Bi etimologia ditu Zilbetik, eta biek dirudite egiantzekoak. Baten arabera, Zilbeti izenak “ziloan beheiti” (zuloan behera) esan nahi du, Zilbeti mendi pikoen arteko zulo batean baitago (agian horregatik esaten zuten amerikanoek, herrira itzultzean, mendiak “gaineratzen” zitzaizkiela...). Besteak dio Zilbetiko monasterioan bizi ziren beneditarren ikurritzak –Ixilik beti aginduak– eman ziola izena herriari.
Zilbetira lehen aldiz joaten direnek diote zalantza egiten dutela benetan inora iritsiko ote diren. Iruñetik abiatuta, 30 bat kilometro egin behar dira autoz Zilbetiraino, eta Iruñetik Luzaidera doan N-135 errepide nagusian Erroko mendatearen lehen bizpahiru kurba handiak gainditu eta gero ezkerraldean hasten den NA-2532 errepide estu eta bihurria hartzen dutenean sortzen da zalantza.
Erroko mendatetik 5-6 kilometro inguru egin behar dira Zilbetira heltzeko, baina distantzia horren laburrak ez du leuntzen duda bidaiariengan: benetan izanen dea herririk errepide honen bukaeran?
Herria, ordea, bada izan: Zilbeti bat-batean agertzen da bidaiarien begien bista, azken kurbaren bukaeran. Herri txikia, inondik ere, zenbait mendi-magalen artean (Adi, Tiratun, Arzabal, Lizartxipi...) dagoen ibarraren hondoan kokatua. Garai batean 200dik gora biztanle izatera iritsi bazen ere, egungo erroldan 50 auzo-lagun inguru ditu.
Azkenotan, modernitateak sarri sorrarazten dituen gatazka horietako batek hautsi du Zilbetiren irudi bukoliko eta baketsua. Bertan magnesita harrobi bat irekitzeko proiektuak hautsak harrotu ditu, herrian bertan eta herritik at, eta zilbetiarren arteko harremanak zaildu ditu, herritarrak bi multzotan banatzeraino. Bisitariek “Harrobiari ez” eta “Zilbeti bizirik” dioten pankartak ikusiko dituzte zenbait etxetan eskegita, eta, nahi izatera, bertakoei galdetu ahalko diete gatazkaren berri, baina horrek guztiak ez die galaraziko, oraingoz behintzat, herriak eskaintzen duenarekin plazer hartzea: sosegu bila eta naturarekin bat egitera joan nahi dutenak lasai hurbil daitezke, beraz, Zilbetira.
Herriak bi gauza erakargarri ditu bisitarientzat: bazter ikusgarriak eta giro lasaia. Azken urteotan, ezaugarri horiek erakarri dituzte turistak herriraino, bertan sortutako landa-etxeak ere hara hurreratzeko pizgarri direla.
Bisitari asko, batez ere hiriburu handietatik etortzen direnak, egun batzuk pasatzera hurbiltzen dira Zilbetira. Badituzte bertan zenbait bazter ezagutzeko, Interneten ezagunagoak eta munta handiagokoak direlakoan turismoguneek proposatzen dizkieten Orreaga edo Kintoa bezalako bisitalekuez gain.
Zilbetik monasterio bat dauka, Ordena, halaxe ezagutzen baita herrian San Zakariasen izenpean XI. mendean sortutako eraikin erromanikoa. Kondairak dioenez, San Eulogio Kordobakoak bisitatu zuen Zilbetiko monasterioa, baina, datei kasu egitera, hori herrian izan zen eta desagerturik dagoen beste monasterio zaharrago batean gertatuko zen, bisita 848an izan omen zelako. Ordena erraz ikusten da, muino batean baitago, Goitialde auzoan. Zilbetira sartu eta Estrata kaletik gorantz eginez iristen da hara. San Bartolome eliza eta garai batean eskola eta orain herriko elkartearen egoitza den eraikina ezkerraldera utzi behar dira eta aldapa piko samarra igo. Eraikina itxita dago –partikularra da eta jabeek biltegi gisa erabiltzen dute–, baina merezi du haraino hurbildu eta, herriaren ikuspegi ederra profitatzeaz gain, eraikinari begiratua ematea, arkitektura erromanikoaren zenbait elementu kontserbatzen baititu; deigarrienak, atea eta arrosa-leihoa. Eraikin nagusiari atxikita beste bat dago ezkerraldean, erromesen ospitalea izan omen zena –Zilbeti Orreagako kolegiataren menpean egon zen, eta badirudi hemendik pasatzen zela Donejakue bide zaharra– eta, geroago, zenbait herritarren etxebizitza ere.
Aitak kontatzen zuenez, Zilbetira ezkondutako bere izeba mezkiritarrak Benedictine likorea egiten ikasi zuen Zilbetin bertan, XX. mendearen hasieran. Zoritxarrez, ez dut atzeman herrian beste inongo zantzurik egungo Coca-Colaren formula bezain ongi gorderik iraun omen duen edari ospetsuaren errezetari buruz.
Hala esaten zioten paseatzeari herriko zaharrek, eta egia da Zilbetin, naturaz gozatzeko, nahikoa dela herriaren inguruko mendietan barneratzen diren bide eta pista ugarietako edozeinetatik abiatzea. Jakina, badira bide ezagunagoak eta beste batzuk gutxiago ibiltzen direnak (garai batean kontrabandistek ibilitako xendrak arras itxiak omen dira gaur...). Zilbetiren inguruetatik pasatzen dira GR batzuk ere, baina aukeratu ditudan hiru ibilbideak askoz errazagoak dira, edonork –haur, gazte zein helduk– egiteko modukoak, esfortzu handirik gabe. Horietako hirugarrenak Antzeriko harrobiaren proiektuak sortutako gatazkaren gune nagusia ezagutzeko aukera ematen du.
Hirurak egiteko, lehenik eta behin, Kolantxuriko zubiraino joan behar dugu: 500 bat metro, oinez edo autoz egitekoak. Oinez joatea gomendatzen dut, autoa herrian utzita. Herriko frontoi zaharra, atari zabalekoa, har dezakegu erreferentzia, herriaren erdian baitago. Hortik beherantz egiten duen kaletik abiatu eta ezkerraldera egin behar dugu errekaren paretik doan pistatik, Kolantxurira iritsi arte.
Lehen bideak Lizartzuko leporaino eramanen gaitu, Lizartzuko errekaren ondotik. Hortik joateko, Kolantxuriko zubia pasatu eta eskuinera joko dugu. Hor beste zubitxo bat zeharkatu beharko dugu, eta hortik aitzina paseo ederra egin ahalko dugu, luze samarra –3,75 kilometro, Lizartzuko leporaino–, zenbait kurba eta malda pikoak eta beste batzuk leunagoak tartekaturik eta pagoen artean beti.
Bigarren bideak hiru bordatara eramanen gaitu, Kolantxuriko zubia igaro eta ezkerrera maldan gora doan pistatik. Pista porlanezkoa da bigarren bordaraino. Lehenean, Lenkorenean –Kolantxuritik 450 metrora– bi landa-etxe daude, mugikortasun zailtasunak dituztenendako ere egokituak. Toki lasaia da, atseden hartzeko aproposa. Hurrengoa Piarres edo Kanutoren borda dugu –Kolantxuritik 625 metrora–, eta horren paretik oso ongi ikus daiteke, ezkerraldera begiratuta, Antzeriko muinoa, magnesita-proiektua egiten badute higatuko dutena. Azken bordan, Eñautenean –Kolantxuritik kilometro eta erdira–, ni neu bizi izan nintzen umetan, gure familia 1962an herrira aldatu zen arte. Hortik gora doa Adi mendira igotzeko bide klasikoena (Adira igotzeko bideei buruz informazio ugari dago Interneten, mendigoizale-taldeek jarrita).
Hirugarren bidea ere Kolantxuritik abiatzen da, baina zubia zeharkatu ordez herritik datorren pista segitu behar dugu, ezkerraldekoa, Leñari errekaren parean. Bide horretatik joanda, Antzeriko harrobia egiteko aukeratu duten eremuan barna eginen dugu tarte handi batez. Kolantxuritik abiatu eta 800 bat metro egin ondoren, ehiza-barrutiaren mugarri den errotarri bat ikusiko dugu. Hor hasten da harrobia egiteko aukeratutako eremua. Pixka bat aurrerago, 75 bat metro egin eta gero, eskuin aldera dagoen bidexka bat hartzen badugu Tirapelarko iturburua ikusiko dugu. Bide nagusira itzulita, eta Kolantxuritik 2,75 kilometro egin dugunean, harrobi proiektuaren zundaketak egiteko irekitako pista dago. Horraino hartuko luke harrobiak. Gehienbat pistaren ezkerraldeko ertzekoa da harrobia egiteko aukeratutako lur eremua. Oraindik nekatu ez bagara, aurrera jarrai dezakegu pista nagusitik eta, lehen bidegurutzea baztertuta, bigarrenean ezkerraldera joko dugu, Kintoaren mugaraino iritsi arte (3,35 kilometrora Kolantxuritik). Hortik ikusiko dugu Olaberri aldeko tunela eraikitzeko aukeratu duten parajea.
Luze joko luke Zilbetiko flora eta fauna deskribatzeak, baina azpimarratu behar da bertako habitatak (pagadi azidofiloak –gaztainondoak eta haritzak ere bizikide dituztenak–, oihanpeak –non gorostiak eta ezpelak hazten baitira– eta erreken ertzetako megaforbio belar erraldoiak) Europako Batasunaren interesekoak direla, eta batzuk –larre azidofiloak kasu–, lehentasunezkoak. Bertako animalia batzuk ere lehentasunezkotzat jo dituzte (bisoi europarra, Rosalia alpina izeneko kakalardoa...), eta beste anitz galzoriko espeziak dira, adibidez, okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos), ugatza (Gypaetus barbatus), miru gorria (Milvus milvus) eta igaraba arrunta (Lutra lutra). Horiek guztiek nozituko lituzkete harrobiaren ondorioak.
Espainiako Vuelta abuztuaren 23tik irailaren 14ra izango da, bertan, Israel-Premier Tech taldeak hartuko du parte. Txapelketaren zuzendari Javier Guillének esan du "ezin dituztela kanporatu, puntuazioa dela eta parte hartzeko eskubidea" irabazi baitute.
Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi... [+]
Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]
85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]
7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.
Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.
Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.
338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.
Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari.
Ukabilkadak, bultzadak, blokeoa, izotz jaurtiketak eta abar jasan behar izan dituzte Bajadika aldarrikatzailea egin duten pertsonek.
Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]
Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute.
Eskuin muturreko sekta erlijioso bateko kideek, Deierrin bizi direnek, 1986an erbesteratuen aldeko ekintza batean Hernanin hil zen Fernando Ros Abartzuzako gaztearen omenezko ekitaldiko bidea oztopatu zuten igandean.