EUSKAL SINDIKATU NAGUSIA KONTRABOTEREAN

  • Abenduaren 1 eta 2an ELA sindikatuak X. Biltzarra egingo du Bilboko Erakustazokan. 1997ko Biltzarrean ekindako bideari jarraitu nahi dio gizartea eraldatzeko eta konfrontazioa indartzeko estrategia lerroetan eta sindikatu ereduan sakonduz, egungo errealitateari egokituta.
Globalizazio neoliberalaren aurrean, langileria indarra galtzen ari den egoeraren aurrean, Euskal Herria jasaten ari den subiranotasun hutsunearen eta bazterketaren aurrean, Euskal Herrian afiliatu gehien duen sindikatuak proiektu alternatibo bat bultzatu nahi du. Bide horretatik, gainerako sindikalgintza abertzalearekiko harremanak, batez ere LABekiko harremanak, sakontzeari ematen dio lehentasuna, nazio mailako edo nazioarteko bestelako elkartasunerako bideak ahaztu gabe. Horrela nabarmentzen da ELAk azken hilabeteotan eztabaidatu duen eta funtsezkoak izango ez diren zuzenketa txiki batzuekin X. Biltzarran onetsiko duen ponentzia orokor bakarrean. Zantzu guztien arabera, berriro ere Jose Elorrieta hautatuko dute idazkaritza nagusirako.
Euskal Herrian 90.256 afiliatu dituen sindikatuko 736 ordezkarik esku hartuko dute biltzarran. Horietako 350 eskualdeetako batasunetatik datoz, beste 350 federazio profesionaletatik eta gainerako 36ak Batzorde Nazionaletik. Bertaratuko diren kideen adinaren batez bestekoa 41,73 urtekoa da, eta horiek 11,65 urteko antzinatasuna dute. 35 urtetik beherako 186 ordezkari izango dira (%24,46); eta 175 emakume (%23,78). Bi biltzarretan esku hartu duten ordezkariak 207 dira (%28,12) eta ordezkari berriak 322 (%43,76).


SINDIKATUEN ERRONKAK TESTUINGURU GATAZKATSUAN.

X. Biltzarrerako ponentzian biltzen diren aipamen batzuk ekarri nahi ditugu orri hauetara, datozen urteei begira sindikatu abertzaleak izango dituen erronka nagusiak ezagutzeko. Erronka horiek zein izango diren jakiteko globalizazio neoliberalak ezarritako egoera aztertu dute, langileriaren indarguneak galera bat sumatzen ari direla kontuan izanik.
Bost erronka nagusi nabarmentzen ditu ELAk: etsipen ideologikoari aurre egiteko proiektu alternatiboa proposatu beharra; gestioan oinarritzen den sindikalgintzaren ereduaren aurrean aurkako botere bat eraikiko duen ereduaren beharra; lerratze korporatiboei aurre egiteko elkartasunezko balioen inguruko militantzia sendotu beharra; neoliberalismoari aurre egiteko gizartearen kohesioa indartu beharra; instituzionalismoari aurre egiteko ezarpen sindikala sendotu eta berritu beharra.
Lehen erronkari dagokionez, ponentziak aipatzen duenez, egoera korapilatsuan aurkitzen da sindikalgintza. Eta hori ez da besterik gabe ekonomia egoeraren eta haren ondoriozko prekariotasun, langabezia eta gizarte bazterketaren eraginez gertatzen. Halaber, ez du esan nahi ezta ere langileek beren nortasuna "betidaniko klase balio" gisa ezagutzen ditugun haiez kanpo eraiki behar dutelako denik. Berdintasuna, justizia eta elkartasuna beti bezain garrantzitsuak, edota inoiz baino beharrezkoagoak, izaten jarraitzen dutela esan ondoren, eta etorkizuneko programak eta borroka ereduak aldatu beharko direla adierazi ondoren, ponentziak dio bideragarria dela neoliberalismoari aurre egingo dion proiektu alternatiboa osatzea, izan ere ezerk ez baikaitu behartzen indarrean dauden jardunbide ekonomiko eta sozialak ezinbestekoak eta gaindiezinak direla sinestera. ELAren ustez, enplegu gehiago eta hobea, fiskalitate zuzenagoa eta langileen bizimoduaren duintasuna ziurtatuko duen gizarte babesa "ezinbestekoak eta eskuragarriak" dira gaur egun.

Bigarren erronkari dagokionez, berriz, IX. Biltzarrean sindikalgintza errebindikatzailearen alde eta afiliazio handi baten bidez gizartean ondo erroturiko sindikalgintzaren alde hartutako bidetik jarraitzen dute, ordezkaritza soilean eta erakundeetan esku hartze hutsean geratzen den sindikalgintzatik urrundu nahian. Bi edo hiru alderdiko erakunde foroetara lotzen eta baldintzatzen duten euskarri materialak dagoeneko baliorik ez dutela adieraztearekin batera, ponentziak dio aurkako boterea eraikitzean oinarritzen den ereduak, sindikal arloan nahiz gizarte arloan, bere itunak ondo zehaztu beharko dituela, zeren batuketak kenketa bihur baitaitezke sindikalgintza eredu kontrajarriak bateratu nahi direnean. Horregatik esaten dute hain zuzen, gehigarri diren batuketak lortu behar direla, "erakunde mailako onarpenaz kezkatzen ez diren gizarte eta sindikatu eredu errebindikatzaileekin bat eginez".
Hirugarren erronkan ageri denez, indarrean dagoen neoliberalismoak lotura kolektibo eta sindikal guztiak suntsitu nahi ditu, eta "sindikatuen neokorporatibismoa" eragiteko arriskua dago. Horregatik nabarmentzen du ponentziak, langile multzo jakin batzuen alde arituko diren interes talde bihurtzeko arrisku handia dutela sindikatuek, afiliatuen multzoari bermatzen zaizkion zerbitzu batzuk eskaintzen jarraitu arren. Bide horretatik lerratzea eragozteko, ekintza sindikalaren bitartez gizarteko zati baten bazterketari aurre egitea eta militantzia elkartasunezko balioen inguruan sendotzea proposatzen du.
Gizartearen kohesioa sendotzea da ELAren laugarren erronka. Beraz, negoziazio kolektiboari loturiko betidaniko jarduera sindikalarekin batera, aro berri honetarako, oinarri ideologikoan nahiz jarduera arloan, ongizatearen esparruko gaiak, hala nola gizarte babesa, fiskalitatea eta gizarte soldata, oso aintzakotzat hartzen dituen jarduera bultzatzea proposatzen du txostenak.
Azkenik, txostenaren bosgarren erronkaren arabera, sindikalgintzaren jarduera ezin da "jokabide instituzionalisten" menpean geratu, zeren hainbat ekimen instituzionalen garrantziari ukorik egin gabe, sindikalgintza abertzalearen benetako indarra afiliazioa hobetzen eta gazteak eta emakumezkoak barneratu eta biltzeko antolamenduak berritzen saiatuko diren pertsonengan eta taldeetan baitago

90.256 AFILIATU DITU ELA-K
ELA, duen afiliazio handiagatik, %74an autofinantzatzen da, sindikatu abertzaleak aldizkari honi emandako datuen arabera. Horrela, urriaren amaieran, 90.256 afiliatu zituen, horietako 82.300 EAEn eta 7.700 Nafarroan. Afiliatuen %30,48 emakumeak dira eta %23,04 35 urtetik beherakoak. Hurrengo biltzarrerako, hau da, 2004. urterako 100.000 afiliatu izatea espero dute.
Lanean ari diren afiliatuen kuota hilean 1.700 pezetakoa (68 libera) da. Langabeziaren ordaina jasotzen duten langabetuek 1.275 pezetako kuota dute, eta pentsiodunek eta langabeziagatiko ordainik jasotzen ez duten langabetuek 850 pezetakoa. Horrek esan nahi du, afiliatuek ordaintzen duten kuotarekin, afiliatu gehienak lanpostudunak direla kontuan izanik, ELAk urtean 1.600 milioi pezeta (64 milioi libera) inguru biltzen dituela. Greba kasuetarako osatzen den erresistentzia kutxara kuotaren %25 bideratzen da. Esan dugunez, sindikatuak berak adierazitakoaren arabera, bere gastuen %74 estaltzen dute kuoten bidez, eta, beraz, gainontzekoa diru laguntza bidez estaltzen dute, baina horren daturik ez zaigu eman.

LAB-EKIKO EKINTZA BATASUNA ETA SINDIKATUEN AUTONOMIA
ELAren X. Biltzarrerako ponentziak LAB sindikatuarekiko ekintza batasunaren aldeko bidetik jarraitzen du, nahiz eta onartu ETAren su-etena amaitu ondorengo egoera politiko berrian krisialdi sakonean dagoela, aldi berean bien arteko gatazka horren erroa LAB sindikatuak ENAMekiko duen autonomia urritasunaren ondorio dela adieraziz. ELAk dio betidanik defendatu izan duela edozein mugimendu politikorekiko ezinbestekoa den autonomia hori.
Ponentzian agertzen denez, ELA eta LABen arteko elkartasuna, gehiengo sendoa osatuz, erreferentzi garrantzitsu bihurtu da sindikalgintzari dagokionez ez ezik gizarte eredu baten egituraketan ere. Nolanahi ere, egoera politikoaren aldaketak krisialdi sakona eragin du, gatazka eta ereduen arteko aurkakotasuna sortaraziz elkartasun horretan.
Bi sindikatuen artean, ponentziak jasotzen duenez, autonomia politikoari buruzko kultura eta ibilbide guztiz ezberdina nabari da, eta egoera politiko berri honetan ikuspegi ezberdin horrek indar handia hartu du eta bien arteko gatazka eragin du.
ELAren iritziz, egoera berri hau LABek bere proiektua hedatu eta sendotzeko aukera bezala hartu du, ELArekiko proiektu alternatibo gisa aurkeztuz eta lehia zuzenean sartuz. Ponentziak ez du ukatzen LABek bere proiektu alternatiboa bultzatzeko eta jarraitzaileen oinarria zabaltzeko duen eskubidea eta legezkotasuna, baina dauden espazioez jabetzeko lehiari lehentasuna emateak elkarlana eta elkartasuna indartu ahal izateko ondorio kaltegarriak ekartzen dituela azpimarratzen du.

