Pastelak jan ditzatela?

  • Frantziar Iraultzan Luis XVI.a gillotinatik Maria Antonieta baino lehenago pasa arren, austriar artxidukesaren lepoa eskatzen lehenago hasi ziren. Zergatik ordea?

Maria Antonieta pastelez inguratuta. Sofia Coppolaren Marie Antoinette (2006) filman. (Argazkia: American Zoetrope)
Maria Antonieta pastelez inguratuta. Sofia Coppolaren Marie Antoinette (2006) filman. (Argazkia: American Zoetrope)

Paris, 1774ko maiatzaren 10a. Luis XV.a hilda, Luis XVI.a eta Maria Antonieta Austriako artxidukesa Frantziako eta Nafarroako errege-erregin izendatu zituzten. Maria Antonia Josepha Johanna von Habsburg-Lothringen 1755ean jaio zen Vienako Hofburgeko jauregian, Frantzisko I.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorearen eta Maria Teresa I.a Austriakoa enperatrizaren 16 seme-alaben artean azken aurrekoa. Amak haur andana ahalik eta ondoen ezkontzea zuen helburu, eta horretara bideratutako heziketa zorrotza jaso zezaten ahalegindu zen. Maria Antonietak musika, dantza, moda, kantu eta ahoskera eskolak jaso zituen, besteak beste, baina politikan eta ekonomian gerora baliagarriak izango zitzaizkion lezioei ez zieten arreta handirik jarri.

Eta, printzipioz, enperatrizak ezkontza ezin hobea lotu zuen alabarentzat. 14 urte zituela Maria Antonieta Frantziako delfinarekin ezkondu zen: batetik, erregina izango zen eta, gainera, ordurarte elkarren aurka aritutako bi dinastia indartsuen arteko harremana estutuko zen.

Herritar gehienen gorrotoa piztu zuena esaldi ezagun bat izan zen. Jateko ogirik ere ez zutela esan ziotenean, “Qu’ils mangent de la brioche” erantzun omen zuen, pastelak jan zitzatela, alegia. Bada, ez dirudi Maria Antonietak sekula horrelakorik esan zuenik

Orain badakigu zein izan zen senar-emazteen amaiera, baina Luis XVI.a gillotinatik Maria Antonieta baino lehenago pasa arren, austriarraren lepoa eskatzen lehenago hasi ziren. “Madame Defizit”, “austriar otsemea” eta halako ezizenak jarri zizkioten, eta bere jatorria baliatuz hitz joko berezia egiten zuten; “autrichienne” (austrarra) esan beharrean, “autre chienne” (beste txakur emea) esaten zioten. Gortean berehala egin zituen etsaiak, bere aldekoak ez zirenak baztertu zituenean. Politikarien artean ere ez zituen lagunak egin, esaterako, Turgot finantza arduraduna kargutik egoztea eragin zuenean. Edo bere gutizia garestiak asetzeko dirutza xahutzen zuenean.

Baina herritar gehienen gorrotoa piztu zuena esaldi ezagun bat izan zen. Iraultza prozesuaren hasieran, erreginak galdetu omen zuen herritarrak zergatik ari ziren protestan, eta jateko ogirik ere ez zutela esan ziotenean, “Qu’ils mangent de la brioche” erantzun omen zuen, pastelak jan zitzatela, alegia.

Bada, ez dirudi Maria Antonietak sekula horrelakorik esan zuenik. Jean-Jacques Rousseau garaikideak antzeko esaldi bat aipatzen du Les confessions lanean, eta badirudi Luis XIV.aren emazte Maria Teresaz edo Madame de Montespanez ari zela, biak Maria Antonieta jaio baino askoz lehenago hil zirenak. Stefan Zweig biografoak Luis XV.aren alaba batek esan zuela uste zuen, eta guztia erregina austriarraren aurkako zurrumurru kanpainaren barruan kokatzen du. Antonia Fraser historialaria ere iritzi berekoa da, eta gogorarazten du Versaillesko Martxan jendetzak “Vive le roy” oihukatzen zuela, emazteari heriotza opa zioten bitartean.

Horrek guztiak ez du derrigorrez esan nahi Maria Antonieta uste baino askoz hobea zenik, errege familiako edo goi nobleziako gainerako kideak baino askoz okerragoa ez zela baizik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1789ko Frantziako Iraultza
Esklabotza
Haiti, iraultza eta mendekua

1791ko abuztuan mundua astindu zuen iraultza batek. Eta ez zen Europan gertatu. Esklabotzan oinarrituriko sistema ekonomiko kolonial atlantiarra hankaz gora jarri zuten milaka beltzek Saint-Domingue uhartean: hainbat urtetako borrokaren ostean Haiti herrialde librea sortu zuten... [+]


Napoleon ez zen sekula Waterloon egon

1815eko ekainean, Napoleonek azken eta behin betiko porrot militarra izan zuen Waterlooko guduan. Baina Napoleonek ez zituen sekula udalerri hartako lurrak zapaldu.


'Retour des cendres', Napoleonen hileta luzea

Longwood, Santa Helena uhartea, 1821eko apirilaren 16an. Erbestealdian zela eta hil baino bizpahiru aste lehenago, Napoleon Bonapartek azken nahia erantsi zion bere testamentuari: Parisen ehortzi zezaten nahi zuen, “Sena ibaiaren ertzean, hainbeste maitatu dudan frantziar... [+]


Argien (eta ilunen) polizia

Paris, 1667. Luis XIV.aren erregeldian, Colbertek hiriburuko polizia lotinantaren postua sortzeko agindua eman zuen.


2017-09-03 | Itxaro Borda
Biba Errepublika

1789ko uztailaren 14an Parisko Bastille kartzela erori zen iraultzaileen kolpeen ondorioz. Hori da behintzat kontatzen den historia. Luis XVI erregeak egun hartan, bere egunkarian ezer ez zela gertatu idatzi zuen. Euskal Herriko pentsalari eta arduradun politikoak mugimenduaren... [+]


Eguneraketa berriak daude