"Bizitza gatazka da, ez zaizkit komediak ateratzen"

  • ETAko kide baten eta haren lagun droga-saltzailearen arteko harremanaz mintzo da Ander eta Yul (1989). Batez ere film horregatik da ezaguna Ana Diez, baina filmografia oparoa du zuzendari tuterarrak. Atzera begirakoa antolatu dio Euskadiko Filmategiak eta Diezen lanari buruzko liburua plazaratuko dute uztailean.

"Sekuentzia bakoitza pelikula txiki bat da, eta horregatik saiatzen naiz sekuentzia bakoitzean emozio jakin bat transmititzen".
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Elvira La Cruz, pena máxima dokumentala (1985) izan zen zure lehen lana, betirako kartzela-zigorrera kondenatu zuten emakume mexikar bati buruzkoa. Kuba, Kolonbia, Uruguai ere izan dira zure filmen eszenatoki. Zerk erakartzen zaitu Latinoamerikatik?

Mexikora noanean berriz ere jaiotzen naizela esan ohi dut, jarduera aldetik behintzat. Osasun publikoaren inguruko doktoretza egitera joan eta hango zine eskolan bukatu nuen. Espainian ikusten ez zen zinema mota deskubritu nuen Latinoamerikan, eta bai, gizarte horrek erakartzen nau, partekatzen ditugun gauzek, baina batez ere ezberdintasunek, hain da anitza kultura, herrialde bakoitza ere oso ezberdina eta konplexua baita Latinoamerika barruan. Herrialde bakoitzak indigenismoaren gaia nola tratatzen duen, nola gauzatu zen nekazaritza erreforma, hiriak eta burgesiak nola eraiki diren… Eroso sentitzen naiz han.

Egokitu zaien leku eta garai jakinean pertsonaiak nola moldatzen diren, horretaz diharduzu film ugaritan, testuinguru politiko eta sozialaren eragina nabarmenduz. Makrohistoria eta istorio pertsonalak orekatzean datza gakoa?

Hala da. Historia bere horretan nik ezin dut jorratu, gutxiago zinegile modura, ezjakintasunagatik eta historia konplexua delako, baina egia da nire pertsonaia guztiak inguru sozio-historiko oso jakinetan mugitzen direla, alegia pertsonaiak era batera edo bestera jokarazten dituen inguru hori interesatzen zaidala. Historia “handi” horren barruan, oso istorio intimoak dira beti, pribatuak. Adibidez, Paisito bi familiaren istorioa da, diktaduraren bidegabekeria oso modu ezberdinean sufritzen duten bi familiarena, baina nire asmoa ez da diktaduraren nondik norakoak aztertzea, baizik eta diktadura jasan zuten familia batzuei gertatutakoa kontatzea. Diktaduraren aurrean zer egin oso argi ez daukatenak, nola egiten dioten aurre… Berdin Todo está oscuro filmean: Kolonbia desegituratzen ari denean astebeterako hara doan emakumearen ikuspuntua jasotzen dut, ez herrialdearen desegituratze osoa.

Baina azken batean, aukeratzen duzun istorioak baldintzatuko du testuinguru sozio-historiko horretaz emango duzun ikuspegia.

Jakina. Mikrohistorio horiek jorratuta, pentsatzen dut ikusleak sentitu dezakeela dramatikoki eraiki edo islatu nahi dudan errealitatearen ikuspuntua. Mugitzen diren inguruaren nolabaiteko analisia egin nahi dut nire pelikulekin. Azken finean, errealitateaz mintzo naiz askotan; fikzioa dokumentatzen dut, eta dokumentalak fikzionatu. Beti mugitzen naiz bien artean, dokumentala egiten dudanean bilatzen ditut errealitatea islatzeko hoberen etorriko zaizkidan elementu dramatikoak, eta fikzioa egiten dudanean, ikertu eta dokumentatu egiten naiz, pertsonaiek testuinguru historiko horri nola aurre egin zioten jakiteko, sinesgarriak eta koherenteak izan daitezen. Dena den, obra guztiak dira subjektiboak, dokumentala nahiz fikzioa, beti ematen diozu zure ikuspegia kontatzen ari zarenari.

Testuinguru erabakigarri horietan, pertsonaia arruntak aukeratzen dituzu, ez heroiak.

Bai, eta horregatik uste dut ez direla pertsonaia manikeoak, dilema moralak eta anbibalentziak dituzte, zalantzak… Gu guztion antza dute azken finean, heroien epika dugulako gogoan, baina erabakitzeko unea iristen denean beti ditugu zalantzak.

Madrid, mon amour laburrean 2004ko egoera salatzen duzu, PPren gobernupean, eta manifestarienganako poliziaren errepresioa da gai nagusia. Gaur egun hartutako irudiak dirudite.

Holokaustoaz txantxetan, Woody Allenek pelikula batean zioen erronkak gainditzeko asmatu zirela, esanez bezala errekor hori ere gaindituko zutela… eta beldurgarria da. Baina hain zuzen, polizia-estatua, PPk ezarri nahi duen Anaia Handiaren estatua izugarria da, krisiaren kontrako neurriak ezarri aurretik kexatu ez zaitezen Barne Ministerioaren neurriak datozelako, adibidez elkarretaratze baketsuak autoritatearen kontrako erasotzat hartzea. Beraz, bai, film labur harekin antzekotasunak daude, baina gaindituta, egungo egoera Irakeko gerraren aurkako mugimenduaren garaikoa baino askoz okerragoa baita.

Memoria da ihesbidea, film labur horretan. Hain zuzen, gertaera historikoak kontatzeko distantzia hartu ohi duzu zuk; hobe al da jazotakoa ondo islatzeko denbora pasatzen uztea?

Gertakari sozial batzuk kontatzeko distantzia hartzea hobe da hainbatetan, baina egia da unean egindako oso obra onak daudela baita ere. [Patricio Guzmánen] La batalla de Chile esaterako, Allende boterean zegoenean egina, oso analisi zuhurra da, oraindik ere balio duena. Ez dakit zer izango den onena, baina kontua da zerk motibatzen zaituen, eta manikeismoan erori gabe egiten jakitea. Azken finean, historia horretan inplikatuta egon bazara memoria bera zauri bilakatu daiteke, eta zauria ondo sendatu daiteke edo ez… Memoria beharrezkoa da, halere, herritarrek sufritu dutela sentitzen duten bidegabekeria aztertzea eta azaleratzea.

Ander eta Yul filmaz zera zenioen garaiko elkarrizketa batean: “Ez dut pelikula politikoa egin nahi izan, ezta, batik bat, tesi politikodun pelikula”. Hori lor daiteke, ETA mintzagai duzula?

Esan nahi nuen nire asmoa ez zela izan tesirik egitea, lehen adierazi moduan mikroistorioak direlako kontatzen ditudanak. Kasu honetan, militante baten eta haren lagun droga-saltzailearen istorioa da, helburua ez da militantzia abertzalearen fenomeno osoa aztertzea, baina aldi berean bai islatu nahi izan nuen fenomeno horren aurrean gizarte hain txikian gertatzen ari zen zatiketa, alde edo kontra egon beharra, eta jarrera garbirik ez izateak, erdibidean geratzeak harreman pertsonal ugari nola hondatu dituen.

1989ko Donostiako Zinemaldian bi emanaldi eskaini zituzten, eta bietan isiltasunez hartu zuen filma publikoak. Ez txalo, ez txistu.

Hala da. Tomaterik ez zidaten jaurti, baina txalorik ere ez zidaten jo eta erreakzioren bat espero duzu, alde edo kontra. Pelikulan ez daude onak eta gaiztoak, ideia batzuetan sinesten duen militantea dago batetik eta biziraupena helburu duen laguna bestetik; baina militante ona bada, laguna hil behar du bukaeran, bestela beste pelikula bat izango zatekeen, eta militantzia horren metodoei kritika egiten zaio. Beharbada horregatik harrera hori, inork ez zuelako bere burua heroi gisa islatuta ikusi, baina ezta pelikulako maltzur gisa ere. Bakoitzaren iritziaren esku utzi nuen ikusitakoa baloratzea, helburuek bitartekoak justifikatzen al dituzten erabakitzea. Protagonistak izan ditzakeen zalantzak ikusleari helarazten dizkiot, nolabait.

Zuzendari berriaren Goya saria eman zizuten filmagatik, baina aldi berean kritika txarrak jaso zituen hemengo prentsan.

Egia da Euskal Herriko prentsak ez ziola harrera ona egin, baina pelikula oso txarra zenik ere ez zuten esan, zeren bost urtetako lana bi lerrotan pikutara bidal diezazuke kritikariak. Dena den, bitxia da bai hain iritzi ezberdinak jasotzea, militanteak hartutako azken erabakiaren inguruan hausnarketa ezberdina egingo zuten batzuek eta besteek. Gaia oso zaila eta polemikoa zen, eta batzuek ez zuten gustuko izan emandako tratamendua, ETAk droga-saltzaileak hiltzeko kanpaina bertan behera utzia zuela esan zidaten; gainera gizajo bat –eta ez trafikatzaile handi bat– baino ez den droga-saltzailea akabatu behar du protagonistak eta batzuek ez zuten ondo hartu ETAz emandako irudi hori.

Euskal Herri iluna, goibela irudikatu izana kritikatu zizuten. Hala gogoratzen duzu garai hartako Euskal Herria?

Halaxe gogoratzen dut. Industri birmoldaketa garaia zen, langabetu kopuru handiarekin, eta gutxi gorabehera egonkortua zegoen trantsizioak desilusio handia utzi zuen jendearen artean. Eta droga zegoen nonahi, heroina batik bat, Donostia, Iruñea edo Bilboko alde zaharretan. 1982an utzi nuen nik Euskal Herria eta bueltatu nintzenean bestelako paisaia aurkitu nuen, iluna guztiz.

Gainerako pelikulei ere, kutsu beltza, hitsa darie oro har, thriller eta suspentse ukituarekin, biolentzia, heriotza, mafia, ustelkeria bezalako gaiak tarteko. Zure filmografian behintzat, bizitza ez da arrosa kolorekoa.

Bizitza errautsetatik birsortuta eraikitzen da sarri, etengabe dagokigu berriz jaiotzea, gatazkei aurre egitea, bizitza gatazka da, eta segun eta zein ingurutan bizi zaren, guztiz erretzera eraman zaitzake edo erredura txikiak jasatera, atsekabeak, horietatik berriz ere jaiotzeko. Zilegi iruditzen zait norbaitek bizitza arrosa kolorez ikustea, baina ni ez naiz gauza. Batzuetan, komedia on batek oso ondo kontatzen dizu bizitza, tragediak baino hobeto, baina niri ez zaizkit komediak ateratzen.

Euskal Herrian film luze gehien errodatu dituen emakumea zara. 2009ko ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan zine zuzendarien %9a baino ez da emakumezkoa.

Irakasle aritzen naiz Madrilgo Zine Eskolan eta askoz gehiago dira emakumezko ikasleak, baina gero ez dira iristen goi-karguetara, oztopo ikusezinei egin behar diete aurre, integrazioa ez da erabatekoa. Eta emakume gehiago egotea aberatsa litzateke, ikuspegi anitzak ekartzeko, nahiz eta emakumeen artean denetarik dagoen, nik ez dut adibidez Margaret Thatcher defendatuko, berdin dit emakumea izatea.

Eta nola irakasten da “zinemaren magia”?

Pazientzia handiz, eta funtsean, maisulanak aztertuz. Orson Wellesek zioen lengoaia arratsalde batean irakatsi daitekeela, baina emozioak kontatzen eta transmititzen ereduak aztertuz ikasten da. Ea zein plano, kamera mugimendu, soinu banda, argi… erabili dituzten zuzendari handiek emozio jakinak transmititzeko.

Zuk nola transmititzen dituzu emozioak?

Nik esan ohi dut gidoi onetan, sekuentzia bakoitza pelikula txiki bat dela, unitate dramatiko funtsezko bat, eta horregatik saiatzen naiz sekuentzia bakoitzean emozioak sortzen, emozio jakin bat transmititzen. Batzuetan asmatzen dut eta beste batzuetan ez, bilaketa lana da.

Atzera begirakoa eta liburua dela-eta, zure filmografia berrikusi ahal izan duzu. Ñabardura berririk atzeman al duzu?

Egia da nire filmografiaren hainbat ezaugarri azpimarratu dizkidatela eta orduan ohartu naizela horietaz. Esaterako, nire pelikulak paradisu galduez mintzo direla; nire pertsonaiek bide bat ez hartzea erabaki zutela bere garaian eta horrek, paradisu galdu horiek, betiko markatu dituela.

27 urte kamera atzean

Medikuntzako doktore tesia egitera joan zen Mexikora, baina bertan zine zuzendaritza ikasten amaitu zuen. Han jaio zen Elvira La Cruz, pena máxima (1985), eta beste hiru dokumental egin ditu ordutik: La mafia en La Habana (2000), Galíndez (2002) eta Madrid, mon amour (2004). Fikzioan berriz, zuzendari berri onenaren Goya Saria irabazi zuen Ander eta Yul pelikularekin (1989) eta Todo está oscuro (1997), Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan (2001) eta Paisito (2008) filmatu zituen ondoren. Orain, Manuel Hidalgo eta bien artean idatzitako La puerta del amor errodatu nahi du, “nahiz eta produkzioa aurrera ateratzea nekeza izaten ari den, garai zailak direlako”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


Eguneraketa berriak daude