Hitzaldia: XX. mendeko euskal poesia
Hizlaria: Koldo Izagirre
Lekua: Gasteizko Landatxo gizarte etxea
Eguna: 2007ko azaroaren 15a
Siberia Gasteizen, eskuak orbel iritsi nintzen Landatxo gizarte etxera, berandu, eztul bat ateari eta barrura. Puntua Literatura Eskolak jarria zuen denboraldi honetako bigarren saioan: XX. Mendeko Euskal Poesia. Aretoa bete zale Koldo Izagirreri mikrorik eta aho-bizarrik gabe aditzeko. Labur joan zen goiza, poemak asko eta erreferentziak ugari. Ezinezkoa izango zait dena kontatzea, hobe aldez aurretik aitortu. Hitzaldia azaltzera baino, iradokitzera nator.
Hiru ordu, hiru katebegi askatzeko. Hogeigarrenean gure poetak hizkuntzaz, poeta izateaz eta progresoaz nola aritu ziren azaldu zuen pasaitarrak. Denboraren kronologia jarraitu ordez hitzaldia gaika antolatzeak ariketa konparatibo interesgarria eskaini zion Gasteizko talaiara hurbildu zenari. Adibide bat: trena progresoaren ikur modura hartuta mende osoko literaturan zenbat eta zein manera desberdinean hitz egin den azaldu zuen Izagirrek. Pello Errotaren bertsoak irakurri zituen, Arantzazura bidean trena bere plantxatik kendu zenean jarriak; Sorne Unzuetak buztan balzdun harro-az idatzitakoak; Felipe Arrese Beitia eta Emeterio Arresek garapenaren aurrean izan zituzten posturak aurrez aurre jarri zituen; eta gaur egungo idazle batzuek –Castillo Suarez eta Mikel Peruarenak, besteak beste– osatu dituzten trenaren figura poetikoak nabarmendu zituen.
Izagirrek egindako komentarioak izango ziren, algara baino irri sotila eragiten duten horietakoak; edo beharbada hitzaldiak izan zituen parentesiak –entzuleen kolaborazio ezinbesteko horiek–. Kontua da ondo pasa nuela. Ez da txikia hori, literatura kontzeptua eskolarenarekin lotzeaz ari garenean.
Batxilergoko literatura lezioak laino beltzak bezala etorri zitzaizkidan gogora etxera bueltan. Idazle eta liburu zerrendak, inoiz irakurri ez nituen obren ezaugarri estilistikoak eta gaueko ordu txikietan egindako txuletaren bat edo beste. Literatura ez zen –ez da, gauzak asko aldatu ez badira– behar bezalako metodologiarekin eta gogoarekin irakasten gure eskoletan, eta horrela ez dago paperjaleen ekosistema duina osatzerik.
Ez dakit, gainera, arazoa zein neurritaraino den aldi baterako irakasle mileuristarena. Gasteizko eskola hizpide, iruditzen zait han inguruan lan egiten duten batzuek –irakasleena baino soldata handixeagoarekin, dena esan behar bada– badutela erantzukizunik euren protektoratuan ikasi dugunon literatur formazio eskasean. Ez al da posible bestelako ikasketa planak egitea?
Baina tira, hau instituzioen aurkako ohiko purrustada bihurtu baino lehen eskuak geldituko ditut. Hori bai, lehenago Literatura Eskolakoei titularrean agindutako lili buketa bidaltzeko aprobetxatuz. Biba zuek eta neguak loreak bakarrik zimel ditzala.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!