Pernando Barrena: «Hitz egiten ari gara eta gure neurrian pausoak ematen»


2005eko irailaren 25ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Eraso judizial gogorra jasan duzue azken asteetan. Zergatik edo zertarako?
Bere garaian PSOEk eta PPk hitzartu zuten eraso politikatik datozen ondorioak dira; hala ere esanguratsua da hau guztia testuinguru politiko honetan gertatzea. Oraindik ez da ikusten argi norantz, baina gizarteak sumatzen du gauzak mugitzen ari direla eta horregatik da kezkagarria eraso juridiko hori. Interpretazio batean, PPk Espainiako Gobernuaren mugimendu ahalmena txikitu eta bake prozesu bat oztopatzea dute helburu. Halako zerbait egon daiteke, baina Gobernuak ere badu ardura politikoa eta ezin zaio halako jarrerarik onartu, horrek guztiak ezinezko egiten duelako bake prozesu bat abian jartzea. Argi utzi nahi dugu ezker abertzaleak bakarrik ezin duela atera aurrera bake prozesurik.

ETAk udan ez du aurrera eraman bere ohiko kanpaina armatua. Esanahi berezirik ikusten al diozu horri?
ETAk bi hilabetetan egin duena modu isolatuan aztertzea nahiko hutsala da. Nahiz eta egoera hori gainditzeko lanean ari garen, oraindik konfrontazio fasean gaude. Baina Anoetatik aurrera ezker abertzaleak ekimen mordoa jarri du abian, bere konpromisoaren tamainaren erakusle direnak: Ibarretxe Planaren aurrean Gasteizko Legebiltzarrean izandako jarrera, Zapaterori igorritako eskutitza, Hitzarmenerako Mahaian izandako parte hartzea, hauteskundeetan egindakoa… etengabe eskua luzatzen ari gara. Eta bestetik, azken hilabeteetan ETAren jarduera ere bide berriak irekitzeari begira zuzendua egon dela iruditzen zait, ahalmen operatibo erabatekoa baduela adieraziz, baina borondate erakusle gisa horrela egiten duela agertuz. Ez da ahaztu behar, halaber, azken bi urteetan ETAk ez duela inor hil eta PP eta PSOEren hautetsien aurkako frontea ere itxi duela. Espainiako Gobernua Kongresuaren ebazpena hartzera mugatu da; eta nahiz eta honek balio politiko handia duen, gobernuak ez du inongo aurrerapauso praktikorik eman baldintza berriak sortzeko.

Bilbon Zapaterori eskatzeko eskatu zenion, zer eska diezaioke berak Batasunari eta zer eskaini dezakezue zuek?
Ez dut uste oraindik konfrontazio fase batean gaudenean, jarrera negoziatzaile zehatzetaz hitz egiten hastea egokia denik. Guk agertu nahi genuen etxeko lanak eginak ditugula, negoziaziorako prest gaudela, eta negoziazioan norbera berea ateratzen saiatzen bada ere, jakin badakigula guk ere mugitu beharko dugula. Nelson Mandelak dioen bezala, etsai batekin bakea egin nahi baduzu etsai hori kide bihurtu behar duzu.

Ia urtebete iragan da Anoetako Adierazpenetik gaurdaino. Orduan altxatutako erbiak, pentsatutakoa baino bide luzeagoa ala laburragoa egin du?
Proposamen hura ere ez zen hutsetik atera, eta edukiak eta metodologia elkarrizketetan kontrastatuak genituen. Harropuzkeriarik gabe diot hau: ezker abertzaleak bataila politikoa irabazia duelako egin genuen hura.

1978an Altsasuko Mahaia eratu zenetik, uste dut ez dela urte bakarra iragan entzun gabe bataila politikoa irabazia dagoela.
Azkeneko hamar urteotako bilanak argi uzten du Ezker Abertzaleak eztabaida ekarri duela orain dagoen tokira, egungo estatus autonomikoen agorpena barne. Ezker abertzalearen aldarrikapen historikoak gaur egun sozialki nola dauden ikusita, hori lasai asko esan daiteke. Ez nabil ezker abertzaleko helburu estrategikoez, hau da, independentzia eta sozialismoaz, Lizarra-Garazin esaten zenaz ari naiz: herriak du hitza eta erabakia. Gizarteak bere egin du bakerako eskema horretan oinarritu behar dela. Egungo egoeraren gakoa da nola martxan jarri Euskal Herri osoan autodeterminazio eskubidean oinarritutako bake prozesu bat eta hori Ezker abertzaleak eta herri sektoreek lortutako garaipen historikoa da. Gutxi gora-behera kultura politiko gehienek onartu dute Anoetan proposatzen den metodologia.

PPk eta PSOEk ez dute onartu.
Egia da, baina PSOEko kide batzuk bai, eta aukera berriak zabalduko diren neurrian eskema horretara hurbildu beharko dira.

Euskal gizartean hainbeste aldatu al dira gauzak urte hauetan "herriak du hitza eta erabakia" horri dagokionez?
Garaipen historikoa horretan datza, herri honetako gehiengo batek sumatzen duela aldaketa politikoa badatorrela. Hori da lehenengo urratsa aldaketa hori eman dadin. PP-UPN kenduta, gaur egun Euskal Herrian denek onartzen dute euskaldunen hitza eta erabakia onartu gabe ezin daitekeela aurrera egin. Egungo egoeraren potentzialitateak Lizarra-Garazik sortu zituen ikusmoldeei die zor neurri handi batean.

PSEn eta PSN-n ere ez da argi ikusten, agerian behintzat. Lurralde zatiketa bete-betean islatzen da "herriak du hitza eta erabakia" horretan.
Eskubideen aitortza Euskal Herri osoan eman behar da, bestela gatazka ez dugu konponbideari begira jarriko.
Bestelakoa da prozesu batean sartuta eskubide horiek nola inplementatuko diren, lurralde osoa batera hartuta edota eragingune ezberdinak kontuan hartuta.

Errealismoak dio gaur gaurkoz batera ezingo dela egin, eta badirudi, aho txikiarekin behintzat, Batasunak ere onartua duela hori.
Nik ez nuke inoiz halakorik esango. Bakoitzak bere pentsamoldea eraman behar du negoziazio mahaira eta guk uste dugu eskubide hori Euskal Herri osoan batera eman beharko litzatekeela: herritar bat bozka bat. Hitzarmenerako Mahaian, dena den, gai horri buruz hitz egiten denean oso formulazio irekia egiten da, PSOEk ere onartzeko modukoa. Tira, [irribarretsu eta ironiaz dio hau] ez da horrenbeste arazorik izango Nafarroako eskuinak dioenean nafarrek erabaki behar dutela beren etorkizuna…

Nafarroako eskuina zenbat eta indartsuago, prozesua ere zenbat eta zailago. UPNk ahalik eta indar txikiena izatea komeni da, beraz. Zer egin behar da horretarako?
Nafarroako aldaketa politikoa ezin da Gobernu aldaketara mugatu, alternantzia hutsera. Aldaketak bi oinarri behar ditu: bata, Nafarroak Euskal Herri osorako bake prozesua bultzatzea eta bestea ezkerrera egitea, eskubide sozialen aldeko apustua. 2007ko hauteskundeak atarian gaude eta ikusten da mundu guztia horra begira dagoela. Gu lasai gaude eta bi gauza behintzat argi ditugu: bat, Ezker Abertzalea foru hauteskundeetan izango da; eta bi, Ezker Abertzalearen indar politiko eta elektoralak UPN Nafarroako Gobernutik botatzeko aktiboak izanen dira.

Nafarroa Bai indar gisa aurkeztuko bide da 2007ko foru hauteskundeetan. Gaur ikusita zaila dirudien arren, posible litzateke Batasuna ere koalizio abertzale horrekin batera aurkeztea?
Ez. Nafarroa Bai ez da aukera bat guretzako. Prest gaude hitz egiteko lehen aipatutako helburuekin bat egiten duen ororekin baina, hainbat artikuluetan irakurri den bezala, Batasunari jartzen zaion alternatiba Nafarroa Bai bada, ezin dugu horrelakorik onartu. Zerbait berriaz hitz egin beharko genuke. Bere garaian oso kritiko izan ginen Nafarroa Baik suposatu zuenarekin, hura neurri batean ezker abertzalearen apartheid politikoan oinarritutako operazioa izan zelako, Batasunarekiko elkarlanari uko egin ziona eta hori ez zaigu ahaztu. Aipatutako helburu orokor horiekin bat etorriz gero, edozer gauzez hitz egiteko prest gaude, baina kontuan hartu behar da Nafarroako Legebiltzarreko araudiak ere kaltetu egiten duela koalizio baten lana.

Denak adierazten du Batasuna eta Nafarroa Bairen artean lehia gogorra izango dela hauteskundeetan?
Hori gertatu liteke bai, baina helburuak lehen aipatutakoak badira, elkarlanerako formulak aztertu daitezke, gu prest gaude. Nafarroa Baitik esaten da beraiek ordezkatzen ari direla Ezker Abertzaleak historikoki bete duen esparru soziala; horrekin esaten ari zaigu 2007an Batasunak frogatu egin behar duela Ezker Abertzalea dela hemen abertzaletasunaren indar nagusia. Eginen dugu; badakigu lehenengo indarra garela, baina frogatu beharko dugu baita ere ezker abertzaleak bakearen alde egindako lanak zer sostengu duen hautesleen artean.

Alderdien mahaia dela eta ez dago batere garbi PSOEk parte hartuko al lukeen Eusko Legebiltzarretik kanpo eratutako mahai batean. Nola ikusten duzu?
Alderdiaren mahaiaz esaten ari diren gauza asko oraindik bizi dugun konfrontazioaren testuinguruan ulertu behar dira. Ni ziur nago PSOEk orain esaten duena eta behin konfrontazio fasea gaindituta esango duena erabat desberdina izango dela. Orain dagoen beharra da bai PSOEk bai Gobernuak konfrontazio fase hau gainditzeko ekarpen sendo bat egitea. Oraingoz ez badago baldintzarik mahai publiko batean hitz egiteko, ahal bezala hitz egin beharko da, modu aldebikoan edo behar den formatuan.

Odon Elorzak-eta, PSE-EEren kongresuan egingo duten Downing Street-i buruzko ekarpenak koltxoi lana egin dezake edo isolatua den zerbait da?
Ekimen txalogarria da. Begira norainokoa den lehen aipatutako garaipen historikoaren kontua PSEko sektore bat halako zerbait proposatzera iristen dela. Hala ere, ezin da ahaztu PSOE barruan oso sektore indartsuak daudela gauzak bere horretan mantentzearen alde.

Sektore txiki bat da edota gero eta gehiago ordezkatzen duena?
"Antolatuta" sektore txikia dirudi, baina beren planteamenduek gero eta indar handiagoa dutela uste dut. Egiguren beraren planteamenduak ez dut uste oso urrun direnik. Baina Kongresuan ez da urrats hori emango Ferrazek baimentzen ez badu.

PSOEren zenbait adarretatik behintzat zabaldu da Zapaterok nahiko bakarrik ekin diola prozesu honi guztiari. Nola ikusten duzue zuek?
Zapaterok esan zuen bera bukaeraraino joateko prest zegoela eta guk galdetzen diogu gure buruari ea ba ote dakien bukaeraraino joatea zer den. Gobernuak eta ezker abertzaleak -beste batzuekin batera- bake prozesu bat ireki behar badute, dinamika horretan elkar elikatu beharko dugu. Hori esaten genion Bilbon: "Ultraeskuinak eta PSOEko sektore batzuek ez mugitzeko egiten dizuten presiotik ihes egin behar duzu eta kontrako norabidetik jo; hor ezker abertzalean kide leiala topatuko duzu".

ELAren ustez, indar soberanistek burujabetzaren aldeko indarrak metatu behar dituzte une honetan.
ELAren ustez orain ez da Espainiako Gobernuarekin irtenbideak bilatzeko garaia, indar soberanisten arteko elkarlanaren aldekoa baizik, Madrilen aurrean konfrontazio politikoa garatzeko. Hori guztia oso ondo iruditzen zaigu guri, ados gaude, baina hori bateragarria izan behar da Madrilekin bilatu behar den irtenbide eskema batekin. Konfrontazio politikoa beharrezkoa da, Madrilek konponbiderako beharra izan dezan, baina horretara bakarrik mugatuta, PP eta PSOE kanpo dira eta horiek gabe ez dago irtenbiderik. Nik ELAri esango nioke arazoak jartzen dituela mahai gainean, ongi da, baina ez digula esaten zer egiteko prest dagoen egoera Elorrietak aipatzen dituen parametroetan kokatzeko. Gainera mingarri samarra gertatzen da kritika hori ELArengandik etorrita: non egon dira azkeneko bi urte hauetan?

"Erabakitzeko eskubidea eta paktatzeko beharra". Formula egokia da?
Jakina! Bestela garaipen militar batez arituko ginateke. Gasteizko Legebiltzarrean egindako inbestidura plenoan hurrengo fase politikoan izan beharreko lau kontzeptu nagusiz hitz egin zuen Ibarretxek: "Subjektua, lurraldetasuna, erabakitzeko eskubidea eta paktatzeko beharra". Publikoki eta pribatuki askotan esan diogu ados gaudela eskema horrekin. Hemengo eragile batzuek -PSE eta PSNk- Estatuaren posizioa ordezkatzen dute eta horiekiko akordio bat ematen bada, suposatzen da hor Estatuaren oniritzia egongo dela.

Alderdien Mahaia Aberri Egunerako osatua egoteko bide onean ikusten duzu?
2006an hauteskunde aurreko urtea izango da eta hori baliatu beharko genuke ahalik eta lasaien hitz egiteko, hauteskunde garaiko presio hori gabe aritzeko. Lehenik mahaiaren helburu, oinarri, metodologia eta abarrez hitz egin behar dugu. Guk ez dugu presarik, azkar baino, gauzak serio eta sendo egin behar direlakoan gaude; ezker abertzalea ez da inongo mahaitan eseriko partehartzaileen artean aldez aurretik adosten ez badira balizko akordioaren eduki nagusiak. Ez gara inongo mahaitan eseriko, aurretik porrot bat irudikatzeko. Lanketa luzeagoa behar badu, egin dezagun, baina ez dezagun bake giro bat sortzeko dagoen giro hori etsipenera eraman.

Hori lortu ahal izateko nahiko adina diskrezio ikusten duzu eragileen aldetik?
Gu diskrezioz ari gara, beste batzuk ez horrenbeste. Gogoan dut uztailaren hasieran Imaz [Josu Jon] nola atera zen bata eta bestearekin hitz egiten duela esanez, erakutsi behar duelako balizko elkarrizketetan zentralitatea duela… baina itsusia izan zen, lehenetsi zuelako alderdiaren beharra prozesuaren beharren gainetik. Batzuei noizbehinka belarrietatik tira egin behar bazaie ere, ni baikor naiz, eta horren adierazle da aspalditik hitz egiten ari garela, pausoak ematen gure neurrian eta mamia duen ezer gutxi azaleratu dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-04 | Joseba Alvarez
Dena blokeatu!

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Erresuma Batuan 700 lagun atxilotu dituzte jadanik, Palestine Action taldeari babesa adierazteagatik

Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko... [+]


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa” eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Errepublika kartzeleroak

Guatemala da. baina izan zitekeen El Salvador edo Honduras. Erdialdeko Amerikako kaleak husten ari dira, segurtasunaren eta herrialdearen garapenaren izenean, eta kartzelak bete. Munduan, proportzioan, preso gehien dituzten herrialdeen artean daude. Baina ziegetan ez daude... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez... [+]


2025-09-03 | Gedar
Beste sarraski bat itsasoan: 160 bat lagun hilak Mauritanian, ontzi bat hondoratzean

Kanaria uharteetako kostaldera iritsi nahian ari ziren, baina Mauritanian urperatu zen ontzia. Desagerturik jarraitzen dute 100 pertsonak baino gehiagok.


Tamainak garrantzia duenean

Duisburg (Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1569. Gerard De Kremer (1512-1594) geografo, matematikari eta kartografo flandriarrak, Gerardus Mercator izen latinizatuaz ezagunak, proiekzio kartografiko berri bat diseinatu zuen. Proiekzio mota zilindrikoa zen, ekuatorearekiko... [+]


Plastikoaren birziklapenaren iruzurra:
Industria petrokimikoaren ‘gerrillariak’ Genevan

Plastikoaren kutsadura saihesteko azken gailurra porrot izugarriarekin amaitu da Suitzako Geneva hirian, abuztuan. Hori zuten bilatzen petrolio-herrialdeek, plastikoa milioika tonatan sortzen jarraitzeko. Birziklapena da beraien tekno-soluzioa, baina gero eta garbiago dago... [+]


Teknologia
Turistak eta aktibistak

Oporretan nengoela, gorputza eta burua gozatzera bideratu ditut. Turista bilakatu naiz, eremu digitalean zenbait trebezia dugunontzat, oso erraza. Motxila hartuta familiarekin handik hona ibili naiz, poltsikoan dibisa asko barik, mapa fisiko barik, plan asko barik…... [+]


Eguneraketa berriak daude