'The Artist' film frantziar ederra.
'The Artist' film frantziar ederra.

Krisi ekonomikoa izango da beharbada, edo politikari eta epaileen gehiegikeriak, bankuen lotsagabekeria, gaztetxeen hustuketa bidegabea, gogoko futbol taldearen porrota… Baina barre egin nahi du jendeak, zinema-aretotik alai atera nahi du. Proiekzioetan antzeman da, publikoak une irrigarriez nola gozatu duen ikusita, eta bozketan sumatu da, Michel Hazanavicius frantziarraren The Artist umoretsu eta baikorrak jaso baitu Publikoaren Saria. Eta arrazoi osoz: pelikula ederra da The Artist, 1920ko hamarkada bukaeran ahosdun zinemara egokitzen jakin ez duen zinema mutuko aktore bati buruz. Zuri-beltzean errodaturiko film mutua da, baina aurreiritziek ez zaitzatela engaina –aretora sartu aurretik nik neuk ere banituen–, zinema mutuko estiloa eta imintzioak berreskuratuz eta egokituz, erritmo onean kontaturiko istorio magikoa eta freskoa da hau.

Europako filmik onena hautatzeko garaian ere, hutsala ez den umorea, graziarekin istorio sakonak kontatzeko gai dena saritu du publikoak: Nadine Labaki zuzendari libanoarraren Et maintenant on va où? lana. Bi komunitateren arteko elkarbizitza zailari buruz komikotasunetik mintzatzeko gauza izan da Labaki. Ildo beretik, ohiko umore beltzari drama, tragedia eta thrillerra gaineratu dizkio Telmo Esnalek Urte berri on, amona! proposamen original, harrigarri eta basatian.

Orokorrean, maila oneko uzta bildu du Zabaltegik: Zuzendari berri onenaren saria The river used to be a man alemanak lortu du eta Gazteriaren saria Wild Bill britainiarrak, baina aipamen berezia merezi dute Nader and Simin, a separation pelikula iraniar bikainak, Tyrannosaur drama britainiar gordinak eta Aki Kaurismaki finlandiarraren berezko begirada duen Le Havre lanak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Zinemaldia
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude