Estanis Etxaburu: «Espetxe politika ez da bake prozesuarekin lotu behar»


2006ko irailaren 17an
Azaldu iezaguzu nola joan den Etxerat-eko kideen lana aurtengo udan.
Udari zentzu berezia ematen diogu, jendeak oporrak hartzen baititu. Guretzat baina, urte osoko pairamena udan ere pairamena da. Bi ekimen lantzen ditugu bereziki: errepide eta hondartzetakoak. Kanpotarrak errepidetik datoz, batzuk hondartzetan geratzen dira eta egunerokoaren berri ematen diegu. Dena den atzerritarrak zein euskal herritarrak egoten dira eguzkitan, legezkoa eta zilegia da, guk gure senideen eskubideak urratuak direla gogorarazten diegu, preso batzuek eguzkia hartzeko eskubidea dutela, zigorra bete baitute. Aurtengo uda berezia izan da, ez baitu ekarri espero genuen aldaketa, edo ekarri badu okerrekoa izan da.

Espetxe sistema, politika zehatzaren diseinua dela salatu ohi duzue. Zein da politika horren aurrean alderdi politikoen jarrera gaur egun?
Alderdien jarrera beti da kritikagarria gurean. Behin ere ez dugu sumatu behar den indarra egin dutenik. Espetxe politikaren ezaugarri mingarriena sakabanaketa politika da, arauak eta legeak alderdi politikoek sortzen dituztela gogoratu behar da. Presoen egoerak okerrera egin du eta alderdi nahiz instituzioen aldetik ez dugula ezer onik eskuratu berresten dugu. Iraganean eta egun, presoen eskubideak urratzen dituzten neurri politikoak berdin aplikatzen dira, PP zein PSOE gobernuan izan: berdin. Sakabanaketa PSOErekin abiatu zen eta PPk are krudelagoa bilakatu zuen. Orain PSOEk PPren politika krudela areagotu egin du.

Bertako alderdiek nola jokatzen dute?
Euskal alderdien aldetik ez dugu benetako ahalegina ikusten egoerarekin bukatzeko. EAJren jarrera da kritikagarriena. Iraganean indartsu aritu zen PSOErekin sakabanaketa martxan jartzeko, eta egun ez da indar berberaz ari berarekin bukatzeko. Bukatuko dela esan bai, esaten du, denek esaten dute, baina hitzak dira. Eta guk armairua hitzez beteta daukagu, hitzen armairua ireki eta erori egiten dira. Guk ekintzen armairua nahi dugu, orduan sinetsiko dugu alderdiek ere sakabanaketa politikarekin amaitu nahi dutela. Hitza ekintza bihurtzen ez duten bitartean ez dugu balizko nahi hori ulertzen. «Gobernuak hurbilketaren politika hasi behar duela» diote alderdiek. Guk ez dugu ulertzen zer esan nahi duten. Presoak, adibidez, Madrilera ekarriko dituztela? Horrela bukatuko al da espetxe politika hau? Zer da espetxe politika malguago bat? Egun hogei eskubide urratzen badira bihar hamar urratzea?

Parot doktrina hor dago, baita Iñaki de Juanaren gose greba orain.
Iñaki de Juanaren jarrerak galdera asko eragiten digu: akaso senideok ez garela gauzak behar bezala edo nahikoa egiten ari. Iñakik horrelako jarrera bat hartzeak Euskal Herrian zer-nolako alderdi, instituzio eta agintari ditugun erakusten digu. Nola ulertu sakabanaketa politikoak duen krudelkeria, eta areago euskal herritar bat espetxe zigorra beteta kartzelan egotea euskal egunkari batean bi eskutitz argitaratu dituelako? Lotsagarria da. Ez al dira arau eta lege asmakizun hauek biolentzia? Ez al da biolentzia Entzutegi Nazionalak bermatzen dituen kriminalizazioa eta tortura? Espetxe politika hau ez da urruntasuna eta bakardadea bakarrik, zigor erantsiak ditu bizirauten duten presoak suntsitzeko.

Alderdien jarreraz gain, zertan da presoekiko gizartearen jarrera?
Gizarte mugimenduan hitzetatik ekintzetara pasatzea lortu dugu. Ibaetako Foroan 40 gizarte eragile inguru ari gara. Gazte mugimendu eta hainbat sindikatu ari dira, besteak beste. Ari gara hitzak gauzatzen, ekinez eta edukiz. Halaxe nahiko genuke ere instituzioetatik eta alderdien aldetik, hartara sakabanaketa eta espetxe politika bortitzaren ondorioak ez lirateke presoen eta senideen arazo bakarrik.

Bake eta normalizazio prozesua martxan jarri ostean nola dago presoen egoera?
Prozesua izan edo ez, gurea beti okerrera doa. Gure iritziz, ez da espetxe politika edo honen aldaketak -sakabanaketa barne- prozesuarekin lotu behar, orduantxe agertzen baita argien espetxe politikaren erabilpen politikoa. Zergatik lotu behar dugu eskubideen bermea prozesu politikoarekin? Jakina, badakigu, benetako konponbide bat gauzatzeko gureak etxean behar ditugula, konponbideak benetako prozesua behar duela, baina ez ditzagun prozesua eta eskubideak nahasi. Izan ere, ulergaitza da prozesua abian delarik presoen egoerak okerrera egitea. Prozesuaz hitz egiten hasi baino lehen hitz egin dezagun eskubideaz. Eskubide horiek bermatzeak prozesua lagunduko du, ez oztopatu.

Artean, PSOEk sakabanaketa ez dela bukatuko esateak zer iradokitzen dizu?
Bada, ez dugula sinesten benetako prozesua aurrera eraman nahi duela.

Zein izan behar du presoen rolak?
Guk presoak prozesuaren barruan ikusten ditugu euskal herritarrak direlako. Badute zer esana. Presoen iritzia ezagutzea lagungarria da inola ere. Nondik dator Euskal Herriak pairatzen duen egoera? Ez dator inondik ere, gure guraso, seme-alaba, anaia-arreba presoek edo iheslariek borrokarako jarrera bat hartu dutelako. Arazoa, oinarrian, bi estatuek herri honi ezarpen politikoa ipini izatetik dator. Herritar hauek jarrera hartu dutelako arazoa handiagotu da, ados egon edo ez hartu duten jarrerarekin. Defentsarako jarrera horretan batzuk hil dira, beste batzuek espetxean bukatu dute, bestetzuek ihes egin dute, eta gu horien guztien senide edota lagunak gara. Gatazkaren oinarria horretan kokatzen dugu. Gu ez gara errepresaliatu politiko hauen jarrera politikoaren ildoan ari. Guk herri honen defentsan aritu direla borrokan eta bahituak dituztela diogu, hitz handiekin diogu.

Badira presoak biktimatzat hartzen dituztenak.
Guk ez ditugu biktimatzat hartzen, subjektu zuzenak direlako eta herri honek jasaten duen eskubide murrizketaren aurkako borrokan parte hartu dutelako. Zeinek ez du biolentzia jasan gatazkaren ondorioz? Denok jasan dugu. Gu ez gabiltza gure pairamena bukatzearen alde bakarrik, gu den-denen pairamena amaitzearen alde ari gara, jasaten dugun pairamena ez dugu inorentzat nahi, ez bestelakorik ere. Beste elkarte batzuek, aldiz, gure pairamenaren alde egiten dute. AVTk esaterako, gure aurkako jarrera dauka, gure pairamena nahi du, guk eurena ez ordea.

Nola bizi duzue ETAren azken komunikatua?
ETAk prozesua krisian dagoela esan du, baina guri gauza berririk ez digu esaten. Guk beti bizi dugu krisia, azken hogei urtetan egoera ez baita aldatu, eta aldatu bada okerrerako izan da. Konponbide politikoa ekarri behar lukeen aldaketa aurrera ez joateak larritzen gaitu noski, eta ez dago aldaketarik, batez ere, alderdien interes handiak direlako, interes lotsagarriak.

Argudiatu hori gehiago mesedez.
Guk alderdiak hauteskundeen zain daudela sumatzen dugu, leku politikoa irabazi beharrean. Aulki batzuen truk hainbat euskal herritarren eskubideak ahazteko gauza dira. Espetxean gaixotasun larriak dituzten presoak ditugu, aspaldi kalean beharko luketenak. 200 presoek zigorraren hiru laurdena bete dute eta barruan daude. Zerrenda 10 lagun gehiagorekin luzatuko da aurki. Barruko isolamendua, bakardadea eta krudelkeria gero eta izugarriagoa da, eta ez da aldatzen interesak direla medio, alderdiei komeni ez zaielako. Krudelkeria ez da bakarrik espetxeko erregimenaren gogorra, edo hainbat kartzelariren jarrerak. Alderdiek, instituzioek eta agintariek espetxe sistema beren etxeko egoera politikoaren interesak direla eta ez lantzea krudela da, lotsagarria.

Noiz arte iraun dezake oraingo egoerak? Esperantzarik bai Etxerat-en?
Txanponaren bi aldeak ezagutzen ditu Etxerat-ek: batean tristura, negarra eta pairamena dago, bestean itxaropena. Gu zerbait gehiago egin nahian gabiltza besteek nahikoa egiten ez dutelako, askoz gehiago egin beharko genuke denok egiten duguna baino, Iñaki de Juana kasua ageriko adibide bat da. Baina badago gehiago. Ez gara gogogabetuak horregatik. Gure errealitatean hildako eta zauritu asko dago. Normalizazio prozesua martxan dago baina gure jendeak 20 edo 22 ordu ematen ditu isolamenduan. Haiengana goaz, eta ez dugu biziko diren ziurtasuna eta bidean goazenok ez dakigu ere biziko garen. Ezbehar bat denean negar egiten dugu, baina bihar borrokarako prest gaude, itxaropena dugu, lortuko dugu gure helburua. Eta gehiago egin nahi dugu, eta instituzioak eta alderdiak mugiarazi behar ditugu horretarako.

«Presoen egoera konpontzeko une egokiena atzo zen»

Espetxe politika jarduera zehatz eta zabala da, hainbat arau eta lege ditu eta honi sakabanaketa politika gehitu behar zaio. Gure senide eta preso politikoen kolektiboak 30 urte ditu. Frankismo osteko azken preso politikoa askatu -Fran Aldanondo Ondarru- eta hilabetera hasi ziren espetxeak betetzen. Sakabanaketa politikak 18 urte bete ditu eta testuinguru politikoaren arabera gogortu ohi dute. Berau testuinguru konkretu politiko batean oinarritu zuten, espresio politiko konkretu bat presionatzeko. Ideia EAJrena izan zen, PSOEri proposatu zion eta honek onartu. ETA erakundearen eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljeriako elkarrizketen testuinguruan indartu zen sakabanaketa, zoritxarrez elkarrizketek porrot egin baitzuten. Sakabanaketa testuinguru politikoaren arabera gero eta krudelagoa bihurtuz joan da: egun 650 preso dira Frantziako eta Espainiako 100 kartzeletan sakabanaturik. Inork ezin du ukatu hori zigor politikoa ez denik, eta horretan dirau. Guk arazoa konpontzeko une egokiena atzo zela diogu.


ASTEKARIA
2006ko irailaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude