«Gorrak badaudela aitortzea bera da inportantea»

  • Itzultzailea da, gorrena. Ospe handiko hainbat ekitaldi eta sari banaketatan ikusi dugu jendaurrean lanean, ikusezin igarotzeko arrisku handia gorabehera, hain dugu enpatia txikia (ez)berdinarekiko. Mundu eder, oparo, teknologiarik berrienaz jantzirik aurkezten zaiguna arrunt neurri estukoa begitantzen zaigu Puri Etxabururekin jardunik. Mundua, eta norentzat eta zeinentzat, eta hautatu bakan pribilegiatuontzat beste inorentzat ez.
Puri Etxaburu
Puri Etxaburu gorren itzultzaileaIñigo Azkona
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Elkarrizketara lotsatan zatozela diostazu. Lotsatan? Telebistan ere azaldu izan zara eta!


Bai, baina han ez didate galderarik egiten. Zuzenean egin behar izaten dut lan, baina erantzun beharrik gabe. Batetik, lotsatia naiz, eta bestetik, nahiko traketsa hizketan.

Hizketan traketsa eta itzultzaile? Ez nuen berehalakoan esango!


Baietz, bada! Badut lagun bat, esaten didana: “Puri, bukatu esaldiak!”. Halaxe esaten dit. Kosta egiten zait, nonbait. Errazago zait besteren hitzak hartzea.

Besteren hitzak hartu, eta itzultzea.


Horixe da nire lana.

ETB1en ikusi zintugun azkena, joan den abenduaren hasieran, Euskadi literatura sariak banatzeko ekitaldian. Itzultzaile lanean ari zinen orduan ere.


Ez da ekitaldi horretan parte hartzen dudan lehenengo aldia, laugarren edo bosgarren urtea bai! Eta ez dakit saio horretan nola hasi nintzen ere. Enpresa jakin batek deitzen dit. Behin, orain dela lau edo bost urte, galdetu zidaten Euskadi sarietan itzultzen lan egiteko prest ote nengoen, eta nik baietz. Eta joan nintzen. Ordudanik urtero-urtero deitzen didate, eta joaten naiz. Are gehiago, literatura sarietan hasi eta, urte hartan bertan, lehendakaritzatik deitu zidaten beste zenbait ekitalditan ere itzultzaile lana egiteko. Ordutik hona Gabonetako harrera ekitaldian, kirol sarietan, Dolores Ibarruri sarietan, Lan Ona sarian eta era horretako zenbait ekitalditan egin dut lan.

Bigarren mailako aurkezlearen itxura duzu ekitaldi horietan.


Ez, ez, ezta pentsatu ere! Han dagoen norbait naiz ni, zubi egiten. Izan ere, horixe gara gu, zubia, gorren eta entzuten dutenen arteko zubi. Ekitaldi berezi horietan lan egin izan dut, entzuleen artean gorrak egon ala ez. Gorrak dauden kasuan, ikusi egiten ditut, segituan gainera, eurek ere zeinu hizkuntzan adieraziko didatelako: “Gorra naiz!”. [Eta zeinu hizkuntza ere baliatu du, gorrek nola adieraziko lioketen ikus dezadan]. Gorrik ez dagoenean, jende artera begiratu besterik ez dut egiten. Hori dela eta, itzultzaileren batek edo bestek esan izan dit gorra behar duela aurrean, bere lana egiteko. Ni ohitu egin naiz itzultzen, jendartean gorrak izan edo ez izan.

Zer diozu esperientziari buruz?


Orain oso erraza zait, baina hasiera baten… Ez nuen egoeraren berri: lekua, jendea, itzultzeko edukia… Hala ere, bai lehen eta bai orain, urduri joaten naiz era horretako ekitaldietara. Tripak gora eta behera ibiltzen ditut, hankak dardarka… Baina behin ekitaldia hasiz gero, lasaitu egiten naiz. Itzuli egiten dut, hori da eta nire lana. Baina urduritasuna, beldurra, “ondo egingo ote dut, txarto?”… Hortxe beti. Normala izango da kezka, momentuko kontua. Ez dakit bada, nik. Dena den, urteak daramatzat lanean eta moldatzen naizela uste dut.

Ez dakit nola hasi zinen itzultzaile lanean.


Lehenengo, sindikatu batentzat egin nuen lan. Artean ez nintzen itzultzaile. Lantegi batean egin nuen lan, gorrak zituzten bospasei langilerekin. Gor haientzako itzultzaile eraman ninduten hara. Sari banaketa eta horrelako ekitaldietan, berriz, lagun baten bitartez hasi nintzen. Berak ez daki euskaraz, eta zenbait ekitalditan euskaraz jakitea eskatzen hasi ziren. Gogoratzen dut mesedez eskatu zidala, berarekin joan eta agertoki aurrean beraren parean jarrita egoteko, laguntzeko. Alegia, ekitaldian euskaraz hasten zirenean, nik zeinu hizkuntzara itzultzen nuen, eta nire lagunak, ekitaldiko gorren itzultzaileak, niri kopiatzen zidan: nik euskaratik zeinu hizkuntzara itzultzen nion, eta berak jendeari transmititzen. Ondoko urtean neuk egin nituen, zuzenean, itzultzaile lanak.

Zu baino lehenagokoak dira gorren itzultzaileak telebistan eta jendaurreko ekitaldietan…


Nieves Perex eta! Bera izan zen Bizkaian bideak zabaltzen lehena. Bilboko udal arduradunekin harremanetan jarri zen, bateko eta besteko ekitaldian, inauterietan eta, gorren itzultzaileak jar zitzaten. Diputazioarekin ere saiatu zen, eta lortu ere bai. Berak urratu zuen bide hori. Nievesez gero, asko dira itzultzaile elkartean ari direnak.

Itzultzaile elkartean?


Zeinu hizkuntzan lan egiten duten itzultzaileen elkartea, esan nahi dut. Itzultzaile elkartea gorren seme-alabek sortu dute. Gorrak medikuarenera joan behar zuela eta, nork eramango? Semeak, alabak… Banketxera joan beharra, eta norekin joan? Berdin. Gaur egun bada horretarako zerbitzua, elkarteak eskaintzen duena. Lehen ez zegoen horrelakorik. Elkartea berria da, 1995ean sortu zen. Elkartea berria, eta lanbidea bera ere berria. Hasi ginenean ez zegoen itzultzaile ikasketarik. Elkarteak ikastaro zenbait antolatzen zituen, eta egin nituen. Askorik ez nuen ikasi, nik aurretik ere banekielako zeinu hizkuntzan komunikatzen, baina itzulpena landu nuen, diferentea da-eta eduki formalak eta ez formalak itzultzea, adibidez.

Itzultzaile ikasketarik bada gaur egun?


Bai, goi mailako zikloa da, duela gutxi abiarazitakoa. Orain dela sei bat urte edo hasi ziren horretan. Zeinu hizkuntza ez ezik beste hainbat gai erakusten dituzte: gor komunitatearen psikosoziologia, euren historia, ohiturak, nazioarteko sistema, gida-interpretazioa…

“Gida-interpretazioa”?


Bai. Urte askoan gor izan denak ikusmena galtzera jotzen du urteen poderioz. Lehenengo gor, eta azkenean gor eta itsu! Bestalde, badira jaiotzez gor eta itsu direnak ere. Gida-interpretazioan, hortaz, haien sistema ikasten da. Gor itsututakoek zeinu hizkuntza erabiltzen segitzen dute, baina besteren eskuaren ukipenaz lagundurik.

Ez zara gor ez mutu, zerk eraman zaitu gorren mundura?


Gurasoek.

Zer esan nahi duzu, “gurasoek”?


Gorrak ditut gurasoak, nola aita, hala ama. Alaba bakarra naiz eta zeinu hizkuntza dut ama hizkuntza. Bederatzi hilabetetan hasi nintzen lehenengo hitzak esaten.

Zeinu hizkuntzan?


Bai, zeinu hizkuntzan. Jatekoa eskatzen hasi nintzen lehenengo, edatekoa… Horrela kontatzen dit amak.

Bataren euskara, bestearen gaztelania edo frantsesa… Zuk, zeinu hizkuntza, ama hizkuntza.


Bai, beste ume guztiek bezala hizkuntza jaso nuen amarengandik. Bi urte nituela eraman ninduten eskolara, nahiz eta garai hartan hiru urterekin hasten ziren umeak. Gurasoek baimena eskatu zuten, etxean entzuten ez nuena eskolan entzun nezan, belarria egin eta hitz egiten ondo ikas nezan… Berandu hasi nintzen hitz egiten, ondo hitz egiten behintzat. Hasieran gurasoek bezala hitz egiten nuen, ondo ahoskatu gabe eta.

Besteok bezalaxe hitz egiten duzu orain, zure lagunak esana gorabehera, esaldiak ez dituzula bukatzen, alegia…


Bai, kar, kar, kar… Lau-bost urterekin beste urrats bat egin nuen. Izeko dugu Bilbon, euskaraz ez dakiena. Ondarroara etorri zen batean, erdaraz batere ez nekiela konturatu zen. Familia ondarroarra; denak euskaldunak; etxean zeinu hizkuntza… Ez nekien erdaraz. Izekok, berriz, etxe bat zeukan Palentziako (Espainia) herri txiki-txiki batean, Congoston, eta hiru uda pasatu nituen han, erdaraz ikasten. Eta ikasi nuen.

Besterik ere ikasi duzu. Ikasketak egina zara.


Ondarroan egin nituen lehen ikasketak. Hantxe institutua ere. Gero, Lan Harremanak ikasten hasi nintzen EHUn, Leioan, baina ez nuen amaitu. Ikasketak bukatu baino lehen beharrean hasi nintzen. Bilbora bizitzera etorri ginen garai hartan, eta gorren federazioan lan egiteko eskatu zidaten. Itzultzaile hasi nintzen, eta horretan ari naiz gaur egun ere. Hasiz gero ez naiz geratu.

Itzultzaile zara, euskaratik euskarara, eta gaztelaniatik gaztelaniara egiten duzu lan, zeinu hizkuntzara betiere.


Horixe. Gaur egun, hala ere, institutu batean ari naiz beharrean. Ikasle baten itzultzaile naiz. Gentzane du izena. Haren aurrean jartzen naiz eta irakasleak esaten duen guztia itzultzen diot. Aurten ikasle horixe dut, baina gehienetan bi ikasle izaten ditugu, ikastetxe berean edo ezberdinetan, maila berean edo batean baino gehiagotan.

Gentzane.


Batxilergoko lehenengo mailan ari da, hamazazpi urte ditu. Neska argia da, ikasketa errazik ez dago baina.

Gai guztiak itzultzen dizkiozu?


Gorrak gai teorikoetan behar du itzultzailea. Historia, Kimika, Matematika... Soin Hezkuntzan, aldiz, partida bat jokatzeko gorrak ez du itzultzailerik behar, ezta berotze ariketak egiteko ere: nahikoa da lagunekin bat egitea. Dena dela, Gentzaneren kasura etorriz, borroka greziar-erromatarra egiten du! Baina itzultzaileok ez gara hizkuntzetan askorik sartzen. Hizkuntzei dagokionez, gorrek egokitze kurrikularra dute. Eman dezagun, ingelesa. Ni Gentzanerekin baldin banago, ingelesa itzultzen badiot, zeinu hizkuntzaz itzultzen badiot –zeinu hizkuntza espainola–, ez du ingelesez ezer ikasiko. Hortaz, ni ez naiz han izaten. Gentzanek ez du ingelesez hitz egiten ikasiko, ezin du eta entzun. Baina idazten bai, ikasiko du, ari da ikasten. Ingeles idatzia da haren helburua. Gentzane ingelesez komunikatzera helduko da, idatziz. Gorrak, zeinu hizkuntzaz gain, hizkuntza idatziak ikasten ditu…

Mundu berria dut…


Diferentea eta arraroa, ezta?

Ezezaguna.


Gorrak ez du entzuten. Guk besterik gabe barneratzen ditugun egiturak buruz ikasi behar izaten ditu. Buruz ikasi behar du hizkuntza idatzia bera ere. Oso lantegi zaila da hori. Esaldi laburrak buruz ikastea, ondo, baina hortik gora, lanak! Hizkuntza idatzia ondo menderatu ahal izateko txikitandik hasi beharra dago erakusten, ulermena lantzen eta. Gaur egun, batzuk gogotik hasten dira, beste batzuk ez. Familia, ikastetxea, irakaslea… Nik gurasoen inplikazioa azpimarratuko nuke.


Zer galtzen du gorrak mundu honetan?


Gauza gutxi.

Parkean gaudenez, Puri, gorrak ez du uraren hotsa aditzen, ez txorien txio-txiorik, ala?


Ez, baina inoiz ez du entzun… Bestalde, beti dago bibrazioa. Eta ukitzea. Hara, guk zarata handi bat entzuten dugunean, gorrak ere entzuten du, edo entzun lezake: bibrazioaren bidez.

Gorra gutxitu fisikoa al da?


Nik ez nuke esango gutxitua denik. Belarritik jasotzen den informazioa du muga. Horixe. Musika aparailu askoren kasuan, bolumena handituz gero gorrak bibrazioa senti dezake. Horixe egiten dute zenbait gorrek: autoan doazela, adibidez, bolumena handitzen dute, musika bibrazio bidez entzuteko, burrunba sentitzeko. Erritmoa, azken finean.

Gorren legeaz hitz egin izan didazu behin edo behin. Ez dakit zertan den…


Hegoaldekooi dagokigunez, joan den udan onartu zuen Madrilgo Gobernuak. Zeinu hizkuntza bat badela aitortzen da bertan, eta gorrak badituela zenbait eskubide: hezkuntza jasotzekoa, adibidez, edota zenbait informazio azpititulu bidez jasotzekoa –telebistan, esaterako–, zenbait zerbitzutan itzultzailearen laguntza izateko eskubidea –osasungintzan, justizian…–, eta beste hainbat. Komunikazio hesiak apurtzea da helburua. Zeinu bidezko komunikazio sistemaren aitorpena egiten du legeak. Hala ere, lehenengo-lehenengo, gorrak badaudela aitortzea bera da inportanteena: “Badira gorrak, badira gor itsuak, eta komunikatzeko sistema bat behar dute”.

Telebistako sinbolo hori eta, halako edo halako saiok gorrentzako itzulpena duela adierazten diguna...


Sinbolo hori, “belarritxoa”… Gorrek urteak daramatzate aldarrikapenak egiten. Telebistako sistema hori eta, gorrentzako itzulpen sistemaduna, ez da oraingoa.

Legeak babesa dakar, aurrerapausoa da.


Aurrerapausoa da, baina ez da nahikoa. Esate baterako, telebista ikusten ari zara eta han, saio batean, laukitxoa: oso gauza bisuala da laukitxo hori, oso nabarmena, denek ikusten dute. Aldiz, inork ez du ikusten, ez daki, zenbat arazo izan zituzten gorrek iaz, film bat ikusi ahal izateko, azpititulurik ez zekarrelako. Inork ez dio teletestuari eragiten, halako edo halako filmek azpititulurik ba ote duen ikusteko. Legea badugu, baina nire ustez, gutxi da oraindik.


Zer da eginkizun?


Legea gauzatu behar da. Bete. Oso lege zabala da, zabalegia, gauza asko egin nahi dituzte, baina noiz egingo dituzten…

Itzultzaileari dagokionez, zer da egiteko dagoena?


Gorren itzultzaileak leku gehiagotan egon behar du. Gure jarduna ez dago normalizatua. Medikuarenera jo eta zailtasunak. Berdin udaletxean. Galdetu eta erretolika nahasi eta ilun bat. “Aizu, barkatu, gorra naiz!”. Ez dira behar beste saiatzen. Sentsibilizazioa behar dugu, baina ez da hori bakarrik. Tabernara joan, erosketak egin, etxetresna elektrikoa erosi, udaletxeko paperak… Guretzat egitekorik ohikoenak direnak, gorrarentzat arazo larriak dira.


Bide horretan, zer eskatuko zeniguke gor ez garenoi?


Ulerkor izatea. Gorrak komunikatzeko zailtasunak ditu. Askok arazo larriak, esango nuke. Gor ez denak horretaz jabetu behar du, eta ulerkor izan. Gorra ez da gor berak nahi duelako. Gorra da, gorra delako. Ez da ume txikia, edo gaitasun txikikoa, ezta hurrik eman ere! Askotan, alderantziz ere badela esango nuke. Zerbait aldarrikatzen duenean ez da nahikeriaz ari. Telebista eta filmetan, azpitituluak ez dira kapritxo, esate baterako, informazioa lortzeko bidea baizik.

Estimatzen dizut mundu ezezaguna zaidana bistara ekartzen laguntzeagatik. Eta, esan beharrean nago: esaldi guztiak bukatu dituzu…


A, bai? Mila esker. Esango diot nire lagunari… Ez dakit sinetsi ala ez baina.

Azkenak
Israelek Hamaseko negoziatzaileak bonbardatu ditu Qatarreko hiriburuan

Erasoaren helburu izan direnak Trumpek proposatutako su-etena negoziatzen ari zirela azaldu du Hamasek. Israelek erasoa baieztatu du, eta Qatarrek “eraso kriminala” kondenatu.


Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protesta gogorren ondorioz

Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.


2025-09-09 | ARGIA
Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal presoa, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.


2025-09-09 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bazuen mezua, noski, Pekineko desfileak; baina zein zen mezua?

Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian

Hirian milioi bat pertsona inguru bizi da egun, eta ez dute nora jo. Pazienteekin eta lanean geratuko direla adierazi du Shifa ospitaleko zuzendariak, eta babesa eskatu dio nazioarteari. Bestalde, gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek... [+]


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


2025-09-08 | Aimar Lopez
Istilurik gabe baina normaltasunik gabe ospatu dute bertze behin Alarde eguna Hondarribian

Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».


2025-09-08 | ARGIA
Israeli armak salerostea debekatzeko dekretua iragarri du Espainiako Gobernuak

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako... [+]


Bayrouren gobernua erori da Frantziako Asanblean eta estu da Macron

Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa eskatu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak. Aurrez... [+]


2025-09-08 | Axier Lopez
Argentinako ultraeskuinak lehen kolpea jaso du haustekundeetan

Peronismo klasikoak Buenos Aires probintziako hauteskunde legegileetan botoen %47,2 lortu du. Javier Mileiren La Libertad Avanza hautagaitza 13 puntura geratu da (%33,7). Emaitza esanguratsua da bozka emateko eskubidea duten argentinarren %38 Buenos Aires probintzian biltzen... [+]


Eguneraketa berriak daude