Buridango astoarena

Zinemaldia
Gose eta egarri izaki, distantzia berera zituen eskuin-ezker belarra eta ura. Jana eta edana neurri bereko premia ziren Buridango astoarentzat eta alde batera ala bestera egiten asmatu ez zuenez, kieto geratu eta gosez hil zen. Aurtengo Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko epaimahaiak ere antzeko zerbait egin duela iruditzen zait: asko nabarmendu den filmik ez zegoen eta lehentasunak ezarri ezinda, inori gustatu ez zaion erabakia hartu du.

Emakumezko aktore onenaren sariek izan dute harrera on xamarra: Melissa Leok Frozen river-en eta Tsilla Cheltonek Pandoranin kutusu-n egindako lanak merezi zuten. Gainontzean azken film hori urrezko maskorrarekin saritzeak eztul txiki bat eta kilker hotsa ukan zuen arrapostu prentsako kideen artean; antzeko zerbait esan liteke Oscar Martinezek jaso duen aktore onenaren zilarrezko maskorraz ere: tuju-tuju; kir-kir. Michael Winterbottomi eman dioten zuzendari onenaren sariak txistuak jaso zituen: esango da Zinemaldiari dion fideltasunak izango duela zerikusirik sarian; ikusle honek berriz, Genova gustuko izan zuen. Zuzendariaren lanak txaloren bat merezi zuela uste dut, tamainan, hori bai, ez baita britainiarraren onena ere.

Makhmalbaf familiak epaimahaiaren beste sari bat eraman du, Samiraren Asbe du-pa lanarekin, nahiz eta saria emateko arrazoia –umeek gaur egungo munduan dituzten arazoekin engaiamendua, edo horrelako zerbait– harrigarria iruditu zaidan: Hanaren iazko Buda az sharm foru rikht lanean bezala, umeak gizarte osoaren metafora dira pelikulan. Hori ez ikusteko begimotza behar da izan.

Jaime Rosalesen Tiro bat buruan-ek berriz, nazioarteko kritikarien Fipresci saria irabazi du. Eta horra txutxumutxua: antza denez kritikari espainiar bakar batek ere ez du bere alde bozkatu. Politikak ez duela zerikusirik? Garbi dago: asto guztiak ez dira Buridangoak.

ASTEKARIA
2008ko urriaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Zinemaldia
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude