Begoña Aranguren: «Isilaldi luzea da nire otoitza»

Misiolari sekularra zara, nahiz eta moja zinen ustetan etorri naizen.
Nik uste, jendeak ez dituela bata eta bestea bereizten, baina badago aldea. Mojaren izaera komunitatearen barruan dago, hari zor zaio, nahiz kanpoan lan egiten dutenean, nahiz zahartzaroan. Gure kasua ezberdina da. Ez daukagu agintzen digun halako nagusi bat, ez. Taldea da gure erreferentea: taldea kontsultatzen dugu, taldeak iritzia ematen du, baina norberarena da azken erabakia. Elizaren arabera ere, ez gara ordena erlijioso, institutu sekularra baizik. Sekularrak gara, bizimodu jakin batera gure bizitza kontsakratu dugunak. Sekular garen aldetik, zergak eta gainerako denak pagatu behar ditugu. Geure diruaren jabe gara. Gure institutuak galarazi egiten digu dirua pilatzea, baina, adibidez, ez digu eskatzen hiltzerakoan gure ondasunak institutuari uzteko. Norberak erabakiko du. Bestalde, lekaime edo mojek dituzten hiru botoak dauzkagu, baina beste modu batera bizi ditugu.

Zergatik ez ditugu ura eta ardoa bereizten?
Zailtasunak daudelako. Eskailerapean ere mojak bizi ditugu Mariaren konpainiakoak, eta eurek ere ez dute hori bereizten. Beharbada patxadaz azaldu ez dugulako izango da. Edo batek jakin. Bestalde, mojak ere pisuetan bizi dira, sekular janzten dira. Baina gu ez gara behin ere moja jantzi.

Zuen ondoko atean jo dut. "Mojak?", galdetu dut. Eta ez zuten mojen berririk.
Ez. Geure izenez ezagutzen gaituzte, ezagutzekotan.

Non hasten da Bego Aranguren misiolari sekularraren historia?
Gasteizen jaio nintzen 1933an.

Eta euskararen jabe.
Bai aitak eta bai amak, biek zekiten euskaraz. Aita Berrizkoa nuen, eta ama Elosukoa, Legutio ondoan. Baina garai hartan euskaraz egiten zen Elosun. Gure amaren garaian bai, behintzat. Gure amak ez ezik, osabek ere euskaraz hitz egiten zuten. Fernandez de Larrinoa naiz amaren aldetik.

Jaio berritan hil zitzaizun ama.
Gazterik, hogeita hiru urte zituela. Nik, lau hilabete eta erdi. Eta aitak, ni amamarekin, bere amarekin biziko nintzela erabaki zuen. Eta Berrizera ni. Han bizi izan nintzen hamasei urte arte.

Aitagandik aparte.
Aitak urte piloa egin zituen erbesteratuta, Frantzian, Akizen. 1937an joan eta berrogeita ez dakit zenbatgarrenean etorri zen. Lehenengo, ni ere harekin joan nintzen, badakit Santanderren enbarkatu ginela, baina segidan ekarri ninduen amamarenera. Bera erbestean eta ni Berrizen, urte mordoan ez nuen batere ikusi. Nik hamabi bat urte nituela itzuli zen eta Barakaldoko Labe Garaietan egin zuen lan, garajeetako arduradun. Eta hamasei urte nituela, Berriztik Barakaldora etorri nintzen, aitarekin bizitzera.

Gerrako haurrak zenbait omenaldi ari dira jasotzen aurten.
Baina ni ez naiz gerrako haurra. Aitarekin joan nintzen eta hilabeteak egingo nituen erbestean. Ez besterik.

Berrizen, beraz, amamarenean.
Ereña baserrian. Orain dela asko ez dela bota dute baserria, autobia edo delakoa zabaltzeko. Lehengusuak, berriz, beste etxe bat egin du inguruan, taberna eta erretegia, eta Ereña izena ipini dio.

Hemen amorratuak gara baserriak botatzen eta kamino tzarrak egiten.
Bai. Baserri zahar handi bat bota zuten Abadiñotik Ondarroara doan errepidean.

Baserrian hazi zinen.
Aitak Ereñara eraman ninduenean aitaita, amama eta nire aitaren anaia gazteena bizi ziren han. Hau ezkondu egin zen gero. Amamak eta ez zuten baserri handia orduko denboran. Lehenago bai, gerra aurretik baserri handia eduki zuten . Baserri handi bat zeukaten alokatuta baina Errepublika garaian, 1931n edo, Espainian -eta hemen ere bai-, hauteskunde libreak izan zirenean, eztabaida izan zuten botoa zela eta ez zela, eta atera egin zituzten baserritik. Eta beste batera joan ziren, Ereñara. Udalarena zen, terreno handirik ere ez zituen. Baina amamak lan asko egiten zuen soroan, eta nik, bada, zerbait lagunduko nion, baina ez dut baserrian lan egin.

