen da hutsunea, adibidez.

“Liburuko pertsonaiak” ari zara beti. Zure bizi-esperientziarik ez dago batere Ez naiz ni lanean? Zure adinetik ez dago batere?

Bai, jakina. Idazten den horretan beti dago norbera, ez gertatzen diren gauza guztietan –ezinezkoa litzateke–, baina bai pertsonaiak eta bai egoerak norberaren burutik sortuak dira, norberaren barruan daude nola edo hala. Finean, norberaren inguruan dagoen atmosfera bat da, doinu bat, kezka, ezinegona…

Zergatik jo duzu bizitza erdigunera, zuzen? Zerk eraman zaitu horra?

Zaila zait horri erantzutea. Neuk ere ez dakit. Idazten hasten naizenean ere ez dakit, ziur, zer idatziko dudan. Ipuinak idazten hasten naiz, idazten dut bat, bi, hiru… eta dozena erdi idatzita ditudanean, konturatzen hasten naiz badela gai bat errepikatzen ari dena. Orduan, liburuari osotasuna eman nahian, hortik jotzen dut, beharbada neure burua horretara behartzen dut. Baina ez da aurretik hartutako erabakia. Barruan nituen gaiak lantzen hasi, eta idatzi ondoren konturatzen naiz gai hori zebilela nire barruan.

Inportantea da –komenigarri da, hobe da, lagungarri da…–, ipuin liburuak delako osotasun hori izatea?

Ez dakit osotasuna inportantea den, baina atmosfera bat izatea uste dut ona dela. Liburua da, osotasun bat du, eta irakurleari giro batean sartzen laguntzen diola uste dut. Ipuinak ezberdinak izan arren, atmosfera berekoak dira. Liburu batean lanean ari naizenean, horretan saiatzen naiz, batzuetan lortzen dut, beste batzuetan ez. Baina nire burua gehiegi behartu gabe egiten dut. Begira zer gertatzen den gaur egun musikan: ez dago diskorik, kantua da, kantu bat, unitatea. Ipuinetan ere, berdin, bakoitzak bere balioa du, modu independentean. Hala ere, ipuin hori antzeko mundua deskribatzen duten beste zenbait ipuinekin batera jarriz gero, emaitza hobea da, indar handiagoa du. Irakurle naizen aldetik diot!

Ez naiz ni irakurtzen ari nintzela, zer moduz ari nintzen galdetu zidaten ondotik. Nik, gustura irakurtzen ari nintzela, ipuin ez ezik, adin batera heldu direnen harremanen kronika iruditzen zitzaidala liburua esan nuen.

Partez bai. Ipuinen parte handi bat horixe da, egunerokoaren argazkia, ingurukoaren erretratua, gertu dituzun pertsonaia, gauza eta egoeratik egindako lapurreta. Ondoren dator haiek zentrifugatzea eta idaztea. Hala ere, ipuin dira, horretan ez dut zalantzarik, nahiz eta parte handi bat egunerokoaren argazki ere izan. Ikusten dudan hori jasotzen dut.

“Egunerokoaren argazki”, esan duzu. Ez dakit jabetzen zaren zenbateraino diren errealitate zure argazki horiek.

Nik uste oso errealitate direla ipuinok. Denetarik esan didate. Batzuek oso dramatikoak ere badirela esan didate. Nik, aldiz, oso errealak direla esaten diet, eta egunerokoak. Bizitzaren erdigunera iritsi dira pertsonaiok, konturatu dira bizitza ez dela gauza erraza, borroka dela. Bizitzaren erdigunera heldu eta gauza asko gertatu dira, gero eta pisu handiagoa daramazu bizkar-zorroan, harri bat hemen, harri bat hor… harri asko azkenean. Ez, bizitza ez da gauza erraza, borroka da, maila guztietan. Diru asko duenak eta lanik ez duenak, denek bizi dute borroka hori, miseria asko. Liburuko pertsonaiek hori erakusten dute, bizitzea dela, azken finean, egunero zerbaiti aurre egitea.

Non ikasi duzu hori?

Bizitzak berak erakusten du...

“Dugun irakaslerik onena bizitza da”, Mikel Arregiren poema bat, noizbait.

Bizitzak erakusten dizu, zeure bizitzak, lagunenak, ingurukoenak… fikzioak ere erakusten dizu, irakurri duzunak, ikusi duzun filmak. Denak erakusten du.

Zer aldatu da Hamabost zauri lehenengo Karmele Jaio hartatik honako honetara?

Urteak joan dira, harri gehiago daramat nik ere bizkarrean! Kar, kar, kar… Horrek garrantzi handia du idazteko garaian. Esperientzia gehiago pilatu dituzu, gauza gehiago gertatu zaizkizu, eta hori nabari da. Idazteari dagokionez, Hamabost zauri hartu, publikatu nuen lehen lan hura, eta oraingo Ez naiz ni hau, eta bada aldaketarik. Bereziki liburu honetan gertatu den aldaketa da, ipuinen lantzeari dagokionean. Orain luzeago ditut ipuinak, lehen ipuinak amaitzeko presa nuen. Orain ipuinari berari irteten utzi diot, esan nahi duena esan dezan denbora eman diot.

Umorez jardun duzula esan zenuen liburua aurkeztu zenuenean.

Umore ukitua, behintzat. Aurrekoetan ez zegoen horrelakorik, edo ezkutuan. Orain gogo handiagoz atera zait. Adina izango da! Zenbait egoeraren aurrean bi aukera izan ohi dituzu: negar egin, ala barre. Oraingo honetan barrea nahiago, barre neure buruari, neure inguruari, neure adin bereko jendeari…

Zer moduz hartzen zaitu kritikak?

Batzuetan ondo, besteetan gaizki. Kritikariaren lana da. Gurea, idaztea, ez haien lana baloratzea.

Eta maskulinoa gora eta femeninoa behera hasten direnean?

Pauso asko egin behar ditugula uste dut. Egin izan dizkidaten elkarrizketa guztietan galdetu izan didate horretaz, edo aipatu izan didate: “Zure pertsonaia gehienak femeninoak dira”. Oraindik arreta ematen du horrek! Bestalde, inork ez dio gizonari esango: “Zure pertsonaia gehienak maskulinoak dira”. Maskulinoa neutroa iruditzen zaigu oraindik. Femeninoa, aldiz, markatu behar den ezaugarria. Ezberdina. Urteak pasatu beharko dira, edo ez dakit zenbat denbora, epizentro hori mugi dadin.

Kritikari asko ez ote den ari bere erdigunetik, idazlearen lana epaitzen.

Ezin da liburu baten kritika egin, lan hura irakurtzen ari zarenean gauza jakinen baten bila ibilita. Zuk nahi duzuna aurkitu ez duzunean, kritika. Hori ezin da egin.

Pertsonaia baten aipua ekarri nahiko nuke: “Anek ez dauka lan bat, lan asko egiten ditu, han-hemenka, gidoilari gisa. Telesailak, iragarkiak, dokumentalak. Produkzio-etxeak enkargatzen dion guztiari baietz esan beharrean dago, egoera ez baitago ezezka hasteko moduan. Etxean egiten du lan. ‘Kaka asko idazten –badakizu–, lanpetuta’”. Horixe bai errealitatea, eta ez pertsonaiarena bakarrik.

Kar, kar, kar… Kasu horretan, asko idatzi behar izaten du, enkargu asko bete, berak nahi duena idatzi ahal izateko. Idazle izan nahi duenak denetarik egin behar du, izan behar da hizlari, gidoilari, artikulugile, ikastetxeetan hau eta hura irakatsi… Horrek ez du errazten idatzi nahi duenaren lana.

Robert Laxalt idazleak esaten zuena hartu beharko dugu kontuan, orduan. Idatzi eta idatzi, azkar idazten ikasten da, behintzat.

Kazetaritza ere egin nuen garai batean, kiroletan izan nintzen, eta horrek ere azkar idazten irakatsi zidan. Baina ipuinak idazteko denbora gehiago behar da. Askotan, ez daukagun denbora! Lapurretan ibili behar izaten da ezer idazteko. Ez duzu idazteko ordurik, garai jakinik. Orain tarte bat, gero beste bat, parkean umeari begira zaudela ipuin bat amaitzen saiatzea… Ez da modua. Miraria da azkenean ipuina ateratzea!

