Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion. Hala jakinarazi zien atzo zuzendaritzak Enpresa Batzordeko kideei, hauek komunikatu batean salatu dutenez.
Azaldu dutenez, "langileen egonkortasuna arriskuan jar dezaketen beste neurri batzuk" ezartzeko asmoa ere helarazi du enpresak, baina beste inolako zehaztasunik eman gabe. Hau da, gaur gaurkoz, ez dute jakinarazi zenbat langile kaleratuko lituzketen (fabrikan 151 pertsona daude gaur egun lanean). Irailaren 9an egingo dute hurrengo bilera.
Enpresa Batzordeak "oso larritzat" jo du enpresaren jakinarazpena, "uztaileko azken asteetan hitzarmenaren negoziazio-prozesu bete-betean" zeudela eta hainbat puntutan aurrera egiten ari zirela nabarmenduta. Gauzak hala, elkarrizketaren dinamika haustea leporatu diote konpainiari, "zuzenean langileen etorkizunaren aurka".
Komunikazioa egiteko modua ere "onartezina" dela uste dute sindikatuek, "bilerarik aurrez deitu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz". Euren iritziz, jokabide horrek "errespetua eta lan-harremanetan egon behar den gutxieneko formaltasuna" urratzen du.
Horren aurrean, Enpresa Batzordeak "argi" utzi nahi izan du ez duela kaleratzerik onartuko eta mota horretako edozein neurriren aurka borrokatuko dela. Gauzak hala, kaleratze kolektiboaren prozedura bertan behera uztea eskatu diote enpresari, eta jakinarazi dute beharginen batzarra deituko dutela datorren astean, "egoeraren berri emateko eta neurri honi erantzun kolektibo egokia artikulatzeko".
Laudioko enpresa historikoetako bat da Maderas de Llodio. Kooperatiba izan zen, baina 2018an erosi zuen Garnica taldeak.