Jon Agirre: 62 urte, 23 preso eta gaixo dago larri


2005eko urtarrilaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Nelson Mandelak espetxean 25 urte bete zituenean, batean eta bestean irakur edo entzuten zen ea nola egon zitekeen pertsona horren luze espetxean. Euskal Herrian ere, 1977an Espainiako espetxeak hutsik geratu zirenean, berehala hasi ziren betetzen berriz. Pasatu ziren hamar urte, eta denbora izugarri luzea zen espetxean egoteko. Hamabost urte ere pasatu ziren, eta hogei. Eta ia 25 ere bai euskal presoren bat espetxean dagoenetik. Jon Agirre preso aramaioarrak 63 urte beteko ditu datorren martxoan eta maiatzean 24 urte espetxean dagoela. Antonio Tejero Molina teniente koronela bere guardia zibilekin Espainiako Kongresura sartu zen garaian espetxeratu zuten.

Espetxean denbora gehien daraman bigarren euskal presoa da. Eta euskal presoetatik, bigarren adinduena da: Rego Vidal donostiarra bera baino hiru urte lehenago jaio zen, 1939an. Biak daude gaixorik eta biak euren etxetik ehunka kilometrora.

Urte hauetan guztietan hamaika espetxetako ziega eta korridore ezagutu ditu aramaioarrak: Carabanchel, Puerto I, Alcalá-Meco, Herrera de la Mancha, Langraitz, Ocaña, Sevilla, Tenerife, berriz Alcalá-Meco, Valdemoro, Tenerife (berriz), Huelva eta egun Malagako espetxean dago, espetxeko erizaindegian.

23 urte hauetan beti egon da lehen graduan, hau da, espetxeko ohiko bizitzan dagoen erregimenik gogorrenean. Baina preso gisa bizi izan duen guztiaz gain, Agirrek badu adinaren zama eta horrek berarekin dakarren guztia: bizitzan zehar zaindu izan denak ere 63 urterekin ageri du bizitzaren higadura mailaren bat eta Agirreren azken 24 urteak ez dira izan zaintzeko aproposenak, baldintzarik onenetan ere espetxea ez delako osasunaz arduratzeko lekurik egokiena.

Jon Agirre Aramaion jaio eta bizi izan zen, baina espetxeratu aurreko urteetan Arrasaten bizi zen; bietan du familia, Arrasaten eta Aramaion. Mari Terek, bere ahizpak, animatuago ikusten duela dio, oraintsu egon da eta irailean baino hobeto ikusi du: «Herriko mugimendu hauekin, badakizu, animo handiarekin dabil». Arrasaten bere Euskal Herriratzea eskatzeko talde zabal eta jendetsua sortu da eta bere egoeraren berri zabaltzen ari da, bai Deba Goienan, bai Euskal Herrian: «63 urte ditu, ia 24 daramatza espetxean eta larri dago gaixo; beraz, lehen urrats batean Euskal Herriko espetxe batera ekarri beharko litzateke, eta ondorengo batean baldintzapeko askatasunean jarri», hori da bilgune honen helburua. Herri ekimenekoek diotenez, «Jonek duela hamar urte bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta, hala ere, 2006ko ekaineko San Juan egunetan utziko dute aske, zigor osoa bete ondoren». Espetxe zaintzako aurreikuspena behintzat hori da.

Bizitza eta espetxearen higadura

Dituen gaixotasun desberdinen pilaketak jadanik osasun egoera larrian utzi du. Diabetesa du, hiperkolesterola, hipertentsioa.... dagoeneko gaixo kronikoa da, bere adinean aske dagoen beste asko bezala. Zainduz gero bizitzeko moduko gaitzak dira, baina egoki eta oso gertutik zaindu ezik, ondorioak azkartu eta larritu egiten dira. Diabetesa gaitz baskularra da (arterietan eragin handia duena) eta horrek hainbat lesio ekar diezaioke: giltzurrunekoak, kardiobaskularrak, begietako basoetakoak, hanketako zirkulazio txarra... Azken finean, gorputzak egiten dituen zenbait erregulazio ez dira behar bezala egiten eta horrek epe ertainera oso ondorio larriak izan ditzake, aipatutakoez gain agian arriskutsuenetakoa bihotzeko infartoa.

Baina Agirreren gaitz zerrenda ez da hor bukatzen: bizkarrezurrean ernia bat du, bizkarrezurreko nerbioa ukitua du eta, beraz, min handia izateaz gain, sarritan ez ditu behatzak eta oinak sentitzen. Bisitetara gurbildun gurdiarekin ere joan izan da, eta dagoeneko asteroko bisitak bertan behera utzi ditu erizaindegitik lokutoriora ezin delako jaitsi. Hilean behineko vis a vis-arekin dago (aurrez aurreko bisita). Ebakuntza behar du. Baina gehiago ere bada: artikulazio sakroiliakoa ankilosatua du eta mokorrean, bizkarrezurrean eta belaunetan artrosia. Mokorreko higaduraren ondorioz, ezin da ondo ibili eta mina eragiten dio izter eta ipur masailean.

Urte eta erdiko espetxealdia du, tunelaren bukaeran argia ikusteko moduko denboraldia bere bizitzaren herena baino gehiago espetxean igaro duen presoarentzat. Estatuaren krudeltasunaren lekuko ere bada. «Hala ere luze da -dio Mari Tere ahizpak-. Ea lehenago askatzen duten eta lasai bizi daitekeen Arrasaten edo Aramaion, bietan izango baitu bizilekua».

Jon Agirre: «Gabezien zerrenda luzea egin ahal izango nuke, baina gizakia ezer gutxirekin konpontzera ohitzen da»
Idatziz erantzun digu bidalitako galderei eta, elkarrizketan zehar ikusten den bezala, umorez eta ironiaz erantzuten ditu galdera asko. Horien ostean, aldiz, bere bizitzaren herena baino gehiago espetxean pasatu duen eta gaixo dagoen adineko pertsonaren egoera gordina antzeman liteke.


Ia 63 urte, 23 espetxean eta gaixo. Nola zaude osasunez eta animoz?
Gaixotasun desberdinak ditut: diabetesa, kolesterol altua, tentsioa, artritisa, bizkarrezurrean ernia bat, aldakaren higadura... gauza asko, ikusten duzun bezala. Hauetako batzuek min handia ematen didate, eta beste batzuen ondorioz sentsibilitatea galtzen ari naiz hanketan. Animoz, aldiz, betiko antzera, etorkizuna hobea izango den esperantzarekin, bai guretzat eta baita gazteentzat ere. Animoz oso ondo nago.

Zer botatzen duzu faltan zure tratamenduan? Zer gabeziak dituzu espetxean?
Medikuen tratua pertsona gisa pasagarria da. Hainbat gaixotasun kroniko ditut »kolesterola, azido urikoa, diabetesa» eta tratamendu aldetik hau ere pasagarria da. Hainbat gabezia baditut, zerrenda luzea egin dezaket hemen, hasi askatasuna aipatuz eta... baina gizakia ezer gutxirekin konpontzera ohitzen da. Tira, orain espetxeko erizaindegian nago, hemen euskaldunik ez dagoenez ezin dut euskaraz egin eta hori gabezia handia da.

Behatzetako sentsibilitatea galtzen ari zarela irakurri dut zure mediku txostenean, tratamendu egokia jaso ezik elbarri ere gera zaitezkeela. Pentsatzen dut horrek beldurra eta etsipen handia sortuko duela.
Behatzetako sentsibilitatea falta zait eta oina eta belaunetarainoko tartea ere antzera dago: ematen diot masajea, pomada batzuk ere bai eta manta elektrikoarekin ere berotzen dut aldiro; hala ere, tarteka ez dakit oinak nireak diren edo ez. Baina horrek ez du beldurrik edo etsipenik sortzen nigan. Patua datorren moduan hartu beharra dago eta horren aurka ez dago ezer egiterik.

Lehenengo graduan egin dituzu 23 urte, erregimen oso estuan, eta orain erizaindegian zaude, mugatuago. Zer egiten duzu egun arrunt batean?
Egia da, bai, 23 urte eta erdi baino gehixeago daramat lehenengo graduan, baina orain erizaindegian nago eta hemen egoera desberdina da; esate baterako, txaboloko (ziega) atea -siestan eta gauean izan ezik- egun osoan zabalik daukagu eta, beraz, nahi badugu patiora ateratzen gara edo bestela txaboloan geratu. Kontatuko dizut egun arrunt bat: lasaitasunez ohetik altxatu, bi egunez behin dutxatu; gurutzegramak egin; irakurri, Gara atzeratuak edo libururen bat... Musika pixka bat entzun irratian »telebista autodebekatua dut» eta asteburuetan futbola entzun. Futbol kontuetan, Realekoa, Athleticekoa, Alavesekoa... izan beharko nuke, baina nire taldea Soriako Numancia da.

Zure senideek zure egoeraren berri emateko prentsaurrekoa eman zutenean Goiena.net-en eztabaida txiki bat eman zen albistearen ondoren: iritzi gehienak zure aldekoak ziren, baina batek zioen 30 urteko espetxe zigorra baduzu zerbaitengatik izango dela eta osorik bete beharko zenukeela. Zer esango zenioke?
Nire alde edo nire askatasunaren alde egin dutenei eskertzen diet euren jarrera. Besteari, aldiz, zera esango nioke, gizonezkoa bada eta barrabilik baldin badu »edo emakumezkoa bada obariorik» etor dadila ni bisitatzera. Behin mokorreko arazoa konponduz gero nik ez diot beldurrik espetxean 30 edo 40 urte pasatzeari. Ni ez naiz, Galindo, Vera, Barrionuevo eta beste hainbaten «kategorikoa».

Aktualitate politikoa ere gori-gori dago (elkarrizketari erantzun zionean, oraindik Ibarretxe Plana onartu gabe zegoen). Nola ikusten duzu egoera eta, zehazki, Batasunak Belodromoan egindako ekarpena?
Emakumezko batek, ume bat munduratzerakoan min eta sufrimendu handiak pasatzen ditu, eta herri baten jaiotzak ere min eta sufrimendu handia behar du. Hori gerta dadin, bakea beharrezkoa da. Hasieran behintzat, «demokrata» gehienek entzungor egin diote Batasunaren mezuari; Ibarretxek bere plan zoragarriarekin jarraitzen du eta PSE estatutuaren beste erreforma batekin atera da, eta plan biek bat egingo dute hauteskundeen ondoren, EAJ eta EAk hauteskundeetan gehiengo osoa lortzen ez badute.

Teorian 2006ko ekainean atera behar duzu kalera, 25 urte baino gehiago espetxean egin ondoren, Nelson Mandelak bezala. Oraindik preso zara eta, beraz, barkatu atrebentzia, baina zer egin nahi duzu ateratzen zarenean?
Urte hauetan guztietan ni bisitatzera etorri diren gehienek hemendik ateratzerakoan bazkariak edo afariak egiteko hitza emana didate; beraz, badut zereginik, eta bateren batzuk, hitz emandakoa ahaztua duten itxura egiten badute, neuk gogoraraziko diet. Gizarte segurantzak ez du izango diru askorik »eta borondate gutxiago- niri emateko, eta nolabait bizi beharko dut. Beraz, bazkari eta afari kontuetan errondan ibiltzea ez da ideia txarra, ez duzu uste?


Azkenak
Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude