ETB IPARRALDEAN: HARATAGO JOATEKO GARAIA HELDU OTE?

  • hiru kide bildu ditugu mahai ingurura: Allande Sokarros, Guillaume Irigoien eta Noel Elorga. Harreraz ezezik, ikusleen ohiturez, ETBren jarreraz, egin beharrekoez... solastu gara.

1999ko apirilaren 11n
Iragan astean jakin zen Euskal Irrati Telebistak, Euskal Autonomia Erkidegokotik landa, gainerako euskal lurraldeetan bere presentzia indartu nahi duela. Horretarako, besteak beste, Iruñea eta Baionako korrespontsalien hobekuntza, programa berezien burutzea, eta bai Nafarroan eta bai Iparraldean seinalearen kalitatea hobetzea aurreikusi du. Ikusi beharko zer nola garatzen diren egitasmook eta hauek zer eragin duten biztanlerian.
Bitartean, eta Iparraldera mugatuz, hemengo egoeraren traza egin nahi izan dugu, ETBk duen harrera aztertu. Allande Sokarros «Euskaldunon Egunkaria»ko kazetaria, Guillaume Irigoien ETBko «Iparraldearen orena» saioko aurkezlea eta Noel Elorga enpresaria eta ETBko hainbat saiotan solaskide aritzen dena elkartu eta hainbat gai jarri diegu mahai gainean.
Euskal Telebistak Ipar Euskal Herrian egun duen hedapenak –ia osoa, iragan uztailean Euskal Kultura Sustengatzen duen Herrien arteko Sindikata, Tele Difussion de France, Euskalnet eta ETBk lortu akordioari esker– ez du zer ikusirik duela hamabost edo hamar urtekoarekin. Pixkanaka urratzen joan den bidea izan da. Saiakera indibidualak izan ziren hastapenean, antena bat nork bere kabuz paratu, klandestinoki noski, eta horri esker ETBren lehen saio haiek ikusteko; izan ziren, halaber, Hegoaldean pilota partidak grabatu, eta gero herriko ostatuko telebistan jarriz sortutako emanaldi bitxiak. Ez ziren falta izan, hedagailuak zenbait gainetan ezarriz, sare pirata moduko bat eratzeko indar egin zuten auzapezak ere. Gerora, egoera apur bat hobetzen joan da, Herrien arteko Sindikataren sustengua tarteko, eta, duela bost bat urte, itzalgune nabarmenetan ezik, normaltasunez ikusten hasi da. Orain, iazko akordioaren ondotik, ia eremu osoan jasotzen da Euskal Telebista.

Nola jaso izan da hedapena normalizatzeko erabaki hau? Zein zentzu hartzen diozue pauso adierazgarri honi?
NOEL ELORGA.
Sare horri esker Iparralde osoan ikusten da, lurraldearen % 95ean gutxienez. Hala ere penagarria da Hegoaldeko egitura batek, hau da Euskal Telebistak, eman behar izatea pauso hori. Beste aldeko pertsona batzuk etorri dira eta pagatu dituzte hedagailuak eta dena. Hemen ez da fundamenturik izan. Nik uste gogoeta bat egin behar dela.

GUILLAUME IRIGOIEN.
Frantses Estatua ikusentzunezkoetan arras berant da arduratu Euskal Herriaz. Euskal Telebistarena izan da urrats nabarmena, kazetari bat ezartzea eta abar. Estatua ez da gai izan eremu guztia hartzeko; badira eremuak oraino France 3ren emankizunak ikusten ez direnak. Euskal Telebistak, aldiz, egiten du indar hori, saihesten ditu mendiak eta iristen da baita euskara mintzatzen ez den lekuetaraino ere. Bestalde, ez dut uste akordio hau jendearentzat aldaketa ikaragarria izan denik, jendea jadanik irekia zegoen, zain zegoen noiz etorriko zen seinalea bere etxera. Nahiz eta frantziar kateetan euskara eta Iparraldea ez esistitu, bizi da eta bere eremuak ditu. Horren ondorioz, Euskal Telebistak ez dena baina zerbait eskaintzen duenez, jendeak ikusi egiten du. Ez da bakarrik hizkuntza baztertua izan, Iparralde bezala, bere izaitea baztertua izan da frantses kateetan. Orduan, jendeak bazuen gose hori.

N. E.
Nik uste dut akordioak jendea, nonbait, lagundu duela. Zeren eta hemen hasi zelarik euskarazko herriz herriko astekari bat, arrakasta handia izan zuen, jende aunitzek erosten zuen, baina ez zitzaion erakutsi nahi auzokoari, lagunari. Euskadi Irratia hasi zelarik, gauza bera gertatu zen; entzuten zuten, baina kanpoko norbait sartzen zelarik etxean, itzaltzen zuten. Eta nire ustez, Euskal Telebistarekin horrelako zerbait pasatu da herri honetan. Ikustea mugaz bestaldeko telebista bat, eskuara berdina, ekai berdinak... bazen halako suspikazia bat. Eta Herrien arteko Sindikatak hau sustengatu eta sustatzeak jendeari eman dio konfiantza bat.

G. I.
Uste dut irratiekin esistitu bazen ere, Euskal Telebistak duen abantaila irudia dela, nahiz eta hizkuntza izan, den bezalakoa. Eta pilota partida bat baldin bada, horrek ez du gordeko, pilota partida delako.

ALLANDE SOKARROS.
Hori normalizatu egin da dagoeneko.

N. E.
Barnealdean, etxe batzuetan, 13:00etan ikusten dituzte informazio sail frantsesak eta 13:30etan, ETBkoak hasten direnean, hasten dira begiratzen eta norbait etortzen bada kanpokoa, ez erakutsi nahi... Hori bada, ez da agian garrantzi handiko fenomenoa, baina badira kasu batzuk.

A. S.
Xuberoako toki batzuetan nik sumatu dudan sentsazioa da guk ere bagenuela gaitasuna telebista bat egiteko, herri garatuen tresna bat egiten ahal genuela. Guk ere, euskaldunok ere, badugu tresna aitzinatu bat...

Pixkanaka hedatzen joan den urteotan, zer nolako onarpena izan du euskal hiztunengan? Datu estatistikorik ez izan arren, zer ikusten da gehien?
N. E.
Fase batzuk egon dira. Hastapenean, kostaldean eta Lapurdiko zati handi batean ikusten zen modu natural batean. Eta hor bazen entzule-ikuslego bat, gehienak euskaltzaleak. Hauek ikusten zuten edozein gauza, bai kirola, bai albistegiak, bai kantu programazioa, denetarik. Gero, bazen jende aunitz kasualitateaz, zapping-aren ondorio bezala, edozein gauza ikusten zuena. Hori lehen 4-5 urteetan. Hasiera-hasieratik ere marrazki bizidunek, batez ere ikastoletan-eta ibiltzen zirenen artean, arrakasta handia izan dute. Orain beste fase batean gara, barnealdean hedatu da; uste dut hemen baduela publiko leial bat, eta badakiena zer ordutan zer ikus dezakeen. Kirola ikusten da, pilota, futbola, bertsolariak... «Goenkale», batez ere emazteen artean fenomeno bat ari da bihurtzen. Emazteek arratsaldetan Miren Aranburuk egiten zuen «Hamaika korapilo» interes handiarekin ikusten zuten. Eta orain, fenomeno berria da, herri txikietan ere emeki-emeki ematen ari dena, albistegiak ikustea. Adibidez, «Gau: on» ikusten dute, nahiz eta berandu izan. Orain dela urte batzuk «Firin Faran» ez, orain «Gau: on» bai. Albisteak ikusteko nekealdia dagoela sumatu dut jende anitzekin hitz eginda, zergatik? Alde batetik, hizkuntzagatik eta bestetik, gaiengatik. Hizkuntza berezia da eta gaiak ere bereziki Hegoaldekoak.

G. I.
Bertsolaritzari dagokionez, nik uste, ainitz egin duela Euskal Telebistak lotzeko euskal mundu bat. Orain arras normala da hemen bertsolaritza ikustea, jendeak maite du. Euskal munduko gogo horren pizteko aukera ikaragarria da bertsolaritza. Eta beste gauza bat, marrazki bizidunak, «Fernando Amezketarra» eta «Lazkao Txiki». Haurrek ez dituzte beste marrazki bizidunak maite, hauek bai. Zergatik? Euskalduna da, euskararen bihotzean gaude hor.

A. S.
Nire ustez, gaiei dagokienez, ez da aski zabaltzen euskal kultura, euskal kulturaren ezaugarriak. Euskal Telebistaren helburua behar luke horrek, eta ez dut uste betetzen duenik.

N. E.
Euskal Telebistak Iparraldeko kultura bultzatu nahi du, baina aldi berean ETBk pentsatzen du bereziki Hegoaldeko publikoan; normala da, han da jende gehiengoa (700.000 euskaldun bagara, Iparraldean 70.000 gara; beraz, 10etik 1. ETBk indarra egiten du gehiengoari begira). Gaur zer gertatzen da? Ez dut dibortzio hitza aipatuko, baina bada muga bat. Pilota, adibidez: egia da garai batean Iparraldeko pilota gehiago agertzen zela ETBn, baina gaur gure pilotak, bai frontoian, bai trinketean, ez du interesik Hegoalderako. Hegoaldean nahiago dute beste pilota klase bat, bizkortasun gehiagorekin. Pastorala ere: hastapenean hegoaldekoak etortzen ziren, orain ez dira etortzen gehiago, ez da haien gustuko. Kantaldiekin gauza bera: gure hemengo kantatzeko modua ez da hegoaldeko publikoarentzat hain egokia. Bertsolariekin gauza bera: beste maila bat da eta han gaiak gizarte urbano bati zuzenduak dira; gure gaiak baserritar munduari lotuagoak dira.

G. I.
Seguru nago, hala ere, Iparraldean gauza interesgarriak ikusten ahal direla eta komertzialak izaten ahal direla. Hegoaldean bada eskaera bat ulertzeko Iparraldean zer gertatzen den. Orain bizi dugun egoera berri honetan Hegoaldeko jendea ohartzen da zerbait gertatzen dela Iparraldean eta beharbada ez dakigula ongi horren esplikatzen. Hego eta Iparraldearen artean dauden tresnak sortu behar dira eta lan egin behar da.

Euskal Telebistan entzun daitekeen euskara mota, hizkerari dagokionez, ulertzen al da? Edota arrotza egiten da?
N. E.
Baxenafarroan, herri batzuetan, beren euskara ondo badakite, ohartzen dira anitz hitz ezagutzen dituztela, entzunak dituztela etxean aitari edo aitatxiri. Adibide bat: izeba eta osaba; hemen esaten dugu ttantta eta otto. Orain, entzunda, oroitzen dira. Beraz, lan bat egiten ari dira. Baina, beren konklusioa da: ulertzen ez ditugunak ziuraski hitz espainolak dira. Adibidez: aurpegia eman,

dar la cara
; hanka sartu,

meter la pata
; egurra eman,

dar leña
; ilea hartu,

tomar el pelo
; ezta gutxiago ere,

ni mucho menos
.

A. S.
Hegoaldeko euskara zail gertatzen da, baina badira saioak... «Bertatik Bertara» esaterako, errazago konprenitzen dugu.

G. I.
«Bertatik Bertara»ren kartografia Euskal Herri osoa da, bai linguistikoki, Andoni Aizpuruk-eta indar hori egiten dutelako, baita izaera, historia eta kulturaren aldetik ere.

N. E.
Baita nortasuna ere. Andoni ikusten dute beren etxeko norbait bezala.

G. I.
Baxenafarroan Aixpuru deitzen dute (irriz).

N. E.
Bestalde, ari da bilakatzen metereologian aditu bat. Jendeak esaten du konfiantza gehiago duela Aizpururen iragarpenean Frantziako telebistaren ikuspuntuan baino.

G. I.
Fenomeno meterologikoa ere bada. Hemengo eguraldia Hegoaldetik hobe ikusten da Frantziatik baino.

N. E.
Beste faktore bat sinpatia eragiten duela da.

G. I.
Hizkuntzaren aldetik arazoa da Iparraldean badirela euskara ongi ikasi dutenak, galtzen hasi direnak, errekuperatzen ari direnak, eta tartean bada animaleko basa; horiek nekez ikasiko dute. Uste dute badakitela euskaraz, baina ez dakite.

N. E.
Badira zaharrak arras ongi dakitenak, izan dadin Xuberoakoa, Baxenafarroakoa edo Lapurdikoa, eta baldin badute nahikeri pixka bat, ez dute problemarik izango ez Euskal Telebistan ez inon.

G. I.
Ulertzen ez badu, nonbait, hizkera espainola delako. Zinezko euskara bada, ez da arazorik.

N. E.
Zaharrek, adinekoek, hizkuntza badakite eta ez dira kontaminatuak, nahiz eta izan diren gerla egiten 40an edo bestetan. Euskaldunak dira eta gaitasuna badute konektatzeko. Gero, gizartearen beste muturrean, euskal hiztun gazte-gazteak daude. Horiek ere teorian ez dute arazorik izanen hizkuntza aldetik. Eta azkenik besteak daude, 30-75 urte bitartekoak. Hauek kutsatuak dira, bai hizkuntza aldetik, bai izaera aldetik.

G. I.
Egia da, hala ere, indar handiago egiten dela Iparraldean Hegoaldeko hizkuntzaren ulertzeko, alderantziz baino. Hegoaldean oso gutxik dute delako kartografia linguistiko hori.

N. E.
Duela bi urte izan nintzen «Firin Faran»en debate batean, eta hitz egiten nuen hango batuan. Gero galdegin zidaten `Noel, hitz egin behar duzu zure herrian bezala, erakusteko'. Hiru programa hala egin nituen, eta berriz galdegin zidaten `Noel, hobe da batuan egitea'. Hegoaldean ez da indarrik egin nahi Iparraldeko euskalkiak ulertzeko, argi eta garbi dut.

Hizkeraz gain, elkar ez-ezagutza nabarmendu duzue.
N. E.
Albistegietan adibidez, guk badugu Garapen Kontseilua, Hautetsien Biltzarra eta abar, zuek Euskal Autonomia Erkidegoa, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza... dituzuen bezala. Hauek alde bateko eta beste jendeak ez ditu ezagutzen.

G. I.
Uste dut, hala ere, orokorki euskaltasunean sartuak diren Iparraldeko jendeak gehiago ezagutzen dituela Hegoaldeko arazoak, alderantziz baino.

N. E.
Seguru naiz Iparraldean gehiengo zabal-zabal batek ez dakiela badela gobernu bat Iruñean eta beste bat Gasteizen. Pasadizo bat: ETB joan zen Iparraldeko herri batera hango festa grabatzera, eta hango 35 urteko laborari batek, hastapen-hastapenetik Euskal Irratiak entzuten dituena, galdegin zidan nork pagatzen zuen Euskal Telebista. Erantzun nion `Eusko Jaurlaritzak'. Galdetu zidan `Eusko Jaurlaritzak nondik du dirua?', eta nik `zergak biltzen ditu hiru probintzietan'. Bere galdera: `Hori da zerga iraultzailea?' Orduan, zer pentsa 60-70 pertsonakoekin. Elkar ez ezagutzea da arazoa. Euskaldunak alperrak gara, ez dugu jakin nahi auzoan zer gertatzen den. Badugu muga bat hermetikoa, eta desegiten behar dugu ikasi.

«Goenkale» aipatu da arestian. Zer moduzko harrera izan du? Darabilen euskara ulertzen al da?
N. E.
«Goenkale»k erabiltzen du hizkuntza herrikoia baina Hegoaldekoa. Lortu behar da erdibide bat, zubiak eraiki behar dira bi aldeen artean. Ez da izan behar eredu bat Iparralderako eta beste bat Hegoalderako, bat bi aldeetarako baizik.

G. I.
Beharbada ideia txoro bat botako dut, baina Iparraldean egiten ahal dira telesailak. Beharbada txikiagoak, baina orain jendea ikusten da pittin bat artearen mundura, antzerkira hurbiltzen ari dela; hemen ari dira gauzak mugitzen. «Goenkale»ren oinarria han da, eta hemen egiten ahal da Baionan girotutako telesail bat. Antzerkira etortzen ari da jendea eta gazteak badaude prest daudenak, baita adinekoak ere. Behar da egin.

ETB EAEko telebista publikoa dela eta gehienbat bertako herritarrei begira egina dagoela kontuan izanda, zer bitarteko jarri beharko lituzke Iparraldera hurbiltzeko, edota zer egin beharko litzateke hemen?
A. S.
Nik ez dut Ipar Euskal Telebista bat ikusten, nire ustez Euskal Herri osoko Euskal Telebistan lana egingo duten profesionalak sortu behar ditugu. Erronka profesionalak trebatzea da.

N. E.
Iparraldean badira euskaldunberriak, ikastoletan ikasi dutenak (gehienbat kostaldean), eta euskaldunzaharrak (gehienbat barnealdekoak). Ziuraski hauek ez dute beren burua ordezkatua sentitzen Euskal Telebistan, baina kostaldeko gazteek bai. Ene ustez, aterabide bat izan daiteke ETBk hartzea Iparraldeko eta Nafarroako gazteak, kazetariak, ez bakarrik berrien emateko, baita programak egiteko ere. Andoni Aizpuru, Maddalen Iriarte eta gisakoak, baina Iparraldekoak, hemengo sentsibilitatearekin. Anitzetan ez da gaiaren zera, baizik eta sentsibilitate lana.

G. I.
Guk galdegiten dioguna telebistari Iparraldean da, Iparraldea Iparralde bilakatzen laguntzea, ez baikara normalizatuak, ez eremuan ez hizkuntzan. Guretzako behar-beharrezkoa da telebista bat izaitea Euskal Herriaren irudia duena. Erraterako, erraten badugu `badugu euskal telebista' eta ikustean, ez badugu gure burua ezagutzen, akabo. Guk normalizatzeko tresna bat bezala nahi dugu telebista.

Amaitzeko, zer bilakaera izango du datozen urteetan Iparraldearen tratamenduak Euskal Telebistan? Nola ikusten duzue etorkizuna?
G. I.
Arlo didaktikoa landu behar da, elkar ezagutze horren egiteko. Albistegi orokorretan adibidez sail bereziak, Iparraldearen berri emanez...

N. E.
Hiru eremuak (Iparraldea, Nafarroa eta EAE) batu behar dira, harremanak, historia, pasarazi eremu batetik besterat. Artistak ere hiru eremuetakoak, nahasketa bat; guk bakarrik egiten badugu, izanen da ghetto bat, gure ghettoa


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude