Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.
Muga administratiboa deuseztatu eta Izpegi puntan elkartuko dira aurten ere bi aldeetako herritarrak: "Maldak igotzera bultzatzen gaituen hori ez da iraganaren erromantizazioa, grina eta gogoa baizik, baita inposaketari aurre egiteko ekintza sinbolikoa ere, bertze aldeari begiratzeari uztea". Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik, irailaren 19an eta 20an ospatuko dute topaketa horren hirugarren edizioa.
Irailaren 3an egindako prentsaurrekoan eman dituzte nondik-norakoak. Aurten ere, bestaz haratago, asimilazioaren kontra antolatzeko gogoa eta beharra azpimarratu dituzte. Frantziako eta Espainiako estatuen inposaketei aurre egiteko bidean, bi egunez haratago, egunerokoan egin beharreko "erantzukizuna eta lana" azpimarratu dituzte: "Uste dugu ezinbertzekoa dela adieraztea ospakizunetik haratagoko pausoak funtsezkoak direla ideiak errealitate bilakatu nahi baditugu".
Iparretarrak talde politiko-armatu ohiaren inguruko mahai-ingurua antolatu dute irailaren 19rako, Bereko Bentan jarrita hitzordua. Memoria ariketa ezinbestekotzat dutela zehaztu dute antolatzaileek: "Gure herriak badu historia, eta herriak berak idatzitako historiari so egin nahi diogu guk, eta menperatzea helburu izan duen begirada arrotzetik idatzitakoa bazterrean utzi eta gurea idatzi".
Biharamunerako, egun osoko egitaraua dute prestaturik: mendi martxa Baigorritik Izpegira, bizikleta igoera Baigorritik eta Erratzutik, haurrendako Pontx pailazoaren emanaldia eta gaita doinuekin girotutako zintzur bustitzea. Eguerdiko ekitaldi nagusiaren ondotik, bazkari herrikoia eginen dute. Arratsaldean poteoa, txaranga eta batukada izanen dira, eta gauean Baigorriko Ikastolak antolatutako afariaren ondotik, kontzertuak iragarri dituzte, Olaia Inziarte, Txopet eta DJ Üzkülüz igoko dira oholtza gainera.
Palestinako genozidioa gogoan izango dutela argi utzi dute prentsaurrekoan.