Feminista izango da, edo ez da izango

  • Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak, gauaren bortizkeria eta esku-hartzearen premia aipatu dituzte elkarrizketatuek. Eta kuoten garrantzia azpimarratu badute ere, argi dute: "Kuotekin ez da nahikoa".


2025eko abuztuaren 01ean - 00:00
Izas Arzuaga Martinez
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ekainaren 14an Hernaniko San Juan jaien Iragarpen kontzertua –Preludioa, Hernaniko jendearentzat– izan zen, herriko plazan. ARGIAren irakurleek horren berri izan zuten ekainean, bertako zuzendari musikal Judith Montero eta Hernaniko Udaleko Kultur zinegotzi Aitor Huiziri egindako elkarrizketa sakon bat baitago aldizkariaren webgunean. Urteroko ekimenak aurten bazuen zer berezi bat: 30. urteurrena zuen, eta bere sorreratik hiru hamarkadara lehen aldiz hartu du zuzendari orokorraren batuta emakume batek. Horixe zen albistea eta elkarrizketaren arrazoia, baita lerroon gaia harilkatu duen gertaera ere. Emakumeek eta genero disidenteek, oro har ez-gizonek, oholtzan duten lekua, aukerak, formak, baldintzak, egoteko eta egiteko moduak eta beste ditu berbagai erreportaje honek.

Monterok, Hernaniko jaien berri ematen zuen kontzertua artistikoki zuzentzea proposatu ziotenean, izan zuen intuiziorik. Ordenagailuaren parean jarri eta proposamen horri erantzun zion. Eskaintza onartuko zuen, baldin eta fokua emakumeengan jartzen bazen: “2025erako nire proposamena emakumeek kulturan, musikan, dantzan, bertsolaritzan izan duten paperari erreparatzea da”. Proposamen horren zergatia argia zen. Hiru hamarkada beteta, preludioan emakumeen presentzia areagotu behar zela ikusi zuen, hor gabeziak ikusten baitzizkion. “30 urte eta gero beste momentu batean gaude eta ikusi dut aldaketa egin beharra dagoela”, dio Monterok.

Aldaketa horiek denei begirakoak izan behar ziren, denak hartu behar zituzten kontuan. Eta horretarako ezinbestekoa zen emakumeen presentzia bermatzea eta areagotzea. Honela jaso zuen Monterok berak idatzitako proposamenean: “Etorkizun kulturala emakumeen ikuspegia integratuko duena izango da. Izan ere, emakumeei leku egitea ez baita emakumeei leku egitea bakarrik; normatibotik ateratzen den guztiari leku egitea da”. Eta horrek bizikidetza eta elkartasuna ekarriko lituzke, Monteroren ustetan.

Aitor Huizi eta Judith Montero, ARGIAko elkarrizketan. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Monterori eskaini zioten rola berezia da bere herrian. Jai herrikoia izaki, sinbolismo eta garrantzi berezia ditu hernaniarren artean. “Oso ‘hernaniarra’ da, sinbolo bat da, guztiz”, dio Huizik. “Herri guztiarentzat” dela azpimarratzen du Monterok, eta horretan emakumeek ia ez dutela lekurik izan: “Espazio mistoak, unibertsaltasuna daukanak, jarraitzen du maskulinoa izaten. Emakumeak urte luzetan egiten ari garen lanketa hori noiz islatuko da denentzat den horretan? Zeren ‘denentzat’ horretan erdia baino gehiago emakumeak gara”. Amu horri heldu, eta zuzendari batuta eskutan hartzea erabaki zuen Monterok.

Oli Artolak ondo daki zertaz ari den Montero. Jone Expositorekin batera, euskal musikagintzako ez-gizonen egoera aztertu dute Azken hamarkadako euskal musikagintza garaikideko oholtzaren erradiografia feminista Master Bukaerako Lanean; musika garaikidea aztertu dute, eta sei musikari elkarrizketatu dituzte. Estilo desberdinak badira ere, zentzu askotan parekatzen dira kasuak. Monteroren hitzak entzunda, Artola ere ados dago, unibertsaltasuna ez dela unibertsala iritzi baitio: “Unibertsalak diren gauzak ez dira denontzat, eta ‘pertsona denentzako’ denean oso hegemonikoa den zerbait da: ondorioz, gizonentzat edo, behintzat, pentsaera eta egiteko modu oso heteropatriarkalak dituen jendearentzat”.

Oholtzarako saltoa

Horrela, bada, erabakia hartu eta lanean hasi zen Montero. Lehen pausoa egitaraurantz bota zuen, eta Emakumeak Musikan elkartearen ikerketa bat erabili zuen inspiraziorako. “Ikerketan hiru item hauetako genero datuak bitzen ditu: konposatzaileak, zuzendariak eta bakarlariak. Interesgarria da item horiek kontuan hartuta argazki bat egitea, datu zehatzak dauzkagunean planteatu dezakegu-eta estrategia bat aurrera begira”, dio Monterok. Egin zuen, bada, azken 29 urteen irakurketa, eta atera zuen datua: “Orain artean 294 obra jo dira eta horietatik sei soilik izan dira emakumeek sortuak edo moldatuak”.

“Gu oholtza batera ateratzen garenean gorputz batekin ateratzen gara”, Judith Montero

Datuaren zergatiagatik galdetua, Monterok argi du: “Orokorrean bizitza publikoa gizonena izan da, emakumeak zaintzara eta bizitza pribatura bideratuta egon dira”.  Horren adibide da aurtengo preludioan ere izan dituzten omenaldiak, bere sektorean pisu handia baitute atzera begirako aitortzek: Isidro Ansorena eta Alan Griffin omendu dituzte. Eta nor omentzen da? “Bizitza publikoan aritu den hori, eta esan dugu emakumeak bizitza publikotik kanpo geratu direla. Omentzen dugunean, izan garena islatzeaz gain, etorkizuna proiektatzen dugu”, dio Monterok.

Artolak eta Expositok beren ikerketan landu dute horrelakorik, erreferenteen premia, alegia. Izan ere, elkarrizketatutakoei beren erreferenteez galdetuta, askotan “etxeko sukaldeetara” jotzen zutela dio Artolak, familia bazkarietan izaten ziren kantaldietara, “baina denbora guztian etxeko hormen barruan, edo, behintzat, ez plazan”. Horrek oholtza “espazio ez posible” bezala marrazten ziela esan dute elkarrizketatuek; eta, kontrara, emakume edo genero disidente bat oholtzan ikustean “klak” egin ziela buruak elkarrizketatu guztiei. “Elkarrizketatu genituen guztiak bat zetozen erreferenteak izatea beraientzako aukera posibleak ikusteko era bat zela: izan nahi zuten hori izateko edo izan nahi zuten hori zer den bilatzeko. Ikusi dute erreferenteak bide posible bat marraztu ahal izateko balio duela, eta barne bilaketan laguntzen du erreferenteak izateak”, laburtu du Artolak.

Oli Artola Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

“Aipatzen ez dena ez da existitzen. Emakumeak hor izan dira, baina aipatuak izan gabe”, dio Monterok, eta gogora ekarri du Virginia Woolfen “historiaren zati handienean, ‘anonimo’ emakume bat izan da” esaldia. Hori horrela, keinu bat egin nahian izan zirenei, Ethel Smithen The March of Women (Andreon Martxa) sufragisten himnoaren adaptazio bat jo eta antzeztu zuten kontzertuan.

Gorputza

Erreportaje hasieran, Monterok eta Artolak, biek ala biek aipatu dute unibertsaltasuna ez dela unibertsala, joera oso argia duela gizonezkoa ez den oro baztertzeko. Eta badira ia 80 urte Simone Beauviorrek esan zuela unibertsala ez dena “bestea” dela. Eta hori irudikatzen duen istorioa kontatu du Monterok: “Bilboko Bandan sartu nintzenean jostundegira joan nintzen, trajea egokitzeko, eta ez zekiten emakumeen neurriak nola hartu ere: patronajea gizonena zen, hori zen gakoa”.

Horrela, bada, ez da berdin gizon bat edo ez-gizon bat oholtzara igotzea. Bata unibertsala da, berarentzako eginda dago, trajea bezala; besteak, ordea, dena du “markatuta”. “Ez zaio gauza bera baimentzen emakume edo genero disidente bati edo gizon bati. Eguneroko bizitzan moduan da, baina foku handi bat jarrita: maximizatu egiten da”, dio Artolak.  Eta, hori horrela, Monterok dio oholtzara igotzean ez dela soilik musikari bat igotzen: “Gu oholtza batera ateratzen garenean gorputz batekin ateratzen gara”. Hain zuzen ere, behin gertatutakoa kontatu du zuzendariak: “Duela 20 urte baino gehiago, berbenetako orkestra batean jotzeko deitu zidaten. Baina esan zidaten udan jotzeko zela eta sexy jantzi beharko nukeela. Zur eta lur geratu nintzen. Ez nuen lan hori hartu, diru hori ez irabazteko ahala banuelako”.

Gorputza eta janzkera bi elkarrizketetan sarri atera dira. Zer jantzi erabakitzea “ia erabaki politiko” bat dela dio Monterok, eta hori erakusten du kontatu duen istorioak. Artola ados dago, eta dio “presio soziala” dagoela erabakiaren atzean. Monterok esan du ahalmen ekonomikoa izan zuela lan horri ezezkoa emateko. Eta Artolak ere nabarmendu du hori, ez baita gauza bera musika bizibide izatea edo ez izatea: “Gerrikoa askoz estuagoa dute hortik bizi direnek eta erabakitzeko ahalmena ere aldatu egiten da. Hortik bizi ez direnak askeago daude oholtzara nola igo, ze oholtza motatan jo, ze festibal eredutan jo, ze babestu... erabakitzeko”.

Judith Montero Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Edozelan ere, presioa egon badagoela dio Artolak, oholtzara “nola” igo: “Badakizu publikoan jendea dagoela zuri begira, eta zuk nahi duzu arnasa hartu, eta horrek eragiten dizu estetikan”. Gehitu du elkarrizketatu dituzten musikari gehienak abeslariak direla, baina “deseroso” sentitzen direla mikrofonoarekin bakarrik, ez ditu-eta “tapatzen”.  Horretarako, askotan, instrumentuak baliatzen dituzte Artolak eta Expositok elkarrizketatutako musikariek: “Askok gitarra ez dute jotzen zuzenean eta gitarra daukate jarrita, adibidez. Hori gordetzeko arma bat da”.

Festa, "bortitza"

Montero eta Artola eta Expositok elkarrizketatu dituzten musikariak gauaren B aldeaz ere mintzatu dira. “Niri gertatu izan zait Bilboko jaietan kontzertua amaitu goizaldean eta pentsatu behar izatea nola joan behar dudan etxera, eta erabakitzea lankide gizon bati eskatzea etxera laguntzeko. Gizon batek hori ez du pentsatu behar”, kontatu du Monterok.

Artolak eta Expositok galdekatu dituzten musikariek ere antzerako istorioak kontatu dituzte oholtzatik jaisterakoan bizitakoaz. “Aisi guneak askotan gauez izaten dira eta gaua espazio hiper bortitz bat da, iluna, edozer gerta daitekeena. Kamerinoak aipatzen zituzten elkarrizketatuek, espazio ilun, apartatuak, inork ezer ez ikusteko modukoak... direlako. Bortizkeria piloa dagoela zioten, festaren ‘denak balio du’ moduko bat”.

“Erakunde publikoetatik ez badira jartzen kuotak zenbait emakume kulturalki berreskuratzeko, emakume horien ikuspegia galdu egiten da”, Judith Montero

Horren aurrean, Artolak dio inoiz ez dela zalantzan jartzen festa egiteko modua, ez dagoela aldatzeko asmorik. “Partxea jartzen da eta kito: bonbila bat gehiago kamerinora bidean, edo gizon bat hara lagunduko zaituena”. Baina egoera bera ez da aldatzen. Eta dio elementu asko daudela bertako arauen arabera funtzionatzen dutenak, eta oso zaila dela horiek aldatzea: adibidez, musikariei egindako harrera, kamerinoetan dauden jateko eta edariak, espazioaren antolaketa eta beste.

Kuotak

Erakunde publikoen mundutik dator Judith Montero: Bilboko Udal Bandan aritu zen urte luzez, harik eta Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan plaza eskuratu duen arte. Hernanin eman duen Iragarpen kontzertua bera ere udalak antolatuta dago. Ondo dakizki, beraz, erakunde publikoen nondik norakoak eta formak; are gehiago orain, Donostiako lanpostua lortzeko lege eta arauak ikasi behar izan baititu. Eta han non egin zuen topo legearekin.

Aspalditik dago araututa administrazio publikoek neurriak hartu behar dituztela kultur ekitaldietan genero diskriminazioa ekiditeko, eta ekitaldietan parte-hartze parekidea sustatu behar dutela. Euskal Autonomia Erkidegoko legean, Monterok ikasi duen horretan, debekatu egiten da espazio publikoetan ekintza kulturalak egitea espazio horietan ez badago baimenduta emakumeen parte-hartzea.

Ondo ezagutzen du legea, beraz, Monterok. “Hasten zara pentsatzen ‘bada egin beharko litzateke...’, eta gero hartzen duzu legea eta konturatzen zara jada idatzita dagoela! Dena idatzita dago! Baina ez da egiten. Legea beteko balitz, emakume konposatzaileek lanez gainezka egon beharko lukete gaur egun, adibidez. Baina ez da horrela”, dio.

Judith Montero Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Eta, hain zuzen ere horregatik, kultur emanaldietan kuotak jartzea babestu du zuzendariak. Dio bere iritzia aldatu egin dela urteen poderioz: sektorean hasi zenean ez zuen kuoten premiarik ikusten, gauzak “modu naturalean” aldatuko zirela uste zuen. Orain, ordea, kuotak jartzea “eraginkorra” izan daitekeela uste du. Bi iritzien artean, esperientzia: “Proiektu asko sortzen dira pertsonen hartu-emanetatik, eta zu ama zarenean eta haurtxo txiki bat daukazunean, adibidez, entsegutik atera eta korrika zoaz etxera. Zu ez zara geratzen afaltzera”.

Entsegu osteko “sinergia” horietatik sortzen dira proiektu berri asko, horretan ados dago Huizi ere. Eta Monterok argi du hor esku hartu beharra dagoela, eta erakunde publikoetatik bete beharreko kopuru batzuk zehaztu behar direla. Bestela, esan bezala, emakume horiek kanpo geratzen dira: “Erakunde publikoetatik ez badira jartzen kuota batzuk emakume horiek, adibidez amak, kulturalki berreskuratzeko, emakume horien ikuspegia galdu egiten da”.

Kuoten gaia atera zuten Artolak eta Expositok elkarrizketatu zituzten musikariek ere. Seiek esan zuten “ezinbestekoak” direla, Artolaren hitzetan: “Bestela zenbait espazio aldatzea ezinezkoa delako eta zenbait espaziotan lekurik izango ez zutelako: adibidez, erakunde publikoetan”. Hain zuzen ere, zenbait eremutako eta espaziotako kopuruak aztertu dituzte bi ikertzaileek, eta ondorioztatu dute aldaketa nabarmena egon dela kuotak aplikatzen hasi ziren momentutik: “Gaur-gaurkoz ia berdinduta dago eremu horretan emakume eta gizonen parte hartzea”.

Egiteko moduak

Baina. Hori gehitu dio Artolak kuoten gaiari. Izan ere, “ezinbesteko” badira ere, “nahikoa ez” direla adierazi diete elkarrizketatutako musikariek. Gauza bat da kopurua, eta horiek, itxuraz, ia berdinduta daude erakunde publikoek antolatutako musika ekitaldietan. Baina beste gauza bat dira formak, eta horietan erakundeek oraindik egiteko asko dutela dio Artolak.

Zer diren formak? Musikarien lana inguratzen dutenaren zati handi bat. “Erakundeetan dauden prozesuak – deitzen zaituzten momentutik kontratazioraino teknikariarekin duzun hartu-emana, antolatzaileek euskal kulturarekiko daukaten ezagutza, bertara iristean dagoen harrera...- horiek guztiak sekulako espazio hotz eta arrotzak direla zioten”, dio Artolak, ikerketatik ateratako ondorioak zehaztuta.

“Unibertsalak diren gauzak ez dira denontzako, eta ‘pertsona denentzako’ denean oso hegemonikoa den zerbait da”, Oli Artola

Aldiz, bestelako ekitaldi kulturaletan (festibal autogestionatuak, esaterako), bestelako egiteko modu batzuk zeudela dio Artolak, nahiz eta, kasu batzuetan, kuotak ez errespetatu. “Adibidez, EHZ bezalako festibal batean ez dago kuotarik ezarrita, baina feminismoa eta bestelako zehar lerro batzuk aplikatzen dituzte. Eta hor sentitzen zuten tratuan oso gune seguru eta askea zegoela. Udalerri bateko plaza batera doazenean, agian, sentitzen ez dutena”.

Alegia, feminismoa ez dela kopuru kontua, formek ere garrantzia handia dutela; eta Artolak elkarrizketatutakoek horixe berresten dute. Horren haritik, festibal ez mistoen gaia atera zuten ikertzaileek, eta musikariek espazio horien “ikaragarrizko beharra” dutela dio Artolak: “Espazio horietan ikusten dute beraiek diren modukoak izan daitezkeela, onartuta daudela”. Eta, era berean, espazio horietan lortutako “askatasunak eta pozak” indarra ematen die gainontzeko espazioetan “bizirauteko”.

Laburbilduz, elkarrizketatutako musikari batek honela esan zuen: “Kuotak existitzen dira matxismoa existitzen delako, eta ez genuke denbora guztian kuotetan eta horren logiketan zentratu behar; matxismoari heldu beharko genioke, eta agian kuotarik ez genuke beharko horrela”. Kuotekin tematzea “errazagoa” dela dio, baina “partxea” jartzea dela, arazoaren funtsera joatea baino gehiago.

Zelan egin jai bizigarriak

Kontuak kontu, uda da, jaiek jarraitzen dute eta programazioak ez du etenik. Beraz, aipatutako kontu guztiak aintzat hartuta, Artolak eta Expositok kaleratutako lanak gomendio batzuk ere jasotzen ditu programatzaileek kontuan hartu ditzaten. Neurriotan ez dira soilik oholtzara begirako gomendioak sartzen, ekitaldi osoa inguratzen duten momentuak hartu dituzte kontuan: “Guk lanean proposatu genituen protokolo batzuk kontratazioei begira, baita pertsona horrekin harremanetan jartzerakoan izan beharreko tratuari eta herrian daukan osteko zabalkundeari begira ere”. 

Zazpi neurri dira, epe motz, ertain edo luzean aplikatzeko diseinatuta. Neurrien artean daude musika ekitaldi publikoetan kuotak jartzea, oholtzen egoeraren neurketa errealak egitea eta emakume hutsez osatutako taldeen kontratazioa sustatzea. Azken horren kasuan, zehaztapena egin du Artolak: “Ikusten genuen kuotak jartzea askotan dirulaguntzak lortzeko izaten dela, eta nahiz eta eragina duen, zuriketa handia ere badaukala. Oso desberdina da emakume bakarra dagoen talde bat edo emakume hutsez osatutako talde bat, eta dirulaguntzetan berdin balio dizu”. Hain zuzen ere horregatik, emakume hutsezko kontratazioak bultzatu behar direla dio Artolak.

Oli Artola Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Horri lotuta, espazio ez-mistoak sortu eta sustatzea ere jasotzen du gomendioen zerrendak, ikertzaileek ondorioztatu baitute espazio horiek gune “seguruak” direla emakumezko musikarientzat. Beste neurri bat da diru publikoz antolatu edo lagundutako ekitaldietarako protokolo feminista osatzea, arestian aipatutako “partxea” soilik ez dadin izan kuotak jartzea; formak ere zaindu behar direla aldarrikatu dute ikertzaileek. Eta azkenik, balorazio eta azterketarako neurriak ezartzea ere proposatzen dute Artolak eta Expositok.

Artola jakitun da neurriok orokorrak direla, eta horiek herrietara ekartzean egon daitekeela aldaketarik: “Oso desberdina da Ataun bateko egoeran fokua non jarri behar duzun, edo eremu soziolinguistikoa eta aniztasun egoera oso desberdina den beste batean non jarri behar duzun. Hor aldatzen da, baina zuk ardatz horiek aldatu ditzakezu aplikagarritasunaren baitan”.

Mugarria izan da Hernanin Monterok zuzendutako Iragarpen kontzertua, eta mugarri izango dira Artolak eta Expositok aipatu neurriak, udalek aplikatzen dituztenean. Oholtzak parekideago eta bizigarriago egiterako bidean, pauso txiki-handiak dira, baina sinbolikoak bere horretan. Pauso txiki bat ez-gizonentzat, baina pauso handi bat jendartearentzat.

Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2025 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. Atzean hilabete askotako lana dago, eta ez litzateke posible izango ARGIAko kideen ekarpen ekonomikorik gabe. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta etxera bidaliko dizugu!

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2025
2025-07-22 | ARGIA
Editoriala
Hartu edo utzi

Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]


Eguneraketa berriak daude