"Patxi Lopezen Gobernuak sortze-agirian dauka hipoteka"

  • Elorrio, 1966. Ikus-entzunezko komunikazioan eta filologia alemaniarrean lizentziatua da. Aralarreko parlamentaria Eusko Legebiltzarrean. Bere berbetan, aurrekontuak PSEren eta EAJren arteko itunetik atera dira “lehendakaria Lopez izan, Ibarretxe izan”, azpimarratu digu.
Mikel Basabe
"Ez litzateke ahaztu behar aurrekontuak Alderdi Sozialistaren eta EAJren arteko hitzarmenetik atera direla, lehendakaria Lopez izan, Ibarretxe izan".Alex Larretxi
Mikel Basabek apirilean bete zuen urte bat legebiltzarkide karguan: “Aurreko legealdian bi urte eman nuen Aintzane Ezenarroren aholkulari gisa. Legebiltzarreko barrunbeen berri baneukan beraz. Legez besteko izapideak, proposamenak eta eskaerak egiteko ohitura, alegia. Gainerako taldeetako kideekin harremana lantzeko parada ere izan nuen”. Esperientziaz jardun dugu hasieran. Honen konstatazioren bat eskatu diogu hasteko: “Hemen lan handia egiten da” esan digu.

Bestela ere, Legebiltzarraren jarduerak harritu al zaitu zerbaitetan?


Harritu ez. Baina, ordezkatze sistema honetan zerbaitek kale egiten duela esango nuke. Legebiltzarkide denak –parlamentariak edo senatariak– bere lekua alderdiari zor dio hautesleari baino gehiago, eta horrek alderdiari menpekotasun handia izatea ekartzen du.

Aralarrekoen kasuan ez al da horrela?


Guk –lau garenez– beharbada, dugun abantaila da, proposamen baten inguruan zalantzaren bat dugunean, gure jarrera aldatzeko aukera dugula. Hasteko, batzordeetan ordezkari bakarra dugulako. Guk oraingoz malgutasuna dugu entzundakoaren arabera jarrera zehazteko. Hemen dagoen ajeetako bat da –eta ez da bakarrik Legebiltzar honetako ajea– alderdi diziplinak legebiltzarkidea behartzen duela botoa bozketara zehazturik eramatera, gaia eztabaidatu baino lehenago. Hori harrigarria bada, gutxienez.


Lopezen Gobernuak urtea bete du. Zein da jardueraren zure balorazioa?


Gobernu honen hipoteka sortze-agirian dago eta denborak are ageriago utzi du hori. Gobernu hau sortu zen Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren akordio batetik, eta akordioak hainbat puntu zehaztatuta dauzka. PPk markatu egiten du gobernuaren jarduna, eta horrek isla zuzena dauka, esaterako eta besteak beste, hezkuntzan izaten ari diren polemika guztietan.

Bere kideek alabaina, aldaketa eta normalizazioaren gobernutzat daukate, tranbertsalitatearena barne.


Normalizazioa esaten dutenean, herri hau normaren barruan sartzeaz ari dira, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) normalizatu nahi dute Espainiaren baitako beste erkidego bat bezala. Baina gobernu hau bakarrik Euskal Herrian da posible, beste inon ez. Bertan PSOEk eta PPk elkar ulertzen dute, eta batak besteari gobernua oparitzen dio EAEn eta Nafarroan. Patxi Lopezen transbertsalitatea ez da haiek aldarrikatu duten balioetako bat, hain justu gobernuak –herritarren botoen gutxiengoarekin– herritarren gehiengoari aurre egiten diolako, eta aurre egiten dio hain justu euren ideologiaren alde guztiak gaindituz, salbu Espainiaren ideiaren kasuan. Gobernu honek ez dauka transbertsalitaterako ez asmo ez helbururik.

30 urtez EAJ izan zen Eusko Jaurlaritzaren buruan. Ezin esan aldaketa onerako izan ez denik ezertan? Ezkerreko ikuspuntu batetik ere ez?


Egia da, azken 30 urteetan EAJ izan zela Gobernuaren buruan, baina beste batetik, ez litzateke ahaztu behar aurrekontuak Alderdi Sozialistaren eta EAJren arteko hitzarmenetik atera direla, lehendakaria Lopez izan edo Ibarretxe izan, akordio haiek sinatu dute. Eta gauza bera gizarte edukia daukaten legeetan ere. Jeltzaleek eta sozialistek akordio nagusi bat izan dute beti. Beraz, ezker ikuspuntutik ezer aldatu den? Ezkerretik aldatzeko beste bazkide bat beharko zuen PSE-EEk. Norbaitek benetan pentsa dezake PPren premia daukan gobernu batek ezkerretik aldatzerik daukala? PSE da urteetan aurrekontuak, lege sozialak, baita zerga politika EAJrekin hitzartu duena. Aurten ere bai. Beraz ezkerreko izateko, lehenik, PSEk ezkerreko planteamenduetatik eragiteko borondatea izan beharko luke.


Begira ditzagun sail batzuk: Herrizaingo Saila zuzentzen duen Rodolfo Aresen politika, adibidez.


Gobernu honek sinboloen inguruan bueltaka segitzen du. Hortik ulertu behar da, esaterako, presoen argazkiak eta berauek Euskal Herriratzeko kalean izan diren ikurren aurka jazartzea. Halere, Legebiltzar honetan onartu izan da Etxerat-en jardunari buruzko informazioa epaitegietan ematea. Herri honetan biktima guztien sufrimendua aintzat hartzea behar-beharrezkoa da, biktima mota guztien erreparaziora jotzea eta bitartekoak jartzea berriz ere biktimarik izan ez dadin. Ez dago biktimen artean hierarkizaziorik egiterik eta egiten bada –urrunen dugun sufrimenduarekiko enpatia garatzen ez badugu– ez dugu herri honek behar-beharrezko duen alor horretan aurrera pausorik emango.

Bakerako Hezkuntza Plana hizpide. Zein da zure iritzia?


Plana planteamendu politikoz osatu dute, hezkuntza erkidegoa kontuan hartu gabe zertu da. Lehenik plana egin dute eta gero hezkuntza erkidegoari helarazi zaio. Plana PSE eta PPrena da, Basagoitik dioenez, plan honi “sí o sí”.


Eskola Kontseiluak plana onartu du nolabait.


Guk ez dugu Eskola Kontseiluaren autonomia kritikatuko. Plana haiei pasa zitzaien eta ebaluazioan esaten zuten, besteak beste, planak badituela eduki eta helburu politikoak.


Kontseiluko presidente Konrado Mugertzaren ordezkapenaz zer iritzi duzu?


Gertatuak horrelako karguak erabilera politikoaren menpe daudela aditzera eman du. Ez dute irudi onik eman.


EAJren oniritzia jaso lezake planak?


Hori jeltzaleek esan beharko dute. Gure jarrera hor dago. Guk planari buruzko iritzia emateko berau eskuetan izan arte itxaron genuen, baita gure alegazioak Hezkuntza Sailera igorri arte. Gai honetan komeni da tentu handiz ibiltzea. Alegazioak egin eta gero eman genuen ezagutzera gure iritzia jendearen aurrean.

Hezkuntza komunitatea nola ikusten duzu berriz, planaren aurrean.


Hezkuntza erkidegoaren egoerari buruz ikuspegi zabalagoaz aritu behar da. Horregatik gehiengo sindikalak, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, maiatzaren 25erako hezkuntza publikoan grebara deitu dute. Hori zerbaitengatik da. Horrelako erabakia ez da hartzen besterik gabe. Izan ere, Gobernuaren joera da erabakiak hartzea eta gero hezkuntza erkidegoari ematea. Gure ustez, hezkuntza arloan ez da lortu elkarlana garatzea eragile guztiekin.

Aralarrek greba deialdia babestu du.


Guk sindikatuek egiten duten deialdia errespetatzen dugu. Uste dugu badaudela arrazoiak mobilizaziora deitzeko.

EAJri greba egitea desproportzionatua iruditzen zaio.


Joseba Egibarrek esan du ez dela momentua greba deialdi baterako. Baina noiz izan da EAJrentzat momentua greba baterako? EAJ horretan ez da aldatu.

Beste arlo batera pasako gara: bake prozesua, normalizazio prozesua edo prozesu demokratikoa. Zuk nola izendatuko zenuke prozesu delakoa?


Egin beharreko prozesua.

Zer lortzeko?


Besteak beste, herri honi behar eta merezi duen ezkerreko planteamendu abertzalea eskaintzeko. Hori lortzeko. Baina horrek gaindituak dauden borroka motak gainditutzat ematea eskatzen du, baita elkarlanerako oinarri finkoak jartzea ere.

Batasuna nola ikusten duzu zeregin horretan?


Ni neu baikor naiz. Zutik Euskal Herria adierazpenak itxaropenerako bidea zabaldu du. Orain, bidean eta zereginean alderdien arteko errespetuak nagusitu behar du elkarlanerako oinarri sendoak finkatzeko. Hortik aurrera dena da posible.

Batasunaren eta Aralarren artean errespetu hori ba al dago? Zein dira ezkerreko abertzaletasunaren planteamendu politiko egokia?


Hasteko gure planteamendu politikoa ez da Copyright, gurea Copyleft da. Ezkerreko planteamendu politikoak ez dira inorenak, praktikatu nahi duten guztienak dira. 2006z gero, duela bi aste izan dugu batzar ofizial bat Batasunarekin lehenengoz.


Harremanak zer ekar dezake?


Gure aldetik normal batzartzea, beti eskatu egin duguna, orain gertatzen ari dena. Orain oinarri sendoak jarri beharko lirateke. Izan ere, orain arte hauxe gertatu izan da: erabaki politikoak hartu direla –hor daude dokumentuak– baina [ETAren] atentatuak gertatu direnean erabaki politiko horiek ez direla garatu. Guk oinarri sendoak jarri behar ditugula diogunean, horretaz ari gara. Etorkizunean, edozer gauza gertatuta ere, erabaki politikoek aurrera egin behar dutela.

Zentzu honetan nola baloratzen duzu Bruselako Adierazpena?


Bruselako Adierazpenak asmatu egiten du ETAri behin betiko su-eten egiaztagarria eskatzen dioenean. Eta asmatzen du horixe delako ezkerreko abertzaleok behar-beharrezko daukagun urratsa, guztiok. Hori aurrerapauso itzela litzateke, baina ezin da hori lotu Espainiako Gobernuak hau edo beste egitearekin. Espainiako Gobernuak edozer egiten duela ere ezkerreko abertzaleok jarraitu behar dugu elkarlanerako oinarriak jartzen, eta horretarako ETAk egin dezakeen ekarpen bakarra borroka armatua behin betiko uztea da.

Brian Currinek ETAri pausoak ematea exigitu behar zaiola dio, baina baita Espainiako Gobernuari ere. Horretan ez duzue bat egiten, antza.


Baina noren onerako da ETAk borroka armatua uztea? Nik garbi daukat. Batez ere euskal herritarron onerako, batez ere abertzaleontzako eta zer esanik ez herritar independentistentzako. Geure onerako da Espainiako Estatuaren aurrean jarraitu beharko dugun borroka beste bide batzuetatik jarraitzeko. Hau da, bide horiek ezin ditugu baldintzatu Espainiako Estatuak egiten duenaren arabera. Guretzat askoz hobeagoa da borroka armaturik ez dagoen agertokia, guretzat, ezkerreko euskal independenteontzat.

Ezker abertzaleko ildoek bat egingo al dute?


Aralarren sorreratik esan genuen, guk ez diogula inori itxarongo. Bidean elkartuko gara elkartzeko oinarriak daudenean, elkartzeko borondatea daukanarekin. Gu gure bidea egiten ari gara, erabaki hori atzeraezina da.
"EAEn zergatik ez da NaBai gertatu? Oinarri sendorik ez daukagulako. Ez momentuz"
Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan hautagaitza bateratua egin dezakete, demagun, EA, Batasuna eta Aralarrek.

 

Erabaki atzeraezintasuna aipatu dut lehenago hain justu. Izan ere, ez dago jakiterik hasten diren bideak noraino iristen diren. Beraz, uneon nekez esan dezaket ezer.

Alderdi Politikoen Legea tarteko, demagun EA eta Batasuna batzen direla.


Hori ere ez dago jakiterik. Nik hau baino ezin dut esan: une honetan Eusko Legebiltzarrean herritarren boto gutxiago dute Gobernua sostengatzen duten alderdiek, Gobernuaren kontra ari direnek baino. Horri kanpoan geratu ziren 100.000 mila botoak gehituz gero, nabarmena da une honetako egoerak nori egiten dion mesede eta nori kalte.

Polo eta gune subiranista hizpide. Batzuek polo eta gune bereizten dute, EAko Pello Urizarrek kasu. Aralarrek ez ditu polo ez gune gustuko antza, edo behintzat ez da EAren eta ezker abertzale ofizialaren arrastoan sartu orainokoan. Zergatik?

Duela hamar egun elkartu ginen Batasunarekin, azken lau urteetan lehen aldiz. Hori horrela bada, zer elkar lan mota egin daiteke orain arte Aralarrekin elkartzeko asmoa izan ez duenarekin? Hori iraganari begira. Etorkizunari begira: egongo al dira oinarri sendoak? Egongo al da errespeturik? Egongo da epe luzerako begirada? Eta hauxe gehituko dut: hemen ez dago inor sobran. Hemen sobran borroka molde zehatz batzuk dira.

EArekin Nafarroan bai, baina EAEn ez. Non dago koska?

Lehenik, erantzun luzea behar du galderak, abertzaletasunaren ibilbide historikoari begiratu behar baitzaio. Hamarkadetan abertzaletasunaren gidaritza EAEtik egin da. Uste zen EAErentzat erabakitzen zena egokia zela ere Nafarroarentzat, areago, Ipar Euskal Herriarentzat ere bai. Euskal abertzaletasunaren jarduna horixe izan da, eta hori autokritika ere bada, ni horretan aritu bainaiz.

NaBai sortzen denean, UPNren eta PSNren jarreraren aurka sortzen bada ere –ez da hori arrazoi bakarra, ez baita bakarrik sortzen bertako Gobernuak Nafarroan euskara eta euskal zaletasunaren aurkako jardunari kontra egiteko–, euskal abertzaletasunak Nafarroarako planteamenduekin lan egin behar duelako sortzen da, Nafarroako ikuspegiekin bertako beharrei erantzuteko. Hori oso garrantzitsua da NaBai zertarako sortzen den ulertzeko.

NaBai gutxieneko batzuk adostuta sortzen da. Besteak beste, ETAren jardunaren kontrako planteamenduarekin.
Ez da bakarrik Nafarroan hauteskundeen aurreko abertzaleon elkarlana posible, Ipar Euskal Herrian ere bada. Bertan AB, EA eta Batasunak EHBai plataforma sortu zuten. Zer dute biek komunean? Oinarri sendoak dituztela eta abertzaletasuna beren esparrutik beren esparruko beharrei erantzun gura izatea.

EAEn zergatik ez da hori gertatu? Oinarri sendorik ez daukagulako. Ez momentuz. Beno, hartzen diren erabakiak mantentzen eta garatzen badira, izan ditzakegu.

Halere, abertzaletasuna EAEtik bertatik eta hona begira ulertzeko premia ez dugu berehalakoan izango. Honi gehitzen badiogu hemen abertzaletasuna soziologikoki eta erakundeetan nagusi izan dela orain arte, argi dago hemen beste parametro politikoetan jokatzen ari garela. Hau da, “zergatik da posible NaBai Nafarroan eta EAEn ez?” galdera planteatzen denean, lehenik eta behin, hori planteatzen duenak zer planteatzen du? EAJ, Batasuna, EA eta Aralar elkarrekin joatea? Hori al da?

Bigarrenik, zer esaten ari da, gaur egun baldintzak betetzen direla?

Hirugarrenik, positiboa dela hori? EAEn? Non eta abertzaletasuna nagusi den eremuan abertzaleon arteko ezker-eskuin dialektika albo batera utzi behar al dugu? Azkenik, abertzaletasuna EAEtik EAEra egin behar da, eta EAEren berezitasunei begira ere egin behar da, Nafarroan eta Iparraldean egiten den bezala.

Alegia, egoera bestelakoa da hemen. Hemen oinarri sendoa jarri behar da, eutsi egin behar zaio eta bere bidea egingo badugu –EAEn unionisten artean gertatzen den bezala– abertzaleon artean ere ezker-eskuin dialektika garatu beharko da.

NaBaik segituko al du EAk eta Aralarrek eman duten pausoa emanda?


Zergatik ez luke jarraitu beharko? EAk eta Aralarrek lehen pausoa eman dutelako?

Nafarroan Aralarren eta EAren agintekeria salatu dute sektore batzuek
.

Beno, sinatu duten akordioan baldintza ideologikoak eta estrategia batzuk daude. Horiek bere egiten dituztenek badute parte-hartzea. Nire konfiantza da, gutxienez, NaBai orain daudenekin osatuko dela.

Iparraldean berriz, EHBai plataforma azkeneko bozetan ez zen oso ondo atera. EAren jarrera zaila. EAJ kanpo. ABren eta Batasunaren artekoak ez zuen onena eman.

Hasteko eta behin botoa eskatu zuten, baina botoek ez zutela ondorio praktikorik ekarriko kontuan hartu behar zuten. Eta hori beti da akatsa. Nire ustez proposamenak modu positiboan egin behar dira eta herritarren ardurekin eta premiekin lotu egin behar dira. Eta horrek balio du Euskal Herri osorako. Ipar Euskal Herrian une sendoa bizi izan zen Batera plataformaren aldarrikapenen inguruan. Baina horrek ez zuen biderik burutu eta nekea sortu da. Dena den, azken hauteskundeak koiunturalak izan ziren eta aurrerantzean EHBaik lortuko du dagokion tokia.
PSE-EEren eta PPren arteko Ituna
PSEk eta PPk beteko al dute legealdia? Hori izan ezean, EAJrekin ituna lor lezake PSEk?

Zaila. Izan ere, Alderdi Sozialistak eta PPk EAEn –eta Nafarroan ere bai– sinaturik duten akordioa Espainiara begira egina dago, eta akordio hori arriskuan jartzen duenak –gehiengo unionista apurtzen duenak–botoetan ordaindu beharko du Espainian. Nori komeni zaio legealdia kolokan jartzea? Espainiako Kongresurako hauteskundeak egin arte behintzat ez PPri ez PSOEri. Noski, ondoren, EAEko hauteskundeak gerturatu ahala, euren arteko desadostasunak azalduko dituzte. Baina orain akordioa zalantzan jartzea... ez, inola ere, ez batak ez besteak.
EITB hizpide
Aldaketa nola islatu da EITBn?

Nik ez dut ikusten EITBn aldaketarik. Bestelako balorazioetan sartu gabe, guk kontratazio politikan hauxe salatzen dugu: langileen lan baldintzak eta lan egoerak bertsuak dira lehen eta orain. Duela bi astean eman zizkiguten –guk eskatuta– Gaztea Irratiaren kontratazioen berri. Oker ez banago, 1992z geroztik ez da lanpostu deialdirik egin Gaztean. Eta gure azken galderari “...ez daukagu lan postu berrien aurreikuspenik” erantzun ziguten. Hau da, orain arte kontratazio mota batekin jardun izan duten langileek kontratazio mota berarekin jarraitu beharko dute, behin-behineko kontratuz eta kolokan. Adibide bat baino ez da.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude