2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.
Gazarantz abiatu eta ordu gutxira, Global Sumud Flotilla osatzen duten 40 itsasontzietatik bost txikienek Bartzelonako portura itzuli behar izan dute, "segurtasun arrazoiengatik". Eguraldi txarrak hondatu zuen bidaiaren hasiera, abuztuaren 31an. Orduan, itsasontzi askok ezin izan zuten portutik irten, eta beste batzuek itzuli egin behar izan zuten, itsas zabaleko "muturreko baldintza klimatikoak" zirela eta.
Blokeo humanitarioa hausteko eta Palestinarekiko nazioarteko elkartasuna adierazteko Gazara iristeko erabakiak bere horretan dirau: "Ontzi zibil txikiek gobernuek egin ez duten lana egin behar dute, blokeoa hautsi eta genozidioari amaiera emateko. Erronka hauek komunak dira. Gobernu konplizeetako bakar batek bakarrik Gazara bidaliko balitu bere ontziak –askoz garatuagoak direnak–, jarri dizkiguten oztopoak ez lirateke jende arruntaren gain geratuko", adierazi du Global Sumud Flotillak, ekimena bultzatu duen erakundeak.
Flotillaren zati handi batek Mediterraneoa bizpahiru astez zeharkatuko duen bidaia jarraitzen du. Bidaia horretan, Tunisia, Grezia eta Italiako itsasontziak lotuko dira irailaren 4tik eta 5etik aurrera. "Gazara iristeko konpromisoari tinko eusten diogu (...) eta elkarrekin bat eginda egoteko konpromisoari, misio humanitario eta ez-bortitz honekin Israelen legez kanpoko blokeoa hausteko". Global Sumud Flotilla 44 nazionalitateko 40 ontzik eta 2.000 aktibistak osatzen dute.
Elkartasuna Italiatik
Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben Gvirrek flotillako kideak "terrorista" gisa tratatzeko egindako mehatxuei erantzun diete Genovako zamaketariek. Israelera egindako bidalketa guztiak blokeatzeko mehatxua egin dute, flotillako itsasontziekin "kontaktua galduz gero". "Irailaren erdialdean, ontzi horiek Gazako kostaldetik gertu iritsiko dira. Gure itsasontziekin eta gure lagunekin kontaktua galtzen badugu, 20 minutuz bada ere, Europa osoa geldiaraziko dugu", adierazi du zamaketari batek bideo batean. Zamaketarien Kolektibo Autonomotik (CALP) bultzatu du ekimena, eta ziurtatu du urtero 13.000 edukiontzi baino gehiago ateratzen direla Israelera Italia iparraldeko portu horretatik. Flotillari eraso egiten badiote, "ez da iltze bakar bat ere aterako", ohartarazi du CALPeko bozeramaileak.
2023ko urriaren 7an genozidioa hasi zenetik, Palestinarekiko elkartasun mugimenduaren hirugarren saiakera da Global Sumud Flotilla. 2024ko apirilaren 27an, Istanbulen Adkeniz eta Anadolu itsasontzietan ontziratzeko zain zeuden ehunka aktibistek bertan behera utzi behar izan zuten 5.000 tona elikagai eta laguntza humanitario eramateko plana, Israelek Turkian egindako presioen ondorioz. Maiatzaren 2an, Conscience itsasontziari droneekin eraso egin zioten Maltatik itsasoratzear zegoela. 30 bat ekintzaile ziren ontzian. 2025eko ekainaren 9an, Israelgo armadak Madleen britainiar itsasontziari egin zion eraso, hau ere Askatasunaren Ontzidikoa. 2007an Gazari itsas blokeoa ezarri zitzaionetik, hamar bat saiakera egin dira Israelen defentsak zeharkatu eta Zerrendara laguntza humanitarioa eramateko. Horietako batzuek arrakasta izan zuten: Gaza Askeko Mugimenduko bi itsasontziek blokeoa hautsi eta Gazako kostaldera iristea lortu zuten 2008an. Hala ere, saiakera gehienetan zaurituak eta hildakoak ere izan dira Israelgo armadaren esku-hartzearen ondorioz. Mavi Marvara itsasontziaren kasuan, 2010ean, 600 pertsona baino gehiago zeramatzala, Israelgo armadak hamar ekintzaile hil zituen, Nazio Batuek eta mundu osoko giza eskubideen aldeko erakundeek zigortutako eraso batean.