Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

  • Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez egina dagoela.

Itsasontzia, eraso egin aurretik.

2025eko irailaren 03an - 10:16
Azken eguneraketa: 13:05
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Donald Trump AEBetako presidenteak asteartean zabaldutako bideoak jakinarazi du: nazioarteko uretan zegoen Venezuelako ontzi bati ustez eraso egin diote eta bertan zeuden 11 pertsonak hil dira. Trumpek berak eman zuen eraso egiteko agindua, bertan zeudenak Tren de Aragua krimen antolatuko taldeko narkotrafikatzaileak zirela “baieztatu” ondoren. Erasoa ustezkoa da, Venezuelako Gobernuak bideoa gezurtatu baitu, Adimen Artifizialarekin eginda dagoela azaldu du, eta AEBetako Gobernuari gezurretan aritzea leporatu dio. Ustezko erasoa, beraz, AEBek nazioarteko uretan duen armadak egin du: 4.000 soldadutik gora bidali ditu Trumpek Venezuelak nazioarteko urekin duen mugara.

Erasoa bi herrialdeen arteko harremanen tentsio gorakada betean heldu da. Azpimarratu behar da nazioarteko uretan gertatu dela, baina Trumpek ez duela jakinarazi zein legeren arabera dagoen baimenduta nazioarteko uretako erasoa. Trumpek bigarren agintaldia hasi zuenetik leporatu dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari narkotrafikoarekin harremanak izatea. Madurok akusazioa ukatu du, baina egoera ez da lasaitu. Are, Trumpek aipatutako tropak bidaltzearekin batera, era berean erantzun zion Madurok ere: mugara militarrak bidali ditu, eta boluntarioei eta milizianoei deia zabaldu die batu daitezen, balizko “atzerriko operazio militarrari” aurre egiteko.

Venezuelako Gobernuaren erreakzioek erasoa gezurtatu dute, bideoa Adimen Artifizialez eginda dagoela salatu du, eta gezurretan aritzea leporatu dio AEBetako Gobernuari. Herrialdeen arteko tentsioa goraka ari den momentuan heldu da ustezko erasoa, tentsio militarren gorakadaren aurrean, astelehenean adierazi du Madurok: “Venezuelari eraso egiten badiote, borroka armatua deklaratuko dugu”, esan du astelehenean.

Drogaren aurkako borroka

Trump gobernuan dagoenetik urtebete ere ez da pasatu eta jada AEBetako migratzaileen aurkako neurri ugari hartu ditu. Immigrazio agenteen eskutik atxiloketa masiboak hitzeman zituen, eta kaosa zabaldu zen herrialdean: deportazioak ere izan ziren, El Salvadorko “megakartzelara”. Hain zuzen ere, El Salvadorrera eramandako Venezuelako talde berekoak ziren, Trumpek "terroristatzat" duena: Tren de Aragua.

Azken erasoaren eta bere politiken atzean dagoen arrazoi publikoa drogaren aurkako borroka da. Irail hasierako erasoaren aurretik, abuztuan agindu bat sinatu zuen Trumpek, sekretuan, The New York Times-ek kaleratutakoaren arabera: agindu horrek indarraren erabilera baimentzen zuen, Latinoamerikako kartelen aurka erabiltzeko.


Eguneraketa berriak daude