Kale oso bat sutan

Behe Banda

2025eko azaroaren 10ean - 09:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hanka bat, bestea. Arnas-estuan. Bufa, zapatilak. Bi begi. Bi esku. Bi ukabil. Gorputz bat beste baten parean. Gorputz bat bestearen kontra. Plastikozko harresi bat tartean. Hamaika gorputz gorakada baten kontra.

Bideo bat mugikorrera. Bi mezu. Ei, tabernan gaude, zuek ondo? Dei bat. …badakizu non dagoen? Ondoko kalean harrapatu gaituzte gu, nik ihes egin ahal izan dut. 1.000 like. Gazte batean hamaika. Talde bat aurreraka, masa bat beltzean. Repost, retwit, bertxio.

Terrazetako sonbrillak barrikada. Ogia erostera joaten zaren okindegi parean kristal pusketak lurrean. Haren odol tanta bat edo bi oihal batean. Zure mukizapia odolez beteta. Borrak eta pilotak. Korrika aurrera. Aurre egiten. Txistuak airean.

Pultserak eskumuturrean. Metal makilak. Eskularruak bazarretan erosiak. Zirikazio gorena. Kotxera eskoltatuta. Ausardia prezintatua. Vito Quiles eta bere story-ak. Ustezko miaketak. Itzuli bat diruz-lagundua. Enpresak eta enpresariak. Vox Lasarte-Orian eta bandera gorri bat. Jarraitzaileak parkean eta gazteak parean.

Lanbide arteko gutxieneko soldata eta %6 gehiago poliziarentzat. Zure osaba munipari bi musu. Protokoloak “hobetu” eta nazionalitatea jakinaraztea. Argi urdinak Kutxin. Kantoietan behera arrapaladan. Argirik ez Kutxin. Kantoietan gora isiltasunean. Begirada bat eta bi identifikazio. MGGDP.

Ertzaintzaren kontrako konplota. Antisistema ez izatea. Euskal polizia eta polizia ona. Zupiria hitzaldi bat ematen. Ezkerreko faxistak eta antifaxismo gaiztoa. Alkatea gatazkaren kontra eta ospakizuna kuartelean. Komisaldegi kanpoan jendea zain.

Kristalezko botila bat eta oihal bat barruan. Aurora boreal bat. Halako zerbait. Errautsak. Jendea eraikinetan igota. Hiri bat begi-bistan. Pospolo bat eta txiskero bat. Gasolina eta gasolioa erdi prezioan. Kale oso bat sutan.

Faxismoaren gorakadari ezingo zaio geldirik aurre egin. Mugimendu batek besterik ezin du beste mugimendu bat gelditu. Poliziari ezin zaio ezkerreko poliziarekin aurre egin. Sistema berri batek besterik ezin du sistema herdoildu bat gainditu. Zutabe gutxiago eta kale gehiago.


Eguneraketa berriak daude