Baserria, mendian?
Hiru kilometro daude Ereñatik elizara eta eskolara eta lau buelta egiten genituen egunero, joan, etorri bazkaltzen eta berriro joan. Erdaraz zen eskola. Leringoa zen maistra, nafarra. Oso erdalduna. Eraztuna sartzen zigun euskaraz egiten genuenean eta adi egoten ginen nori pasatuko. Beste batek euskara egiten bazuen, berehala ematen zenion. Eraztuna zeukan azkena, berriz, jan barik uzten zuen. Irakasten ona zen, beti maite izan ninduen, baina hori ez zuen barkatzen. Akordatzen naiz Cara al sol, eta Por Dios, por la patria y el rey eta horiek kantatzen genituela eta azkenean biba batzuk eman behar zirela. Biba horiek, eskolan lehenengo zegoenak ematen zituen eta ni, distraitua nintzen oso, eta biba horiek ez nituen behin ere zuzen ikasi, nahastu egiten nintzen, eta maistra haserretzen zen. Azkeneko postura bidaltzen ninduen. Eta etxera joaten nintzen hori kontatzen eta amamak esaten zidan: "Azkena horregatik izatea, ez du ardurarik, zu trankil!".

Amamak jakin!
Bai, horretan eta elizako kontuetan berezia zen gure amama.

Berezia?
Bai. Garai horretan, elizak eta eskolak dena hartzen zuten. Benetan ziren jaun eta jabe. Maistra harekin, eta apaiza ere antzekoa izango zen, dena zen sakratua. Esate baterako, lehenengo barikuak egin behar zenituen, ze egiten bazenituen, zuzen joango zinen gero zerura. Ni argala nintzen, eta egunero hiru kilometro haiek lau bider egin beharra eta. Lehenengo barikuetan, berriz, gosaldu gabe joan behar nuen eskolara eta elizara, eta ondoren zerbait jan. Eta amamak esaten zidan: "Nik nahiago dut lehenengo barikuak egiten ez badituzu, ze zuk almortzatu egin behar duzu patxadaz, eskolara joateko. Lehenengo barikuak egin nahi badituzu, nik deituko zaitut, baina jakin dezazula lehenengo barikuak eginda eta egin barik berdin-berdin joango zarela zerura ala infernura!".

Haren arrazoia!
Asko zekien, asko. Ez dakit nondik zetorkion jakituria. Bulda ere ez zuen pagatzen. "Nahiago dut diru hori pobre bati eman", esaten zuen.

Nola zuen izena amamak?
Paula.

Hari egin behar genion guk elkarrizketa!
Bai, interesgarria izango zen harena.

Zurekin ari gara ordea. Hamabi bat urte zeneuzkala etorri zen aita erbestetik. Zu, aldiz, Berrizen egon zinen beste lau urtean.
Hamalau urte arte ikasi nuen. Gero, josten ikasten edo horrelakoren bat egiten jardungo nuen.

Hamasei urte bete zenituenean, aitarekin?
Bai. Aita Barakaldon ari zen lanean eta aitarekin bizitzera etorri nintzen. Mekanikari eta txofer ona izan zen beti, eta garajeko arduradun zegoen Labe Garaietan. Lehenago, Mintegi tailerretan egin zuen lan, Bilbon.

Zer egin zenuen Barakaldon?
Aita zaintzea zen nire lana: etxeko lanak egitea. Baina akademia batera ere joan nintzen, gehiago ikasten edo sakontzen; josten ere egiten nuen arratsalde batzuetan. Hogei urtetan misiolari joan nintzen arte.

Nola erabaki zuen Begoña Aranguren neska gazteak misiolari sekular izatea?
Beti izan dut Jaungoikoaren nahimen berezi bat. Bai orduan eta bai orain. Ez dut galdu, hor daukat. Hurkoak eta Jaungoikoak badaukate zer esana niretzat.

"Hurkoa eta Jaungoikoa".
Jaungoikoa bizitza guztian ikusten dut, pertsona guztiengan. Ez da elizkoia izan behar jaungoikoaren seme izateko. Horrela ikasi dut. Beharbada amamak erakutsi zidan.

Ez daukat dudarik, kontatu dituzunak kontatuta. Zelan hartu zuen aittak?
Txarto! Nire familia ez da izan elizara joatekoa. Nire amama, adibidez, baina printzipio sakonekoa jendeari lagundu behar zitzaionean. Gogoratzen dut, behin, Ereñara etorri zela nire aitaren arreba bat, Elgoibarren ezkonduta bizi zena. Ni kalean jolasten beste batzuekin eta derrepente sartu nintzen etxean eta ez nekien zer pasatzen zen, baina haserreka ari ziren. Bada, zera pasatzen zen, izekok plazan jakin zuela amamak ondoko baserri bateko mutil baten arropa garbitzen zuela, hura tuberkuloso zegoelako. Mutil hark arreba bat zeukan, baina hemezortzi urtekoa eta amamak zioen berak hirurogeita hamar zeuzkala eta arrisku gutxiago zeukala kutsatzeko. Alabak jakin zuen eta etorri zen haserreka. Eta amamak erantzuten zion: "Baina zer da? Mesede bat egiteko bardin da kanpokoa izan edo etxekoa izan! Ezin diot itzi neska horrek kutsatzeko daukan arriskuagaz, izarak berak garbitzen!". Nire amama ez zen "elizara joan behar duzu!" esaten zuena. Eta misiolari joatea ere, bera hil eta gero hartu nuen erabakia ze bestela uste nuen egundoko istilua egingo zuela. Berak pentsatzen zuelako kristau izateko ez zela moja izan behar, ez fraide, ez misiolari. Hil zen urtean joan nintzen misiolari, baina hil eta gero.

Utziko ez zizulakoan.
Ez, horretan ere esango zuen: "Nahi baduzu egin, egin. Baina hau jakin dezazula."

Aitak ere txarto hartu zuela esan duzu.
Bai, oso txarto. Baina harreman onik ez neukan aitarekin. Hainbeste urtean berarekin bizi barik! Zailago zen berarekin. Gero, misioetara joan nintzen Ekuadorrera eta handik etorrita, aitarekin gelditu nintzen, eta orduan, azken hamahiru urtean berarekin bizi nintzen eta orduantxe berreskuratu nuen aita.

Misiolari sekularrari zegozkion konpromisoak hartu zenituen.
Jakinaren gainean etorri nintzen Berriztik Bilbora. Banuen hemengo berri, Berrizko katekisten bidez eta. Aholkuak eman zizkidaten, norengana jo eta. Urte eta erdiko formazioa egin nuen Gasteizen.

Zergatik ez moja joan?
Mojak ez ziren nire estilokoak. Misiolariak irekiagoak eta beste modu batekoak zirela iruditu zitzaidan. Gainera, nik misioetara joan nahi nuen.

Zer giro zenuen Barakaldon?
Barakaldo eta Bilbo artean mugitzen nintzen, Accion Católica-n sartuta nengoen eta. Erdara hutsean zen dena. Akordatzen naiz Berriztik etorri eta lehenengo egunean, konfesatzera joan nintzenean, bekatuak itzultzen ibili nintzela. Eta hala eta guztiz ere, konfesio erdian esan nion abadeari: "Ezin dut erdaraz jarraitu", eta euskaraz hasi nintzen. Eta abadeak bazekien, edo behintzat, ez zidan esan beste modu batera egiteko. Garai hori espeziala zen. Dena elizaren inguruan egiten genuen. Berrizen, behintzat, eskola, eliza.

Eskola, eliza eta udal-idazkaria, diote.
Bai, bai, bai. Elizpean beti ikusiko zenituen idazkaria eta apaiza, paseoan.

Gasteizen zenuten zuen gunea.
Han egin nuen formazioa. Apaiztegiko irakasleak etortzen zitzaizkigun. Cirarda bera, gotzain izan zena, on Andres Ibañez, oraintsu hil dena, on Leontzio. Urte eta erdiko formazioa egin eta Covadongara joan nintzen, destinatuta. Gogarte etxeak geneuzkan han, Begoñan, Ulian, Gasteizen. Gasteizen, esate baterako, orain Osakidetzak duen egoitzan, tortilla-mendi inguruan. Kontzilioaz gero utzi genituen guk etxe horiek. Kontua da, Covadongan urtebete eskas egin eta Riosera, Ecuadorrera joan nintzela.

"Destinua", esan duzu.
Orduan erabaki egiten zuten. Baina, hala ere, neuk nahi nuelako joan nintzen. Oso gustura joan nintzen. Lehenengo urtea, kostatu zitzaidan. Garbi-garbi joan nintzen hemendik, hango gaixotasunen kontrako defentsa barik. Han, berriz, gaitz guztiak harrapatu nituen. Onddoak eta. Hankazpiak urratuta eduki nituen, odolez, luzaro batean. Eta baita amebak eta hesteetako parasitoak ere. Egokitzea kostatu zitzaidan, bai. Eskola ematen hasi nintzen, han tituludunik ez zegoen eta, baina pila bat kostatzen zitzaidan. Hamar-hamaika urteko neskak nituen. Han adin horretako neskak haziak dira eta segidan hasten dira gizonezkoekin ibiltzen. Eskola bukatu eta eurekin hasi nintzen, talde batzuk eginda, bizitza azterketa egiten, Theilard de Cardin edo JOC-en egindakoak. Urtebete egin nuen horretan Han nengoela, Guayaquiletik deitu zuten, behar zutela pertsona bat bizitza-azterketa egiten zekiena. Eta ni bidali ninduten. Hiri handia zela banekien eta kostata joan nintzen. "Hile batzuetarako joango naiz". Sei hilabeterako joan nintzen, han zegoen beste bati erakusteko. Sei hilabete horretan guztiz Guayaquilekoa egin nintzen. Jende piloa ezagutu nuen eta hantxe geratu nintzen bederatzi urtez. Ekuadorren egin nituen hamaika urteetatik, Guayaquilen egin nituen bederatzi.

Oso urte onak, dakidanez.
Bizitzari buruzko beste ikuspegi bat dute. Guk estilo bat dugu, helburu jakin batzuk, eta eurek beste batzuk, ezberdinak. Lehenengoetan zeurearekin konparatzera jotzen duzu eta, beti zurea besteena baino hobea dela iruditzen zaizu. Gero, konturatzen zara besteek ere gauza pila dauzkatela, zureak bezain onak, edo hobeak. Horixe gertatu zitzaidan niri. Beste kultura bat, beste herrialde bat, benetan aberatsa ezagutu nuen. Eta horrek aberasten zaitu zeu ere. Eurena bazina bezala onartzen zaituztete, maite zaituzte. Guk baino errazago azaltzen dute maitasuna, errazago komunikatzen dira. Nire denboran hemen tabu ziren gauza batzuk han normaltasun osoz kontatzen zituzten haiek. Ni ahoa zabalik geratzen nintzen.

Zertaz ari zara?
Esate baterako, sexuari buruz. Nik hemen ez nion andre ezkondu bati inoiz entzun senarrarekin zailtasunak zeuzkala harremanetan. Hara joan eta horixe kontatu zidan andre batek. "Hau beste mundu bat da!", esan nion nire buruari. Horrela, gauza askorekin.

Zu ere, sasoi onean zinen, onenean beharbada, adinari dagokionez. Zergatik etorri zinen?
Aitarengatik. Aita lehengusina batekin jarri zen bizitzen, baina ez ziren guztiz gustura egon. Nik banekien aitak adina ere bazuela eta etorri egin behar nuela, gelditu egin behar nintzela. Eta horregatik. Aita zaintzen etorri nintzen. Barakaldon bizi zen baina Zazpi kaleetara etortzeko ohitura zeukan arratsaldero, beharra bukatuta. Hor zeukan lagun taldea, Durango eta Berriz aldeko jendea; jende euskalduna, jakina. Artrosia zeukan, belauna ere txarto, eta beraren gogoa zen Zazpi kaleetara etortzea bizitzen. Eta etorri ginen. Hogeita hamabost urterekin etorri nintzen Riosetik eta berrogei urte inguru izango nituen Bilbora etorri ginenean.

Baina Riosetik etorri eta Barakaldon bizi zinen, aitarekin. Eta zure baitako misiolari sekularra?
Langile artean egin nahi izan nuen lan, fabrika batean edo. Baina Francoren denbora zen eta bazegoen halako plan edo lege bat, eta zaila zen enpresa batean sartzea. Orduan, denda batean hastea pentsatu nuen, baina lanean jende asko ari zena. Langile giroa zelakoan nengoen. Eta Zubiri kortse-dendan hasi nintzen, Artekalen. Hogei bat langile ginen bertan. Barakaldotik Bilbora etortzen nintzen egunero lanera, trenean, eta nirekin batera beste jende asko. Esate baterako, Arantxa Santamaria, ikastoletako arduradun zegoen garai hartan. Euskaraz egiten zuen, eta nik ere bai. Arantxak esan zidan behin, Barakaldon andereño bat behar zela. "Ni ezin naiz andereño izan, ez daukat titulurik". "Baina andereñoa behar da. Ez dago tituludunik eta hasi zaitez, mesedez". Eta horrelaxe hasi nintzen Barakaldoko Alkartu ikastolan.

Arantxa Santamariak esanda.
Trenean, joan eta etorrian ezagutu nuen. Arantxa eta beste asko, euskaldun giroan zebilena garai hartan. Ikastolek bulego bat zuten Bilbon eta hona etortzen zen Arantxa. Bazuen ikastolek zituzten arazoen berri. Ni Barakaldora joateko arrazoia ere esango dizut. Ez dakit urtea esaten, baina Basauritik ETAko presoek ihes egin zuten urtea izan zen. Ihes egin zuenetako bat Josu Bilbao zen, Barakaldon zegoen andereñoaren senargaia. Josuk ihes, eta andereñoak ere ihes egin behar izan zuen. Haren ordez joan nintzen ni ikastolara. Momentu berezi-berezia izan zen, jakina.
68an etorri nintzen Riosetik eta 69an edo izango zen hori. Edo 68ko bukaeran.

Etxeko euskara izango zenuen orduan, ala?
Riosetik etorri eta jarraian Derioko udako ikastaroetara joan nintzen. Zuzen joan nintzen hara, etorriaz batera. Nire euskara hornitzeko beharrizana sentitzen nuen. Uda horretako ikastaroa egin nuen, Mikel Zarate, Karmelo Etxenagusia, Ander Manterola, Lontxo Zugazaga eta horiekin. Bati "Gogaikarri jauna" deitzen genion, aditza ematen zuen arratsaldeko hiruretan, eta aspergarria zen.

Irakasle onak.
Bai.

Ikasleak ere bai.
Oso gustura egin nuen. Nire euskara berriztatu nuen, behintzat. Joskera, aditza, deklinabidea. Orduan nik ez neukan titulurik ateratzeko ardurarik, baina hornitzeko bai. Konturatzen nintzen euskara motela neukala, ez neukala irakurtzeko, idazteko eta hitz egiteko euskara patxadazkorik. Beharrizana sentitzen nuen! Geroko batean, hizkuntza eskolara joan nintzen, titulua ateratzen.

Barakaldoko Alkartun ginen.
Lehenengo ni bakarrik egon nintzen, andereño. Gero, beste bat ere hasi zen. Azkenean, uste dut hiru egon ginela, eskolaurrean eta lehenengo mailan. Ines Lobato, Marina Gonzalez, Marieli Olabarri, Ines Rodriguez, Karmele Larredonda, Marijose. Jende asko.

Eta ikasgelan?
Hiru urteko talde bat izan nuela gogoratzen naiz, hogeita hamar umerekin, gogor-gogorra. Nagusietan gutxiago zeuden, zortzi bat edo. Batzuetan sei. Gurasoek apustu ikaragarria egin zuten, ikaragarria! Zelako gurasoak geneuzkan! Eurek egiten zituzten lan denak, garbiketak, kobratu. Arriskatu ziren. Ikastolak baimena lortzeko zailtasun itzelak zeuzkan, kooperatiba izan nahi baina ez ginen heltzen kooperatibaren neurrietara. beti erdizka.

Eta hezkuntza-ikuskaritza eta?
Bazen Mercedes Causo bat, ikuskatzaile eta buruzagi zegoen Zapater baten emaztea. Zorrotza zen benetan. Bandera hau eta beste exijitzen zituen, honako liburuak, besteko tituluak. Tituluekin txarto ibiltzen ginen beti. Nik, adibidez, Marisa Gandiaren titulua neukan. Baina argazkirik eskatzen bazuen, nortasun agiria edo, ez ziren berdinak. Eta nola edo hala moldatzen ginen. Titulua zeukatenek emango zioten aurpegia edo holakoren bat.

Guardia zibilen bisitaldiak?
Guardia zibilak ere etorri ziren inoiz ikastolara. Baten, Marina joan zenean etorri ziren. Eta beste baten ere bai. Eurek pentsatzen zuten hura ez zela ikastola bakarrik, gehiago ere bazegoela han. Miaketa egiten zuten. Ikaratu egiten ginen. Ni asko ikaratzen nintzen guardia zibilak handik azaltzen zirenean. Goiko pisuan gau-eskolak ematen zituzten eta dena zalantzan zegoen. Kontrolatuta. Guardia zibilak etortzen zirenean bai, ikaratzen nintzen. Ikuskatzailea etortzen zenean, ez. Kezka bai, ikastola itxiko ote zuten, baina besterik ez. Ez dakit, gazteak ginelako, edo giroa, edo egin behar genuena hori zela uste genuelako, beldur handirik ez genuen. Sentimendua beste bat zen: zenbat lagundu ziguten gurasoek, zenbat lagundu zigun herriak. Esker oneko sentimendua daukat barruan. Lehenengo urteetan ondoko eskolara joaten ziren umeak, etsaminatzera. Gero, patronatua egin zen Sestaon, elizak lagunduta. Ondoren, Portugaleteko Asti-leku egin zen eta haren laguntza ere izan zuen. Alkartu ez zen inoiz zarratu. Gaur egun San Bizente eliza ondoan dago Alkartu ikastola. Baina publikoa dela uste dut.

Hori al zen misiolari sekularraren konpromisoa, ikastolan lan egitea?
Ez dakit hori ote zen konpromisoa. Kontzilioa pasatuta zegoen ordurako, eta kontzilioaz gero, kristoren iraulia eman genuen. Eliza-kontuetan egin genuen lan ordu arte, bai Riosen ere bai Guayaquilen, elizaren eskola zen eta hura, gurea. Beti mugimendu apostolikoetan. Bazen beste instituzio bat ere han, Riosen, Emakumeen Miserikordia izenekoa, txiroentzako eskolak zeuzkana, eta han ere lan egin nuen. Eliza-giroa beti. Baina Kontzilioa eta gero, sekularrak ginela konturatu ginen, sekular bezala egin behar genuela lan. Eta gogarte-etxe guztiak utzi genituen. Misiolari guztiak lan bila hasi ziren, lanean. Nik, Barakaldon egin nuen lan, ikastolan, huraxe zen nire lana. Gainera, euskalduna nintzen, nire oinarriak ere euskaldunak eta abertzaleak izan zirelako.

Abertzaleak ere bai?
Familian bai. Ez oso modu politikoan, halako alderdikoa edo. Ez. Baina abertzaletasuna bai.

Zer da abertzaletasuna?
Euskaldunak ginen, eta euskaldun bezala jokatu behar genuen.

"Euskaldun bezala jokatu".
Hasteko, euskara erabiltzea. Hori oso argi zegoen gure etxean, euskara egin behar zen. Beste alde batetik, herria. Guk bagenekin geu ginela, eta Espainia beste gauza bat zela.

Zer moduz zure sentimendu horiekin, misiolari sekular artean?
Ondo. Ez daukat arazorik inorekin, ez nire abertzaletasunagatik, ez nire izaeragatik. Uste dut misiolariok oso irekiak garela; ez daukagu presiorik. Bakoitzak egin behar du bere bidea, eta ni neurea egiten saiatzen naiz, ezin dut kontzientziaren aurka jokatu, ezin izan dut inoiz. Nahiz eta goitik hau esan edo bestea esan, beti eztabaidatu izan dut. "Zergatik. Ez dut ikusten". Beti. Gazte-gazte nintzenetik.

Zeure bidea egin duzu, hortaz.
Barakaldon eskolak ematen hasi nintzen egunean, batxiler ikasten hasi nintzen. Lehenengo hiru urteak urte batean edo atera nituen. Laugarrena zailago egin zitzaidan, eta baita bosgarrena eta seigarrena ere. horiek gauez egin nituen. Eta UBI ere gauez. Urte gutxitan atera nituen batxilergoko sei urteak eta UBI. Eta erabaki nuen ezin nuela aita etxean zaindu, magistergoa egin eta klaseak eman. Eta magistergoa egitea erabaki nuen, pentsatuz ikasketa haiek irauten zuten hiru urtean biziko nintzela nola edo hala, aterako nuela bizimodua. Eta suerte handiz, Julian Olazabalaga apaizak, gotzaindegiaren liburu-dendan lan egitea eskaini zidan, ordu batzuetan. Goizez, magistergoa ikasi ahal nuen. Eta horrela egin nuen, lan eta ikasi. Magistergoa bukatu eta uda hartan euskarazko eskolak eman nituen Lutxana-Barakaldon. Tartean Ortuellako jendea zegoen. Haiek ikastola sortu zuten Ortuellan eta hara joan nintzen lanera. Urtebete han eta Galdakaoko ikastolara. Han nengoela hasi zen euskara eskoletan sartzen, aurre-autonomia garaia eta abar. Etxenike zen Hezkuntza sailburu eta han zen Karmen Alzueta ere. Gure taldekoa zen Karmen, misiolari sekularra. Harekin hitz egin eta esan nion ikastolak izan behar direla euskal eskola publikoa, hori neukan buruan, nire pentsamenduan. Eta eskola publikora pasatu nintzen, ahal izan nuen bezain laster.

Euskara, ala euskaraz erakustera?
Euskaraz erakustera. Lehenengo eskola La Peñan eman nuen, Bilbon. Oso gustura egon nintzen. Talde ona zegoen lanean. Klaustro konprometitua. Han nengoela, ordezkaritzatik deitu zidaten, euskara koordinatzeko. Eta liberatu egin ninduten. Zazpi bat urtez egon nintzen, Enkarterriak, Bilbo eta Uribe-kosta. eta beste koordinatzen.

Euskarak, aurrera egin du harrezkero.
Hasieran asko kostatu zitzaigun euskaraz erakustea, ze ez genekien nola erakutsi. Horretarako liberatu zuten taldea, materialak sortzeko eta abar. Orain oso hedatua dago euskararen irakaskuntza, oso ondo erakusten da, jendeak badaki erakusten.

Liberatuta egon zinen baina atzera eskolara itzuli zinen halako batean.
Zazpi urtean liberatuta egon eta konturatu nintzen nik ematen nituen aholkuak eskolatik urrun zeudela. Urte pila neraman eskolatik kanpo. Berriro eskolaratzeko beharra sentitzen nuen, umeekin lan egiteko beharra. Nire aholkuak ez ziren praktikoak, azkenean. Eta eskolara itzuli nintzen. Bitartean oposizioak egin nituen eta Deustuko eskolara joan nintzen. Oso gustura egon naiz umeekin. Lehenengo mailatik gora lan egitea gustatu zait, ze umeekin hitz egin ahal duzu. Bosgarren eta seigarren mailan egon nintzen, azkena. Nire irakaskuntza denbora ona izan da.

Umeek euskaraz ikasten dute eta ez dute hitz egiten.
Arazo gogorra da hori. Baina euskaldunen artean ere ikusten dut. Jende nagusia, euskaldunak, bata besteari erdaraz hitz egiten. Euskaraz. umeari egiten diote. Euren artean gaztelaniaz egiten dutenez, umeak inguruan egiten dena egiten ikasten du. Erdara guztiz hedatuta dago. Ez dago euskararen beharrik. Umeak ere ez du behar hori sentitzen. Umeek gutxieneko esfortzuaren arabera jokatzen dute.

Baina era horretara, liberazio, pentsamendu, material sortze eta gainerako esfortzuaren parte handi bat alfer-alferrik galtzen da.
Bai, parte handi bat bai, alferrik galtzen da. eta ez diot konponbidea ikusten. Barakaldon eta Ortuellan euskara kontzientzia handiarekin ikasi duen jende nagusiak euskaraz egiten dio elkarri, bai eta umeei ere. Horiek gainditu egin dute euskara, eta euren seme-alabek ere bai. Baina ume txikiekin egin dugun lana. ez da ikusten. Batzuek bai, euskaraz egiten dute euren umeekin, baina beste askok ez. Bi motako gurasoak zeuden ikastolan: batzuk, oso euskaldunak, abertzaleak; ez zekiten euskaraz baina euskara nahi zuten eta maite zuten euskara. Eta horien seme-alabei ere beste interes batekin eman diete euskara. Beste batzuk, erdaldunak. Modan ere jarri zen ikastola eta ez daukate euskararekiko loturarik, maitasunik, eta ez dute euskaraz egiten. Bi motatako jendea bereiziko nuke.

Euskara batuaren gorabeherak tokatu zitzaizkizun?
Ez, guk hasieratik erabaki genuen euskara batua erabiltzea. Garai batean, Bizkaian, elizak defenditu zuen hatxe eza. Baina garai bateko gerra da hori.

Urte batzuk dira erretiroa hartu zenuenetik.
99an jubilatu nintzen.

Eskolan erretiroa harturik ere, misiolari sekularrak ez du erretirorik.
Horretatik ez zara inoiz jubilatzen.

Gogoratzen al duzu eskola gabeko lehenengo eguna?
Oso arraroa izan zen. Bat-batean, egun guztia niretzat neukan. "Zer egin behar dut hainbeste egunean, ezer egin barik?", galdetzen nion neure buruari. "Umeen falta izango dut, ez dut barre egingo eurekin!" Ze, askotan, barre egiten nuen euren irteerekin. Ez naiz izan liburuari estu jarraitzekoa. "Hau ezin da horrela ikasi. Beste modu batera saiatuko naiz!". Hori falta izan nuen lehenengo egunean, baina astebete ere ez zuen iraun horrek. Hirugarren egunean beste gauza batekin hasi nintzen eta horrela segitzen dut. Oso erraz bete dut bizitza, hainbeste gauzarekin! Lar bete dut.

Zertan ematen duzu denbora?
Ez dakit nik! Ni naiz, itxura, harreman handiko pertsona. Eta harremanek denbora pilo bat eskatzen dute. Elkarrin egon naiz urte batzuetan eta Lokarrin nago orain. Andre talde batean ere banago. Beste talde bat bultzatzen ari gara, erlijio ezberdinetako jendez osatua. Ingelesa ere ikasten ari naiz, ze uste dut burua ere mugitu behar dudala. Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikastegira joaten naiz. Aurten hirugarren urtea egingo dut eta nirekin datoz eskolako kide izan nituenak, oraindik erakusten jarraitzen dutenak, ni baino gazteago dira eta. Eta aurten informatika ikasten ere hasi naiz. Hori ere behar da eta! KZ gunera joaten naiz. Eta Otxarkoagan, kaputxinoek duten Bizitegi zentroan, erreflexu-terapia masaje ere ematen jardun dut. Arazo psikologikoak dituen jendea hartzen dute han. Ez duzu lan askorik egin behar eguna betetzeko. Batzuetan galdetzen diot nire buruari, zelan egiten nuen garai batean, eskolak eman, etxea zuzendu, batxilergoa ikasi, euskarazko titulua atera. ezinezkoa dela ematen du. Urteak igaro ahala, bizitzak beste erritmo bat eskatzen du. Argi daukat nik hori. Otoitza ere egin behar dut, goizez eta arratsaldez, batez ere isilaldi luze bat. Otoitz isila da nirea.

Otoitz isila?
Zen ere ikasi dut eta hori gorputzarekin egiten da. Gorputzak badauka zerikusia otoitzean.

Gorputz eta arima jarduten duzu zuk.
Ez ditut bananduta ikusten. Dena da bat.

Amama
«Ereña baserrian, inguruan zebilen pobre askok lo egiten zuen. Egun batean, sukaldeko leihoan jo zuten. Nik: 'Amama, ez zabaldu atea'. Eta indar gehiago egitearren, negarrez hasi nintzen, beldur nintzen eta. Osabak esan zuen: 'Ama, ikusten duzu ume hau zelan dagoen negarrez?'. Eta amamak: 'Ume honek ikasi behar du horrelako gau batean ezin dela kristau bat kalean utzi!'. Eta nik: 'Amama, zuk zer dakizu kristaua den!'. 'Hik pentsatzen dun bakarrik direla Jaungoikoaren semeak bataiatuak. Gizon guztiak ditun Jaungoikoaren semeak!'. Askotan pentsatu dut amaren giroan hazi banintz desberdina izango nintzela. Nire amama hain zen zabala! Gero, oso gero, normaltzat hartu diren iritziak zituen. Gogoratzen naiz elizara joaten nintzela eta, noski, jertsea jantzita. Arratsaldean, katekesia geneukan elizan. Hiru kilometro baserritik elizara eta amamak: 'Utzi jertse hori, ez dun behar eta!'. 'Baina, amama, mahuka motzetan sartzen naizelako, abadeak atera egiten nau freganchina! esanda'. 'Jaungoikoari berdin-berdin dio mahuka motza ala mahuka luzeagaz joan, mantilagaz ala mantila barik. Horiek abadearen kontuak ditun!'».

Ama
«Txikitan ez nuen sentitu amaren hutsunerik. Baina nagusitan, krisi handi-handi bat izan nuen hura zela eta. 48 urte nituenean edo konturatu nintzen. Batxilergoan, frantsesezko eskolak eman zizkidan neska batek. Ama biribila zeukala esaten nion neskari. Egun batean, txarto pasatzen ari nintzen garai batean, konturatu nintzen: 'Honen amaren inbidia sentitzen dut! Hau ezin da horrela izan!'. Gero, eskolan, egun batean, ezkonberri batek esan zuen: 'Gaur bai ondo, amaren etxera noa. Bazkaria egin beharrik ez!'. Eta, berriro, sentimendu berbera. Eta esan nuen: 'Hau amaren arazoa da!'. Neure kontura konpondu nuela uste dut, liburuak irakurrita eta negar eginda batez ere. Gogoratzen naiz nola adoleszentzian esaten nion neure buruari: 'Jende denak izan du ama edukitzeko eskubidea, nik ez beste denak!'. Baina, gero, onartu egin nuen. Kezka neukan amak utzi egin ninduela, baina konturatu nintzen berari gehiago kostatu zitzaiola ni uztea, niri bera uztea baino. Ez zuela bere borondatez egin. Eta horrek osatu ninduen».

Aita
«Inpresioa daukat Riosetik etorri eta aitarekin bizi izan nintzen urteetan berreskuratu egin nuela aita. Ezagutu egin nuen, maitatu. Akatsak ere ikusi dizkiot, eztabaidatu ere egin dut berarekin. Indar handia eman zidan, nahiz eta zailtasunak izan genituen haren izaerak eta nireak talka egiten zutelako eta urte piloan aldenduta bizi izan ginelako. Baina aitarekin bizi izandako urte horietako uste ona daukat. Izaera gogorrekoa zen. Ni ezberdina izan naiz. Independentea. Aitak ez du lortu ni menderatzea, baina nik ere bera den bezala izaten utzi diot».

Nortasun agiria

Begoña Aranguren Fernandez de Larrinoa (Gasteiz, 1933). Lau hilabete eta erdi zituela hil zitzaion ama. Amama Paularen magalean hazi zen Begoña, Berrizko Ereña baserrian, aita Gerra osteko erbestaldian zen bitartean. Aita itzuli eta urte batzuetara haren ardura hartu zuen hamasei urteko Bego gazteak, Barakaldon. 1953an misiolari joan zen Riosera (Ekuador). Atzera aitaz arduratzeko etorri zen handik hamaika urtera, Ekuadorren oso urte onak eginagatik ere. Barakaldoko ikastolako andereño izan zen, ihes egin behar izan zuen beste baten ordez. Eskolak eman zituen, aita zaindu, batxilergoa ikasi… Gero, maisutza. Euskara zereginetarako liberatu zuen hezkuntza ordezkaritzak, harik eta bere aholku eta orientabideei teorikoegi iritzi eta eskolara itzuli zen arte. 1999an erretiratu zen eta %100 misiolari sekular da harrezkero. Betiko legez.

Azken hitza
Errezoa
Ez naiz errezatzaile handia. Ordu erdi bat egiten dut goizean eta beste bat arratsaldean. Errezoa egin eta pertsona pilo bat ekartzen dut gogorra:, gaixorik daudenak, lagunak, familia... mundu guztian beharrizanean daudenak.

Eliza
Paradoxikoa momentu honetan. Egoera zaila. Momentu larri batean gaudela uste dut. Hierarkia baino gehiago da eliza.

Euskara
Maite dut.

Konpromisoa
Denok egin behar dugu zerbait bata bestearen alde eta gizarte hau hobetzeko.

Misiolari sekularra
Bizitzeko modua, beste batzuekin elkarturik helburu batzuen arabera.

Eliza pobrea
Derrigorrezko da eliza pobrea.

Barakaldo
Maite dut Barakaldo, Bigarren herria dut. Jende ezberdina bizi da bertan, eta Barakaldok denak onartzen daki.

Misioak
Zerbait on egiten nindoala pentsatzen nuen baina azkenean konturatu nintzen eurek egin zidatela on.

Amama Paula
Nire ispilurik onena, biderik egokiena

Mundua, misiolari joan zinenean eta gaur egun
Orduan baino gaizkiago ikusten dut mundua. Askoz ere gaizkiago.


ASTEKARIA
2006ko urriaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude