Txinako Ezpeleta

Txinako ezpeleta.
Txinako ezpeleta.www.asperupgaard.dk

Etxe kontrako paisaian zuhaitz eta arbola negartiz osatutako jauzia, aldaparen beheko barreneko muturrean aldatutako Davidia involucrata zuhaitzean amaitzen da. Honek goiko aldean dituen mainontzi guztien malkoak jaso eta xukatzen ditu. Ez da alferrik mukizapien zuhaitza (ingelesentzat handkerchief tree edo pocket-handkerchief tree, frantsesentzat arbre aux mouchoirs, espainolentzat árbol de los pañuelos, alemanentzat Taschentuchbaum...). Izen xelebre hau bere loreari zor dio. Maiatza aldera loreak multzoka irekitzen dira eta hauetako bakoitzak braktea pare ederra du. Mutur batetik zintzilikatutako arra beteko mukizapi zurizta batek hartuko lukeen itxura du brakteak, baita joera ere: haizearen menturan jira-biraka hegan egiten du. Hegalaldi honek beste izen berezi bat ere eman dio zuhaitz honi: ingelesezko dove tree, usoen zuhaitza, alegia.

Makina bat zeresan sortu du zuhaitz honek azken bi mendeotan botanikarien artean: Cornaceae, Nysaceae edo Davidiaceae familietan sailkatzeko saltsa ez da oraindik behar bezala ondu, gaur egun gehienek aurrenekotartzat jotzen badute ere. 1826an Lapurdiko Ezpeletako Bergara etxean sortutako Jean Pierre Armand David Halsouet apaiz lazarista misiolariak Txinan topatu zuen. Zuhaitz honekin batera panda hartza, orein inperiala, urre-tximino sudurmotza eta beste espezie franko topatu zituen. Naturazale amorratua, misio lanak alde batera utzi eta Parisko Natur Historiako Museoaren aginduetara jardun zuen. XIX. mendeko Europa eta Ameriketako ikerlari gosetien aldra nahikoa langaiz hornitu zuen eta ondorioz bere omenezko davidii edo armandii abizena darama espezie ugarik. Abizenaren ordez izena, Davidia, du ohore mukizapien zuhaitzak.

Davidia bezala, ederki asko doakio bai mukizapien zuhaitza izena. Loretzarren itxuragatik, baina baita urzalea delako ere, direnak eta ez direnak xukatuko lituzke... Tartekako ura du, ordea, gustuko. Etengabe urasetuta izaten diren buztin edo tupa lurretan, istinga edo zingira tankerakoetan, ez aldatu gero. Bestela zeuk astindu beharko duzu mukizapia, erail duzula jabetutakoan.

  • Armand Davidi buruz areago jakin nahi duenarentzat, Kepa Altonagak idatzitako Armand David, pandaren aita (Elhuyar, 2001) liburua paregabea da.

ASTEKARIA
2011ko uztailaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuhaitzak
Indarkeria bikarioa salatu dute ehunka lagunek Lizarran

Lizarrako Mugimendu Feministak deitu du elkarretaratzea haurraren hiletaren ostean. Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernu Ordezkaritza kasua ikertzen ari da.


Amari min emateko hil zuen aitak semea Urbasan, nagusitzen ari den hipotesia

Haurraren amak salaketa ipini zuenetik zeuden haien bila. Aita semea helduta amildu zela adierazi du autopsiak, eta indarkeria bikarioaren hipotesiak indarra hartu duen arren, ikerketa aurrera doa.


2023-10-22 | Reyes Ilintxeta
María Castejón. Manugaitz eta arriskutsua
"Ezagutzen ez dugun errebeldia eta arriskugarritasun genealogia itzela dugu emakumeok"

Pasioarekin hitz egiten du, eta pasioa eta lana elkartzen ditu etengabe. Zinema, historia eta feminismoa dira bere bizitzako filmeko protagonistak. Arauetatik aldendu, genero-aginduak dinamitatu eta erreferente berriak gorpuzten dituzten emakumeak erakusten dizkigu bere liburu,... [+]


2023-09-01 | Jon Torner Zabala
Nafarroako Komiki Azoka, hiru astez Iruñean eta Lizarran

Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... [+]


Eguneraketa berriak daude