Sindikatuen autonomia bere ereduaren funtsezko ardatz gisa aldarrikatu arren, ponentzia idatzi dutenen iritziz "sindikatu abertzalea gizartea aldarazteko benetako alternatiba (indarrak) batzeko gai baldin bada", eta horregatik ELAk, sindikatu nagusia den heinean, bere gain hartzen du konpromisoa "ELA eta LABen arteko elkarlana lortzeko ahaleginean behar den sakontasunez aritzeko". Jakin badakite ez dagoela beste inolako elkartasun aukerarik, eta, hortaz, beren jokabideekin autokritikoak izateko prest ageri dira, zeren "bide eginek edo nolabaiteko prepotentzia baten tentaldiak ez baitute ezertan laguntzen dinamika bateratuak lortzeko".
Ahalegin eta leialtasun hori, besteak beste, negoziazio kolektiboen esparruan gauzatu beharko litzateke. Negoziaketan plataformak, dinamikak eta mobilizazioak egituratzea eta bi erakundeek bere egiten dituzten joko-arau batzuk betetzea guztiz garrantzitsua da. Ponentziaren egileek diotenez, ezinezkoa da sindikalgintzan batasunez jokatzea negoziazio kolektiboetan batasunez jokatzen ez bada.

Sindikalgintzaren batasun honen ildotik, beste sindikatu txikiago batzuekin, hala nola ESK, EILAS, HIRU eta EHNErekin, elkarlan iraunkorrak bideratzearen alde agertzen da ponentzia, kontuan izanik dagoeneko hainbat ekintza bateratu burutu izan dela horiekin eta honelako elkartasun batek, kuantitatiboki hainbesteko ekarpenik ez egin arren, kualitatiboki garrantzi handia izan dezakeela.
Azkenik, ponentziak ez du aipatu gabe uzten sindikatuen arteko batasunak duen nazioarteko alderdia. Batetik, aitortzen dute, beren errealitatea ezaguturik, ezinezkoa dela nazioartean protagonismo izugarria izatea, baina, bestetik, adierazi nahi dute sindikatu abertzaleak sindikalgintzako nazioarteko erakundeetan, mundu mailan (CIOSL, CMT) nahiz eskualde mailan (CES), egotea eta aritzea dela bide bakarra arazoak eta konponbideak ezagutzeko, eztabaidatzeko eta, ahalmen eta arduren heinean, eginkizunak eta ekimenak elkarrekin burutzeko.

EUSEBIO ALBERDI, ELAko EKINTZA SINDIKALEKO ARDURADUNA: "JENDE GEHIAGOK LAN EGITEKO POSIBILITATE BAKARRA ORDU MURRIZKETA DA"
ELAk kongresu honetan gizarte eredu alternatibo bat proposatzea du helburu. Zeintzuk izango lirateke eredu alternatibo horren ardatzak?
Guk pentsatzen dugu eredu soziala herri honetan oso gutxi garatuta dagoela eta hori aldatu behar dela. Guk ponentzian horri kontrabotere sindikalgintza deitzen diogu. Hemen dagoen gizarte instituzionalizatu horretatik kanpo badago gizarte orokor bat bere bizitza baldintza txarretan egiten ari dena eta guk hori aldatu nahi dugu. Langabeziarik gabeko eta lan baldintza onak dituen Euskal Herria nahi dugu. Hori lortzearren, babes sozialaren alde eta bazterketa sozialaren kontra egingo dugu lan.

Gizarte eredu alternatibo horretarako, zein sindikatu antolamendu proposatuko du ELAk kongresu honetan?
Langileria eta gizarteko baztertuekin konprometituta egin behar dugu lan, sindikalgintza herrikoia egin behar dugu eta ez instituzionalizatua.

Eredu alternatibo hori gauzatzeko, zein aliantza mota bilatuko ditu ELAk ekintza sindikalerako?
Gaur egun lau sindikaturen artean osatzen dugu gehiengo sindikala, LAB, ESK eta EILASekin. Gure ahalegina beti izaten da ahal den sindikatu gehienekin lan egitea. Gertatzen dena da arazoak daudela beste sindikatu estatalekin gure nortasuna ez dutelako onartzen eta beste proiektu batean daudelako. Halaber, beste gizarte mota bat erdiesteko, ELA gero eta gehiago ari da gizarte mailako beste organizazioekin harremana sendotzen, gazte elkarteekin, gobernuz kanpoko erakundeekin eta emakume taldeekin, besteak beste. Adibidez, orain dela gutxi izan den Emakumeen Mundu Martxan zuzen-zuzenean parte hartu dugu. Halaber, Oporton Europako Batasuneko Ministroen Kontseilua bildu zenean, haren aurka egin zen manifestazioan egon ginen .

X. Biltzarreko txostenean, ELAk autonomia sindikala azpimarratu du eta dio horixe dela LABetik banandu eta urruntzen duen gakoa. Bestalde, iritzi publikoaren zati batek ELA EAJrekin lotu du historikoki, hala ere, azkenaldian alderdi horrekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko kritikoago eta aldenduago ageri da. Zertan datza autonomia sindikal hori?
Gu 1976-77an klandestinitatetik irten ginenetik autonomia osoa izan dugu partidu guztietatik. Beste gauza bat da jendeak estereotipo batzuk izatea. ELAko organo konfederaletan, konpromisozko kargu batean edo kargu publiko batean ez dago partidu batean afiliatuta dagoen inor. Guk hori azkeneko muturreraino eramaten dugu. Guk uste dugu hori ez dela horrela gertatzen LABen eta horrek kontraesan handiak sortzen dizkiola, azken bi urte hauetan bai parlamentuko aurrekontuak onartzerakoan, bai oraintsu soldata sozialaren aferan ikusi den bezala. Eta hori LAB eta ELAren arteko harremanak hobetzeko oztopoa da.

Egungo egoera politikoan, ETAk su-etena amaituta, ELAk LABekin elkarlanean aritzeko apustuari eusten al dio?
Bai, eusten diogu baina oso kontziente izanda arazo asko daudela. Guk beti esan dugu argi eta garbi ETAk gaur egun abertzaleen arteko harremanak eta politika egiteko bidea oztopatu besterik ez duela egiten. Behar-beharrezkoa da ETArekiko distantzia jartzea gure partetik, eta, gure iritziz, LABek ezker abertzaleko mundu horrekin duen loturagatik ezin du hori egin, eta horrek ez du bidea batere errazten.

ELA, beste sindikatuak bezala, afiliatu eta jardunean dauden langileentzako soilik lan egiteagatik salatua izan da, eta ez langabetu eta lehen lana lortu ez dutenengatik. Zer da egia salaketa horretan?
Horiek estereotipoak dira. 35 orduko greba orokorra egin genuenean, lanik ez zeukan jendearentzat zen bereziki. Gazteek diskriminaziorik ez edukitzeko, ez soldata mailan ez lan baldintzetan, lan egiten dugunean gazteei begira ari gara. Gure indarra lanik ez daukan jendeak lan egin dezan erabiltzen dugu. Bestalde, langabezian dagoen batek nahi duena lanean hastea da. Baina hori ez dago sindikatuaren eskuetan, egin dezakeguna zera da: enpresetan lan baldintza hobeagoak ipin ditzaten eta jende gehiagok lan egiteko lan ordu gutxiago egin dezaten gogor egitea. Azken finean, erakundeei, Eusko Jaurlaritzatik hasita eta Foru Aldundietatik jarraituta, beste politika makroekonomiko bat egin dezaten eskatzea.

Txostenean negoziazio kolektiboan sakondu behar dela adierazten da. Nola garatu nahi du hori ELAk?
Aurten lortu dugu jada sektore publikoan 35 orduak ezartzea. Azken hilabete hauetan Bizkaiko Foru Aldundian eta zenbait udaletan gauzatu da, eta ordu murrizketa horrek enplegu berrien sorrera ekarri du. Datorren urtean, urtarriletik aurrera herrialdekako zenbait konbenio oso garrantzitsu egitekoak dira, Gipuzkoako herrialdean batez ere. Guk gogor egingo dugu berriro ere 35 orduko lan astearekin, baita aparteko orduen gaiarekin, gure iritziz jende gehiagok lan egiteko posibilitate bakarra ordu murrizketa baita.

Zer espero du ELAk eta afiliatuek kongresu honetatik?
Azken lau urte hauetako kudeaketa eta datozen lau urteetarako planteatzen duguna konpromiso irmo batekin onartzea espero dugu, daramagun bide honekin aurrera jarraitzeko.


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude