Euskadi Sarietako lokatzetatik, ondorio batzuk

  • Joseba Sarrionandia “garbi” dago eta jaso ditzake Euskadi Saria irabazteagatik dagozkion 18.000 euroak. Hala esan du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak joan den astean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren bedeinkazioa jaso ondoren. Baina aurtengo edizioko polemikatik landa, ondorio zabalagoak ateratzeko balio beharko luke gertatutakoak.

Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Marije Sarrionandia, Euskadi Sariak banatu ziren ekitaldian, azaroaren 23an.
Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Marije Sarrionandia, Euskadi Sariak banatu ziren ekitaldian, azaroaren 23an.Argazki Press/ Juanan Ruiz

Komeni da sariak ekarri duen titular uholdearen ostean, urak bidera etorri arau, kalteak zenbatzen hastea. Lokatz arrastoa teilaturaino iritsi da zenbait lekutan; ez litzateke gehiegizkoa parajea hondamen-eremutzat hartzeko eskatzea. Ze, berriz esan beharko da, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du Kultura Sailak Sarrionandiari zegozkion sosak ematea. Gertaera isolatua izan daiteke beharbada, ez da eguneroko kontua izango epaileek atzaparrak sartzea kultura kontuetan, baina problema da ez luketela inoiz eduki behar horrelako ebazpenetan eskurik, are gutxiago Auzitegi Nazionala bezalako salbuespenezko tribunalek. Nahikoa eta gehiegi judizializatu da honezkero bizimodua Euskal Herrian; eta gainera, momentu politikoarengatik baino ez bada ere, bestela jardutea eskatzen zuen egoerak.

Jaurlaritzak ez du erakunde publiko autonomo bati eska dakiokeen gutxienekoa ere bete. Arazoa Joseba Sarrionandiaren iheslari kondizioa baldin bazen, dirua emateko bestelako formulak bilatu behar zituen Kultura Sailak, presio politikoei eta uhar mediatikoari men egin gabe –horiek bultzatuta hartu dira erabakiak: azaroaren 23ko Berrian Marije Sarrionandiak, idazlearen arrebak, Blanca Urgell sailburuarekin izandako elkarrizketaren berri eman zuen: “Azaldu zidan ‘presio politiko larriak’ dituztelako jokatzen ari zirela horrela”–.
Politika kulturaletan besteren menpe egongo ez den administrazioa zenbateraino den garrantzitsua, hori da ur zikin honetatik garbi atera daitekeen lehenbiziko ondorioa, gainontzean euskal idazle batzuk beti izango baitira kontrakoa frogatu artean gaiztagin –edo gutxienez zerbait txarra egin izanaren susmagarri–, motibo estraliterarioengatik. Eta ez espainiarren begietan bakarrik.

Lapitz kamutsa

Lerrook idatzi diren egunean Xabier Lapitz kazetariak Deia egunkarian artikulua publikatu du gaztelaniaz, Satanen folioa izenekoa – “satanizatuaren defentsa” egin dutenei eskerrak eman baitzizkien idazleak–. Lapitzek Sarrionandiaren obrarik apenas irakurri duela aitortu ondoren eskribitu du: “Oraindik ez digu esplikatu zergatik uste duen satanizatu dutela Espainian”. Ondoren, galdera erretoriko sorta: “Espero al zuen, akaso, bere kalitate literarioa txalotuko zutela, Espainiaren begitan kriminal bat baldin bada? Saiatu al da esplikatzen haiei ulertzea hainbeste kostatzen zaien hori? Egin al du satanizatzen dutenen ulermenari lagunduko liokeen ibilbide literariorik? Benetan satanizazio hori esplikatzea bere euskaldun kondizioa aurretik jartzea bezain erraza al da? Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe edo Unai Elorriaga ere euskaldunak dira eta Espainiako prentsak satanizatu ez, txalotu egiten ditu. Ergo…”.

Ergo, beste esparruetan hainbeste kritikatzen duen Jaurlaritzaren irizpide berbera du afera honetan Lapitzek eta ez zaio bururatu, adibidez, argudioari buelta ematea, bere buruari galdetzea zergatik Euskal Herrian Sarrionandia ez den Luziferren sinonimo, zergatik den euskal idazle errekonozituenetako bat, zergatik dauden haren hainbeste testu imaginario kolektiboan txertatuta –maiz, erabiliaren erabiliaz, leku komun izatera iristeraino, dena esan behar bada–. Bitxia nazionalista batzuek, hizketa gaiak kulturarekin zerikusia baldin badauka, Espainian homologagarri izatea zein erraz onartzen duten, horretarako idazlearen sortzeko askatasunaren gainetik zanpa-zanpa pasa behar bada ere.

Literatura, jarduera birjin hori

Basatzatik atera daitekeen bigarren ondorioak Sarrionandia babestu duten batzuei ere zer pentsatua eman beharko lieke, ordea. Idazleak berak azpimarratua dizu, saria jasotzean leitzeko bidalitako testuan: “Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten, neure defentsan bezala. Baina Moroak gara behelaino artean? liburuko orrialde guziak politikari buruzkoak dira. Ez kaleko edo prentsako ohiko eztabaiden terminoetan beharbada, baina, sarrera historikoaren ondoren, batez ere azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira”. Horrelako kontuak azpimarratzen aritu beharra triste samarra da, baina bistan denez beharrezkoa oraindik: kutsadura ideologikotik kanpoko esparru aratz, birjin eta kulpa oroz garbia aurkitu nahi duenak beste nonbait bila dezala, ez baitu aurkituko testu literariorik ideologiarik gabe, ez hemen, ez inon. Badirudi hori saihestu nahian ari garela; euskal kulturari Trantsizioaz geroztik (gutxienez) kontsentsuaren esparru izatea egokitu zaiola, euskaldun guztion topaleku, eztabaidatik libre dagoen eremu –eztabaida politikoak, noski; baina baita estetikoak ere–. Eta horrek ezin du hala izan. Kultura ez da higiene kolektiborako tresna, idazle batek posizio politikoak hartzen baditu –alde bateko ala besteko– ez da dagozkion zereginen marrak gainditzen ari –besteak beste, marra horiek ez direlako existitzen, batzuen buruetan salbu–.

Azkenik, Euskadi Sariek noraezean jarraituko dutela ondoriozta daiteke aurtengo ediziotik. Aukera aparta galdu du Kultura Sailak, Sarrionandiaren saria gainontzekoena bezala eman eta azken urteetan uhertuta datozen urak baretzeko. Utikan manifestuaren sinatzaileak izan ziren sariei errotiko kritikak egiten aurrenekoak, 2007an; aurtengo ekainean jakin dugu Euskal Editoreen Elkartea ere ez dagoela gustura Blanca Urgellen sailak egindako berrikuntzekin. Eta gauzek bide honetatik jarraituz gero, kosta behar zaio administrazio honi edo hurrengoari euskal literatura prestigiatzeko balio beharko luketen sariak lohi artetik ateratzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadi Sariak
Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte Getxoko Muxikebarrin

Ondorengoek irabazi dute euskarazko kategorian: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Miren Billelabeitia, Maialen Berasategi, Joxe Mari Berasategi eta Joseba Larratxek.


Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategik irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Aita-alabek Abdulrazak Gurnah-en Paradisua liburua itzuli dute euskarara. Tanzaniarrak Literaturako Nobel saria irabazi zuen 2021ean. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria jaso du Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz lanagatik.


2023ko Euskadi sariak irabazi dituzte Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxek

Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.


2022-10-13 | ARGIA
Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriarentzat Euskadi Literatura Sariak

Euskarazko Literatura saria jaso du Apaolazaren 'Bihurguneko nasa' ipuin bildumak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria Bilbaoren 'Barruko hotsak' albumak, eta Literatur Lanaren ilustrazioaren saria Mutuberriaren 'Irrimola' lanak.


2021-10-20 | ARGIA
Banatu dituzte Euskadi Sariak kategoria guztietan

Urriaren 14an jakianrazi zituzten sarietuetako zenbaiten izenak, eta asteazkenean eman dituzte ezagutzera gainontzekoak. Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi, Joxan Elosegi, Alex Gurrutxaga, Mikel Reparaz, Txani Rodriguez eta Javier de Isusi dira 2021eko edizioko sarituak.


Eguneraketa berriak daude