Donapaleu (Nafarroa Beherea)

Azken harresia

  • XVI. mendean Donapaleu Nafarroako koroaren egonleku izan zen, erbeste gune. Gaur, ekialdetik datorren erdalduntzeak euskarari lekua kendurik, harresi gisa ikusten duenik bada.

Itziar Madina
2013ko urtarrilaren 27a
Donapaleu
DonapaleuChristophe de Prada

Nafarroako azken erreginak Donapaleun Antton Valverderen kantuko txirula eta pianoa buruan darabilzkizula ibil zaitezke, Donapaleuko neguko karrika hotzek Nafarroako koroaren azken ordezkarien arrasto isiletatik bideratzen zaituztela. Harri zaharrek hamaika aurpegi erakusten eta Lapitz Hotza ibaiak belarrira mila eta bat sekretu xuxurlatzen dizutela. Melodia haren kulunkan, Xabier Leteren hitzek lagunduko zaituzte, Berpizkunde garaiko Donapaleuko historian linburtzen, bereziki Justizia Jauregiko karrikan. Han, Nafarroako Estatuen egoitza, eliza protestante izana eta barbaroa zaigun Notitia Utrisque Vasconiae idatzi zuen Arnaud Oihenarten etxea ikusiko dituzu. Gorpuztuko ote zaizu, ondotik, behialako horren itxura: euskaldun, hugenot, exiliatu, laster Frantziako erreinuko buru... izan zen Labriteko leinua handik iragan zela. Gaur, eraso berriaren aurkako azken harresia, harresi akitu, pitzatu baina bizinahia da Donapaleu eta kontatzeko asko badu, ez idurian ere.

Ostirala ez bada, arazorik ez dateke autoa nonahi uzteko, Donapaleun. Herri bihotzetik kanpo, elizaren eta postaren ondoan egitea ez da aukera txarra. Bidenabar, Amikuzeko mediatekan erakusketarik ikusgai baden ala gure astekari maitatuena jaso duten begiztatzera joan gaitezke. Bestela, arras polita da Foirail plazan aparkatzea, ostiraleko merkatuaren aldia ez bada, erran gabe doa. Erdiguneko plaza horretako platanoek trinketeko eta ostatu abegikorretako ateak gerizatzen dituzte. Eta Mixel Thikoipe idazleak ederki kontatzen digunez, Amikuzeko historia anitzen berri dute. Hala nola, herritar batzuen nazien kontrako erresistentziarenak.

Amikuze Baxenabarren da eta Donapaleuko inguruari deritzo. 24 herriz osatua da, horietan hiru Xiberoarekin partekaturik dituela: Pagola, Domintxine eta Lohitzüne-Oihergi. Xantza amiñi batez, Donapaleun paseatzean “zuka” eztiz eginiko amikuztar euskara entzunen dugu. Amiñi batez ala amiñi biez. Ezen, serioski mendraturik baitago euskara Amikuzen. Historikoki Euskal Herri ekialdeak jasaten duen erdalduntze oldarrari ezponda egiten dio eskualdeak. Preseski, zentzu horretan hainbat eragileren lana goraipatu ohi da, besteak beste iaz 40 urte bete zituen Amikuzeko ikastolarena. Ala Burgaintzi dantza edota Kitzikazank antzerki taldeena. Bestalde, Amikuze zenbait euskal idazleren jaio ala bizileku dela ere oroitarazten da. Horrela, Itxaro Borda Oragarrekoa da sortzez. Koldo Ameztoi kontalaria berriz, Arruta herri sotilekoa. Haien aldetik Eñaut Etxamendi eta Mattin Hirigoien garaztar idazleak Amikuzen bizi dira. Baita Amikuzeko memoria literatura bilakatzen hain trebe den Mixel Thikoipe amenduztarra, gorago aitatua. Indar horiek oro Euskararen Eguna abiarazten lagundu zuten duela bi urte, Donapaleun. Hori bilakatu baita aurten, Nafarroa Beherea osora hedatu euskararen aldeko hilabete osoko kanpaina. Bide beretik, inauteriak berpiztu dituzte Amikuzeko euskaltzaleek, eta Libertimendua berreskuratu. Hots, esku anitz ari da lanean, harresiak duen arrailduran petatxua ezartzen, euskal kulturaren hormak tinko atxikitzeko xedez. 

Herri erdia, erdigune historikoa

Herri erdian gauden seinale dira Donapaleuko erriko etxearen harri pezak. Bai eta bidegurutze deigarria. Ekialdera, Xiberoa eta Biarnoa ditugu: Aiziritze, Domintxine, Maule, Salbaterra, Saliese, Paue. Ur gaziaren herria den Saliesen errefuxiatu zen Joana Labritekoa, erlijio gerla denboran. Biarnoko auzo herri horietan oraindik daude protestanteen tenpluak. Mendebaldera, Lapurdi dugu. Ipar-ekialdera aldiz, Peirahorada eta Landak. Bide erdian, mugaldean, xarnegu herria, ahanzturatik hurran. Izan ere, aitzina hiru eledun zen herrialdea lainoak itzaltzen ikusi baitzuen. Oroimena bizirik atxiki nahiz, gaur, Xarnegu musika festibala egiten da urtean behin, Bardozen. Eta Xarnege taldeak jakin izan du Euskal Herriko eta Gaskoiniako doinuak nahiz musikariak biltzen.  

Baina ihesi joan gara. Gauden Lapitz Hotza (frantsesez, Bidouze) Aturrira isurtzen den errekaren bazterrean. Hautatzera, eguzkitara. Turismo bulegotik ezkerrera harturik, Ona Tiss ehun lantegia bisita daiteke, Euskal Herrian hori bezalako azkena. Kotoia eta lihoa iruten dute han, 1948az geroztik. Gero, erreka hegira joan daiteke, ibilian. Eskailerak jautsi eta errepide nagusiko zubiaren azpitik iragatera. Haatik, hala egin aitzin, ibaiaren bestaldean den igerilekuari behako azterlaria bota behar zaio, pentsatuz gune hori zaldi lasterketako lekua izan zela, ez du hain aspaldi. Gure aitañi eta amañiak De Saint Jayme mezenas malerusak ekarri zituen zaldi proba famatu haien ikusle izan ziren. Horrela, lasterraldi zelaiaren forma obalatuari ohartuko gatzaizkio, halaber ikusleen jarleku mailakatuak izandako tontorrari.

Zubia iraganik, belarretik zenbait urrats eginez eihera izandakoaren arrastoak ikusiko ditugu ezkerrean. Gozo da, horren ur jauzian den bistaz gozatzea. Gero, karrika hertsiak Justizia Jauregiko (Rue du Palais de Justice) hartara bideratuko gaitu, zehazki “Nafarroako Errege Karrika” izan zenera. Horren ezkerreko muturrean da XII. mendean Jondoni Paulorena izan zen eliza. Eraikinak funtzio politikoa bereganatu zuen XVI. eta XVII. mendeetan Nafarroako Estatu Nagusien egoitza bilakatuz. Joana Albretekoa eta Enrike IV.a izanen zen nafar erregeak Donapaleun zirelarik, eliza erreformatuaren tenplua ere izan zen. Eta Frantziako 1789ko Iraultzaren ondotik, Auzitegi bihurtu zen, 1955 arte. Gaur, Amikuzeko Herri Elkargoaren egoitza da.

Oihenarten oihartzunak

Horren parean da Derdoy-Oihenart etxe noblea, “Buruen etxea” ere deitua. Atarian izan ere, Nafarroako azken erregeen zizelak ezagun baitira. Baina deabruarena eta emankortasunarena ere. Etxe horretara zen ezkondu Arnaud Oihenart sortzez mauletar lege gizon, historialari eta idazlea, Notitia Utrisque Vasconiae tum ibericæ, tum aquitanicæ liburuaren egilea. Ezkontzaz Nafarroako nobleziako kide, Oihenartek historia eta lege auziak ikertu zituen, beti ere ordezkatzen zuen koroaren eta Agramonteko leinuaren ikuspegitik. Euskal Herriko historiari buruz idatzi zuen lehentzat jotzen da. Hil baino lehen, ba omen zituen 20.000 orrialde bildurik, idazki, ohar eta dokumentu. Tamalez, gehienak desagertu ziren. Oihenart lehen idazle zuberotarrak asko idatzi zuen latinez, nahiz euskaraz ere bi liburu argitaratu: Atsotitzak eta Gaztaroa neurtitzetan. Begipean dugun etxean zendu zen 75 urte zituela, 1667an.

Hain zuzen ere, Oihenart karrikatik elizarantz joanez urrentuko dugu Donapaleuko hirigunearen bisita. Bidean sar gaitezke Santa Maidalena elizara. XIX. mendean eraiki zuten, leku eskasa bide baitzen orduko elizan. Eraikin Historikoetan zerrendatua da Cavaillé Coll orgina duelako. Elizatik eskuin hartuz, Herriko Etxera eta gure abiapuntura inguratuko gara, Foirail plazara. Eliza bezala, Donapaleuko Saint Jayme trinketa Eraikin Historikoetan sartua dago. Altzairuzko bere bizkarrezurreria Gustave Eiffelek asmatu iltzatzeko sistemaren arabera eginik baitago. Euskal Herriko lehena eta oroz gainetik, luzeena den trinketak Francis de Saint Jayme Donapaleuko seme aberatsari zor dio izena. Hark zuen eraikiarazi garaiko teknika eta egin molde hoberenak hautaturik. Ospeak ospe, De Saint Jayme izan zen guztiz zorte gaiztoko diruduna. Dela trinketean, dela ondoko beste ostatuetan nahiz Herriko Etxeko plazakoetan, jartzeko eta pausa hartzeko leku erosoa atzeman daiteke. Euskaraz galdegin daiteke han edo hor. Xantza apur batez, erantzuna ere hala izanen dugu.

Oharra: Euskal Herrian Ihesi webgunean herritarrek egindako gomendioak topatzeaz gain, zure ekarpenak ere egin ditzakezu.

Amikuzeko laborantza, etxetiargo laborantza

Orografia leunekoa izanik, Amikuzeko lurrek ordoki bezain gizenen fama dute Baxenabarren. Mendialdeko artzainek hango bazkak erosi ohi zituzten, eta zinez laudatzen. Baina sozialki, etxetiargoa da bereziki hedatua izan Amikuzen. Hots, etxeko nagusi bakar batzuek etxe andana bazuten eta horietan etxetiarrak, maizterren parekoak. XX. mendeko bigarren erdialdera laborantza kooperatibista sortu zen, Jean Errecartek bultzatu Lur Berri kooperatibaren bidez. Emeki-emeki, etxetiarrek baserriak erosi ahal izan zituzten. Eta urteak joan arau, Lur Berrik suspertu nekazaritza industriala nagusitu zen, salbuespenak salbu. Egun, ekoizpenen gehiengoa zereala da, zehazkiago artoa, eta hazkuntzan, zerritegi ala behitegi industrialak.

Hala ere, ostiraletako Donapaleuko merkatuan kalitateko lekuko ekoizpenak atzeman daitezke: sagardoa, erreximentak, gasna, barazkiak, arrautzak, zerri eta behi haragia. Batzuetan, poailleri biziak ere: oilo eta gita (“ahate”, Amikuzeko euskaran) txitak. Zeren Amikuzen goi mailako ekoizpenik bada, hori ahate gizena baita. Azarotik martxora, ahate gizen osoa ala gibel gizen freskoa erostekotan, hobe goizik merkaturatzea...
 

Francis de Saint Jaymeren zoritxarreko patua

Oso aberatsa bide zen Francis de Saint Jayme Donapaleuko jaunttoa, gaur herriak duen zabalera osoan eremu, etxe eta besteen jabea. Bestalde, edertasun izugarriko andere bati esposatua zen. Haatik emaztea erotu zitzaion eta Francis de Saint Jaymek bizi osoa alargun gisa iragan omen zuen. Bere ondasunak oro Donapaleuko Herriko Etxeari utzi zizkion baldintza batekin: herriak bere biziko amodioa zen De Saint Jayme andereak Frantziako egoitza psikiatriko luxuzkoetan egiten zituen egonaldien saria ordain zezan. Donapaleuko trinketak haren izena darama, berak ordaindu zuela oroitzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: XVIII. eta XIX. mendeetako iraultzak

XVIII. eta XIX. mendeetako iraultzak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-03 | Itxaro Borda
Biba Errepublika

1789ko uztailaren 14an Parisko Bastille kartzela erori zen iraultzaileen kolpeen ondorioz. Hori da behintzat kontatzen den historia. Luis XVI erregeak egun hartan, bere egunkarian ezer ez zela gertatu idatzi zuen. Euskal Herriko pentsalari eta arduradun politikoak mugimenduaren alde agertu ziren lehen urteetan, baina laster, apez eta jauntxoen eraginez, jendalde gehiena Iraultzaren aurka altxatuko zen.


Domingotarrei esaten zieten jakobino

XIII. mendean domingotarrek komentu bat fundatu zuten Parisko Saint Jacques elizaren alboan, izen bereko kalean. Ordena erlijiosoak hirian zuen lehen egoitza zen eta, hala, pixkanaka, fraile domingotarrei jakobino esaten hasi ziren.


Kristin Ross
"Ezin gara kontzeptuetatik hasi pertsonak erakutsi nahi baditugu"

Communal Luxury izenburuak luxuaren definizio polemiko bat iradokitzen digu, luxuaren eta kapitalista handien arteko lotura konbentzionalaz harago. Italiako mugimendu autonomoa dakarkigu burura, 1970eko hamarkadan nola salatu zuen langileen eskubideak mugatu nahi izatea oinarrizko beharretara, luxua klase nagusien eskubide esklusiboa balitz bezala; eta hori salatzeko nola erabili zituen “kabiarra jateko eskubidea dugu” bezalako leloak. Parisen 1871n aldarrikatutako “luxu... [+]


Zer iragan, zer etorkizunetarako?

Anekdota apokrifo batek dio, eta Kristin Rossek Communal Luxuryn jasotzen du, Errusiako Iraultzaren hirurogeita hamahirugarren egunean, hau da, Parisko Komunak zutik eutsi zuen 72 egunen muga gainditu zuten momentuan bertan, Leninek dantza egin zuela elur gainean Neguko Jauregiaren parean. Irudi apokrifo horrek ilustratzen duen ideia ederki esplotatu zuen historiografia sobietarrak: Komuna huts egindako matxinada izan zela, eta haren akats barkaezinak zuzendu zituela iraultza boltxebikearen... [+]


2017-02-05
Itsasontzien eta zaldien arteko gudua

1795eko negu gogorrean, frantziarrak Zazpi Herbehere Batuen Errepublikaren aurkako gerran ari ziren, Iraultzako ideiak Europan zabaltzeko asmoz. Holandar ontziteria Marspied itsasartean harrapatu zuen ekaitzak eta aingurak Texel uhartearen babesean bota zituzten. Baina itsasoko urak izoztu eta ontziak harrapatuta geratu ziren.


Garibaldi eta mafiaren sorrera

Sizilia, 1860. Giuseppe Garibaldik (1807-1882) eta haren mila gudariek uhartea mendean hartu eta, hala, Bi Sizilietako Erresuma deuseztatu zuten. Hau da, mila ator gorrik armada borboitar askoz indartsuagoa menderatu zuten. Halako balentria Italiaren batasunaren pasarte heroikoenetakoa izan zen askorentzat. Baina beste zenbaitek laguntza estraofizialari egotzi diote txikiak handia jan izana; uharteko zenbait talde armatuk Garibaldirekin bat egin zuten borboitarren aurka.

Talde horiek... [+]


Ezkerra eta eskuina bereizi zituen I-11

Versailles, 1789ko irailaren 11. Batzar Nazional Konstituziogileko ia 1.200 kideak, jauregiko Menus-Plaisirs areto itzelean bilduta, Konstituzioaren artikulu bat eztabaidatzen hasi ziren: parlamentuak onartutako legeei betoa jartzeko eskubidea al zuen erregeak?

Bizpahiru hilabete lehenago, ekainaren 17an, Batzar Nazionala eratu zen eta handik gutxira, uztailaren 9an, legeria berriaren premia ikusita, Batzar Nazional Konstituziogilea. Eta horretantxe ari ziren iraileko egun hartan,... [+]


Abuztuak 31
Historia ofiziala salatuz, 1813ko sarraskia gogoratu dute Donostian

Iritsi da berriz ere abuztuak 31. Donostiarrentzat data beltza. Egun horretan orain 202 urte, 1813an hiria suntsitu, 1.600 pertsona inguru hil, hiriko ia emakume guztiak bortxatu eta lapurreta erraldoia egin zuten espainiarren aliatu ziren armada ingeles eta portugesek.


Donostia berreraikitzen
1813ko abuztuaren 31ko biharamon luzea

Aliatuek Donostia suntsitu eta egun gutxira Zubietako bileran hiria berreraikitzea erabaki arren, hondamendiaren ondorioak hurrengo hilabeteetan eta urteetan nozitu ziren. Donostiarrek laguntzarik gabe, arpilatuta eta epidemiek jota ekin behar izan zioten hiria berreraikitzeari.


Gerrek txikitutako hiriak, bat eginda

Gerrek Suntsitutako Hirien Topaketak” antolatu dituzte Donostian, hilaren 21ean. Bizikidetza eta bakea ardatz, etorkizuna izango dute hizpide bertaratutakoek.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude