Kioskoa itxi da 30 urteren ondoren

  • Datorren ostiral honetan -uztailak 9- Mariano Ferrer kazetari entzutetsuak agur esango dio bere irratiko lan ibilbide oparoari. El kiosko de la Rosi saio historikoa badoa berarekin, baita irratia egiteko berezko molde bat ere.


2004ko uztailaren 11n
Mariano Ferrerrek hogeita hamar urte luze eman ditu goizeko 5etan jaikitzen eta "Donostia Herri Irratiko estudioetara bidea egiten. Irratirako bidean hiru bizikleta lapurtu dizkiote. Hartara, azken urteetan oinez egin ohi du bide. Atseginez eta adoretsu hartu gaitu. Bere bizitzako aro berri bati ekiteko konplexurik gabe: "Orain arte kezkatu nauten gauzek kezkatuta bizitzea nahi nuke aurrerantzean ere. Alabaina, nire lanaren ondorioz hartutako konpromisoak utzi nahi ditut. Konpromiso berriak hartuko baditut, gogoak ematen didalako da. Aurrerantzean ez dut ezer onartuko nire lan bizitzaren herentzia gisa. Konpromisorik gabe hasi nahi dut. Agian egin dudana egingo dut, baina nik nahi izan dudalako berriz ere. Ez behartuta".
Geroari begira egindako gogoetak dira. Guk iraganera bide egitera gonbidatu dugu Mariano Ferrer irratilaria, Herri Irratira iritsi zeneko garaietara, frankismoaren garai gogoangarri bezain ilunetara.


El kiosko de la Rosi saioak izen propioa darama. Nor zen Rosi?

Rosi egunkari saltzailea zen. Orain bizpahiru urte hil zen. Donostiako Gipuzkoa Plazan egunkariak saltzen zituen, bere ama Valentinaren segida hartu zuen Rosik. Urte batzuk geroago, Rosik amaren postua (otarrea eta zerbait gehiagorekin) Askatasunaren etorbidean jarri zuen. Gaur egun, leku beran, Rosiren alaba Aurorik Kiosko Rosi izenekoaren ardura dauka. Bitxikeri gisa, saioa egunsentian egina izaki, bere sintoniaren musikak Aurora izena du. Hau kasualitatea, ezta?


Zer edo nola gogoratzen duzu irratira etortzen zineneko lehen garai haiek?

Irratira etorri nintzen lehen aldian, Gipuzkoa plazan, Camino kalearen kantoian, egunkariak otarre batean saltzen zituen emakumezko batekin (Valentina) topo egin nuen. Ez zen bakarra. Orduan egunkariak kale izkinetan saltzen ziren, ez zegoen kioskorik. Berari erosi nizkion hainbat urtez (orduan El Diario Vasco eta La Voz de España), askoz gehiago ez zegoen-eta. Goizeko ordu horietan ez ziren Madrilgo egunkariak iritsiak".


Nola sortu zen saioa?

Saioaren jatorrizko izena Radio Reloj izan zen. Saio hori bazegoen ni irratira iritsi nintzenean 1971n, modu informalean egiten zen. Hasieran Juan Jose Lopez Rekartek eta biok egin genuen, aldizka, bera egun batean eta ni bestean. Gerora nik hartu nuen saioaren martxa osoa.
1982an, PSOE Espainiako gobernura iritsi zenean, giro eta aldaketa moduko bat eman zen. Sozialisten garaipenarekin Espainiako benetako aldaketaren hasiera antzeman zen. Aldaketa garaia zen politikan eta hedabideetan eta neronek ere nolabaiteko aldaketa bat eman nahi izan nion saioari. Hartara, saioaren formatua eta izena aldatzea erabaki nuen eta El kiosko de la Rosi izena burutu zitzaidan. Kiosko horretako jabeek ordura arte egin zizkiguten mesede guztiak eskertzeko modua izan zen halaber. Fabore asko egin digute. Neuri hainbat egunkari eta aldizkari eskura jarri dizkidate, nire kasa nekez eskuratuko nituen argitalpenak. El kiosko de la Rosi izena harreman bati egindako nolabaiteko keinua izan zen.


Azaldu iezaguzu saioaren ibilaldia.

El kioskok -ordutegi aldaketak aldaketa-, goizeko 7:00etatik 9:00etara bitartean aireratu izan da. Hasierako saioa inprobisatua zen erabat, ez nuen ezer prestatzen. Izan ere, ez genuen albisteak jasotzeko bitartekorik, ezta teletiporik ere. Hitz batez: ez genuen informatzeko sistemarik. Francoren garaian zen, frankismoa. Ez zegoen informatzerik erregimenaz kanpo. Gaur egungoa beste mundu bat da.
Egoera hartan, orduan zeuden aipatu ditudan bi egunkariek esaten zutena ematen nuen aditzera. Egunkariek kontatzen zutena eta kontatzen ez zutena aditzera ematen hasi nintzen, poliki-poliki. Egiteko horretan, kontakizunak zentzu bikoitza hartuz joan ziren. Esanek ironia eta txantxa biltzen zituzten, distantziaz kontatuak ziren, nolabait.
Gure helburua jendea aktualitatearekin sintonian jartzea zen, modu leunean. Egunkariak irakurtzea ez zen eguneroko bizitzan gauza arrunta, irratian irakurria izatea ere ez zen gauza arrunta, ez funtsezkoa. Giroa itogarria zen, informazioaren diktaduran jendearen etsipena zen nagusi. Orduan, nahiz eta benetako daturik eman ez, ahots batek aktualitatea komentatzea normaltasuna urratzeko modua izan zen. Arian-arian, ahots horrek diktadurari kritika egiten ziola entzuteak jendearen arreta piztu zuen eta hainbat entzule bereganatu ere.


Zer bilakabide izan du saioak?

Hasieran, saioa baliabide eskasiaren emaitza eta agerpide izan zen. Diktaduraren ondoren, albistegiei normaltasunez ekiteko garaia iritsi zen. Nahia eta helburua goiz parteko albistegi entzutetsu horietako bat egitea zen. Baina horretarako jende asko behar da. Hartara, aurreneko hogei urteetan saioa nik bakarrik egin nuen. Azken hamar urteetan, berriz, lankide baten laguntza preziatua izan dut, baita laguntzaile teknikoarena ere. Baina hasiera-hasieran, saio osoaren pisua eta kontrol teknikoa nik neraman. Goizeko lehen bi orduetako audientzia imajinatzen nuen, nire tresnak mikrofonoa, egunkariak eta inprobisatzeko gaitasuna nituela. Horrek saioaren izaeraren arrazoi nagusia agertzen digu: informatu ezin zen garaian informatzea, alegia.


1982tik aurrera, hala ere, El kiosko de la Rosi saioak formatu sendoago bat hartu zuen.

Bai. Herri Irratiak ezin izan du goizeko beste emisoretako informatiboekin lehiatu. Baina, egunkariak irakurtzeaz gain, formatu propioa lantzen joan nintzen. Atalak sortuz eta garatuz. Alabaina, saioak aurreko garaiaren espiritua gorde du bukaera arte. Izan ere, ezinbestean horrela izan da. Nik ez nituen munduan barrena korrespontsalak, ez ekonomian adituak. Baina, era berean, ez dut behin ere saio konbentzional bat egiteko asmorik izan.


Horiek horrela, nola iraun ahal izan du saioak horrenbeste denbora? Nola laburbilduko zenuke zure ekarpena?

Nire ekarpena lan egiteko ahalmena izan da. Irratiak irakurtzeko tarte zabala eman zidan informazioa neureganatu, nire baitan digeritu eta gero kontatzeko. Honekin batera, entzuleekin konplizitatea sortzeko aukera izan dut. Nahiz eta (entzuleek jakin badakite hori) beste kolaboratzaileak sartu ahala, saioa ez den Marianoarena soilik izan, saioa Herri Irratiarena bilakatuz joan da. Logikoa dena, bestalde. Hala ere, nik bakarka egiten nuenetik ezberdina da, baina oinarrian konplizitate bera gorde du. Entzuleek badakite, gure saioa albisteak esatea baino gehiago izan dela aktualitatea nola kontatzen zaigun kontatzea. Aktualitatea kontatzen den aldi berean, aktualitatea berau nola kontatzen zaigunari buruzko saio bat izan da nire ekarpena. Aktualitatea, gogoeta eginez, kontatzeko modua. Miraria da horrenbeste urte iraun izana, ni erabat harrituta nago.


Garai bat markatu izanaren inpresioarekin al zoaz?

Ez, ezta pentsatu ere. Ni aritu izan naizen garaian ez zen gauza asko egin behar nabarmentzeko. Nik "nabarmentzeko" izan nituen erraztasunak Franco hilzorian izan zen garaikoak dira. Giro hartan, ez zegoen Francori aurre egiten zion inor. Nik, jesuita ohi izanda, arriskatzeko aukera izan nuen, beste batzuek egiterik izan ez zutena egiteko ausardia, nolabait. Nik beste testuinguru batean ez nuen izango, beharbada, izan nuen adorea. Testuinguru berezi hartan burua altxatu edo agertu ahal izan nuen. Bestalde, irrati honetan bazeuden euskara eta euskal kulturaren aldeko apustu oso tinko eta koherentea egin zutenak, beraz, hori ere gehitu beharreko balorea da. Zentzu horretan irratiak bai, garai bat markatu zuen. Izan ere, egun lanean hasten den gazte batek nabarmentzeko lana dauka, gero! Badaude 50 irrati dialean. Gure garaian hiru ziren.


Tira, El kiosko de la Rosi edo Mariano Ferrer Iñaki Gabilondo edota Luis Del Olmo bezalako izarrekin lehiatu izan da, nolabait.

Ez, ez. Ordu berean emititu dugu, baina lehiatu ez. Ezberdina da guztiz. Ni ez naiz kate handiko esatari handi horiekin lehiakide sentitu. Benetan diotsut. Eta ez da intelektualki gutxiago sentitzen naizelako, ez dut umildade faltsuan aritu nahi. Intelektualki ez naiz gutxiago, baina testuingurua, une batean nire alde izan zen bezala, beste batean, testuinguruak haien alde jokatu zuen. Nola lehiatuko zara 30 lagunekin ari den saio batekin, ia irrati osoa beraien zerbitzura duten esatari horiekin. Ni, berriz, ia-ia bakarrik lanean aritu naiz. Kontziente izan naiz ordu berean aritu naizela. Haiek egin dutena egiten saiatu izan banintz ez nuen ezer egiterik izango. Beraz, nire ekoizpen propioa asmatu eta landu nuen, jende askoz gutxiagorentzako ari nintzela kontziente izaki betiere. Nik ez dut pentsatu Gabilondo, Del Olmo edota enparauei konpetentzia egiten nienik. Bai zera!


Marianoren "komentarioa". Zure eskaintza preziatuena. Zer eman dizu zure saioaren komentarioa deituak?

Lan asko. Nire burua definitzeko aukera. Nire posizioak argitzen joateko abagunea. Ahulezia uneak ditugun momentuetan, esan nahiko genukeena esatera ausartu ez eta gero bere momentuan esan ez izanagatik damua sentitzeko momentuak ere bizi izan ditut. Izan ere, batzutan zuhurtziaz jokatu behar duzulako, bestetan, arrisku handiz jokatu behar duzulako, beste batzuetan erabat seguru ez zarelako, ezin duzu bat-batean bururatzen zaizuna esatera atera. Eta sufritu egiten duzu. Gainera zure komentarioak zure hainbat lagun mintzen duela jakitun zara. Halaber, zure iritzia ez esateak aladurak edota erraietako mina sorrarazten dizkizu. Baita esandakoak zuk nahi ez zenuen moduan eta tokian mina egiten badu ere.
Nolanahi ere, komentarioak satisfazioak eman dizkit. Esan beharrekoa esan ondoren gustura geratzen zara. Komentarioak asko eboluzionatu du gainera. Lehen oso barreiatua zen, gero beste gauza bat bilakatu zen. Orain gauza errituala da. Mugarriak izan dira. Horrenbeste urtetan horren begirada kritikoa izandakoak bere akatsak izan ditu, ziur. Baina pozik nago, gauzak esan behar ziren unean esan nituelako, okerrago edo hobeto. Hala ere, funtsean, entzuleek epaitu behar dute.


Aldeko eta aurkako jarrerak izaki, telefono deiak jaso al dituzu?

Aurreneko garaietan telefono dei gehiago jasotzen nuen, protagonistagoa izan nintzenean. Hedabideetan kritika egiteko aukera eta gaitasun gutxiago zegoen garaian. Orain kritika zabaldu da, jende askok hitz egiten du irratian. Ni bat gehiago naiz beste piloaren artean. Ziur aski badago disgustatu dudan jende asko, eta beste asko ere laketu dut. Batzuk nahiz besteak onartu ditudala uste dut. Badakizu, badago jende bat zuk esan ez dituzun gauzengatik edo gaizki ulertu dizkizuten gauzengatik haserretzen dena. Eta badago jende asko pozik dagoela zuk esan ez duzun gauzengatik. Fenomenoa hau da: sinpatian hartu zaituztenek haiek pentsatzen dutena egozten dizute, hau da, komentarioa entzuten ari da eta zure alde dagoenez, zuk esaten duzuna baino berak pentsatzen duena ari da jasotzen. Zu entzuten baino, berak pentsatzen duena entzuten ari da, eta komentarioa oso pozik jasotzen du. Berak pentsatzen duena zuk esan duzulakoan dago. Batzutan, saioaren ondoren, solasean aritzen nintzen batzuekin, eta entzuleren batek ulertu zuena ez zela nik helarazi nahi nuena jabetzen nintzen. Lehenengo garaietako gauzak dira egungoak baino, hala ere.


Mariano Ferrer: kazetari independentearen eredua. Zer iruditzen zaizu lema?

Gaur egun kazetaritza independentea egiteko asmoa duenak askatasun neurrigabea eta hedabide txiki batean aritu behar du. Askatasun itzela funtsezkoa da, egiten utzi behar dizute. Utzi. Eta hori hedabide txiki batean baino ezin da. Gainera, hedabide txikiak badu bere munta, ondorioak eta oihartzunak txikiagoak baitira. Hau da, entzuten zaituzte baina Herri Irrati batetik esana da. Orduan, txikia izateak errazten dizu jarduna, beste hedabide batean, adibidez, EITBn mantenduko al nuke nire independentzia?


Ez?

Urte batez egon nintzen. Zergatik ez nuen segitu? Hasteko, saioak ez zuelako molderik hautsi, baina baita independentziazko eremuak zabaltzen saiatu nintzelako ere. Hara, zaila zen gero! EITBn bizimodua irabazteko nire independentziari uko egin beharko niokeen. Argi eta garbi.


Zer eman dizu irratiak?

Irratiak aktualitatea, gizartearen pentsamoldeak eta joerak segitzeko sekulako aukera eman dit. Eta hori neurri batean entzuleek ematen dizute. Asko ematen dizute, beraz, egin diezazuketen kritika aise gainditzen duzu. Niri ez zait entzuleen kritika onartzea kostatu, benetan. Oro har, arrazoia izan dute. Edonola ere, ez laidoak ez laudoak ez dira ehunetik ehunean zuzenak ere.


Zer esango zenieke 30 urtez zure entzule izandakoei?

Sinesten ez baduzu ere, izan badaude (irriak). Ez dut uste, ordu konkretu eta irrati konkretu horretan horrenbeste esateko nuenik. Hala ere, afektu eta sintonia harreman moduko bat sortu da. Eskertzekoa da populazioaren parte batekin harreman hori mantendu izana. Nire pena da ez dakidala nola ordaindu entzuleen fideltasuna. Ez dut ikusten nire burua esker onak uhinetatik lau haizetara zabaldu nahian, ez naiz ausartzen. Hara, zuek ematen didazuen aukera hau baliatu nahi dut. Milesker entzule izan ditudan guztiei!

 

Mariano Ferrer, abertzalea?!
Azken bi urteetan, arrazoiak arrazoi edo testuingurua oso gatazkatsua izan delako-edo, Mariano Ferrer inoiz baino abertzaleagoa »eta ezkerrean, beti ere» ageri dela entzun izan dugu hainbaten ahotan...
Ez dut uste. Nik ez dut nire burua nazionalistatzat, ez botoz ez mentalitatez. Nazionalista zentzu politikoan, esan nahi dut. Baina beti argi izan dut zein diren nazionalisten eskubideak. Historikoki eskubide horiek jazarriagoak izan dira jasoak edota onartuak baino. Niretzat pertsonen eta kolektiboen eskubideak lehen lerroan daude eta defendatu egiten ditut. Normalki are jazarriagoak edo pertsegituagoak direnean egin dut haien alde, orduantxe beharrezkoagoa delako. Hala ere, ez naiz abertzale. Lehen egunetik, ETA eta ezker abertzalearen jarduera etikoa, humanoa, politikoa eta estrategikoa huts bat zela pentsatu dut. ETAren jarduera okerra eta basatia iruditu zait. Baina horrek ez dit eragozten beren planteamendu politiko eta eskubideak aintzakotzat hartzea.
Hori esanda, inoiz baino abertzaleago agertu naizen? Baliteke. Baina ezker abertzaleak inoiz baino lagun gutxiago duelako. Egungo egoera politikoa »edo antzeko samarra» frankismoaren garaian bizi genuen. Orduan, abertzaleek oso gutxi agertzen zuten beren burua, eta nik agertzen nien nolabait. Ezker abertzaleak orain baino laudorio eta segizio gehiago izan zuen trantsizio garaian. Berriz ere, garai gogorrak etorri direnean, onartu gabe dauden eskubideak aldarrikatzen segitzen dugunok, inoiz baino abertzaleago agertu gara, nolabait. Agian, horregatik, zenbaitek abertzale ikusten nau orain.

Mariano Ferrerri buruz

Mariano Burgosko prozesu garaiaren ondoren entzun nuen lehen aldiz irratian; 1971. urte aldean. Maisutza eskolako ikasle nintzen. Eskolara autobusez gindoazela, txoferrak Mariano jartzen zuen. Bera entzuten joaten ginen eta giro itolarri hartan aire freskoa zen guretzat. Beste irratietako saioetatik zerbait ezberdina egin du Marianok. Gizarte eta politikaren bere analisia oso serioa izan da, erreferentzia asko aztertu ondoren egina, bere iritziak oso dokumentatuak eta landuak izan dira. (...) Bestalde, 1977. urteko Mariano Ferrer gogoratzen dut. Herri Irratiak "24 ordu euskaraz" saioa antolatu zuen. Euskara prestigioa hartzen hasia zen, euskararen aldeko giro bat zegoen. Are gehiago, Marianok bere saioa euskaraz egingo zuen erronka bota zuen. Gerora, oro har, euskarak ez zuen denok nahi genuen tokia hartu gurean, berak ere ez zion euskararen erronkari eutsi ahal izan. Baina, Marianoren jarrera guztiz lagungarria izan da euskararen aldeko borrokaren eremuan.

Laxaro Azkune
Loiolako Herri Irratiko kazetaria

Irrati mundura, ia irratian aritu gabe iritsi nintzen. Hartara, Marianorekin unibertsitate bidea egin nuen. Gizon zorrotza da, lehenik bere buruarekin eta bere inguruarekin gero. Tratuan ez du erraztasunik ematen baina gizon oso goxoa da. Esker onekoa. Pasadizo bat dut gogoan: Behin, ohiko komentarioa burutu eta berrien laburpena ematen segitu genuen. Nik baina, modu berezi batez ari zela jabetu nintzen. Elkarrizketa tartera iritsi ginen »galdegaia nik prestatzen nuen» baina berak oso hotz segitzen zuen. Ez zen gonbidatuarekin elkarrizketan sartu ia-ia, haserre aurpegia zeukan. Nik «berrien laburpena ez zaio gustatu edo gonbidatuari egindako galderak ez ote dira egokiak izan?» esaten nion nire buruari. Bukatutakoan galdetu nion: «Zer da Mariano? Berrien garaian gaizki, baina elkarrizketan akabo, estatua bat bezala egon zara». "Gaurko ‘komentarioa’ ez zait batere gustatu", esan zidan serio-serio.

Ramon Ibeas
El kiosko de la Rosi-ko esatari ohia

Marianorengan bere askatasuna azpimarratuko nuke, instituzioak kritikatzeko unean izan duen askatasuna. Bere jarrera harrigarria eta ederra egin zait. Baita, nahiz eta bera abertzale ez izan, abertzale mundua ulertzeko gaitasuna. Bera joandakoan, informatiboan euskararen erabilpena indartsuago izatea espero dugu, bere saioan euskarak ez baitu ia tokirik izan. Guretzat erronka izango da. Bide beretik, baina ibilbide berri bat landu beharko dugu, hedabideetako jarduera aldatu baita.

Txema Auzmendi
Donostiako Herri Irratiko kazetaria

Mariano printzipio handiko pertsona da: solidarioa eta gizabidetsua. Bere karisma izugarriak »irrati lanetan azaltzen duen dohaina» eta bere printzipioek inpresionatu naute, bere lanaren oinarrian balore funtsezkoak. Balio horiei tinko eutsi die berak. Entzuleentzako berebiziko erreferente izan da. Herri Irratiak erronka handia dauka orain, irratia egiteko modua birpentsatu behar dugu. Baina kontua ez da Marianorik gabe irrati berdina edo antzekoa egitea, baizik irratia birpentsatzea. Irrati berri bat egiteko beste kontzeptu bat asmatu behar dugu. Horretan ari gara.

Xabier Riezu
El kiosko de la Rosi-ko esataria

Marianoren arantza: euskara
Nire xedea »nire ibilbide profesionalean» euskara menderatzen bukatzea izan da, gaztelaniari laguntzeko adina, ez ordezkatzeko. Ez dut arrazoitzeko edo diskurtso bati eusteko behar den euskara maila. Irratiko euskarazko profesional batek behar duen maila askoz gorago dago. Euskararekiko nire harremana esfortzu baten porrota da. Garai batean, hamar urtez ahalegin handiak egin nituen euskara menderatzeko. Ez dakit zergatik ez nuen lortu. Metodoa oso neurea zelako? Euskaltegietatik at aritu nintzelako? Kontua da ez dudala itzulpenaren egoera gainditu, solas txikietan ez bada. Euskara ulertzeko eta irakurtzeko gai naiz »literatur narratibaz kanpo», euskarazko egunkaria erdarazkoa bezala irakurtzen dut, baina ez dut maila berean hitz egiterik lortu. Hortxe geratu naiz. Irratian ez didate gabezia hori aurpegiratu, nire ahaleginak eskertu dizkidate eta maila altuago bat lortu ez dudanez, jabetu dira ez nuela euskara erabili nahi izan. Hizkuntzak ondo erabili behar dira, ez itxurakeriak egiteko.

Frankismoaren zentsura surrealista
Zuzendari orde nintzela, Espainiako Informazio eta Turismoaren ordezkariak, zentsuratzaileak, irratira deitu zuen zuzendari Juan Lekuonarekin hitz egiteko. Juan ez zegoenez, zuzendari ordearekin hitz egin zuen, nirekin, alegia. Zer izango, eta Mariano Ferrer esatariak egiten zuen lanaz hitz egin nahi zuen: "Esaiozu Mariano Ferrerri debekatuta daukala zentzu bikoitza duten komentariorik egitea", agindu zidan.
Ordurako elkar ikusia genuen eta hitz egina ere bai. Zuzendariordeak »irratiaren izenean» erantzun zion, bere argudioak emanez. Ustez eta suposatuz bera ez zela esataria, bera ez zela Mariano Ferrer. Dementziala, erotzeko egoerak sortzen ziren frankismoan.

Lankideentzako gorazarreak
Kazetari lankideak eskertuz hasiz gero, ez nintzateke justua izango. Baten bat ahaztuko bainuen. Hala ere, gorazarrezko hitzak izan nahi ditut teknikarientzat: Lucia Barquin, Arantxa Etxebeste eta Mari Carmen Beriain, bereziki. Irratian esatari garenok ez gara konturatzen zein beharrezkoa diren saioa laguntzen duten pertsonak. Zeregin errazak dirudite, baina denbora laburrean egiten diren lan horiek »konexioak e. a.» oso garrantzizkoak dira. Kasu honetan teknikariak emakumeak izan dira. Teknikariak bi modutara izan daitezke esatariaren aurrean: aspertzen ari den aurpegiarekin edo bere jarduna arretaz segituz. Horregatik, biziki eskertu nahi dut teknikariek nirekin izan duten jarrera.

Marianoren aholkua kazetari hasi berriei
Kazetariaren etsaia errutina da, ohikeria. Gauzak egiten ikasi duzunean, itxura batez zure lanek ordu bateko lana edo bost orduko lan prestaketaren emaitza direla ematen dutenean, hor hasten da arriskua. Hor da koska eta zure burua engainatzeko arriskua. Itxuraz berdin ematen dute, baina, entzuleekin konektatzeko, tonu hori mantentzeko, lan handia egin behar da. Hau da, ohikeriari aurre egin behar diozu, erraztasunari muzin egin. Ohikerian ez erortzea ez da gauza bera ez egitea. Nik oinarrian gauza bera egin dut, aldaketak aldaketa, baina egunero lanean, egunero landua. Familian lanari horrenbeste ordu eman izana leporatu didate, nolabait. Nik badakit, saioa hasieran bezala egiten ahal nuela, inprobisatua. Batzutan, horrela izan baita, ezinbestean, beste lanek edo gertakariek harrapatua. Irratira heldu, deus prestatu gabe. Hori egun batez egin dezakezu, baina kontuz, ez bigarrenez.
Kazetari hasi berriei bere bidea bilatzea aholkatuko nieke. Zerbait alternatiboa eskaini dezatela, ez daitezela kazetaritza konbentzionalaren menpe geratu. Konbentzionalak baliabide asko ematen dizu, berme handia, seguritatea, baina azken buruan ez zara inora iristen. Zure erregistroa aurkitu behar duzu. Zuk bakarrik egin dezakezuna egin, ziur badela zerbait. Hori funtsezkoa da. Denek egiten dutena egitea, ez arriskatzea, ofizio honen lastre handienetako bat da.

Egungo pribilegioa
Bere azken irratsaioetako baten ostean solastatu ginen Mariano Ferrerrekin. Saioko gonbidatuari berak eskatu zion taxia: «Ui, eta eskerrak. Egun taxia etxeak ordaindua da-eta. Garai batean ez genuen pribilegio hori», esan zigun.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude