ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 11

Joan Mari Torrealdai: «Politikaren munduak gutxiegi ezagutzen du kulturaren mundua»

  • Aldizkariaren erraietara jotzeko aitzakia. Jakinen sinonimoa garraiatu dugu mahaira, ito zorian. Urteurrenaren karietara antolatutako ekimen eta ekitaldiak ditu batean. Bestean, Egunkaria auziak bidean jarritako behaztopa-harri izu-laborriak. Egunkaria kasua, eskizofrenia eta paranoia, estatuaren zapalkuntza aterrunerik gabea. Ezinbestean, haizea dakiten orrietan da libre Joan Mari Torrealdai. Han, babes.

Miel Anjel Elustondo
2006ko urriaren 08a

50 urte Jakinek. Gure gizartearen makurra, zenbaki biribil hutsalak ospatu beharra. Haatik, pozik egingo dugu oraingo honetan. Ospa dezagun Jakin.

Ospakizuna? Ez dakit ba... Esan dezagun baietz. Ospakizun urtea da, eta ez hutsala. Guk iraganari begiratzen diogu atzeko ispilutik, baina aurrera daramagu autoa. Hori da gure jarrera. Iraganari begira, omenaldi apala egin genien Jakinen sortzaileei, eta gure esker ona adierazi hainbeste lan doan, musu truk eta debalde, borondatetsu egindako hainbeste jenderi. Arantzazun egin genuen ekitaldi hori, udaberrian. Aldizkaria Arantzazun sortu zenez, hantxe omenaldia, han behar zuen omenaldiak. Baina, ekitaldia ez genuen Arantzazu zaharrean egin, berrian baizik, Gandiaga gunean.

Geroari begira.

Etorkizuneko proiektua duen tokian. Horrezaz gainera, iragana, gure artxiboa, etorkizunerako aktibo bihurtu dugu: irakurlearen eskuetan utzi dugu 50 urteko historia, Jakinen idatzi den guztia, DVD dotorean. Haizea dakiten orriak du izena. Sarean ere jarri dugu, 50. urteurrenaren kariaz.

Haizea dakiten orriak. Izenaren ederra.

Haizearen berri ez baduzu haizeak eramaten zaitu.

Horiek, atzera begira egindako ekitaldiak.

Baina horiekin batera, iragana aztertzeko asmoa dugu. Urteurrenaren aitzakian mahai-inguruak egingo ditugu Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Izan ere, 50eko hamarkada hori, euskalgintzaren baitan, erliebe gabea dela ematen du. Badirudi gure kultura berri hau 60ko hamarkadan sortu zela baina gu ez gatoz bat horrekin: uste dugu abiatu, 50eko hamarkadan abiatu zela. Ondorioz, garai hura ikuspegi desberdinetatik aztertuko dugu mahai-inguru bidez, politika, ekonomia, kultura eta hizkuntzatik. Bestalde, Euskadi Irratian hamar bat saiotan Jakinen ibilbide osoaren berri emango dugu, aldizkaria 50 urteotako ibilbide orri bezala hartuz. Azkenik, ekitaldi instituzionala egingo dugu Miramar jauregian, azaroaren 16an.

Geroari begira ari zarete, hala ere, esan duzunez.

Iraganak gutxi balio du etorkizunik ez bada. Eta aurrera begira ari garenez, bi ahalegin gauzatuko ditugu: bata, harpidetza kanpaina; urrian hasiko gara horretan. Horri dagokionez, esan nahi dut oso pozik gaudela euskal prentsak egin digun harreragatik eta eman digun laguntzagatik. Harpidetza kanpaina girotzen eta egiten lagunduko digute.

Harpidedun berrien beharrean zaudete, beraz.

Aurrera egiteko harpidedunak behar ditugu. Sostengu ekonomikoa eman behar diogu Jakini. Bestalde, produktuari buruz ere gogoeta egin nahi dugu. Mundua asko aldatu da. Mundu berri honi nola erantzun behar diogu?

Hori dela eta jaso du hainbat lagunek aldizkariari buruzko gogoeta egiteko gonbita.

Bai. Soziologo talde bati agindu geniezaiokeen inkesta, baina ez zaigu egoki iruditu. Aldiz, Jakinekiko hurbiltasuna dutenengana jo dugu, aldizkaria ezagutzen dutenengana... eta galdetu egin diegu: «Nola baloratzen duzu orain artean egindakoa? Nora jo beharko genukeela uste duzu?». Ea denon artean bidea egiten dugun!

Azkena jasotako zenbakia daukat eskuartean. Joxe Azurmendiren «Agurra» dut irakurgai. «Jakin, Lizardiren deiari jarraiki, euskara kultur-yoera ta kultur-ats guzi-guzietan murgilarazteko xedearekin sortu zen».

Lehenengo zenbakitik hartua du aipua Joxek. Nik uste Iñaki Bastarrikaren uztakoa dugula esan hori. Garai hartan bi mundutxo zeuden euskalgintzaren barruan. Gramatikariek osatzen zuten bata, eta literatura zaleek, berriz, bestea. Hori zen errealitate guztia. Baina ez zen kultura lantzen, zientzia, jakituria. Horixe izan zen gazte haiek ekarri zuten nobedadea. Eta, guk, Jakinen esparru bera jorratu dugu geroztik, ez dugu literatur lanik argitaratu, literaturari buruzkoak bai. Ez dugu euskara filologia edo linguistikaren ikuspegitik lantzen. Kultur aldizkaria da Jakin, giza eta gizarte zientzien aldizkaria. Ordutik hona edukiak aldatu dira, bistan da, baina ez ildo edo joera nagusi hori. Gaur egun ebidentea ematen du gai horiek tratatzeak, baina orduan berritasuna zen.

Lehenengo zenbakira joan eta Orixe miresten zuen orduko Yakinek. Horixe irakurri dugu.

Jakin hasi zenean, Orixe zen maisua. Orixe miretsiz hasi zen Yakin. Baina urte gutxitara erreferentziak guztiz aldatu zituen aldizkariak, Mitxelena eta Txillardegiren aldera lerratuz.

Seminarioetako apaiz eta fraide gai gazteek abiarazi zuten Jakin. Proiektuak aurrera segitzen du, baina beste norabide batean...

Garai haiek bere testuinguruan irakurri behar dira. Jakinek asko bultzatu du euskara batua, hori ezaguna da. Baina horren aurretik euskara jasoaren premia aldarrikatu zuen, euskara kultua, landua. Kulturari dagokionez, berriz, ikuspuntu multidiziplinarra baliatu ohi dugu, gaia ikuspuntu ezberdinetatik aztertuz. Ikuspegi aniztasuna, alegia. Horrek gaur egun ere balio du. Gaiak aldatu egin dira, baina ez haietara hurbiltzeko modua. Gaur informazioaren gaineko gogoeta egin behar da. Informazioa informazioaren gainean da gurean, batak bestea estaltzen du, ez dakigu zerk iraungo duen. Aldizkaria sortu zenean, aldiz, ez zegoen informaziorik, frankismo garaia zen, baina gaur, globalizazioaren garaian, horixe da premia handienetako bat: informazio gogoetatua eskaintzea. Pentsamendu bakarraren garai honetan, askotariko gogoeta planteatu behar da. Guk zer egin handia daukagu: nola geureganatu kanpoko mundua, eta nola kanporatu geurea. Hori ere gure egitekoen artean da. Ez dago hausturarik Jakineko sortzaileen eta gure artean: garapena, bai, dudarik gabe. Haizea dakiten orriak gara, azken finean, egunean egunekoak.

«Bilaketa historikoa» dio Joxe Azurmendik.

Eta are, gure herrian. Gure herri txiki honetan. Eta txikitasuna ez da datu estatistiko soila, jokaera modu jakin batzuk ere eragiten ditu horrek. Guk, esate baterako, beti eduki dugu oso garbi kulturaren autonomia, ezin ginela talde baten eskuetan erori, joera batzuetan lotu, ez eta sektakeriaz jokatu. Ikuspegi aniztasuna izan da gure ezaugarria, eta irekitasuna, jende modu oso diferentearekin lan egin dugu, leial eta libre.

Kultur autonomiaren defentsa, horixe egin eta praktikatu nahi izan duzue.

Dudarik ez. Esan eta egin. Ez al dugu ba esaten euskarak hautu eta jardun politiko eta alderdikoietatik aparte behar duela?

1956an sortu zen Jakin. Arestian, 50eko hamarkadaren garrantziaz ohar egin diguzu. Bada 56ko paradigmaz hitz egiten duenik.

Urte giltzarria da 1956 hori, ez Jakin sortu zelako. Jakinez gain beste batzuk ere sortu ziren, Euskera, Olerti... Urte horretakoa da Euskaltzaindiaren gerraosteko lehen bilera Arantzazun, Mundu Kongresua Parisen. Zaitegi Biarritzera dator bere Euzko Gogoarekin. Gertakari hauek aldaketa sakonagoen adierazle dira. Aranismoaren hizkuntz eredua ere auzitan jarria zegoen. Labur esanda, diaspora indarra galtzen hasten da, eta barrua indartzen. Borrokagunea aldatu egiten da: kanpotik barrura, diasporatik Euskal Herrira, eta neurri on batean politikatik kulturara. Barne exilioan eragitea gero eta posibleago da.

Egokiera horretan sortu zen Jakin.

Humus horretan. Jakin sortu zutenek, adibidez, posibilismoaren barruan jokatzeko jarrera zuten, zirrikiturik txikienak baliatuz. Belaunaldi berria zen, gerra egin ez zuena, traumarik ez daukana, belaunaldi autonomoa... Orixe zuten erreferentzia, baina Orixe ez zegoen taldean. Sortzaile haiek gazte ziren, autonomo. Planteamendu irekia egin zuten, seminario guztietako jendeak hartu zuen parte Jakinen, denak gazte-gazteak. Unibertsitateko fakultateen arteko aldizkaria izango balitz bezala.

Fernando Mendizabal, Iñaki Bereziartua, Iñaki Bastarrika... fraide gai gazteak, Yakin asmatzen...

Arantzazu habia berezi bat zen, Katalunian Montserrat bezala. Jende asko joaten zen hara, ustez gogoeta egitera, baina ez horretara bakarrik. Intelektual asko izaten zen han, Aresti bera ere askotan zen han, hainbat profesio liberaletako jendea, ezkertiarrak, abertzaleak, beren gogoa beste inon adierazi ezin zutenak. Artistak, Oteiza bera ere bai. Horrelako jende askok bisitatzen zuen Arantzazu... Hortaz, ez da kasualitatea Jakin Arantzazun sortzea. Tradiziotxoa ere bazegoen, Salbatore Mitxelenaren bidez heldutakoa, Arantzazu Euskal Herriko talaiatzat hartzekoa.

Gaur egun trantsizioan al dago Jakin? «Modan dago orain bigarren trantsizioaz hitz egitea», dio Joxe Azurmendik arestian aipatutako artikuluan.

Euskal Herria, euskal kultura dago trantsizioan. Beti birpentsatu behar da egoera. Inertzia askorekin gaude. Garai batean erakundeak abian jarri zirenean, gauzak egiteko eredu jakin bat hartu zen eta horretan segitzen dugu.

Utzidazu Azurmendirekin segitzen: «Agian ez letorke gaizki birpentsaketa bat goitik behera euskararen lehenengo trantsizioaz ere, antolaera politikotik linguistikoraino. Franco hil eta, formula batzuk inprobisatu ziren. Urteok ikusita, gobernamenduan euskararentzat lekurik aproposena museoen eta orkestraren ondoan al da? Ez ote du bere leku propioa aparte behar? Are, irudikatu ezinezkoa ote da hizkuntza politika bat instantzia ezalderditar batek diseinatua, Jaurlaritza batez ere exekutibo dela?». Eta galdera gehiago segidan.

Joxek adierazten duen bidetik, agian trantsizioko eredua agortu xamarra dago. Gainera politikaren dependentzia gehiegi ote dugun nago. Kulturak autonomoa behar duela defendatzen badugu, utopia ote da Joxek dioena, instantzia ezalderditar batek diseinatzea euskararen politika? Utopia al da Euskaltzaindiari egiteko hori ematea? Nahi badugu eta ez, instantzia politikoek beste logika bat dute, beste erritmo bat, beste eta bestelako lehentasunak, helburuak. Arazo horretan sakontzeko gogoa dugu hurrengo urteetan.

Galdera egingo dizut, gordin. Erreta zaude politikari jendearekin?

Erreta ez. Nekatuta, agian. Ikusi izan dudanetik, salbuespenak salbuespen, politikaren munduak gutxiegi ezagutzen du kulturaren mundua, kanpotik begiratzen dio. Eta euskararen mundua are urrutiago ikusten dute, arretarik ez diote jartzen, aintzat hartu ere ez askotan, ia-ia bazter fenomenotzat daukate. Ematen du ez direla ohartu euskal kulturak izan duen garapena zein handia izan den. Dibertsifikatu egin da, aberastu, eta indartu, sendotu. Eusko Jaurlaritzako Sail batean kokatzen dute «kultura» edo «euskara», eta kitto, arazo sektorial hutsa bailitzan. Erakundeak martxan jarri zireneko errezeta zaharrekin jarraitzen dugulakoan nago. Euskal kultura, euskara ez da Sail baten ardura bakarrik, ez luke behar. Industria bezalako sailek ere parte hartu beharko lukete. Eta bestalde, diru-laguntza sistema ez da aski gaurko garapenari erantzuteko.

«Behar duzu informatu, galdetu, eta jakin». Garai batean Jakinekin batera zetorren leloa. Galdua da leloa aldizkarian. Zer esan, gaur egun, haren esanahiaren gainean?

Axularrek arrazoi. Baina promozio-lelo gisa ez omen da egokia. Tira, euskal kulturak «Jakin» behar du? Behar, behar... pretentziosoegia da, baina Jakin ez bada, Jakin bezalako bat behar du, gogoeta egiteko, planteamenduak asmatzeko, euskal kulturgintzaren baitatik sorturiko ikuspegiak plazaratzeko... Baina «behar» horretan, bizi ere behar du Jakinek, eta bizitzeko baldintza ekonomiko egokiak behar ditugu, eta hor dauzkagu guk arazoak, lanak.

Zuek, eta gainerako euskarazko aldizkari guztiek.

Guztiona da. Gure produktuak birplanteatu beharko ditugu seguru, baina seguru-seguru aztertu beharko duguna da jende berriarengana nola iritsi, belaunaldi berriak nola erakarri.

Euskarazko agerkari guztien problema. Gero eta produktu hobeak egiten, azalez eta mamiz... baina modurik ez, ezin zabaldu. Nondik sortu harpidedun berriak? Nola ekarri euskalduna euskarazko produktuetara, irakurzale ez bada? Nola egin lagundu dezan?

Ez duzu arrazoi faltarik. Nik galdera horiek berak eta bat edo beste gehiago ere baditut. Nik uste bi «etsai» ditugula, edo gainditu beharreko bi oztopo zail. Bata, idatziaren kulturaren eta kontsumoaren goitik beherakoa. Gaurko gazteriak beste euskarri batzuetan kontsumitzen du. Bestea, globalizazioaren aroan, gure mundua (euskara eta euskal kultura) ur-tanta bat itsasoan bezala da. Lirikarako garaiak ez dira. Pentsamendurako garaiak ez dira. Gogoan dut Karlos Santamariarekin hitz egiten -haren azken fasean-, eta esan zidala: «La historia está en un momento tonto!». Hori da: ideologiarik ez dago, heldulekurik ez dago, erreferenterik ez dago... Nik uste Jakinek hor egiteko bat baduela.

Are gehiago, lehen baino egiteko handiagoa daukala.

Desideologizazioaren garaian, globalizazioaren garaian, pentsamendu bakarraren garaian... nik uste egiteko handia duela Jakinek. Kontua da egin eta inorengana iristen ez bada, alferrik dela. Horregatik diot produktuari laguntzeko sistemak aldatu behar duela. Euskal kulturak gaur duen arazorik handiena ez da produkzioa bera, hori irakurlearengana behar bezala bideratzea baizik. Hori da lehentasuna. Horri dagokion planteamendua egin beharra dago. Atzeraka egin dugu neurri batean. Aldizkariok ETBrekin truke-sistema bat genuen eta horri esker ETBk gure berri ematen zuen. Gaur ez dago horrelakorik. Hara, euskal telebista ikusita inork ez daki Jakin badagoenik, ez daki ARGIA dagoenik, ez daki zer produzitzen den euskaraz, zertan den liburugintza... Jarrerak aldatzen ez badira, jai dugu.

Nortasun agiria

Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, 1942). Mosone baserrian jaiorikoa frantziskotar izan zen Arantzazun. Foruan, Erriberrin eta Arantzazun ikasi zuen erbestean baino lehen. Egonaldi luzea egin zuen Frantzian, Teologia ikasketak Okzitaniako Tolosan eta Soziologia ikasketak burutu zituen Parisen. Euskal Herrira itzuli eta laster argitaratu zuen lan mardulak erabateko aipu eta sona eman zion: Euskal Idazleak Gaur (1977). Anaitasuna aldizkariaren zuzendari izan zen aldi bateko, eta Jakinen zuzendari da 1977tik hona. Bizitza oso bat Jakini loturik, hari emana: 34 urtez zuzendari. Soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean, kazetaritza lizentziaduna EHUn, eta ondo idazle zaildua: Euskal kultura gaur (1997), XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1983), Martin Ugalde: Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (1998), Artaziak, euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000)... ditu lan argitaratuetako batzuk. Egunkaria auzian inputaturik dago. Inkomunikazioa, tratu txarrak eta tortura. Energia galera ikaragarria Jakin, kultura eta gu denontzat.

Lan karga
Ā«Jakinen promozio kanpaina dela eta ez dela, lan txiki asko dago egin beharra. Gure azpiegitura, berriz, oso txikia da. Aldizkaria ateratzen segitu behar dugu eta, bestetik, kanpora begirako lan gehientxoena nire eskuetatik pasatzen da, lan guztia nik egiten ez badut ere. Hori nahiko karga da hogeita bost urteko pertsonarentzat eta zer esanik ez nire adineko batentzako. Gu ekonomikoki ondo bageunde, pertsona batek zuzenduko luke kanpaina hau, oso-osorik, erabat liberatuta. Bateko omenaldia, besteko harpidetza kanpaina, promozioa, Euskadi Irratiko saioak, ekitaldiak, entrebistakĆ  Lanaren handiak ez nau nekatzen, arnasaldi luzekoa naiz. Besterik da batetik bestera saltaka ibili behar denean, bileratik telefonora eta telefonotik auskalo nora. Horren ondorioz, neure lan propioak, Martin Ugalderen azterketa dela, edo liburugintza dela, utzi gabe ere, bigarren mailan geratu dira. Bestalde, hor dago egokitu zaigun zama hori, Damoklesen ezpata gisa. Egunkaria auzia dela eta, esku bete lan dugu udazken honetanĀ».

Damoklesen ezpata (I)
Ā«Sukalde handia eskatzen du harrapatu gaituen auziak. Batetik bestera ibili beharra. Eta egiten dugu, diskrezio osoz. Udazkenean oso momentu inportantea helduko da guretzat. Kasua aretora igaro da. Aretoak epaiketaren erabakia hartu behar du. Hor ikusiko dugu fiskaltzak zer jarrera hartzen duen. Kontua ez da agian epaiketara joan ala ez Ć»eman diren pausoak emanda, epaiketara joango garaĆ», baizik eta eskaera handi ala txikiarekin joan, zernolako zigorra eskatzen den. Hor, Espainiako Gobernuaren jarrera da koxka. Oraindik posible da gure auzia epaiketa gabe bideratzea. Bidegabekeria hau zuzendu nahi duen ororen laguntza eskatu behar duguĀ».

Damoklesen ezpata (II)
Ā«Gobernuaren eta epaileen jarrera edozein delarik ere, guk beti eskatuko dugu gure kasuaren artxiboa, hori delako justizia egiteko modu bakarra. Gurekin batera bertan behera uztea eskatu dutenak asko dira, asko eta ez edozein. Guk indarrak metatzen jarraitu nahi dugu. Udazken honetan ekitaldi potoloa egingo dugu Deustuko Unibertsitatean, Nazioarteko Konferentzia, nazioarteko jende garrantzitsua bilduko dugu terrorismoa eta adierazpen askatasunaz gogoeta egiteraĀ».

Azken hitza
Forua
Habia.

Gernika
Erreferentzia.

Arantzazu
Euskal Herriko talaia. Nik handik ezagutu nuen Euskal Herria.

Jakin sortzaileak
Esker oneko gatzaizkie. Meritu handiko lana egin zuten.

Orixe
Euskal kulturako erreferentzia, baina ez nirea. Ni gerokoa naiz, Txillardegi, Mitxelena eta beste izan ziren nire erreferenteak.

Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi, Joan Mari Torrealdai
Koadrila ona.

Paris
Munduko talaia. Parisen bidez deskubritu nuen mundua. Gaur egun debekatuta daukat hara joatea.

Euskal Idazleak gaur
Euskal Kultura zabaltzen lagundu zuena. Nire poz handia.

Euskal kultura gaur
Entziklopedia txiki bat, ustiatu gabe pasa dena.

Euskara eta euskaldunok
Euskara da nire aberria.

Euskal Herria 1956 - 2006
Ia-ia nire bizialdia, eta neure bizitza.

Ā«Behar duzu informatu, galdetu, eta jakinĀ».
Axularrek asmatu.

Haizea dakiten orriak
Haizea dakitelako Jakinen orriak ez ditu haizeak eramango.

Joan Mari Torrealdai
Langilea.


ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kultura

Kultura kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2006ko urriaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude