"Herriaren hitza entzun dadin xerkatzen ditut bideak, artean eta antropologian"

  • Edozein aitzakiak balioko liguke Eric Dicharryri atea jotzeko, hainbeste ertz baititu sortzaile honek. Arlo ugaritan aurkitzen ahal da bere aipamena. Antropologo eta ikerle lanbidez, artista gustuz, Baionako Euskal Museoan eginiko performanceak eta ikusgai jarritako instalazioak eman ziguten horretarako bidea.

Zuk sortua den Mugetaz erakusketa Baionako Euskal Museoan izan dugu ikusgai, oraintsu arte. Zein izan duzu asmo nagusia?

Euskal espazioa eta euskal denbora berrinterpretatzea izan da nire ideia nagusia, eta aizkoraren bidea hartzea aproposa iruditu zitzaidan horretarako. Argialdea aretoan egin nuen performantza, eta instalazioa bera ere espazio horretarako espresuki egina  zen. Bost aizkora ipini nituen erdigunean dagoen goitik beherako hutsunean, zintzilik. Lehena zentroan dago, arkeologia aldizkari batean irakurri bainuen cromlechetan aizkorak sartzen zituztela, ahalmen profilaktikoa zutelako. Alegia, cromlechen espazioa hilei eskainia zen, baina aizkorak bizidunak babesteko ziren. Transbertsaltasuna nabarmentzeko, zirkuluaren erdian eman dut.  Hitz hori usu erabiltzen dugu baina definitzeko ez da hain erraz, azken finean. Instalazio honetatik pasatu diren guztiek egin zuten hemengo transbertsaltasuna. Jorge Oteizak ere puntu horretatik abiatu zuen bere lana, eta horregatik, bere liburuak instalazioko erakusleihoan ipini nituen.

Beste laurak espazioa mugatzeko ipini zenituen.

Garai batean artzainek kaiolaren edo olaren espazioa mugatzeko baliatzen zituzten aizkorak, lau aldeetara bota eta erortzen ziren tokian ezartzen zuten zedarria-edo. Nik beste toki bat hautatu nuen. Artzainek euskal mendietan egiten zituzten mugimenduak hondartzan berregin nituen nik, artzainen mugatze horiek imitatuz, eta ekintza horretan eginiko argazkiak instalazioan ipini nituen.
Argazkiak ere zeuk eginak ziren.

Semea baliatu nuen argazkiak egiteko. Gero, Baionako Euskal Museora etorri nintzenean, eskulturak lurrean jartzeko asmoa nekarren, baina aretoaren egitura ikusirik, airean jarri nituen aizkorak, ikusgarriagoa baita. Bestalde, inpaktu handiko ikonoa da aizkora.

Zuk nahi zenuen moduan ulertua izan da?

Kazetari batek galdegin zidan ea ez ote nuen beldurrik horrelako ikurra erabiltzeaz. Ezetz erantzun nion. Finean, aizkora euskal tresna bat da, duela 4.000 urtez geroztik baliatzen dena. Baina galderak bazuen zerbait oso interesgarria eta halaxe adierazi nion, galdera luzatu zidanerako, ikurra denboran manipulatua izan den seinale zela, eta horixe bera zela azpimarratu nahi nuena. Hemen bada aizkora, sugerik ez ordea. Nolabait esanda, Damoklesen ezpatarekin parekatuko nuke.

Terrorismoa Damoklesen ezpata da demokraziarako, edo modu horretan ikusten ahal da. Herriaren hitza errespetatua ez delarik heltzen da terrorismoa, errespetu falta batetik hain zuzen, eta ikusi behar da guk zerbait egiten ahal dugun. Herriaren hitza entzun dadin xerkatzen ditut bideak, antropologo bezala eta artista bezala.

Cromlecharen zirkulua ere irudikatu duzu, aretoaren egitura baliatuta.

Interesgarria litzateke zirkuluaren gainean egiazko lan bat egitea, gure euskal gizartean zer eragin duen aztertzea. Maskaradetan ere biziki garrantzitsua da biribila, espazioa mugatzen baitu. Arratsaldean bada beti joko bat, eta antzerki-lan horren mugak zirkularrak dira. Pastoraletan ere horrelakoa zen lehen, eta erreparatzen hasten bagara, deklinabide anitz aurkituko ditugu. Dantzak ere zirkularrak dira. Gaur egungo ohiturez ere beste horrenbeste esan liteke. Kanpoan bizi izan naiz, gazte nintzelarik zazpi bat urte eman nituen Grezian, eta itzuli nintzenean, konturatu nintzen hemen bazirela zenbait berezitasun. Esate baterako, Frantzian besta egiten denean, denak barraren ondoan jartzen dira. Hemen, aldiz, ez. Hemen, edalontziak hartu eta biribilak osatzen dira. Hori azpimarratzea oso interesgarria iruditzen zait.

Bakea ere biribila da?

Bakea harrizko etxea bezala ikusten dut, eta bakoitzak bere harria ekarri beharko dio bakeari. Nik, artista naizen neurrian, nire buruari pausatu nion galdera zera izan zen: zer ekar ote niezaiokeen bake prozesuari. Eta hala sortu zen instalazioa egiteko asmoa.

Antimilitarista zara.

Nire aitatxi Lehen Mundu Gerran elbarritu zen, ezin izaten zuen mugitu. Hurbiletik ikusi eta ulertu dut, beraz, zer den gatazka, haren aztarnak nolakoak diren. Egin ditudan bidaietan ere franko ikasi dut, Libanon adibidez. Horretarako ere egin dut instalazioa. Gazteak hona etortzen direnean, galderak pausatzen dituzte. Adibidez, aizkorak egiazkoak ote diren. Edo zergatik ez ote ditudan kartoizkoak edo plastikozkoak ipini. Hemengo langileek nire diskurtsoa baliatzen dute gazteoi azalpenak emateko, eta esaten zaie gerla ez dela jokoa, eta beldurra ematen du noski, aizkorak eroriko ote diren. Paraleloki ere Damoklesen ezpatarekin duen zerikusia antzematen da.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko bake prozesua?

Uste dut terrorismoa aitzakia ona izan dela politikarientzat, botoak eskuratu nahi zituzten bakoitzean terrorismoa ateratzen zuten beren sakelatik. Orain, beste horrenbeste gertatzen ari da bakearekin. Denak ados dira, oso kontent dira bakearekin, baina gauzak ez dira aitzinatzen. Aieteko Bilkura duela urtebete pasatu da, eta urtebeteren ondotik ez dugu aldaketa handirik ikusten. Presoek sakabanatuta jarraitzen dute. Telebista eta hedabideak gazta soufle modukoak dira. Gauza bat badenean, milaka artikulu eta berri ateratzen dira, eta gero, plof. Bakea aitzakia berri bat da, ikusten ahal denez.

Artearen bidez ere, bakeari bultzada ematea proposatu izan duzu.

Deialdia zabaltzen diet artistei. Zeren, esaten baita beti artea eta politika bi arlo direla, berezi egin behar direla. Baina hemen, Baionako Euskal Museoko bilduman, horrelako obra bat sartzeko politikarien iritzia behar da. Eta orduan entzuten diren diskurtsoak ez dira berdinak.

Ikerlaria zara. Euskal umorea aztertu duzu, maskaradak, hezkuntzaren ekologia, bertsolaritzaren bat-batekotasuna... Nola heldu zara arte mundura?

Ikerlea naiz ogibidez. Eta badira hamar bat urte artean hasi nintzela. Erakusketak egiten ditut, baina saiatzen naiz urtero agertu behar horri ihes egiten. Arte munduan ubikuitatearen dohaina bogan da orain. Inportantea da artistentzat bost edo hamar tokitan izatea ber momentuan. Eta hori erokeria da. Horren kontra ere borrokatzen naiz. Saiatzen naiz nire gaiak sakontzen, eta muinera heldu naizenean erabakitzen dut nire lana erakusteko garaia heldu ote den. Ez dakit hurrengo erakusketa noiz egingo dudan, baina bederen saiatzen naiz denbora hartzen. Wittgensteinek zioen bezala, garrantzitsua da nork bere denbora hartzea. Eta berak bizitza osoan liburu bakarra argitaratu zuen. Bakarra baina aski ezaguna. Uste dut badugula harengandik zer ikasia.

Filosofia maite duzu, performantzean eta erakusketan baliatu dituzun liburuak ikusi besterik ez dago.

Saiatzen naiz iturri anitzetatik edaten. Inportantea da niretzat, ez baitut arlo bakarrean geratu nahi. Arlo ugari hartzea ezinbestekoa da niretzat. Egin dudan instalazioan eta performantzan, filosofia presente da, eta literatura, musika, argazkilaritza, bideoa...

Zer nolako burua duzu hainbeste arlo ulertu eta biltzeko?

Denak batzen dituzunean, zure nia eraikitzen duzu. Hedabideek usuesaten dizute, zu bertsolaria zara, edo idazlea, edo dena delakoa. Etiketak maite dituzte, eta niretzat biziki zaila da, ez baitiot nire buruari etiketarik ematen.

Sortzailea zarela esan behar zenuke.

Bai. Antropologoaren kasketa janzten dudanean ere sorkuntza prozesua ikertzen dut. Antzerkian jardun dudanean, Maskaradak ikertu nituenean ere, hori nuen gaia. Bertsolaritzaren mundua ikertu nuenean ere ber gauza, eta gero hiria ikertu nuenean edo umoreari heldu nionean ere, horixe izan nuen muina. Eta orain, antzerki konpainia batekin lan egiten dut eta sorkuntza prozesua ikertzen dut. Nire zioa, sorkuntzaren ekologia ukaitea da. Zeren eta sorkuntzaren baitan, sorkuntzaren testuingurua, obra eta harrera hartu behar dira kontuan. Hezkuntzan ere kontzeptu eta molde teoriko horiek baliatu nituen, esan nahi baita modelo alosterikoa. Hitz urritan esateko, proteina baten ingurumena aldatzen bada, proteina bera ere aldatzen da. Hori aplikatzen saiatzen naiz. Dena artikulatu ondoren, sinplea da. Erraza da, berez. Artikulazioa da zailena.

Zein da zure hurrengo proiektua?

Pantailek duten eraginaz jardungo dut nire hurrengo liburuan, eta hortik abiatuko da nire lan artistikoa ere. Geure bidaia birtualek zenbaterainoko garrantzia hartzen duten azpimarratu behar genuke, zer eragin duten, zer garrantzia, zein den horren emaitza. Bidaia birtual horiek errealki bizi baitira gero. Ingurumenarekin ukan ditugun harremanez eraikiak gara. Nire semeak iragarkiren bat ahoan hartuta erantzuten dit batzuetan. Behin, halaxe esan nion: “zure burmuina publizitateez eraikia da azken finean”. Ez gara sobera jabetzen pantailek duten inpaktuaz. Ez da nahikoa ikertzen.

Hasi zara horretan?

Orain, nire nahia da, idatzi ditudan ikerketa-testu guztiak euskaratzea. Baina horretarako diru-laguntza bilatu beharko dut.


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude