Kontxu Odriozola aktoreari elkarrizketa
"Antzezleak herri honetan ez dira sekula santan maitatuak izan".
Kontxu Odriozola
"Goenkale" saioak Maria Luisaren azalean ezagutarazi du, baina antzerkigintzan hamar urtetik gora daramatza azpeitiar honek, Antzertiren sorreratik hona hain zuzen ere. Berez omen du, gainera, aktore sena, txikitandik titiriteratzat hartua. Donostian, itsasaurrean, antzerkia, telebista eta «Goenkale» izan ditugu hizpide, besteak beste, ikusleentzat Maria Luisa bihurtu den Kontxurekin.
Sortu bezain laster ezagutu zenuen Antzerti. Euskal antzerkigintzaren hasiera ezagutu duzula esan daiteke?
Helburu garbia nuen sartu nintzenean. Neure burua beti izan dut `titiriterotzat', txiki-txikitandik. Nolabait antzerkiaren munduan parte hartzen beti aritu naiz, ikastolan nengoenean ere haurrak prestatzen bainituen, baita larunbatero egiten ziren jaialdiak ere. Azpeititik hona bizitzera etorri eta etengabe aritu nintzen. Gertatzen da oso bestelako erabakia dela serioski planteatzea ikastolako soldata utzi eta antzerkian sartzea. Gure amak oraindik ere ezin du ulertu.
Antzerkirako grina aspalditikoa zenuen, beraz.
Beti izan naiz horretan. Neurea herri txikia da, baina ni titiritera naiz. Hori frogatu gabe ez dut gelditu nahi. Hori nire senar, lagun, ahizpa eta senideentzat ez da ezer izan, bazekitelako horrelaxe bukatu behar nuela. Etxean beti tontokeriak egiten eta lagunen artean ere clown-a nintzen. Gure etxean behintzat ez da izan berezia... Seme-alabek beti ikusi naute mozorrotuta, noiznahi... Baina nire edadeko emakume askok ez zuten ulertzen. Azpeitian batzuek «andre hori erabat burutik eginda dago» esaten zuten.
Antzertiren sorrerak zein eragin izan zuen hemengo antzerkiaren munduan?
Antzezleak herri honetan inoiz ez dira maitatuak izan. Sekula santan ez. Kirol munduan bai, baina antzezleena alferren mundutzat hartua izan da, nahiz eta kanpotarra eta horrelakoa izatea bai ikusten den ondo. Kuriosoa da, ordea, hemendik kanpora joan eta han aintzakotzat hartzen bazaituzte, orduan zeozer bazara, baina bestela ez. Hemen aintzakotzat hartzea sinestezina da, nik ez dut sinesten. Egia esan, gu une honetan «Goenkale»ko partaide bezala ezagutzen ari garena... hori ez da egia. Nirekin dabiltzanei esaten diet: «Kontuz, hau bukatzen denean, hurrengo hilean, ez gara inor izango».
Aktore lanetan ezezik antzerki sorkuntzan ere aritu zara, «Ama begira zazu»n, esaterako.
Antzertin erakutsi zigutenak ez dauka izenik. Guk Antzertin asko sufritu genuen. Izan ere, irakasle asko pasatu zen bolada hartan eta denei ikasi genien zerbait. Sufritu bai, baina baita ikasi ere. Gogor lan egiten dugulako. Horrela sufritzen ikasiz gero, edozein lanetarako prest zaude.
Obrak idazteari dagokionez, «Ama begira zazu» Elena Iruretak eta biok idatzi genuen. Eta gero parte hartu obra askotan. Batzuetan konpainiatan, bestetan guk antolatuta... era askotan. «Ama begira zazu» lanik gabe geundela otu zitzaigun...
Zutaz esan izan da euskal antzerkigintzaren «dama handia» zarela.
Nitaz mila gauza entzungo dituzu. Nik neure buruari onartzen diot aktorea naizela, gauza desberdinak egin baititut. Lan diferenteak egitea gustatzen zaidalako. Niretzat lan diferente bakoitza apustu berria da. Aktore naizen aldetik, ez dut jakin nahi zertaraino naizen gauza ezertan. Lan berria hasten denean oso gaizki pasatzen dut, izugarrizko negargureak, eta abar. Gero gauzek nondik joan behar duten garbi ikusi eta zuzendaria ezagutzen dudanean... orduan beste gauza bat da.
Aktorea bizi daiteke antzerkigintzatik Euskal Herrian?
Antzerkigintza, niretzat, gauza handienetakoa da. Esate baterako, lan honetan, orain «Goenkale»n nago beste casting batean ezetz esan zidatelako. Sasoi honetan ez nuen telebista egin nahi, antzerkia egin nahi nuen. Aspaldian egin gabe nengoen eta izugarrizko premia nuen eszenatokian agertzekoa. Hori sentzazio ezberdina da. Orain ez zait damutzen, arrakasta izugarria izan baitu.
Antzerkigintzaz ezin da bizi hemen, telebista behar da. Niri iruditzen zait hemen oraindik ez dela zirkuitu tajuzkoa lortu. Biztanleria handia daukaten herriak badaude; orduan, egin beharko litzateke jende multzo bat beti lanean antzerkia egiten, baina ez dago. Hor zerbait gaizki antolatuta dago, aktore pila batentzako lana egon beharko luke. Zergatik ezin dira lanean aritu? Obrak montatzen dira, baina obra guztiak onak diren edo ez beste kontu bat da. Askotan denek obra onak egiteko gogoa izaten dugu, baina une horretan agian herriak ez du hori eskatzen. Eta antzerki mundua hain da zabala... Ez da barre egitea bakarrik, mila gauza erakuts litezke.
Telebista-produktorek eskaintzen al dute lan nahikorik guztientzat?
Baietz ematen du. Nik uste dut bertako produktuak egiten jarraitzen baldin bada, aktoreak txandatuz guztiek eduki beharko genukeela tokitxo bat. Batzuetan batzuk, besteetan beste batzuk, era ezberdinetako produktuak eginez. Antzerkia egiteko posibilitaterik ez baldin badago, guk ezin dugu horrela jarraitu. Bestela, orduan gezur bat puzten ari gara. Eskolak ireki antzerkia-eta ikasteko, eta zertarako?
Antzerkigintza «subentzioaren gaitzak» jota al dago?
Baiezkoan nago, baina euskaragatik. Gu bi lan egiten ari gara. Bat jendea entretenitzea da eta bestea irakaslearena egitea. Ni, euskara batuan egiteko, irakaskuntzan ibili naizenez, ongi moldatzen naiz; baina gero, bestalde, herrikoitasuna nola emango diozu pertsonaiari? Euskara batua egiten hasten baldin bazara esaldi bakoitza ongi bukatuz, ondo ahoskatuz... arima kentzen diozu pertsonaiari. Bitxia da, hor badago joko bat eta lana bikoitza da. Eta hori erraz esaten da denbora daukazunean antzerkia egitean, intentzioak, tonuak ondo harrapatzeko bi hilabete dituzunean.
Komediaren inguruko lanak izan dira batez ere ezagutarazi zaituztenak, baina lan dramatikoak ere egin dituzu, «Troyarrak» esaterako.
Norberak erraztasuna dauka gauza batzuetarako eta nik uste dut tragikomikoa naizela, hau da, negarretik barrera joatea ez zait batere kostatzen. Beraz, nik uste dut klabeak dauzkadala aktore bezala bai dramatikoa bai bestelakoa egiteko. Horrek jendea harritu egiten du. Ni aktore sentitzen naiz eta ez zait batere kostatzen negarretik barrera igarotzea. Uste dut barrea eragitea zailagoa dela negar eginareaztea baino. Nik askotan ondokoa gezurretan negarrez jartzen dut, nahita. Minutu bat nahikoa dut horretarako. Alboan dagoena estuasunean jartzeko gaitasuna daukat. Hori, ordea, kualitate bat da. Ikastea gauza bat da, baina niri iruditzen zait hori musikarako `belarriarekin' edo gabe jaiotzea bezalaxe dela. Hezi egiten da, ikasi ere bai, baina berezkoa ere ekarri behar da. Nire lagunek ez dute dudarik esatean hori egiten bukatu behar nuela. «Derrigor» diote, haiek ez dira batere harritzen. Beti ibili naiz antzerkia egiten.
Askoren ustez «Goenkale»ren piperra da Maria Luisa. Ba al da Maria Luisarik Euskal Herrian?
Horrelakorik ez dago. Dena den, gure amak horrela hitz egiten du. Ez dago Maria Luisa bezalakorik, karikatura bat baita. Ezta Amaia bezalako tuntunik ere. Ezta Karlos bezalako pelmarik ere. Muturrak dira, karikaturak.
Hala ere, nik ez nuen pentsatzen nire pertsonaiak horrelako pisua zuenik, ezta gutxiagorik ere. Gainera, gero eta pisu handiagoa dauka. Joxe Mari, Maria Luisa, Karlos eta Txapas, laukote hau bakarrik dagoela dirudi. Baina ez nuke nahi hemen Maria Luisarik egoterik. Etxekoandrea izatea kontu bat da, baina gainera `karka' da, izugarria.
Lehengoan gure alabari zera galdetu zioten, ea etxean errosarioa errezatzen dugun, eta ea ni horrelakoa naizen etxean.
Ikusleek oso hurbiltzat dituzte saioko pertsonaiak.
Izugarria da. Joan den larunbatean zera esan zidan gizon batek: «Aizu, Maria Luisa hil egiten al da?». «Nork esan du hori?» erantzun nion, eta zabalduta omen dagoela esan zidan. Nik ekainera arteko kontratua daukat eta ez naiz `hilgo'. Berehala joan zen etxera emazteari esatera, lehengo astetik izugarrizko depresioak jota baitzegoen. Ez nuen pentsatzen horrelako arrakasta izan zuenik pertsonaiak.
Lehengoan ere beste gizon batek zera bota zidan: «Zuk semeari utziozu bakean etxetik joaten. Horrelako seme jatorra tokatu eta kontzientzia txarra sortarazten ari zara ama bezala». Horrelako fenomenoak telebistak bakarrik sor ditzake.
Euskal «star-sistem» «Goenkale»rekin sortu dela diotenak badaude.
Ez dakit onerako edo txarrerako den, baina Euskal Herrian orain arte izarrak pilotariak, apustuzaleak eta horrelakoak izan dira, eta orain gu.
Bertako ereduetan oinarrituta daude pertsonaiak, ez dira kanpokoak, eta nik uste hor dagoela arrakastaren arrazoia. Euskalduna naizen aldetik ezin dut erdaldunaren itxura eman, eta identifikazio bat dago.
Gure hizkuntzak, bestalde, baditu intentzioak eta klabeak horrelako gauza batzuk egiteko. Ez da kanpoko autore bat ekarri eta bere itzulpena egin. Ohituta gaude, gainera, kanpoan egiten diren produktuetara, amerikarrenak-eta jaten ditugu.
Zineman ere izan duzu esperientziarik, «Hamaseigarrenean aidanez»en.
Dena den hor hirugarren pertsonaia egin nuen eta hori ez da zinema egitea. Gainera, ez zen luzemetraia izan. Une honetan esan daiteke euskal zinema oso aurreratuta dagoela... baina zer da aurreratzea? Bi zuzendarik hemen filmea egin eta gero kanpora joatea? Nola eman behar diozu nortasuna zinemari? Idiazabalgo gazta label-a jarrita erakusten duzun bezala, euskal zinemak zerbait behar du. Euskal zigiluko zinemarik ez dago. Filme batzuk egiteko ere, non saldu behar dugu? Gainera, niri iruditzen zait kanpoan gu ez gaituztela aintzat hartzen. Hemen lanean gaudenak ez gara inor. Gu hirugarren edo laugarren mailakoak gara. Alfredo Landaren garaian, emakumeak joan eta Madrilen gelditzea gertatu zen. Baina, noski, guk euskaraz nahi genuen eta ahaztu egin behar duzu.
Baina zerbaitek amorrua ematen dit: euskarazko lanak egiten ez baldin badira, nahiago nuke erdaraz jakingo banu eta erdaraz egingo nuke. Ez dizu balio euskaldun izateak denboraren erdian lanik ez baduzu egin behar.
ERASUN, Arantxa
28-32
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!