Idazten duzu, itzultzen dituzte zure lanak, eta Amaren eskuak film egingo dute. Estimatzekoa?

Horrek ere poza ematen du, jakina. Sekulako ikusmina dut. Aurten estreinatuko da, eginda dago-eta. Ez dut oraindik ikusi, baina laster da estreinaldi aurrekoa, eta ikusiko dugu. Gidoia ikusi nuen, zenbait gomendio egin nizkion Mireiari [Gabilondo], baina niretzat oso zail da gidoian idatzita dagoena irudietan ikustea. Ez dut eskarmenturik.

Kritikariak gai ote?

Hain gara buruz jantziak, emetasunez beztitzen dugu emakume idazlearen lana. Karmele Jaiorena, kasu honetan. Hain gara sakoneraino argiak, emez eta leunez janzten dugu zehatz deskribatzeko gai ez garen hura. Hain gara jakintsu harroak, femeninoz eta maskulinoz jardun behar izaten dugu, beste zerrauts suerterik ez gure garunean. Hain gara luma-iaioak, ‘kostunbrismo heterosexual’ esan eta kitatzen dugu auzia. Hain gara zorrotzak, ipuinok ‘emakumeen ikuspegitik’ kontatuta daudela esaten dugu. Hain gara iraultzaile usteko, ipuinetako emakumeak dukeen ‘rol tradizionala’, transgresio eza, salatzen ditugu.

Hain gara gizonezko, ez gara betaurrekoak erantzirik irakurtzeko gai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Aberria eta hil

Eresia. Hil-kanta aitari
Goiatz Labandibar
Elkar, 2025

------------------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarrek azken urteotan Amez (2022), Bekatua (2023) eta Zoo (2024) idatzi ondoren, Eresia. Hil-kanta aitari (2025) argitaratu berri du... [+]


Juan Luis Larraza
"Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, eta dagokion lekua behar du gure memorian"

Idatzi duen eleberriko pertsonaia mirestera heldu da Juan Luis Larraza Lakuntza (Etxarri Aranatz, 1950), eta, beharbada, mitifikatu ere egin du. Han eta hemen, eta, oroz gain, Nafarroako Artxibategiko agirietan Luis L(e)izarraga kapitainari buruzko datu bakanak bildu, Pello... [+]


Ezberdinak eta antzekoak

Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025

---------------------------------------------------------------------

Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant... [+]


Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatur bekari, CAF diru-emaile delako

"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak... [+]


Irati Zubia. Jakintzari begirunez
"Laguntasuna iruditzen zait sekulako potentzialitatea daukan harreman mota, Akaso horizontalagoa delako"

Amonarena zen etxean bizi da Irati Zubia duela urte batzuk, lagunekin. Donostiako atari zaharren usaina dauka atariak. Zaintza existitzen ez den mundu batean izan nahiko luke zaintzaile eta eskarmenturik ez zaio falta: irribarre zabalaz hartu nau etxean Aste Nagusi betean, sofa... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


Liburu ktitikak
Bizitzaz eta beste

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Balea Zuria, 2025

------------------------------------------------------------------

Lierni Azkargortak Anatomia Bertikalak liburuaren aurkezpen saioan esan eta Berria egunkariak jaso moduan irakurri ditut poema gehienak: ozen, ahoz... [+]


2025-09-03 | June Fernández
Aixa de la cruz
"Jainkorik gabeko belaunaldia gara, eta bi aukera eman dizkigute: kontsumoa eta lana"

2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Cambiar de idea (Ideiaz aldatu) autofikzio feministarekin. Emakume idazleek literatura kanon patriarkalera egokitu beharra kritikatu zuen liburu horretan. Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere seigarren... [+]


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Miren Agur Meabe
"Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera"

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


2025-08-04 | Behe Banda
Kale estuak dituzten hiriak

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]


Gu, jende berria, jende zaharra

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022

-----------------------------------------------------

Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]


Barkamena inprimatzen eta saltzen

Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi  Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]


Eguneraketa berriak daude